Ilargian oinez

Trenak pasatzen entzuten zituzten. Trenbideko hegian zegoen etxea eta, parez pare, burdinbidearen maila berean haien bizitza. Hargatik, entzuteaz gain, ikusi ere egin ahal zituzten. Etxekoek eta trenean zihoazenek elkar ikus zezaketen trenak iragaiten eman segundo gutxietan. Guztien ordutegia zekiten. Expressoa zen afari tenorean azaldu ohi zena.

Afariaren osagaiak beti ziren berdinak: baratzuri salda —aitarentzat baino ez— eta patata tortilla. Isilik afaltzen zuten, laster etorri beharreko treneko txistuaren esperoan egonen balira bezala. Eta aditutakoan jateari utzi eta hura urrundu arte ez zuten mokadurik ahoratzen, haren iskanbilak etxe osoa paratzen baitzuen dardara batean, kristalak ez ezik, oinarriak berak ere bai.

Aitona hilobiratu zuten eguneko afaria aurrekoen eta ondorengoen gisakoa izan zen, isila eta expressoaren ailegaerak etena. Gau hartan ordea, hilabete batzuk lehenago utzia zion jolas tankerakoari ekin zion berriro Anak.

Gurasoak eta anai-arrebak ohean zeudelarik, jaiki eta sukaldera joan zen, zaratarik atera gabe eta argirik piztu gabe. Sukaldeko leiho alboan geratu zen kanpoko iluntasunari finko soa. Zain zegoen, aurki etorriko zen trenaren zain, bertzerik ez baitzen bere jolasa, leiho ondoko zokoaren babesetik bidaiariei kirik egitea. Ilargia bere txikienean zegoen eta, hura zela kausa, bagoietako argitan gutxitan bezain nabarmen ikusi ahal izan zituen expresso barrukoak. Portugaldar eta andaluziarrak iritzi zien gehienei, Frantziarako bidean lan bila.

Istorio bana asmatu ohi zien, bakoitza nondik zetorren eta nora zihoan eta zein ziren ordu txiki haietan etxetik hain urrun egoteko arrazoiak. Baina gau hartan ez zuen inongo istoriorik asmatzeko betarik hartu. Bertzerik gabe gelditu zen han zutik, beha. Aitonaren oroimenak ez zuen bertze ezertarako tokirik uzten neskatoaren gogoan. Bere ustetan, ordukoa jolasa baino bertze zerbait zen, aitonari egin omenaldia nolabait, hainbertze maite zuen agurearenganaino bera ere eramanen zuen trena hautatzen ariko balitz bezala.

Aitona Felix izan zen ezagutu zuen bakarra. Amaren aldetikoa ere ezagutu omen zuen baina, hala izan bazen, ordurako ez zuen haren oroitzapen apurrena ere.

Aita-semeak izanagatik, ez zuten elkarren antzik izan. Gizontxo alaia zen aitona, jolas eta txantxen maitalea, berritsua. Igandero egiten zien bisita eta igandero bazeukan opari bana ilobentzat. Txokolatezko opilak ekartzen zizkien, plastikozko jostailu merkeak, komikiak. Hain justu, aitak egundo egin ez zuena. Zirkura ere eramaten zituen, jaietarako etorri ohi zen zirku beti berera. Eta maiz ikusirik izan arren, sekula ez zen harekin gozatzen nekatuko. Bortz egun ematen baldin bazituen zirkuak bertan, bortzetan joanen zen, ilobekin ala ilobarik gabe. Burutik pixka bat jota zegoela erraten zuten etxe hartan agurea aipatzean.

Baina Felix, zenbat aldiz ikusi duzu zirku hori? Zoaz zinemara behin sikiera, harritzen zitzaion erraina.

Ez zuen amore emanen.

Aspertu egiten naiz zineman.

Hagitz maiteago zuen Gasteizera noizean behin azaltzen ziren zirku txiro haien lehoirik zahar, itsu eta urrikalgarriena, Tarzanen piztia mehatxagarrietako edozein baino. Tarte ederra zegoen.

