Pirata esaten dit amak
Pirata bat naizela esaten dit amak eta, hala esaten didanetan, masailetan behera pasatzen dit eskua eta irribarre egiten dit. Baina nik badakit triste dagoela eta hori neu kontsolatzeko egiten duela. Eta laztana eskertzen diodala adierazteko, nik irribarrea bihurtzen diot orduan. Baina ez nau engainatzen, ondo dakit-eta bai berak eta baita ospitalekoek ere diotena ni ez beldurtzearren esaten dutena. Eta ez naiz beldur. Gustatu egiten zait: txaplata beltza begia egondako lekuan paratu eta txiza egiteko altxatzen naizenean, komuneko ispiluan begiratu eta nire buruari itxura galanta topatzen diot. Aitaren txapela hartu eta kaskoan ipini eta amaren berbez akordatzen naiz eta Rafak utziriko liburuko bukaneroak sumatzen ditut alboan. Gainera, orain artekoan mundu honetan ikusi dudanarekin nahikoa daukadala uste dut, aurrerantzean ere larregitxo ikusi beharko dudala, nahiz begi bakarra izan. Ze nire esku egonez gero, inoiz ez nintzateke ohetik mugituko eta lotan geratuko nintzateke betirako eta daukadan lagunbako begia ez nuke atzera zabalduko. Eta gauza bera egingo nuke belarriekin ere: euren gainean atzamar bana ipini eta gogor sakatuko nuke berbarik eta deiadarrik eta hotsik ez sartzeko. Batez ere gurasoenak. Zarataka iharduten dute sarri, eta zer esaten ari diren jakiteko behar bezain ondo entzun ezin badaiteke ere, ondo baino hobeto asma dezaket zer esaten dioten elkarri. Zikoitza dugu aita. Amari berari entzuna diot behin baino sarriagotan eta berak emaniko dirua eraz erabiltzen ez duena aurpegiratzen dio amatxori. Lan handia egin behar duela dio eta dirua ganora barik xahutzen duela amak eta behar ez ditugun gauza asko erosten dituela eta horrela jarraiturik etxean zer edo zer larria jazoz gero ez dugula apurrik ere izango. Baina hori ez da egia, ze ama kontu handiz ibiltzen da dendan, eta beste mutilek jaten dituztenak guk ezin ditugu oso lantzean behin baino jan, lar garestiak direlako eta hilabete amaieraraino heltzeko estuasun gorriak pasatzen dituelako. Horren kontu ere eskatzen dio aitak istripuaz geroztik. Kulpa amarena ei da eta aspaldi ei zuen berak esana izeba Manuelarengana joateak ez zigula onik ekarriko. Zenbat aldiz ez ote dizut esan zuen ahizpa neskazahar hori burutik eginda dagoela? itauntzen dio deidarka, eta hobeto egongo litzatekeela Santa Agedan sarturik? Eta egun osoa zurrutean ematen duela gaineratzen du. Hamaika urte amodio kartak izkribatu ostean Manuela Bilbao azkenean ezkondu da... botilarekin! Barre egiten dio aitak eta ama berriz tristetu, eta batzuetan negarrez hasten da, Jainkoarren eduki iezaiozu erruki apur bat esanez. Eta horrelakoetan neu ere tristetu egiten naiz, izeba Manuela maite dudalako. Ardozalea izan bada, baina bazkari eta afarietan barik beste inoiz ez du edaten eta, berezi samarra izanagatik, sano dauka ganbara. Eskutitzak idaztea baino ez du egiten eta horrek, nire iritzian, ez dio inori kalterik egiten eta gainera gu oso ondo hartzen gaitu eta berera agertzen garen bakoitzean arrautzazko flanak egiten dizkigu edota gozokiren bat ematen digu beti. Eta gainera istripua eduki nuen egunean ez nintzen izebarengana joan. Bere kalera bai, Herreria kalera. Baina berarenera ez nintzen igo. Pablo eta Joxeanekin bildu eta gorderik genituen plastikoak atera eta, zelan aurreko egun bietan elur handia izan zen, Santa Mariarako kantoira joan eta handik behera jaitsi ginen plastiko gainean labainduz. Gauza bera eginak ginen beste batzuetan ere eta ordura arte inoiz ez zitzaion inori ezer jazo. Baina niri jazo behar. Ez dakit ondo zelan izan zen. Maldan behera nindoan eta artez joan beharrean halako batean okertu eta behingoan harrizko mailen kontra amaitu eta euren ertzaren kontra jo nuen. Hain modu txarrean, ze ezkerreko begia urratu eta bertan galdu nuen. Baina berriz diot: hura ez zen izebaren erruz izan, neureaz baino, eta amak dioenez, Jainkoaren borondatez jazotakoa seguru asko. Zer jainko eta zer jainko-ondo! haserretzen zaio aita halakoak aditzen dizkionetan eta hura bakean uzteko eta haren izena alferrik ahotan ez hartzeko eta gezurti hutsa dela. Eta hori ere ez da egia, ze amak ez du gezurrik esaten: gezur handiak behintzat ez, eta esatekotan, txikiren bat gehienez eta beti-beti nire mesedetan, neu babesteko. Eta hori ere leporatzen dio, amazulo itzela naizela. Eta orduan amak gaixorik nagoela esaten dio eta ni zaindu beharra daukala. Eta hori entzundakoan, are eta amorrazio handioagoa hartzen du aitak eta istiluari utzi eta kaleko ateari danbateko latza jota joaten da kalera. Tabernara joaten da lagunengana eta horiek izaten dira astrapalarik larrienak, aita kalera doala amaitzen diren horiexek. Neu gurasoak sesioan hasi eta danbateko horren beldur izaten naiz, badakidalako aitak