Oroimenaren musika
Sintomak ez zaizkit oraindik azaleratu. Inoiz baserri izan eta orain egoitza esaten diogun etxe handi honetan dauden gehientsuenei ez bezala, niri oraindik ez zait orbainik sortu. Glaukomak ez dizkit begiak itsutu. Eta hala ere, harraren lan nekegabea nabaritzen hasia naiz.
Medikuei entzun uste diedanez, duela zenbait hilabetetatik hona, gero eta nekezagoa egiten ari zait hainbat gauza gogoratzea. Aspaldikoekin izan ordez, egun edo ordu batzuk lehenago gertatutakoekin izaten dut sarrien zailtasunik handiena. Xelebrea bada ere, badirudi antzinako kontuek hobe irauten dutela oroimenean. Iragan berria sekula gertatu izan ez balitz bezala desagertzen den bitartean, garai batekoek arrastoren bat gordetzen dute buruko zokoren batean. Ikusi baino sumatu egiten omen ditut, ilunabar lanbrotsu batean lehorrera hurbiltzen ari den itsasuntziko marinelek faroko argia aldika sumatzen duten antzera.
Alzheimer moduko honek jota, oroimena pitzatu eta zatika-zatika erortzen ari zait, taigabe, hemengo lagunen gorputzak itzala galtzeraino argaltzen diren bezain bizkor. Irudipen hori daukat. Piztia alu honek barrenak jango dizkit, baina nahikoa lan izango du amorerik emango ez duen hau menperatu ahal izateko. Alferrikako borroka dela ez dit inork esan beharrik. Beste edonorena bezain alferrikakoa.
Zor diot, ordea, azken ahalegintxo bat neure buruari. Ez ekintza heroiko bat, baina bai duintasun pitin bat ergel baten gisan bizi izan dudan nire mundualdi txoroari itxurazko bukaera jartzearren behintzat. Txoriburu eta erromantiko samarra izan naiz, eta banaiz oraindik, argi dago, txikitatik ametsei gehiegitxo emana. Eta horregatik —borrokan ari naizelako— gogoratuko ditut, eta grabagailu honetan gordeko, adibidez, eskolako lagunen artean erabilitako fubolarien kromoei eta autografoei buruzkoak, edo fubolariak ordezkatu zituzten rockeko idoloen gainekoak... Ahalik eta gehien.
(Stop. Record berriro).
Lou Reed hartu nuen heroitzat. Bera izan nahi nuen. Eta harrezkero, Louren zoritxarreko imitazio merkea baino ez da izan nire bizitza. Hark Take a walk on the wild side esan eta gonbitea onartu nion nik.
Kitarra bat lortu nuen eta begiak margotu. Narruzko zamarra beltz lapurtu bat erosi nion Txemari eta porroak erretzen hasi nintzen Kikerekin. Hasi besterik ez nuen egin, Kikek zeukan balantzatxoan kulunkan Louren printza ikusi nuen-eta luze gabe. Taldeak bazuen abeslaria, gainerako guztia baino ez zitzaion falta. Musikaririk ezean, ingurukoei galdezka hasi nintzaien.
"Lou Reed? Ideiarik ez motel. Niri Kiss gustatzen zaidak" erantzuten zidaten.
Edo bestela:
"Ez zagok gaizki, baina aukeran Leño nahiago".
Hartan ez nuen amorerik ematen, Louren zalea ez zenak jai zeukan nirekin. Azkenean bi lagun aurkitu nituen, Txema bera eta Roberto. Eta Aranan utzi ziguten soto umela pitin bat txukuntzera joan ginen batean, Txemaren lehengusua elkartu zitzaigun.
"Zer musika mota egin behar duzue?".
"Rock’n’rolla, Lou Reedek bezala" jakinarazi nion berehala.
"Lou Reed nazkagarria duk!".
Hitz hauek entzun eta hari zintzurra bihurritzeko gogoari eusteko lanak izan nituen. Eta are lan handiagoak, isildu beharrean, Lou kantari txepela zela gaineratu zuenean:
"Marikoi zikin bat!".
"Orduan hiri zer gustatzen zaik?", gainezka egin zidan amorruak.
"Sex Pistols! Hi, horiena bai kristorena dela! Ezagutzen al dituk?".
Behingoan isilarazi ninduen.
(Pause).