Zendu berriaren zorakeriaren frogatze aldera, telebistarena kontatzen zuten gurasoek, hil baino hilabete batzuk lehenago gertatutakoa hizpidera ekarriz.

Lau seme-alaba izan zituen Felixek. Zaharrena, gerra garaian hil zen istripuz, Gasteiz erdian auto batek harrapatuta. Geratu ziren hiruretatik bat —gainerako anai-arreben aburuz, aitaren erokeriarako antzeko isuria zuena— Amerikara joana zen gaztetan, ia gerra bukatu orduko. New York inguruan bizi bide zen eta aldegin zuenetik ez zen nehoiz itzuli. Handik igorri zion.

Ordurako etxe askotan eduki arren, artean telebista ez zegoen nonahi. Eta oso estimatua zen. Hargatik guztien algarak jakin zutenean aitonak zer egin zuen hain aparailu desiratu eta garestiarekin.

Ganbarara igo du!, haserretzen ziren, alferrikako trasteen biltxokoa zen hautsez beteriko hartara eraman zuela entzundakoan.

Ana ere behingoz bat etorri zen gurasoekin. Berak ere telebista eduki nahi zuen. Asperturik zegoen marrazki bizidunak ikusi ahal izateko beheko ostatura edo auzoaren etxera joateaz. Ostatuan fubola bertzerik ez zuten ikusi nahi izaten eta maiz, umeteria bertara bil ez zedin, itzali egiten zuten, Bugs Bunny-eta hasi baino lehenxeago. Auzokoak aldiz, errosario osoa erranarazten zien bere seme bakarraren lagunei telebista piztu aitzin eta, pizten zuenerako, marrazkiak hasiak ziren gehienetan. Eta orduan amorruak bularra erretzen zion neskatoari. Nola ez, bada, telebista desiratu?

Igande goiz batean, ez zen aitona azaldu. Ana eta bere neba debaldetan saiatu ziren zeinek zein opil mota hartuko erabakitzerakoan bat etortzen. Igande hartan bukatu ziren betiko oparitxoak eta aitona Felixen irriño eztiak. Ospitalera eraman zuten hasieran, baina bizia ahitzen ari zitzaiola jabetu bezain azkar, etxera eskatu zuen, bere ohean hil nahi zuen-eta. Ana, aldaketaren benetako erranahiaz ohartu gabe, poztu egin zen.

Behin bertzerik ez zen ospitalera joan. Aski hala ere, gustuko ez zuela jakiteko. Ia alditxarturik irten zen handik. Botika usainak, bertan zeudenen senideen eta lagunen negarrak, gaixoen ikuskizun beldurgarriak; haien aieneek korapilo estuan lotu zizkioten barrenak. Hargatik poztu zen.

Etxean ere ez zuen askoz gehiagotan bisitatu. Egunero bildu zitzaion ohe albora, baina etxeratu eta seigarren egunera hil zen, ilunabarrean. Lehendabiziko bi bisitaldietan, kostata izan arren, mintzatu ahal izan zitzaion; hirugarrenean ordea, ez zuen ezagutu ere egin. Sei egunetan bizirik mantendu zuten, harik eta indarrak oro abandonatu eta akidura gaitz batek harturik, begiak berriro sekulan ez irekitzeko hertsi zituen arte. Bilakaera osoaren lekuko atsegabetu bezain liluratua izan zen Ana.

Heriotzaren albistea izan zuenean ordea, ez zuen ia negarrik egin. Triste zegoen, oso triste, baina oinazeak uko egiten zion bere baitatik irteteari. Eta beregan gelditu zen. Nahiz handik aste gutxira pittin bat ahalegindurik berriro irrietan ari, aise igar zezakeen hantxe, bere ezkutuko zoko batean. Hala eta guztiz, negar ez egin izana damutzen zitzaion eta barkaezina iruditzen. Hainbertze maite izan zuen aitonak ez al zuen esker hobeagorik merezi?

