Etiopiarantz

"Gezurra irudituko zaizue, baina, aspaldi, gazte nintzenean, hitzik egin gabe egon nintzen bolada batez". Hala hasi zuen Pruden Lopez de Munainek bere historia, atzera bere bizitzaren aldirik ilunenera eraman zuena.

Kontatu zuenez, "nire lagunak eta neu izan ginen Gasteizko hippieak".

Arturo Lopez de Munainek, Prudenen aitak, janari-denda zeukan betidanik Paz kalean, kartzela parean. Denda zein denda gaineko etxebizitza ere aitak utzi zizkion eta bere seme-alabei uzteko asmoa zuen Arturok ere. Batik bat, Prudenek beste ezertarako ez zuela balio izango konturatu zenetik. Urteak ziren ohartarazi ziola:

— Ikasten ez baduk hemen jarriko haut lanean.

"Nik ostera, jaramonik ez".

Kale berean, dendatik metro batzuetara, kuartelaren aurrean zegoen San Jose ikastetxetik kanporatu zutenean, mehatxu zaharra betetzea baino ez zitzaion geratu Arturo Lopez de Munaini. Harrezkero, eguneko ordu gehienetan aldamenean izaten zuen.

— Prudenciok ez du atarramentu onik —kexatzen zitzaion emazteari ohean—. Alferkerian ibiltzeko baino ez du balio; ez ikasteko, ezta lan egiteko ere.

— Gaztea da oraindik —lasaitzen ahalegintzen zen emaztea, semea defenditu nahian.

"Aitortzen ez zuen arren, ama ere kezkatuta neukan". Ondo ulertzen zuen senarraren mingostasuna. Egun gutxi igarotzen ziren aita eta semearen arteko kalapitarik gabe. Prudenek lagunekin egotea besterik ez zeukan gogoan, gainerakoak (aitaren aginduak, dendako kontuak) ardura gutxi!

— Tximak moztuko balitu behintzat —murmurikatzen zuen dendariak—. Ez dakit bezeroei zer esan. Laster, bere ile zikin horiek topatzen hasiko dira arrozean edo babetan.

"Ondoko gelan egoten nintzen ni bitartean, liburua esku batean eta zigarreta bestean". Gaugiro hotza izanagatik, leihoa zabalik edukitzen zuen, kea kalera zedin. Halako gauetan hiriaren arnas hots nekatua adi zitekeen, hauspo zahar eta motela. Olanok laga zion liburua: Denboraldi bat infernuan.

Elkar ezagutu zutenetik, Avenidara biltzen ziren arratsaldero. Zaramagako sotoa hartu zutenean ere, hara biltzen jarraitu zuten. "Zerbait edateko eskatu, txanpon batzuk makinan sartu eta bertatik irtengo zen musikaren esperoan geratzen ginen. Hura guztia egin arte ez ginen Zaramagara abiatuko".

Sotoa, etxe osoa nahiz inguruko etxe guztiak bezalaxe, Patriren aitarena zen. "Leku umela, ez oso handia eta leihorik gabea". Lehendabizikoz ikusi zutelarik, nahiko zapuzturik gelditu ziren. "Ezer ez baino hobeto zela erabaki genuen ordea", eta denon artean txukuntzeari ekin ziotenean, azkar laketu ziren bertan.

Hasteko paretak zuritu zituzten. Ondoren Joselu, taldeko artista, diskoen azaletatik eta Mundo Joven aldizkaritik hartutako irudiak kopiatzen ahalegindu zen. "Bakearen ikurra irudikatu zuen paretetako batean". Besteetan, adats luzeko eta aurpegiera malenkoniatsuko neskak eta Jimi Hendrix, begiak itxita eta kitarra jotzen. Haien azpian ipini zituzten gurasoenetik ekarritako kuxinak, tamaina, kolore eta forma ezberdinekoak. Aulkirik ezean, haietan jesartzen ziren, gela erdian paratutako mahai baxuaren inguruan. Gabrielek, argazkilari baten semeak, laboratorioko bonbila gorria ostu zion aitari. Atsegin zuten txokoari hark eragindako giro exotikoa. "Argi epel hartan bildurik, babestuta sentitzen ginen, kanpoko parte txarreko guztiak uxatuko balitu bezala". Kandelak isiotzen zituzten egun berezietan.

