Alfabetatzea

Lanerako bidean aitak eskutik oratuta darama seme txikia eskolara. Duela oso gutxi irakurtzen ikasita, dendetako izenak aitari esanez doa: Encuadernaciones Mainer, Kolkay, Añua, Sosoaga, Calzados Avelino...

Pozik doa umea, bereganatu berri duen botereak txundituta. Munduak ez dio sekreturik gordetzen.

Aita isilik darama aldamenean.

Askatasuna, irakurri du letra beltz eta apur bat okerraz horman idatzitakoa.

Ez daki zer, baina eskuan nabaritu du behingoan zer edo zer txarto egin duena.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com