Eskuak sudurrera
Susmo txarra hartu zion atsoari hasieratik.
Estibaliz Ozio, ama berria zelarik etorri zen bizitzera etxe hartara. Hogei urte zituen orduan, eta ia bi urte zeramatzan ezkondurik.
Eskaileretan egin zuten topo lehendabizikoz. Elkarren ondotik iragan ziren: gorako bidean bata, beherakoan bestea, hitzik trukatu gabe. Agurtzeko zorian egon zen emazte gaztea, baina zaharraren begirada laburra aski izan zitzaion bere asmoaz berehala damutu eta isilik segitzea ebazteko. Era berean jokatu zuen handik aitzin. Eskaileretan topatu eta begiak apaldurik, albo batera eginen zuen, atsoarengandik ahalik eta gehien urruntzeko. Kiratsa zerion.
— Ez da horrenbesterako izango —barre egiten zion senarrak.
Maiz egiten zion barre.
— Mesfidatiegia zara, bihotza. Edonori hartzen diozu susmo txarra. Ez al duzu ikusten atso zahar bat baino ez dela?
Estibaliz ez zen iritzi berekoa, noski. Auzoaz ari baldin baziren ere, biek bazekiten senarraren hitzek gibeletik beste zer edo zer zekartela. Edozein modutan, atsoari zegokionean, ez zuen zalantza mikorik.
— Baina, Julio, zuk ikusi al duzu inoiz? Ez! Hortaz, zer dakizu zuk?
Berak bai, berak nahi baino gehiagotan izan zuen andraño zaharra aztertzeko parada. Egunero arropa berberaz jantzirik ibiltzen zen, beltzez goitik behera. Bere soin txikia eta poxi bat okertua estaltzen zutenak ordea, jantziak baino pildak ziren, hain zituen-eta maiztuak.
— Senarra hil eta berehala hasi zitzaion burua nahasten —jakinarazi zion Susanak, Estibalizen solairu bereko auzoak—. Alargunduz geroztik ez du inorekin hitz egin. Baina lehen Rufina ez zen halakoa. Galdetu zeure amari bestela.
Bizi ziren etxea gurasoena izana zen. Ia bi mende lehenago eraikia, denboraren marka uherra nabarmen zuena hormetan. Kanpoaldeak berriz, hiriko alde zaharreko beste anitzetan bezala, zena baino kaskarragoa irudikarazten zuen haren barnealdea. Etxebizitza handiak ziren haiek, gela frankotakoak, pasabide luze eta sabai garaikoak. Bizitzen jarri aitzin, astetan lanean ihardun zuten aitaren langileek, hainbat pareta bota eta etxeko taxukera aldatzen. Pasabideari tarte ederra kendu eta hagitz erosoago geratu zen, jaio berria eta Julio eta Estibaliz ongi bizi zitezen.
Gurasoenean egon ziren lanek iraun bitartean. Han ez zuten kexu agertzeko arrazoirik egundo izan. Haatik, amaren laguntza arras preziatu zuen Danielez erditu zenean. Hala ere, loriaturik utzi zuen hura eta aitzina berea izanen zen hartara abiatu. Bazuen lana etxea nahi bezala antolatu eta hornitzeko. Eta hartan ere, ama eta ahizparen laguntzak eskertzekoak izan zitzaizkion. Azkenean ordea, dena egoki osatuta zuelarik, ezin hartaz gozatu.
Etxe berrira heldu eta zenbait astetara hasi ziren deiak. Telefonoz deitzen zutenen izenak ezezagunak ziren eta senarraren lankide edo laguntzat jo zituen.
— Bai, Arrazola izango zen, lankide bat. Ez al dizu esan zer nahi zuen?
— Ez, Julio, emakume bat izan da. Eta ez dit ezer esan.
— A, Marina izango zen orduan, nagusiaren idazkaria. Espero dezagun aste honetan beste norabait ez bidaltzea.