Ordu luzeak ematen zituzten Zaramagako sotoan. Avenidan Coca-Colak erosi eta etxean ostutako botiletakoekin nahasten zituzten. "Denetarik: whiskya, patxarana, gina, dena kolkora!". Edan eta berbetan ihardun, luze eta edozeren gainean berbetan ihardun, hara zertan igarotzen zituzten arratsaldeak.

"Alkoholak gauzak argiago ikusten laguntzen zigun", Gasteizko bizimoduaren ziztrina agerian utzi eta handik kanpo itxaroten zituen etorkizunaren distira ekartzen zien begietara. "Gu ez ginen, ez, geure guraso, anai-arreba edo ikaskideen moduko itsuak". Eurek ikus zezaketen. Eta ikusteko gaitasun berezi baten jabeak zirelakoan, kanpoko guztia arbuiatzen zuten. Hargatik saiatzen ziren beren etxeetara ahalik eta gutxien azaltzen: ez kutsatzearren. Bazkaltzera joango ziren, diru bila; gainerakoan Avenidan edo Zaramagako sotoan egongo ziren. Baten batek lo ere bertan egingo zuen, denerako erabiltzen ziren kuxinetan.

"Musika entzuten ematen genuen denbora gehiena, bi eta lau kantako single haiek!". Eta musikaren gainean iharduten zuten sarrien. Baina ez haren gainean soilik, beste zenbait gaik ere bazuen lekurik berriketa haietan. Neskenak, esaterako.

— Urtsulinetara joango al gara bihar hona baino lehen? —bururatuko zitzaion norbaiti.

— Bai, noski! —aho batez onartuko zuten gainerakoek.

Eta inoiz amaitzen ez zuten katedral berriaren ondoko ikastetxeko ateetan zorrotz egongo ziren uniforme marroiz jantzitako ikasleak irteteko sasoian. "Gure lagunak ziren ikastetxe osoan gonarik motzenak eramaten zituztenak: Blanca, Miren, Elena eta...".

— Belaunetaraino iritsi behar duela esan dit moja puta horrek gaur ere —kexatzen zen Miren, eskola ondorengo lehen zigarreta Avenidan isiotzean.

— A, zelako gogoa dudan uniforme zikin hau begibistatik betirako galtzeko —oihartzun egingo zion Elenak.

Astegun zurietan gutxietan lortzen zuten neskak Zaramagara eramatea, baina asteburuetan jai itzelak antolatzen zituzten bertan. Neskek orduan gona motzak eta soineko koloretsuak janzten zituzten eta ezpainak eta begiak margotzen. Kandelak piztu eta loreak ere ipintzen zituzten sotoaren apaingarri.

"Loreez eta kandelez Olano eta biok arduratzen ginen normalean. Maite genuen haien bila elizetara joatea". Elizan sartu, inor konturatu gabe alboko aldaretako batera joan eta lore eta kandelak gordetzen zituzten euren zorroetan. Barre algaratan irteten ziren handik, korrika, alkoholik edan gabeko mozkor zaratatsu bi.

— Atso bat etorri zaigu atzetik oihuka —kontatuko zieten sotoan bildutakoei.

Lagunek, euretaz harro, txaplaka egiten zieten. "Neskek eskandalizatu plantak egiten zituzten". Eta ondoren dantzan jarraitzen zuten, ia saltoka erritmo biziko doinuekin, astiro eta dantzakideari trinko oraturik kantu moteletan. Eta batzuetan, han amaitu eta, Dato kalearen goialdean, tren geltokiaren ondoko Año 2000 diskoteka zabaldu berrian segitzen zuten dantzan, neskak etxera laguntzeko ordua heldu arte.