Pistolsen urtean izan zen, hirurogeita hemeretzian, Sid Biziotsuaren eta Johnny Ustelaren berri izan nuen garaian. Gasteiz inguruko Arakako cir delakoan hamazazpi hilabeteko soldaduzkaren itzela ezagutu beharko nuen garaian.
Hamazortzi urte nituen. Objezioarena Jehovaren lekukoen erokeria baino ez zen orduan eta artean asmatu gabe zegoen intsumisioaren ausardia. Beraz, institutuko ikasketak bukatu eta ni unibertsitatera bidaltzeko nahikoa diru ez zegoenez gurean, ahalik eta lasterren soldaduzkaz ahaztea gomendatu zidaten. Halaxe nahi nuen nik ere: lantxoren batzuk egiten lehenbailehen hasi, dirua irabazi, nire buruaren jabe izan, trenbide aldameneko gurasoen etxetik aldegin ahal izateko. Eta hartarako soldaduzka neukan gainditu beharreko lehen oztopoa.
Arakaz ezin da asko esan, ez bada beti gauza bera, betiko gauza bera: kuartel guztiak modu berean eraikiko lituzkete ahal izanez gero, eta barruan sartu mahai berdinak, ohe igualak, moldean hazitako tximino automatak. Denak kolore beraz jantzi eta margotuak. Kaka kolorez. Paretetatik hasi eta janarira arte, han denak zeukan kolore arre berdeska bera. Antza denez, nabarmentzeari benetako amorrua diote militarrek, guda zelaian eta putetxean izan ezik, noski.
Ongi eta azkar jabetu nintzen oharkabean pasatzen saiatu behar nuela: nagusien begirada saihestu eta ahoko zuloa itxi. Iritsi berri guztien modura, txantxa gorri pare bat jasan behar izan nuen, baina aitonek ez ninduten zitalkeria bereziz erabili. Gaitzerdi.
Soldaduzka luzea da berez, hamalau hilabete egin edo, nik bezala, hamazazpi. Bukaezina iritzi izan diogu denok. Nire hiru hilabete gehiago haien truke ordea, Gasteizen eduki ahal izan nuen cireko gehienei ukatzen zitzaien hainbat abantaila: Arakako txerrijanaren partez amaren janari gozoak, pribatutasun aldiak, koadrilakoekin egoteko aukera, rock taldekoekin entseiatzekoa eta, batik bat, maite eta maitatua izatekoa.
Ezin ahantzi ditut Bilbao eta Canteroren imintzioak, hirurok Stonesen geunden batean Marisa agertu eta musu eman zidanean. Begiak erori behar zitzaizkiela zirudien. Txistu egin ziguten, orro, altan dauden zakurren pare. Jendez leporaino zegoen taberna, ac/dcren musika, garagardoak eta haxixa. Eta mundu honetatik urruntzen hasiak geundela, Bilbaok eta Canterok Arakara itzuli behar autobusez.
Marisa. Ezkondu egin zen, eta ongi gainera. Bi mutikoren ama egin da eta hirugarrenaren zain dago, lehengo batean norbaitek kontatu zidanez.
Aurreko urteko jaien hasieran ezagutu genuen elkar. Mozkortu egin ginen. Berdintsu ibili ginen jaien gainerako egunetan ere, elkarrengandik ezertarako bereizi gabe. Eta baita ondoren ere, Arakan nengoela, nirekin haserretu zen arte. Bitartean goxo-goxo egon ginen ordea.
Gaur goizean gogoratu naiz Marisarekin. Ospitalera bidali naute alferrikako azterketa berri batzuk egin ziezazkidaten. Hangoak amaitu eta honanzko autobusa hartzeko zain nengoela, atseden hartu dut geltoki aurreko parkeko eserlekuan, eguzkiaren ferekaz gozatzeko asmoz. Konturatu gabe ere, amatasunaren infernuan pausatu naiz. Hura bai the wild side, eta ez Lourena. Ama berrien haurrez setiatuta egon naiz, batzuk korrika denak oihuka, emakumezkoen hiz-jario larderiatsuez nazkatuta, euren kuttunen elikaduraz eta heziketaz. Metrailadore bat eskura izan banu, kristoren sarraskia antolatuko nukeen hantxe bertan, batere kupidarik gabe.
Baina ez nadin gaitik urrundu.
(Beste pause bat. Eta record berriro).