Senarraren hitzok seko izutu zuten Estibaliz. Elektronika enpresa bateko teknikaria zen Julio eta lanbideak Gasteiztik landa joatera behartzen zuen askotan. Espainia osoa korritzen zuen, enpresaren makinak eta sistemak osatu eta martxan jartzen. Asteak ere igarotzen zituen etxera gabe.
Deien errepikatzearen errepikaz, zalantza dorpea ernatu zen Estibalizengan. Gizonezko bakanen bat salbu, deigileak beti emakumezkoak izaten zirelako.
Gutxiesten ahalegindu zen lehenik. Duda eta susmoak oro, Juliok anitzetan egotzi obsesio zorigaiztokoaren ondorioak baizik ez zirela errepikatzen zion bere buruari, semearen gaueroko negarrak eta etxe aldaketak eragin unaduraren ondorioak. Denborak aitzina egin ahala ordea, gero eta zailagoa izan zitzaion halakoak sinestea. Zeren, deiak urritu beharrean, gero eta maizago aditzen baitzen telefonoaren hotsa etxean. Tematu egin zen, haatik, gezurrezkoa zeritzon uste hartan. Urtetako ametsak zituen jokoan: maite zuen senarra, semetxoa, etxe berria. Dena.
Aro beretsuan izan zuen lehendabiziko kalapita Rufinarekin.
Atsoa haien pean bizi zen, eta maindire ikuzi berriak idortzera zintzilikatu orduko, leihora irteten zen kexuka:
— Jaso itzan maindire narrats horiek! —eskatzen zion oihu bizian—. Ilunpean uzten didazue sukaldea!
Patioko hormek ozendurik, istilu galanta ateratzen zuen Rufinak. Izarak kendu ezean, zikindu, txikitu edota erre egingo zizkiola mehatxatzen zion. Gordinak izaten ziren atsoaren biraoak. Hainbeste non, senarra etxean zegoen batean, bazkaltzeari utzi eta, artean mokadua ahoan zuela, eskailerak binaka jaitsi eta jauzi batez Rufinaren ate aurrean paratu zen.
Ez zen kikildu atsoa. Ez zion ireki. Eta Juliok atean jo kolpeei egundo baino irain latzagoez ihardetsi zien. Amore eman behar izan zuen hondarrean, atsoarena izan ezik, etxeko beste ateak nola irekitzen ziren ikusirik. Debaldetan ari zen, eta auzoen aitzinean barregarri gelditzeko lotsaz, berera igo zen, jaitsi baino amorratuago.
— Deabruak eramango ahal du sorgin halakoa!
Ukabila airean, era guztietako gaitz eta zoritxarrak opa zizkion Rufinari.
Rufinarena ez zen Estibalizen gogoa betetzen zuen kontua —Daniel txikiarekin eta senarrarekin aski lan—, baina enbarazu egiten zion hala ere. Kezkatu egiten zen, harekin topo egin zezakeela pentsatze hutsarekin. Bizpahiru bider baizik ez zen gertatu, baina ederki oroitzen zituen enkontruak. Ikusi orduko hasi izan zitzaion oihuka, Estibalizek berari egin makurkeriak salatzen. Ustezko makurkerien zerrenda gizendu egiten zuen egunetik egunera. Gainera, Rufinaren eleak mingarriak izanik ere, eta bizia haiek adierazi herra, bazegoen okaztagarriagorik...
Destainaz bete hitzak aski aise ahantzi ahal zituen eguneroko eginkizunen zurrunbiloak atxikiz gero. Ahanzten zailagoa zen, aldamenetik iragan eta gibelean uzten zuen kiratsa. Jantziei zerien usain sarkorra giroan gelditzen baitzen nabarmen. Gernuarena, ustelarena, lizunarena edo auskalo zerena. Nolanahi ere, haren jatorria edozein izanda ere, behin kirats hura aditu ondoren, oroimenaren bazterren batean geratuko zen betiko.