"Rosa Anitua, nesken ikaskide eta lagun bazen ere, ez zen sekula sotoko jaietara azaldu". Hippiekin baino, beste batzuekin ibiltzea nahiago zuen. 2000an bai, han sarritan ikusia zuten, eta baita Dato kalean ere igande arratsaldeetan, gora eta behera. Hamaikatxo bider ukatu behar izan zuten, alferrik ukatu ere, hura haurdun geratu eta haren errua eurei leporatu zietenean. Anituatarrena, Gasteizko jauntxo zaharren familia nagusietakoa zen artean. Haien hitzaren aldean, ezer gutxi zen tximaluzeena, jakina.

— Nork sinetsi behar dik guk esandakoa? —galdetzen zien etsiturik Olanok.

— Baina ez duk hemen inoiz egon! —amorratzen ziren besteak.

"Areago, guk ez genuen sekulan txortan egin".

Olanok ez zien erantzuten. Irribarre antzeko keinu nekatua egin eta bere zigarretaren keari segika galtzen zitzaion arreta.

Arrazoi osoa eman zioten handik aurreko jazoerek. Ordura arte euretaz aparte beste inork ezagutzen ez zuen izena, musika aldizkarien bitartez ezagutu eta haiek euren buruari harro emaniko deitura, guztien ahotan azaldu zen laster batean, mesprezuz ebakia: hippieak!

— Eskerrak gu gauzkaten! Zertaz hitz egingo lukete hiri txepel honetan bestela?

"Umore apur bat ipintzen ahalegindu nintzen ni, gure aitaren dendan aditutakoen berri lagunei eman eta gero".

— Gizajo gutxi batzuk izan beharrean, bazirudik ehundaka garela —harritu ziren leporatzen zizkietenak aditutakoan—. Ikusiko duzue, aurrerantzean haurdun geratuko diren guztiek guri leporatuko zigutek errua!

Haiek berba profetikoak. Goizetik gauera eta Gasteizko bazter guztietan ia batera, hippien doilorkeriaren biktimak agertzen hasi ziren. Eduki beharreko umeen aitatzat jo eta beren atzetik zituzten nesken senitartekoak laster. "Haiengandik ihesi, sotora biltzeko beldur, lekuz aldatu behar izan genuen". Ordurako Zaramagako inguruak debekaturik zituzten eta berdin Dato kalekoak ere. Elkartzekotan, toki bakarti eta urrunetan elkartu beharko zuten: Mendizorrotzan, Lakuan, arratsean, ezkutuan beti.

Nahiz eta gorabehera haiek hippie guztiengan eragina izan, Pruden izan zen gutxien estutu zena. Maitasuna estreinaz ezagutu berria, Elenarengan —ez beste inorengan, ez beste ezertan— zeukan hark gogo osoa ipinita. "Elenarekin egoten nintzen ahalik eta sarrien, eta harengandik urrun nengoelarik ere, hura gordetzen nuen buruan". Maiteminduetan maiteminduena izanik, gor zitzaion inguruko zaratari. "Gure kontra zihardutenak, zaunka ari ziren txakur inozoak besterik ez ziren, nire orduko iritzian". Nekatuko ziren goiz ala berandu.

— Hala uste baldin baduk, heu haiz inozorik handiena! —aurpegiratu zion Olanok behin—. Zaunka egiteaz gain, koska egiten ere bazakitek!

— Uztak, hi! Hau ez duk ezer konprenitzeko gauza. Ez al duk ikusten Elenak txotxolotuta daukala?

Lagunei ulertzen zaila egiten zitzaien, eurak hainbeste larritzen zituen arazoak zein eragin eskasa zuen Prudenengan.

— Hori zortea hirea! Munduaren akabera etorrita ere, ez huke horren berririk izango —esaten zioten, erdi erdeinuz eta erdi mirespenez.

"Munduaren akabera! Horixe uste zuten orduko gertakariei buruz". Horregatik poztu ziren hainbeste, ilunabar batean Joseluk kazetaria ekarri zuenean. Davila zuen abizena eta Iruñean ikasketak amaitu berria, Norte Expressen lanean ari zen nonbait.

— Bai, lagunduko zaituztet —esan zien—. Zuen gainean zabaldu dituzten astakeriak gezurtatu eta zuen errugabetasunaz, zuen benetako izaeraz idatziko dut egunkarian —agindu zien.