Arakara iritsi eta bi astera, bandarako musikariak eskatu zituzten eta berehala eskaini nuen neure burua. Zortea izan nuen. Ez nintzen musikaria, baina han nahikoa zen lagunek irakatsitako bi tontakeriak kitarraz jotzea Jimi Hendrix izateko. Eta horregatik eman zidaten danborra. Izan ere, halakoxea da militarren logika.
Bilbao eta Cantero bandan ezagutu nituen. Bilbao Portugaletekoa, turutalari bihurtu zuten. Baina berez, Kemen izeneko orkestratxo batean baxua jotzen omen zuen udako festetan. Cantero galegoa da —nork esan dit atzo bertan ikusi zuela?— eta salsa edo antzeko zerbait egiten zuen talde bateko perkusioaz arduratzen zen. Hura eta biok izango ginen bandako danbor-jole nagusiak, eta berak irakatsi zizkidan oinarrizko konpasak.
Musika gustu oso ezberdinak geneuzkan, seguru, baina horrek bereizten bagintuen ere, ia gainerako guztiak batzen gintuen, banaezinak bilakatu arte. Zorioneko nire pernoctagatik izan ez balitz, eguneko hogeita lau orduak elkarrekin igaroko genituzkeen.
Arakan soldaduzkaren estreinako hiru hilabeteak egiten ziren, ondoren soldadu gehienak Espainiako iparraldeko kuarteletara sakabanatzeko. cireko banda jende premian zegoelako geratu ginen hirurok elkarrekin Gasteizen. Esan liteke rock’n’rollak salbatu gintuela, Lou Reedek bere kantu batean dioen bezalaxe. Agian ez zehazki rock’n’rollak, musikak baizik. Baina, nolanahi ere, salbatu egin ginen.
Igandeetan izan ezik, egunero aritzen ginen bandan. Gosaldu ostean jantoki aurreko ordekara bildu eta, iparraldera, cir eremua bukatzen den lekuraino joaten ginen formazioan, pauso bakoitza Esparza sarjentuaren ahotsari kasu eginez emanda.
Hirurogeitaka urte izango zituen gizon txiki, mehe eta triste hark. Ia bizitza osoa emana zuen ejerzitoan, baina gehiegi maite ez zuela igartzen zitzaion, gainerako ofizialei kontrakoa igartzen zitzaien era berean.
Zaragozako akademiatik irten berriak, gazteenak ziren okerrenak. Ozta-ozta gu baino nagusiagoak ziren bibote fineko teniente zital haiek gugan saiatu nahi izaten zituzten beren heziketa faxistaren irakaspenak. Zaharragoei aldiz, urteek irakatsi zieten denbora zutela areriorik arriskutsuena, eta batailetan latzena nork bere buruarekin borrokatutakoa. Hori ondo baino hobeto zekien Esparza sarjentuak. Eta ausartuko naiz esaten, Esparza ere, gure modura, musikak salbatu zuela.
Sarjentua ez zen beste ezertarako bizi. Nahikoa zuen musika eta, beste ofizialek eta geuk ez bezala, ez zuen inolako pattarren edo drogen premiarik kuarteleko bizimoduaren asperra eramateko. Horregatik zaintzen gintuen gu hain ongi, geu ginelako bere musikaren zaindari. Doinugilea baitzen gainera; martxa militarren egilea, noski. Berak sortua zen ciraren ereserkia.
Hona hemen nire makila
ez da batere purtzila
harekin aritzen naiz
jo ta ke egun guztia
jo, jo, jo, jo...
Ez da Esparzaren ereserkia, ez. Ereserkia esan eta oraintxe gogoratu zaidan gure izengabeko taldearen kantu baten leloa da hori, Txemak asmatua doinua eta hitzak neronek. Ereserki militarrei egin nahi izan nien txantxa. Sarritan kantatzen genuen Bilbao, Cantero eta hirurok, porro eta garagardo batzuk kolkoan, oilartzen ginenetan. Jo, jo, jo oihu egiten genuen, zalaparta hura keinu lizunez lagunduta.
Kanturako ideia Canterok eman zidan. "Danborra edo danborrik gabe, neuk beti makilari eragin eta eragin" esaten zuen, militarrek janariari botatzen omen zioten bromuroa aipatzen zela.