"Zahartzaroarena izanen al da?" galdetzen zion bere buruari batzuetan. Orduan auzo erretxinaz errukitu eta alargun hits hura barkatzera egiten zuen. Labur ordea, berandu baino lehen, beste zernahi gaiztakeria eginen baitzion, Estibalizengan lozorroan zegoen amorrua berriro iratzartzeko. Rufinak ez baitzuen bere aurka aritzeko paradarik galtzen. Maindireekiko betiko kexuaz gain, berri bat aurkitu zuen:
— Noiz isilarazi behar duzu haur mainatsu hori? —aurpegiratzen zion, Danielen noizbehinkako negarrek gauero loa eragozten ziotela argudiaturik.
— Gaiztoa da gero, atso koipetsu hori! —kontatzen zion ama, senar, auzokide edo entzun nahi zion edonori—. Zer egin behar ote dut nik, haur gaixoak negar egiten badu? Ito ez dut egingo, ezta? Haur bat baino ez da, Jainkoarren!
— Ez kasurik egin, Estibaliz —aholkatzen zioten, Rufinaren protesta zentzugabeak aintzakotzat har ez zitzan.
— Samur esaten da hori! Gustura ikusiko zintuzket nire lekuan, ea zuk zer egingo zenukeen —defenditzen zuen bere burua, mintzakidearen ulertuezinak xaxaturik.
Alferrik ari zen, eta bazekien. Hitzik gabe ere, atsoaren sorginkeriak aipatzen zizkielarik, ondo zekien besteek zer uste zuten. "Alargun zahar bat besterik ez da", errukitzen ziren, "pare bat urte barru mundu honetan izango ez dena".
"Estibaliz bezalako emazte batek, haurtxo baten amak, zentzu gehiagoz jokatu beharko luke halako andre zahar eta erdi gor batekin", pentsatzen zuen Estibalizek esanen zutela. "Nahi adina kexu, nahi adina protesta egin ditzala Rufinak, zaharreriaren zaharreriaz ez baita egundo egin mehatxuak betetzeko gauza izanen".
Gogoz beste baina, azkenean ezin begibistakoari, ezkutaezinari itsu izan. Asteak joan, asteak etorri, pixkanaka emakume ezezagun haien guztien deien eta senarraren bidaien arteko lotura nabarmenduz eta nagusituz joan zen Estibalizen baitan.
Argi zegoen: Julioz galdegiten ziotenen azentuari kasu eginez, senarraren nondik norakoak jarrai zitzakeen. Deigilearen mintzadoinuan zetek txistu egiten zutelarik, senarra Andaluziatik etorri berria zeneko seinale. Galiziatik heldu zelarik, kantari antzera arituko zitzaion norbait handik laburrera telefonoan. Behin eta berriro gertatu zen. Ahots urrun haiek senarraz galdetu eta etxean ez zegoela jakin bezain fite, deiaren amaiera adierazten zuen hots eten eta errepikatua entzuten hasiko zen. Inork ez zuen mezurik utzi nahi izaten eta, izenaz galdetuz gero, hariaren beste aldetik isilune laburra sortzen zen, laburra bezain adierazgarria.
Juliori ez zion deus aipatu. Bazekien oro ukatu eta erotzat hartuko zuela. Ongi konprenitzen zuen denborak egiaztatu senarrarekiko errezeloa, berarentzat izan ezik, teoria aski xelebrea izanen litzatekeela beste edonorentzat. Nahasturik zegoen. Ez zekien zer egin, ez zeukan ezta nori kontatu ere. Ezkontzarekin batera lagunekiko harremanak urritu eta, Daniel izan ondoren bereziki, galduak zituen adiskide guztiak.
Eta Daniel zegoen gero, hamabost hilabete bete berriak zituen semetxoa. Hura batez ere. Ezin berekoia izan, harengan pentsatu behar zuen oroz gain, hari jarri behar zion arreta osoa. Tutik egin baino lehenago, Estibalizek ongi hausnartu beharko zuen urrats bakoitza.
