Estreinakoa

Ez joateko esan dian arren, hik jaramonik ez.

Osteguna duk, baina fraileek jaitzat hartu diate, Caudillo Handia, Espainiako salbatzailea ikus eta txalo dezazuen.

Kaleak Espainiako banderez josita zaudek.

Lagunekin bildu eta Diputaziora joan zarete. Hango bazterrak oro jendez mukuru beterik ageri dituk. Bertan daudenen protestei jaramonik egin gabe, aurrera egiten ahalegindu zarete, Generalisimoa igarotzen ikusteko toki egokiaren bila. Ia lortu duzue.

Turuta batzuk entzun dituzue. Autotzar beltz batzuk pasa dituk zuen paretik.

Hor doa, hor doa!, deitu dik urduri norbaitek.

Harantz begiratu duk baina, jendeak seinalatutako autoko kristalak ilunak izaki, ezin izan duk deus ikusi. Txalo egin duk hala eta guztiz.

Franco, Franco! oihu egin duk eztarria urratzeraino, hire ingurukoek bezalaxe.

Gero, ahotsak eta esku zartak isildu eta poliki-poliki jendetza banatzen hasi denean, piperpotoez apaindutako plazako balkoiak hustu eta leihoak itxi direnean, zuek ere bereizi eta etxera abiatu zarete.

Etxera hoa beraz, kezkaturik, aitari kontatu beharko dioan gezurra asmatzen, inoizko lehendabizikoa. Lasaiago joango hintzateke, gerora esanen dizkioanen berri izanen bahu, jakinen bahu aurrerantzean esan beharrekoen ondoan oraingo hau zein kaltegabea den.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com