Zorionez edo zoritxarrez, Zapako tabernetan entzun zen soilik kantua, gure taldeak ez zuen-eta jende aurrean jo ahal izan. Horretarako nahikoa kantu egitea lortu genuenerako, hasiak ginen tresnak banan-banan eta lau txanponen truke saltzen. Beharko.
(Stop. Record berriro).
Hasiera batean oso ideia ona iruditu zitzaion Marisari. "Bai, rock talde bat osatu beharko zenukete". Hala esaten zidan Arakara abiatu aurretik behintzat. Gero ez, gero zeharo aldatu zen iritziz. Bere ustez, ciretik irten eta berarekin bildu partez, sotora jotzen nuen zuzen.
"Taldea!, taldea beste ezer ez duk hik buruan!", aurpegiratzen zidan haserre.
Hala izan ote zen ahalegindu naiz gogoratzen, baina garai hartako zehaztasunak lauso samar ditut aspalditik. Edozein modutan ere, Marisaren burutapen hura izan zen, zenbait hilabete geroago elkarrengandik urruntzera eraman gintuenaren hasiera.
"Ez nauzu maite!".
Maite nuen ordea. Zein harro egoten nintzen aldamenean edukita. Hark berezia bihurtzen ninduen. Ni ez nintzen bakardadez, herriminez eta gosez gainezka Alde Zaharreko kaleak arratsaldero ibiltzen zituzten soldadutxo haietako bat. Haiek ez bezala, mozkortzen nintzenetan, mozkorraldi alaiak izaten ziren nireak. Demasako likidoa zakiletik kanporatzen nuen, sekula ez begietatik. Marisa nigana erakarri eta mesprezuz begiratzen nien edozein emakumeri —alkoholak berotu eta emagurak xaxatuta— era zakarrean jarraitzen zitzaizkion kaskamotz ahoberoei. Haiek bezain kaskamotza nintzen neu ere, baina soldadu egoteko ohi baino gazteago izateak eta Londrestik ekarritako Sex Pistolsen elastikoak, nire benetako egoera ezkutatzeaz gain, haiengandik bereizten ninduen. Zorionekoa nintzen haien aldean. Nituen adiskideak ez ziren halabeharrak emandakoak, neronek aukeratutakoak baizik. Ez nuen espermaz zikindutako maindire batzuetan lo egin beharrik. Nire ohekoak neskato baten azala bezain leunak ziren, ezin garbiagoak. Eta hazia nonbaiten isurtzekotan, Marisaren sabelpe gozoan isuriko nuen. Arrazoi askotxo beraz, jendilaje baldar harengandik aparte, galaxietan galdutako planeta izengabekoren bat bezain urrun sentitzeko.
(Pause).
Urte hartako Gabonetan, jaiak etxean pasatuko genituelakoan geunden, eta haietarako planak aspalditxotik eginik genituen. Hargatik geratu ginen hain zapuztuta, kuartelean igaro beharko genituela jakinarazi zigutenean. Pernocta delakoaren jabe ginenok berriz, Urte Zaharrean izan ezik, gauero bezala etxeratu ginen besteetan.
Ulergarria zen bandako gehienok hartutako amorrua, berri tamalgarria jaso orduko. Soldaduzka burutzeko bizpahiru hilabete justu-justu faltan zituztela, ejerzitoak egin nahi zien azken putakeriatzat jo zuten. Nik banuen artean hainbat hilabete lizentziatzeko baina, dena den, antzekoa izan zen nire haserrea ere. Marisa eta biok asteak generamatzan Urte Zaharreko gauarekin ametsetan. Bere osaba batek Gorbeiako maldatan zuen baserria utzi eta biok bakarrik joateko asmoa genuen. Botila batzuk eraman, haxix piska bat, eta elkarren besoetan emango genion ongietorria urte berriari.
Ordukoan gure sarjentuak ez zigun lagundu. Nekez lagundu ahal zigun, geu han preso edukitzeko ideia berea izanik.
Putza baino harroago aitortu zigun:
"Neuri eta ez beste inori zor diozue zuen balioa erakusteko aukera paregabe hau!".
Txatxua.
Buru-belarri ihardun genuen entseguetan. Goizero bezala sukalde atzealdeko zelaira jo beharrean, inoiz erabili ez eta gimnasio esaten zioten zuriz margoturiko edifizio ospelera eramaten hasi zitzaigun sarjentua.
"Dena biribil nahi dut! Ez dut huts egiterik txikiena ere onartuko!".