Gogoeta goibel haren hausnarrean lagundu zuen gorpua hilerriraino eta gisa berean eman zuen aitonaren hilobiratze zeremonia osoa, aldamenekoen negar zotinen enbidiatan kasik. Batik bat katabutaren aurka jotzean lurrak sortu hotsa entzuten hasi zenean. Zarata errepikatu hark bihotz zimikoa areagotu zion. Eta zeremonia bukatu, etxe parean utziko zituen autoan sartu eta handik urrundu zirelarik ere, hots berbera aditu zuen.

Hilerrirako bidea orduan, berriki arte ez bezala, autoan egiten zen. Zendutakoa zeramana aurrena, haren atzetik senide eta gainerakoena. Zaldiak aspaldi zokoraturik zituen progresoak. Anak ongi gogoan zituen. Berak zaldiak nahiago. Autoak azkarragoak izanen ziren, erosoagoak, baina hura izan zen, hain zuzen, hartu zien herraren kausa: oro egin zen modu lasterra, ezkutatu nahi izan balute bezala. Azkar eta eroso. Zer zela-eta hainbertze presa? Itxura hutsezkoak ote ziren hilerriko lanturuak?

Hilobiratu ondoko egunetan etxean behin edo behin aipatu bazen ere, aurki bertze mintzagai irudiz interesgarriagoek bete zituzten bertakoen solasaldiak. Berak aitzitik, ezin ahantzi. Trena etxe paretik igarotzen zen bakoitzean, aitona ikusi uste izaten zuen bagoietan eserita zihoazenen artean. Hantxe antzematen zuen une llabur batez, etxekoandre musugorriaren aldamenean, egunkaria irakurtzen ziharduen apaizaren atzean edo soldadu kaskamotzarekin berriketan. Nolanahi ere, bertan egoten zen, ziztu bizian pasa eta sukaldeko apalak eta haien gainekoak dardara batean jartzen zituzten tren haietan. Zartaginen, eltzeen, plater eta edalontzien iskanbilak, trenaren azantzak ezin zuten aitona Felixen agurra azpiratu. Leiho hertsiak zeharkatu eta belarrietaraino iristen zitzaion argi eta garbi. Argia izaten zen bere irriñoa ere, igande goizetan opilak biltzen zituen paperari muturrak askatu eta altxatzen hasterakoan ezpainetaratu ohi zitzaionaren erakoa. Eta hitz egiten zion. Ez korritzeko erraten zion, noizbait biak berriz elkartuko zirela eta haren ondoren ez zirela egundo bananduko.

Bien arteko sekretua zen.

Urdina zuten uniformea, beltza mojek. Haien begipean paratzen ziren lerro-lerro eta ilaran ikasgeletara igotzen. Pasabideetako alde banatatik joaten ziren eta, moja nagusiaren albotik pasatzean, hari zuzen begiratu beharrean, kirik egiten zioten begi ertzetik.

Neskatoaren ikasgelak horiskak zituen paretak, eta arbelaren gain-gainean ageri ziren Jesukristo gurutzean eta haren ama Mariarenaz landa, gainerakoak Afrikako misiolariei buruzko irudiak ziren; ume beltz baten burua irudikatu eta irakaslearen mahaiaren gainean zegoen itsulapikoa ere bai. Bertara hainbat sos sartzen zuten ikasleek. Noizbehinka eskuetan hartu eta, zegoen tokitik nekez altxaturik, haren barruko txanponen astuna nabaritzen zuten loriaturik. Lehiaketak antolatzen ziren ikastetxeko gela guztien artean, gehien zeinek emanen.

Anak ez zituen lehiaketak maite, sofritu egiten zuen. Sosez zein estu ibiltzen ziren ongi zekiela, aitari dirua eskatzera ausartu ez eta amari eskatu behar izaten zion. Baina lotsagarri geldituko ez bazen, eskatu egin behar.

Egun osoa lanean iharduten dut, nik izan ez nuena zuei eman ahal izateko: heziketa egokia eskola on batean.