Senarrarekiko mesfidantzak arrunt atsekabetzen zuen. Likits sentiarazten zuen. Eta hala ere, erne egoten zen, haren mugimendu eta asmo bakoitzari adi, nahigabean ere, hezurmuinetaraino sartu susmoaren frogantza aurkitu nahi izanen balu bezala. Urduri zegoen, sosegugabe eta jangartsu. Haserrekor eta asaldaerraz. Horregatik ateratzen zuen atsoak bere onetik hain aise. Hargatik hartzen zuen hainbeste herra Rufina zaharraren umekeriak zirela-eta.
Telefonoa jasotakoan, Estibaliz Ozio ez zuen galderak harritu, galdegilearen ahotsak baizik, edo haren doinuak, zehazkiago esateko. Galdera betikoa izan zen, finean, azken hilabeteetan hainbestetan eta hain gisa eta ahoskera ezberdinez entzun berbera.
Julio ohean zegoen, doi-doi bi oren lehenago Sevillatik heldua. Hark eman zion zer pentsatua, zeren telefonoa jaso baino lehen espero zuen Sevillako ahoskeraren ordez, katalan peto batena aditu baitzuen ezustean. Hark, nolabait, kolokan paratzen zuen ordura arteko teoria. Harekin eten egiten zen logikaren haria, haren aitzin sendo baino sendoagoa zena.
Baina zalantzak guztiz argitu zizkion halabeharrak.
Emeki-emeki ireki zuen logelako atea eta astiro hurreratu zen senarraren galtzak zeuden aulkira. Ez zuen iratzarri nahi. Sukaldean, xaboia inguratu eta ikuzgailua betetzeari ekin zion. Orduan kausitu zuen, makinara sartu baino lehen galtzetako sakelak hustean. Kartoizko txarteltxo gris bat zeukan eskuan. Instantean ulertu zuen oro. Metro de Barcelona, irakur zitekeen letra handietan.
Bere esku egon izan balitz, sekula ez ziokeen hura aurkituko, baina behin topatuz gero, egitera zihoana egitea baino ez zitzaion gelditzen.
Oihu batean sartu zen logelara. Argia piztu eta lotan zetzan senarrari oldartu zitzaion esnatzeko aginduz, amorruzko negar anpuluak masailetan behera.
— Zer pasatzen zain? —galdetzen ari zitzaion Julio, bere beso artean Estibaliz preso zuela.
Irainak izan ezik, beste deus ez zetorkion burura.
— Nola izan zaitezke hain zinikoa?
Ez al zion ikusten eskuan zeukan Bartzelonako metroaren txartela? Aski azal izanen ote zuen bere betiko istorioren bat asmatzeko, justifikaezina justifikatzeko?
— Erotu egin haiz, ala? Zer ari haiz txartel zahar horrekin?
— Zaharra? Atzokoa eta zaharra?
— Hori dun orduan, ezta? Zergatik ez didan lehenago esan? Horrek badin azalpen erraza gero.
— Ez. Zaude isilik. Ez esan ezer, mesedez —erregutu zion Juliori.
Ika-mika hartan bero-bero zihardutelarik, deblauki, kaleko txirrinaren hots nahastezina heldu zitzaien zalapartaren artera. Automatikoki, senarrak bi besoak berehala jaso eta libratu zuen emaztea.
Estibaliz Ozio, bisaia gorriturik, ile adats errebelatuarekin borrokan zihoan aterako bidean. Julio logelan gelditu zen, janzteko zerbaiten xerkan. Atea irekitzear zegoelarik, gibelera itzuli eta, lipar batez, Daniel txikia ikusi zuen, begiak handi eta hits, amarengan josirik.
— Barkatu —desenkusatu zen Susana, pareko auzoa.
"Seguru aditu gaituela", Estibalizek berekiko. Bero nabaritzen zituen masailak. Haiek salatuko zuten agian. Susana olio miko baten eske zetorren.