Orkestran zazpi lagun ginen. Zazpi lagun eta bera zuzendari. Nirekin batera, Bilbao eta Cantero. Gainerako laurak, bandakoak izanagatik ere, ez nituen oso ondo ezagutzen.
Dieste, gure soinu-jolea, ia bi metroko morroskoa zen, isila baina denon artean musikalaririk onena.
"Zer moduzko eguraldia astebururako?", adarra jotzen genion bere altuera aitzakia.
Bromak egingo genizkion, baina ondo genekien hura ez zela zeruko lainoetan egoten. Tresnaren bat desafinatuta zegoela salatuz gero, txantxa gutxi erabiliko genuen harekin, belarri finekoa zela askotan utzi zigun-eta agerian.
"Aita izango naiz laster" esaten zigun, "eta zuetako baten izena ipiniko diot".
Haizeaz arduratzen zirenak ere, ez ziren makalak. Uriartez zera esaten zen cirean, sudurra ezkutatzeko jotzen zuela tronpeta. Eta bazitekeen, turutarekin pasatako ordu luzeek handituriko muturraren gainean sudur puska galanta zeukalako, benetako euskaldun batena.
Beste kideek, saxo-joleek ez zuten itxura batean nabarmenaraziko zieten ezer. Eta hala eta guztiz, beti nabarmentzen ziren. Eta nabarmendu gainera, han nabarmentzeko zailena zen zereginean: zurrutean. Txiki samarrak izanik ere, Araka betetzen genuen milaka lagunen artean, haiek adina edango zuen norbait aurkitzeko lanak izango zituen edonork. Aurkitzekotan, ofizialen artean bilatu beharko zuen.
Talde xelebrea osatzen genuen, zuzendari batek bere menpean inolaz ere eduki nahi izango ez lukeena. Baina besterik ezean, gurekin konformatu behar sarjentuak.
Kantuak moldatzeko, hilabete eskasa genuen eta, hortaz, goizez eta arratsaldez aritzeko premian geunden.
"Ez duzue sekula hemendik irtengo!", mehatxu egiten zigun erratzen ginen bakoitzean. "Berton jubilatuko zarete!".
Odolaz hanpaturiko bere begiak ikusi eta bestela fanfarroikeriatzat joko genituzkeen hitzek virtuoso baten abileziaz joarazten ziguten. Hala bada, eta oso kostata izan arren, iritsi zen azkenik kontzertu zakil haren eguna.
Hotz argitu zuen. Zerua estaltzen zuten laino goibelak ikusita, gutako norbaitek "elurra zekarrek" esan zuela oroitzen naiz. Gimnasiora ailegatu ginenean, sarjentua zain genuen, jurabanderan eta halakoetan baino erabiltzen ez zuen gala uniformea soinean. Geu ere dotore azaldu ginen. Berehala ohartu zen:
"Non dago Dieste?".
"Etxetik deitu diote bart aita izan dela esanez. Petatea prestatzen ari da".
"Nork eman dio baimena?".
"Kapitainak".
Ez zigun gehiago galdetu. Aurpegia sututa, deabruak hartuta, korrika batean irten zen gimnasiotik, ateari danbateko ikaragarria joz.
"Baietz bueltan ekarri", ausartu zen Uriarte.
"Bai zera!", barre egin genuen denok batera.
"Zenbat apustu!?".
"Kapitainaren baimena edukita, sarjentuak ez du zereginik".
Oker geunden.
"Zer esan dizuet? Hogeina duro bakoitzak!".
Uriarteri gure errakuntza aitortuko genion, baina sarjentuaren eta atzetik zekarren Dieste kankailuaren betarteek ahoa ondo itxita mantentzera bultzatu gintuzten.
"Erne!", deitu zigun zuzendariak makila altxatuta.
Hiru orduz aritu ginen. Pasodobleak, tangoak... eta twist bat ere bai. Eta sekula baino indar handiagoz eraman genuen erritmoa oinekin, beldur baikinen ez ote zitzaizkigun izoztuko.
"Zuetaz harro nago, benetan...", lausengatu gintuen sarjentuak bukatu ondoren.
Hitzaldi hunkigarria egin zigun, baina guk ez genion begiratu ere egin. Begiak, nahiz eta zeharka, Diesterengan josita genituen.
Utikan! Ipurtzulotik gora sartzak hire erretolika guztia!