Errietan egiten zien aitak mojekin ikastera bidaltzeko hartu nekea nabarmenduz.

Ahalegin eta asmo onak oro aitari eskertu eta gustura erranen zion ezetz, berak ez zuela mojengana joan behar, auzo eta jolaskide asko joaten ziren eskola publikora aldatzea nahiago zuela. Halako zerbait behin baino ez zion aditzera eman, eta artean oroitzen zuen aitaren haserrea hura entzundakoan. Ez zion gehiagotan erranen, beraz.

Bazeukan eskola hartara bidaltzeko aitaren arrazoien berri gainera: Oziotarrak.

Izeba Olgaren bi alabek ere, Estibalizek eta Maria Luisak, mojekin ikasten zuten. Aitak ez zuen gutxiago izan nahi, koinatuak baino pobreagoa izanda ere.

Lanean ezin da hainbertze diru egin, erraten zuen aitak mesfidati, osaba aipatzen zen bakoitzean, zion amorrua ezkutatzeko inongo lanik hartu gabe.

Julio Ozio hargina zen lanbidez, baina aspaldian zuen hura ahantzirik. Adreiluak paratzeari eta porlana prestatzeari utzi, zenbait kiderekin bildu, zeukaten oro hipotekatu eta etxeak eraikitzeari ekin zioten. Hasiera gogorra izan zuten, baina urte gutxi batzuk pasata, etekin ederra atera zieten lehenengo sakrifizio eta estualdiei. Sortzen ari ziren auzune gehienetan bazuten etxe sailen bat edo bertze: Ariznabarran, Aranan, Zaramagan. Seat 1500 bat ere bazuten, zuria eta handia. Eta Errioxa aldera egin berriko etxean ematen zuten uda.

Hori eramanezina zitzaion aitari, sutan jartzen zuen. Ezin zuen konprenitu nola zitekeen, ustez eta berea baino lanbide xumeagokoa zen osaba bera baino hobeto bizitzea. Juliok dirua izanen zuen baina, hala eta guztiz, hargin astapotro eta ezjakina bertzerik izatera ez zen sekula helduko. Aita aitzitik, progresoak sortu eta progreso bera hobekien iradokitzen zuen lanbidekoa zen hain justu: motorrez eta automobilez arduratzen zen mekanikaria.

Amaren eskutik joanda, pare bat aldiz egona zen aita lanean aritzen zen garajean. Garai, luze eta iluna zen. Aitari zerion usain berbera aditzen zen giroan. Atera hurbiltzen ziren ama eta biak eta aitaz galdetzen zioten inguruan zegoen edonori. Laster azaltzen zen traktore, auto eta kamioien artetik haiengana zetorrela. Halakoetan maiteago zuen aita. Lan arropa urdinez jantzirik, ile nahasia kopetara abailtzen zitzaiola, koipez zikindurik sudurpunta. Etxean jaun eta jabe zen gizon soraioa, bat-batean gaztetu, bizkortu, eraldatu egiten zen. Lankideak alboratu eta berari so, aita zoriontzen zuten bizkarrean joz.

Lapurra omen duzue aita.

Zer?

Hala diote.

Nork dio hori?

Estibaliz, zure lehengusinak. Zuen aitona hil eta aitak telebista lapurtu omen zion ehortzi orduko.

Ikasturteko azken eguna zen eta, ospatzeko, urteroko jaia antolatu zuten mojek ikastetxeko patioan, uda hasi berriaren eguraldi epelaz profitaturik. Oskarbi zen goiza. Neskatoak lagunaren hitzak entzutearekin batera, ingurukoen jolasaren istilua, haien oihu eta irri karkarak mututu eta bertan behera erori zitzaion zerua. Ele gutxi haiek osoki goibeldu zioten gogoa.