Zalantza gutxi izan zuten baiezkoa ematerakoan, hain zeuden euren gainean botatako kaka hura guztia garbitzeko irrikan. Aise sinetsi zuten. "Gaztea zen, ileak estaltzen zizkion belarriak, guri bezala; eta gainera edatera gonbidatu gintuen".

— Bihar zortzietan beraz?

Esandako orduan agertu zen, berarekin argazkilaria zekarrela. Euren historia kontatu zioten zehatz-mehatz. Banan-banan ukatu zizkioten euretaz zabalduriko faltsukeriak. "Davilak blok berde batean idazten zuen bitartean, han ihardun zuen besteak, paretetako irudiei, lore zimeldu eta kandela aspaldi ahituei flash eta flash".

Putakume halakoa! etorri zitzaien ezpainetara, handik egun bietara Norte Express hartu eta artikulua irakurtzen hasi bezain agudo. Eta irakurri ahala amorraziozkoagoak izan ziren euren madarikazioak.

"Artikuluak, okerrak zuzendu barik, areago kakazten gintuen". Orgiak egiteko erabiltzen omen zuten sotoa, eta argazkietan agertzen ziren paretetako irudiak, bertan esaten ziren meza beltzen aldarekoak ziren. Meza haietan, engainaturik eramaniko neskak drogatu eta ziren higuinkeriarik higuingarrienak eginarazten zizkieten. Argazkiok L. Davilak izenpetutako orrialde osoko idazkia laguntzen zuten.

Haren ondoren hasi zen benetako hondamendia Gasteizko hippientzat.

— Kontu hartzera joan behar diagu. Esan dezala zergatik idatzi duen zerrikeria hau!

— Kontu hartzera? Bai zera! Muturra apurtzera joan behar diagu!

Kazetari aluak merezitako zigorra, euren mendekua zein izan zitekeen eztabaidatzen lar lanpetuak egonik, hasiera batean jabetu ez baziren ere, berehala eduki zuten Davila gorrotagarriak eragindako istiluaren berri. Norte Expressko hura artikulua ez ezik, lehergailua ere izan zen. "Eta eztanda egin zigun eskuartean".

Hark utzi zuen Pruden Lopez de Munain erabat mutu. Hark txikitu zion bere ordura arteko bizimodua. Aitak ere ezin izan zuen umiliazio hura jasan. Dendara azaltzea debekatu zion, bezero eta ezagunek seme malapartatu hura ikus zezaten beldur. "Eta etxetik bota ez baninduen, amari esker izan zen".

Bere gelan sarturik, handik irteteke igaro zituen egun larri haiek Prudenek, Rimbauden liburua irakurtzen eta leihoaz bestaldeko kartzelari begira.

Astebete eskas batean, bere lagun eta kuttunik gabe geratu zen. Bakarrik.

Amak igo zion gelara Elenaren gutuna: Maite zaitut, baina bion onerako banandu beharra daukagu. Ez nazazu bila.

Ez zion jaramonik egin. Etxera hots egin zion. Elenaren amak jaso zuen telefonoa eta segituan ezagutu.

— Ez dago —esan zion haserre doinuz—. Eta aurrerantzean hobe duzu etxe honetara ez deitzea, alferrik egingo duzu-eta. Elena Gasteiztik kanpo eraman dugu.

Ia Elena galtzearekin batera galdu zituen lagunak ere. "Petraldu egin zen gure arteko giroa". Izututa zeuden. Euren bat-bateko zoritxarraren arrazoia bilatzen ahalegindu ziren, erruduna aurkitzen. Eta nahiz halakorik funtsean ez egon, arin topatu zuten bat: Joselu!, hura izan baitzen Davila sotora ekarri zuena. Inork ez zion leporatu, baina hark aldegitea nahikoa zen, gainerakoak bat etortzeko norbait kulpatzeko garaian. Ordura arteko adiskidetasun trinkoa, izozkia eguzkipean legez urtuz joan zen ezarian-ezarian, elkarrekiko mesfidantza bilakatu arte.