Senarrarekin izan kalapita zela-eta artean destart, zertan ari zen ia jakin gabe, sartzeko gonbitea egin zion. Sukaldera eraman eta apaletik botila harturik, auzoak eskuan zekarren edalontzia bete zion. Susana ez zen, etxera sartu gehienetan bezala, batere luzatu. Olioa eskertu, Daniel ferekatu eta kaleko aterantz abiatu zen, bidea ongi ezagutu eta laguntzarik behar ez zuela esanez.
Oinutsik eta alkandora artean lotu gabe, zigarreta bat piztua zuen Juliok egongelan. Azkar baino azkarrago oihuka ari ziren berriro. Hala ere, errepikatzearen erepikatzez, irainak indarge geratu ziren aurki. Bestelako hitzen premian, azkenean esan zuena esatea baino ez zitzaion Estibalizi geratu:
— Banoa hemendik!
— Zer esan dun?
— Banoala. Daniel eta biok bagoazela etxe honetatik!
Semearen izena aipatu eta haren bila hasi ziren bien begiak. Zeuden egongelaren buelta osatu eta semerik ez bertan.
Daniel! deitu, baina kaletik zetozkien hots motelduak izan zituzten ihardespen bakartzat. Pittin bat larriturik, sukaldera jo zuen Estibalizek. Inor ez. Danielen logelara gero. Han, lurrean sakabanatuta zeutzan jostailuak ageri ziren soilik. Beren logelan berdin. Eta gauza bera komunean. Inon ez zen semearen arrastorik. Gero eta urduriago, pasabidean gaindi ia lasterka egin zuen kaleko aterainokoa Estibalizek. Urrundik bestela iruditu arren, hurbiltzearekin batera atea irekirik zegoela ikusi zuen. Orduan ulertu zuen: "Susanak ez zuen ongi hertsiko, eta hortik aldegingo zuen".
Eskaileretara irten zen. Ez zegoen.
— Daniel! Non zaude maitea?
Eskaileran ez zen fitsik entzuten. Bihotza kolkotik irteteko zorian nabaritzen zuela, senarrari deitu zion garrasika. Eskaileretan behera amildu eta, korrika, bebarruraino heldu zen. Alferrik. Kaleratu eta ezker-eskuin begiratu zuen. Alferrik.
— Ume ilehori bat ikusi duzue? —galdetu zion handik pasatzen ari zen bikote gazte bati—. Pijama gorria darama.
Bikoteak goitik behera aztertu eta aitzina segitu zuen deus esan gabe.
Daniel!, Daniel! oihu egiten zuela, Susanaren atea jo zuen Estibalizek, harik eta auzoak, Banoa, banoa esanez atea ireki zion arte.
— Daniel ikusi al duzu?
— Daniel?
— Ezin dut topatu. Atea zabalik geratu da eta ospa egin du neu konturatu barik.
— Egon Estibaliz, lasaitu apur bat. Manoliri itaunduko diogu, oraintxe etorri da-eta kaletik.
— Bai, okindegitik bueltan ikusi dut —esan zuen Susanaren alabak—. Beheko atsoarekin egon da...
— Beheko atsoarekin? Rufinarekin? —moztu zioten beste biek ikara batean.
— Ez dakit negarrez ote zihoan. Ez egin kasurik, bete-be teta ekarri ditut zorroak eta ez diet kasu handirik egin —de senkusatu nahi izan zuen neska gazteak, parean zituenen aurpegiez kezkaturik.
— Estibaliz! —iritsi zen Julio eskaileretan gora—, hemen al dago?
— Ez. Beheko atsoak dauka.
Eta atzera beherako bidea hartu zuen lasterka.
— Zabaldu atea! Zabaldu eta ez ukitu nire semea! Akabatuko haut bestela! —danbatekoak jo zituen emazte zaharraren atean.
Istiluak erakarririk, auzo ugari inguratu zitzaien. Julio atearen aurka ari zen, botatzeko ahaleginean, ostikoka. Etxe zahar hartako ateak sendoak ziren ordea.
— Burdinazko hagaren bat ekarri, arin! —eskatu zuen Juliok.