Nork jakin zenbat denbora igaro zuen gisa hartan. Segundoak, minutuak agian? Desagertu bezala belarriratu zitzaion patioko istilua atzera: supituki, leherketa baten antzera. Ingurura begiratu zuenean aitzitik, irrietan ziren bere tankerako bertze neska batzuk baizik ez zituen aurkitu. Begirada zorroztu zuen. Bertan egon behar zuen lehengusinak.

Estibaliz eskailerapeko iturri alboan zegoen, lagunekin solasean nonbait, eta ezin izan zuen oldartu zitzaion lehengusina ikusi. Eta gutxiago, jo zion begiondokoa jo eta gero. Bere burua defendatu ahal izan zuenean ordea, hantxe zeuden mojak ere, zer gertatu ote zen galdezka eta bi lehengusinak besotik oratuta.

Lapurra deitu dio gure aitari.

Irainaren berri jakinda, elkarri begiratu eta zer erran ez zekitela gelditu ziren mojak.

Biek merezi duzue zigorra, erabaki zuten.

Hala ere, azken eguna denez, barkatuko zaituztegu, baldin eta berriro adiskidetzen bazarete.

Gogoz kontra, baietz erran zuten biek.

Eguerdian, autobusean sartu eta Gamarrara joan ziren ama eta seme-alabak, Zadorra partera. Autobusa jendez mukuru etorri zenez, lanak izan zituzten pasabidea betetzen zutenek osatu horma gotorra zeharkatzeko. Izerdi patsetan iritsi ziren atzealderaino. Egarri zen Ana. Hatsik hartu ezin zuela iruditzen zitzaion, itotzen ari zela, bertan izanen zuela bere azkena. Luzetsi bazuen ere, heldu zen finean busa gelditu zen unea. Ateak ireki eta trumilka irten ziren guztiak. Aire egosiaren zaplatekoa nozitu zuten autobusetik jalgi ahala.

Ibaiaren freskurak eta makalen itzalpeek erakarririk, mundua zen hara bildua. Nekez lortu zuten burusiak hedatzeko aski tarterik. Zeuden lekutik ibaiaz bestaldean piszinak ikusi ahal zituzten, Gasteizko hondartzak, udaletxekoek erratea maite zuten moduan. Hango jendearen deiak eta irriak entzuten zituzten. Aurreko aldietan bezala, ordukoan ere ezberdin iritzi zien handik zetozkion irriei, bere aldekoei baino arinagoak, alaiagoak. Orduak ematen zituen ibai haranzkoen joan-etorriei adi.

Hor ordaindu egin behar da. Hemen aldiz ez, izaten zen erantzuna.

Eta eguzkia hartzeko eta bainatzeko berdin dio han edo hemen. Nahikoa dugu hirurontzat autobusa ordaintzearekin.

Nekaturik ziren hura entzuteaz eta jadanik ez zioten amari galdetzen zergatik ez ziren beraiek ere piszinetara joaten. Lehengusinak gogoratu zitzaizkion. Errioxako etxe berrian egonen ziren gozo. Ziur igerileku eta guzti izanen zutela.

Patata tortilla ukan zuten bazkaltzeko. Arratsaldean etxerantz abiatu ziren, afaria prestatu ahal izateko aita lanetik itzuli baino lehen. Etxerako bidean Antonia Bilbaorekin egin zuten topo. Ezkondu aurretik Areitiorenean amaren lankide izandakoa bakarrik zegoen, begi batean piraten tankerako txaplata beltza eraman eta ia beti laguntzen zuen semea gabe.

Ikusi behar al duzue ilargiarena?, galdetu zien neba eta biei.

Ez, beranduegi da; hobeto lo egin dezatela, tartean sartu zen ama, seme-alabak ihardesteko paradarik gabe utziz.

Harroputz hori!, ernegatu zen laguna urrundutakoan, zer uste du, bera dela telebista daukan bakarra?

Gutxitan bezain aldarte onez agertu zen aita afaltzera. Gogoz egin zuen irri, amak aspaldiko lagunarekin izandako topaketarekikoa kontatu zionean, eta afaldu ondoren, ohera joateko tenorean, beti bezala oihuka ihardun ordez, mahaitik jaiki eta seme-alabak sorbaldatik emeki hartuta eraman zituen ohera.