"Olanok eta neuk izan ezik, tximak moztu zituzten guztiek".

Olanoren heriotzarena ere, amak ekarritako Norte Expressen irakurri zuen. "Eguneko albisterik garrantzitsuena zen, lehen orrialdearen erdia hartzen zuena".

Victor Manuel Olano Sagasti. Haren izen deitura osoak irakurtzeak sentipen kontraesankorra eragin zion. Alde batetik, delako Olano Sagasti hura guztiz ezezaguna zitzaion, sekula ikusi gabeko norbait, eta inolaz ere ez azken urteetako bere lagunik minena izandakoa. Bestetik ordea, adiskide izateaz gain, zelanbaiteko maisua ere izan zuenaren itzala luzarazten zuen. Hantxe gelditu zen, ezin izan zuen gehiago irakurri, izen bitxi hartan eta apur bat gorago letra larrietan ageri zen esaldi labur baina erabateko hartan: Gazte bat hil da bart sute batean.

Hainbat ordu geroago, minak egunkarira itzularazi zuenean, bete-betean jo zuen heriotzaren lazturak, ukabil baten gisan. Zehaztasun ikaragarri haiek, aste batzuk lehenago lagun hil berriak esan ziona ekarri zioten gogora.

— Zaunka egiteaz gain, koska egiten ere bazakitek!

"Olanoren berbek garunean durunda egiten zidatela, leihora hurbildu eta kalean zebiltzanei begira geratu nintzaien". Argi zegoen, haien ergelkeria bezain handia zen haien krudelkeria.

Sutea gertatu zenean, sotoan Olano lotan zegoela baino ez zuen kronikak argitzen. Eta zioenez, istripuaren arrazoiak ez ziren artean ezagunak.

"Nik banekien, ordea, hura ez zela istripua izan", bazekien Olano errauts bihurtu zuen suaren eragilea han behean, nonbait zegoela. Higuinduta, jendearengandik begirada aldendu zuen. Kartzelako horma itsuekin oztopo egin zuten bere begiek.

Handik aurrera itxita eduki zuen leihoa. Erretzeko ere ez zuen zabaltzen. Ardura gutxi zion amaren protestak, goizetan gela garbitzera sartzen zenean. Hura joan eta behingoan ixten zuen atzera. "Ez nuen ezer entzun gura: ez hitzik, ez eta hotsik ere; edozein zarata eramangaitza zitzaidan". Isiltasuna behar zuten bere baitako ahotsek. Haiek izan ezik, beste inork ezin zuen berbarik egin. Eta izan ere, bazeukaten iharduna. "Bizitzaren alferraz ari zitzaizkidan, maitasunaren faltsukeriaz, lagunen traizioaz". Eta nekatu egiten zuen hainbeste ahotsek.

Ohean etzanda, zeukan liburu bakarrean murgiltzen zen etengabe. Behin eta berriro irakurrita ere, aldi bakoitzean aurrekoetan oharbakoan pasatako zer edo zer aurkitzen zuen. Pasarte osoak azpimarratzen zituen, bere baitako ahotsen oihartzunak. Ez ditut emakumeak maite. Berrasmatu beharra dago amodioa, jakina denez. Emeek egoera seguru bat besterik ez lezakete gura.

Amorruz azpimarratzen zituen: Ai! min dut, oihu dagit. Min dut benetan. Halere, dena zait zilegi, bihotz mesprezagarrienaren mesprezuen zamapean. Eta baita: Orain gaitzetsia naiz, aberriaz nazkaturik nago.

Eta liburua itxi eta, Prudenen begi gorrituak haren izenean pausatzen zirelarik, hotzikaretan, dena ulertzen zuen azkenean: Denboraldi bat infernuan.

Ez, infernu haren garrek ez zuten bera kiskaliko, Olano kiskali zuten moduan. Poetak egin zuen berbera egingo zuen berak ere, ihes, hiri itogarri, kupidabako hartatik ahalik eta urrunen desagertu. Bere puskak motxilan sartu, geltokira joan eta handik irtengo zen lehen trenera igo, huraxe egingo zuen.

Ihes egitera noa!

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com