Rufinak ez zuen ireki nahi. Eta norbaitek deitu udal poliziek bota behar izan zuten azkenean.
— Ireki Poliziari! —udaltzainak hiruzpalau bider deiadarka agindu ondoren, pistola atera eta tiro egin behar izan zion sarrailari.
Bertan behera erori zen, atea zabal-zabalik utzita. Poliziak aitzindari, arrapaladan sartu ziren etxera. Baina sartu bezain azkar gelditu ziren, ia instantera. Sudurrera eraman zituzten eskuak guztiek. Aldi labur batez huraxe izan zen egin ahal izan zuten mugimendu bakarra. Begi parean zuten ikuskizunak lurrari atxikirik bezala zeuzkan. Izan ere, ikaragarria baitzen bertako bista eta guztiz jasanezina hango sunda. Zaborra, zernahi zabor mota pilatzen zen etxeko zoko eta bazter orotan. Hormetan gora altxatzen ziren zaborrez gainezka plastikozko zorroak. Nonahi ageri ziren kartoizko kutxak, kolore eta forma ezberdineko oihalak eta zer ziren edo zertarako balio zuten asmatzen zailak ziren beste hainbeste gauza. Botilak barra-barra zeuden, hutsik edo erdi hutsik denak. Eta egunkari zahar horiztatuak hamaika metatan banaturik, zaborraren ohoretan eraiki tenplu bateko zutabeak irudi. Oro hondakin eta kondar, oro puska eta tramankulu herdoildu, kontuz egin behar zen aitzina pasabide estu eta zikinean gaindi.
Zeuden lekutik atsoaren ahotsa aditu ahal izan zuten. Harantz jo zuten.
Ordura arteko kiratsa eramangaitza izan bazitzaien, are eta pairaezinagoa zen sukaldekoa. Bertan aurkitu zituzten, janari ustelduaren hondarrez inguraturik, bekoz beko eserita biak. Rufina, zain urdineko esku hezurtsuaz umeari buruan fereka ari zitzaion, lasaitu nahian:
— Lasai egon, nahikoa negar egin duk dagoeneko. Amatxok eta aitatxok oso maite haute, ez arduratu!
Hitzok entzun eta, atsoa hiltzeko gogoz etorritako Estibaliz Ozioren baitan, eguerdiko eguzkitan elurra urtzen den gisara, urtu egin ziren herra eta mendeku irrika. Eta areago urtu ziren, semetxoa besoetan zuelarik, poliziaren galderari Rufinaren ihardespena entzutean:
— Senarra bueltatzen denerako, jauna. Senarra bueltatzen denerako gordetzen dut hau guztia.
Azalpen harekin batera, Rufinarekiko errukia piztu zen Estibalizen bihotzean. Esaldi bakar batez, atsoak agerian utzi zituen bere oinazea, alimaleko bakardadea, senar zenduarekiko premia eta haren desagerpena betirakoa zela onartzeko errefusa, haren ezina. Ispilu batean bezala, Rufinarengan ikusi zuen Estibalizek bere burua.
— Goazen etxera —esan zuen Juliok orduan.
Zalantzatan egon zen Estibaliz, senarraren besoa onartu, ez onartu. Inguruan zuenaren bistak, aitzitik, aitzina segitzera limurtu zuen. Semea besoetan hartutakoan, senarraren besoa sentitu zuen sorbaldan, gisa hartan hondar puntua ezarriz hitzik gabe sinatu berriko hitzarmenari.
— Bai, goazen etxera —esan zuen Estibalizek ere.
Biharamuneko egunkariaren arabera, tona erdi bat zabor atera zuten Rufina Moraza, Castor Albinaren alargunarenetik. Inork gutxik erreparatu zion letra txikiko albiste hari. Letra handiagoetan argitaraturik ere, oharkabean pasatuko zatekeen. Egun hartan berri bakarra izan baitzen egunkari, irrati, telebista zein jende guztiaren ahotan: diktadorearen heriotzarena.
© Xabier Montoia