"... eta nirekin batera afalduko duzue! Elkarrekin afaldu eta elkarrekin abiatuko gara koronelaren jai handira!" amaitu zuen.
(Stop. Eta Record atzera).
Casinoa urrundik ere ikusten ahal zen. Gauean, cir erdiko lautadara ailegatu aurretik, haren argien distira antzeman genuen inguruko etxeetako teilatuen gainean. Argi guztiak piztuta zituen. Harantz gindoazela, isiltasunerako deia egin berria, geure pausotsez gain ezin gau hotzean besterik entzun.
"Geldi hemen mutilak! Neu sartuko naiz lehenik!", esan zigun Esparzak.
Mutu jarraitu genuen, burumakur. Ordurako guztiok genekien Diesteren zoritxarraren berri. Baita sarjentuaren zitalkeriarena ere. Hark komentzitu omen zuen kapitaina iritziz aldatzeko.
"Semea hilik jaio bazaio, zer axola dio gaur edo bihar goizean abiatzea! Ez zaio ostera piztuko!".
Ezin jakin zenbat denbora eman genuen han, hotzak akabatuta, itxaroten, hortzak eta haginak dantzan. Luze seguru ze, sarjentua itzuli, sar gintezkeela jakinarazi eta lehen kantuari ekin genionean, ozta-ozta lortu genuen halako doinu trakets eta herrena tresnei ateratzea, hain geneuzkan eskuko hatzak hotzak motelduta. Eta hain izan zen nabarmena, koronela bera altxa eta sarjentuari aldarri egin baitzion:
"Baina Esparza, emaiek musikoei berotzeko zerbait! Bestela ezingo diagu dantzan egin!", ofizialen eta beren emazteen barre algaren artean.
Adierazi gabe ere, eskertu egin genion. Pattarrak odola atzera martxan jarri zigun ostera. Mahaira eserita eta barrez guri begira zeudenak aldiz, ordurako nahikoa bero zeuden.
Hasteko, La Cumparsita tangoa jo genuen. Mantsoegi irten zitzaigun, baina hori tango batean, akatsa ezezik, egokia ere izan daiteke. Tango dexente jo genuen gero ere, haiexek zituen-eta gustukoen koronelak. Berak eman zion hasiera dantzaldiari, jakina. Estreinako hura emaztearekin dantzatu zuen, pintura eta hauts guztiak alferrik zituen papar handiko oilo zaharrarekin. Handik aurrera, oiloa laga eta gazteagoei hasi zitzaien bere beso izarduna eskaintzen.
Izardun ugari zegoen. Geu ere haiei begira ari ginen, adi. Teniente eta kapitain haien andre mardulak inoiz baino mardulagoak ageri ziren soineko luze, estu, dotoreetan. Barrezka ziharduten etengabe eta oihu txikiak egiten zituzten, ikara plantak eginez gizonezkoen kontutxo likitsak entzundakoan. Burura eramaten zuten eskua eta ile-adatsa harrotu antzera egiten zuten, ordu gutxi batzuk lehenagoko orrazkera berria bere hartan mantendu nahian bezala.
Haientzat begirik ez zuen bakarra sarjentua, gure sarjentu alu hura zen. Itxita zeuzkan eta maite ez zuen zerbait aditutakoan baino ez zituen zabaltzen. Baina zenbait akats gorabehera, ondo ari ginen. Doinu moteletan ez gintuen loak hartzen eta arinagoetan itxuran eusten genien uhalei, eramaten gintuen erritmoaren zaldi bizkorra gure menpe gordeta. Halaxe ihardun genuen doinu mota batetik bestera, koronelaren edo beste edozein ofizialen eskarien arabera beti.
Eskariok ohorez jasotzen zituen sarjentuak, bere orkestraren bikaina argi uzteko aukera paregabeak izango balira bezala. Eta hasiera batean musika leun astirotsua nagusi izan bazen, gauak aurrera egin ahala, bestelako erritmoetara makurtu zitzaizkigun entzulegoaren desirak. Mexikoko corridoak jo genituen, Kubako aire beroak, eta zer edo zer modernoa jotzeko eskatu zigutenean, neuri begiratu zidan zuzendariak. Banekien. Mikrofonora hurreratu eta twistaren lehenengo noten esperoan gelditu nintzen.