Gau hartan ohetik aditu zuten hamarretako trena. Hurrengoa igaro zenerako lo zeuden.

Ustez ametsetan, atxikitzen zuten esku batzuk nabaritu zituen soinean.

Ana, itzarri Ana... entzun zuen.

Begiak irekitzen ahalegindu zen. Argi bizi batek eragotzi zion. Ahotsa aitarena zen eta harenak ziren heltzen zioten eskuak ere. Larritu zen bere artean hasieran, baina aurki ezohiko zerbait igarri zion deika ari zitzaion ahotsari, alaitasun poxi bat edo. Eta aitarena zen hala ere. Begietara eraman zuen eskua, itsutzen zuen argiaz babestu alde. Aitaren aurpegia ikusi ahal izan zuenean, txunditurik geratu zen. Irriño gozoa eskaini zion aitak asaldaturik so zegokion alabari.

Jaiki eta sukaldera etorri agudo, erran zion irriñoa galdu gabe.

Ahots hartan, alaitasunaz gain, bertze zer edo zer ere bazegoen, halako urduritasun gisakoa, zerbait handiaren zantzua. Ana janzten ari zelarik, alboko gelara joan zen aita neba ere iratzartzera.

Argi laru bat nabari zen sukalde aldean, etxeko pasabidea ilun izanagatik ere, ilargi betearen izpiak leihoko kristalak zeharkatu eta haraino bildu izan bailiren. Hari adi jarri zelarik, argitasun xume hura ez ezik, toki beretik zetorkion hotsa nabaritzen hasi zen, zurrumurru antzekoa. Orduantxe jabetu zen. Lasterka egin zuen sukalderantz, bihotza kolkotik irteteko deman. Bihotza ez, baina bai eutsi ezin izan zion pozezko aldarria irten zitzaion ikusteaz bat: telebista!

Leiho ondoan zegoen, gaueko iluntasunari egindako zuloa.

Bai horixe!, poztu zen ama ere Anarekin batera.

Zer, gustatzen?, aitak, neba erdi protestaka zekarrela.

Neskatoak ez zuen zipitzik erran. Telebistari so zegoen. Kutxa hari loturik begiak, harantz hurbildu zen poliki.

Zenbat eta gertuagotik ikusi, gero eta ziurrago zegoen hura nonbaitetik ezagutzen zuena. Pare-parera ailegatu behar izan zuen aparailuaren jatorria salatu ziona antzemateko eran egoteko. Telebistako goiko aldean, eskuinean, hura pizten zuen botoiaren azpian, metal doratuzko tximista ageri zen, ulerkaitza zitzaion hitz baten ondo-on doan.

Aitonarena zen, hark ganbarara baztertu berbera.

Pantailan espaziuntzi bat ageri zen, basamortu itxurako batean geldi.

Irteten ari dira, erran zuen aitak ia oihuka.

Elkarri beha geratu ziren aita-alabak. Une bat, ez zen bertzerik izan. Aski baina, biek elkarren berri izateko.

Gero, trenaren txistu luzea aditurik, leihorantz bihurtu zen Ana. Ilunpean zetozen bagoiak. Aise irudikatu zituen bidaiariak lotan, hilik bezala. Ziztu bizian pasa zen trena eta etorri bezala galdu zen gauean.

Lotan etorriko zen aitona ere.

Orain, oraintxe!, zapaltzera doa!

Aitaren hitzek Gabon Zaharrean Urte Berriaren hasiera markatzen zuen ezkila hots aurretixeko uneak gogorarazi zizkioten neskatoari.

Gertaera itzel baten lekukoak izateko zoria izan dugu. Armstrongen urrats txiki horrek aro berri eta eder baten atarian ipintzen gaitu, erran zuen telebistak.

Trenen antzera, neskatoaren begi hezeak ere gauean galdu ziren. Ilargia ez zen inon ageri.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com