Ez nintzen kantaria, ez neu ezta ordura arte kantatu beharreko gehientsuenetan ihardundako Bilbao ere. Norbaitek egin behar eta hura kantaldi asko egina zenez, eta halakoetan jotzen zirenen hitzak zekizkien bakarra izanik, lan hura agindu zion sarjentuak. Antzeko burubidea erabiliko zuen twista neronek kanta nezala erabakitzerakoan.
"Hemen rockeroa hi haiz, ezta?"
Hantxe izan zen nire debuta eta, ondo egiteko batere asmorik eduki ez arren, aitortu behar dut halako entzule esker onekorik ez dudala sekula ezagutu. Inork ez zidan nire bat-bateko ingelesagatik kargurik hartu, inork ez zuen nire ahots lakarraz kexu egin edo desafinatzeaz protestatu. Bai zera! Txaloka aritu ziren erritmoari jarraituz, atabalaren kolpe bakoitzarekin batera. Oihu egiten zuten gaztetxo mozkortu berrien antzeko kemenaz. Beharbada, ordurako hala zeudelako, karga-karga eginda. Eta halaxe geunden geu ere.
Ordurako giroa larunbatetako Stoneskoa baino beroagoa baldin bazen, gori-gorian jarri zen, nire lana bukatu eta Bilbao atzera kantari genuela: La Conga de Jalisco.
Dantzariek, ilaran eta bakoitzak eskuak aurrean zeukanaren sorbalda banatan paratuta, suge gisako bat osatu zuten, gero eta luzeago bilakatu zen suge hordia. Sugeak bertako guztiak —artean eserita zeudenak barne— irentsi eta jira eta bira hasi zen sala handian barrena, bazterrik bazter. Guztien buru koronela bera zihoan, zegokion bezala. Eta zaharrena izan arren, beste inork baino ozenago ziharduen oju eta iji, algara batean, batez ere Los hermanos Pinzones eran unos... hasten den zatiari ekiteko tenorean.
Ez ginen aldez aurretik elkar hartuta, noski. Bateko, halakorik gerta zitekeenik ere ez baitzitzaigun ezta ametsik gozoenetan bururatuko, eta besteko, bururatuta ere, ez baikinen hura egitera ausartuko.
Ausartu egin ginen ordea. Elkarri begira geratu ginen unetxoa soberan izan genuen egin beharrekoa guztiok jakiteko. Tresnei ondo heldu eta aldapan behera jo genuen abian, txikitan bizikletan ibiltzen nintzenetan Armentia parteko maldetan egiten nuen moduan. Kitarrako mastan gora eta behera zihoakidan ezkerreko eskua, eskuinak markatzen zion konpasari estu jarraituz. Eta halaxe zihoazen Canterorenak ere, gero eta azkarrago, gero eta zanpakorrago. Dieste, Bilbao eta besteak ere ez zitzaizkigun atzerago geratu. Ezta dantzariak ere. Segika genituen. Hamelingo txirulari ezagunaren arratoiak balira bezala, musikak liluratuta nonbait. Eta geu errekarantz gindoazen eta beraiek gurekin, jira eta buelta.
Elkarren gainera erori ziren arte. Hainbeste bira egin zuten, hain bizkor, ze, azkenerako, musikak eragindako zurrunbilo hartan zorabioak hartu, norbaitek estropozo egin eta bertan behera etorri ziren ia batera.
Ikustekoa zen benetan gorputz nahaste hura. Hango zalaparta, andrazkoen txilioak, gizonezkoen madarikazioak, gure sarjentu gizajoaren aurpegi bat-batean zurbildua. Haren gogoratze hutsak barregura eragiten dit oraindik ere. Dominez zamaturiko haiek eta beren emazte oiloak lurrean, zer gertatzen zen konprenitu ezinik. Betirako gogoan gorde nahiko nuke hainbeste gauza barregarri, bizitzaren laztasuna pitin bat gozatzen duten horietakoak.
Mendekuaren gozoa zer den ikasi genuen, huraxe izan zen-eta gurea. Diesteren seme hila mendekatzen ari ginen, gau seinalatu hartan familia eta lagunengandik urrun egon beharra, ordura arte sofritutako guztia.
Orduan ez nekien arren, niretzat ere bazegoen mendeku bat gorderik: gau hura beste baten besoetan pasa zuen Marisak.
(Stop).
© Xabier Montoia