aldegin bezain arin negarrari emango diola gure ama koitaduak. Iñaki lotan egoten da baina nik ezin dut. Egun osoa ohean igarota mozoloa baino itzarriagoa egoten naiz gauetan eta amatxoren zotin hotsa heltzen zait sukaldetik. Erdu hona dei egingo nioke baina isilik geratzen naiz anaia ez iratzartzeko: joko nindukeelako iratzarriz gero. Ze Iñaki ni baino nagusiagoa da eta indar handiagokoa eta gogoak ematen dionetan jo ere egiten nau eta gainera ezin dut protestatu atzera jotzea gura ez badut. Eskerrak denbora gehiena etxetik kanpo egoten den eta horrela trankil egon naitekeen. Lar trankil zenbaitetan ze bakarrik sentitu eta gogaitu egiten naiz sarri, eta zelan komiki eta liburu guztiak irakurririk dauzkadan, ez dut zer egin jakiten. Kalera irten ez badu, ama deitzen dut apur batean lagun nazan. Baina askotan bazkaria gertatu beharra edukitzen du eta ez dit jaramon handirik egiten eta segituan bihurtzen da sukalde aldera. Goiz batzuetan irratia ekartzen dit bera dendara doan bitartean ez aspertzeko, baina gutxietan, ze badaki aitak ez lukeela onartuko eta horren berri jakingo balu polito haserretuko litzatekeena. Aita erraz haserretzen da-eta, edozerengatik. Gutxi behar izaten du bere onetik atera eta deiadarka hasteko. Amak dirua eskatu eta madarikazioka hasten da segituan eta amatxoren malkoak nabaritu arte ez da geldituko eta antzera jokatuko du norbait bere gauzekin ibili dela igarriz gero. Eta hori ere erraz jazotzen da, ze etxean dagoen guztia berea da: bere bekokiaren izerdiaz irabazita, ia egunero nekatu barik errepikatzen digun legez. Nire etxea duzue hau eta berton zaudeten bitartean neuk esandakoa egin beharko duzue eta norbaitek halakorik egin gura ez badu hortxe dauka kaleko atea. Horregatik hain aldi bakanetan ekartzen dit irratia amak. Aitaren beldur delako eta bera agertu eta irratia sukaldeko apalean topatuko ez balu, sutan ipini eta beti uzten duela barregarri gure aurrean aurpegiratuko liokeelako. Musika ez zaio batere gustatzen gainera. Neuk gustuko dudana ez behintzat. Hippien musika ei da eta horiei halako gorroto berezia die auskalo zer dela-eta. Berak tangoak baino ez ditu maite, eta oso txarto kantatzen duen arren, umore onean dagoenean horretan igartzen zaio. Arin hasten da-eta tangoekin gora eta behera. Carlos Gardel maite du denen gainetik, eta zelan hori esaten duenetan pozik egoten den, geu baino gehiago maite duena egiten dio amak olgetan. Eta olgetan esango du baina horrela da nire iritziz: gu baino maiteago du Gardel gogaikarri hori eta horregatik diet tangoei honenbeste gorroto. Gure aitaren moduko jendearentzat direlako. Garrazturik daudenentzat. Niri ostera musika alaia gustatzen zait, ordu bi t’erdietako berrien aurretik Radio Nacionalen edukitzen dutena, aitak zarata deitzen duen hori berbera: hippiena edo dena delako hori. Istripua izan baino lehen belarria irratiari itsatsirik entzun behar nuena eta ordulariari begirik kendu barik entzun ere aita noiz etxeratuko kaleko atea sumatu orduko amatatzeko. Zale handia naiz. Beltzek kantaturikoaren zalea batik bat: Otis Redding eta Wilson Pickett eta horiek guztiak. Eskolako lagunek ere horiexek dauzkate gustukoen eta horiexek ere kantatzen genituen eta haizearen txanda heltzerakoan erregelak hartu eta ahoan paraturik eurekin egiten genuen guk turutena. Hippien musika. Eta egia esateko ez da aita horien gainean berba egiten duen bakarra. Beste konturik ez dabil bazterretan azken aldian eta horixe darabilte amak eta auzokoek mingainean eta izebek ere gurera etorri eta ez dute iharduten beste ezeren gainean. Txoko bat ei dute Zaramagan eta hara sartzen diren neskei bizkor baino bizkorrago puzten zaie sabelaldea antza denez. Ze leku horretan orgia ugari egiten ei da eta gainera drogak erretzen dira. Nik egunkarian ikusiak ditut eta nahikoa itxura koipetsua daukate txima luze eta bizar horiekin. Lore kontu hori ordea gustatzen zait. Baina beharbada hemengoak ez dira horrelakoak izango, ze egunkarian amerikanoak-eta baino ez dira agertzen. Idatzi ostera nahikotxo idatzi dute. Hamaika gauza esan dute euren gainean eta bat ere ez ona. Egunkariak gogaikarri samarrak dira, baina komikiak hainbeste aldiz leituta, eurei ekin behar izaten diet eta ia muturrik mutur irakurtzen ditut. Kirolak batez ere eta Tarzan jakina. Baina horiexek ere ezin gogaikarri bilakatu barik sarri irakurri eta orduan gainetikoa leitu beharra edukitzen dut eta horrexegaitik dakit hemengo hippien berri. Ez gura beste, tamalez. Askoz gehiago gurako nukeelako neuk jakin. Argazkiren bat ipini beharko lukete gutxienez. Baina dena berba eta berba izaten da eta kanpotarrak ikustearekin konformatu behar. Eta atzera aspertzen naiz eta atzera hasten natzaio amari deika, eta zelan berak jaramonik egiten ez didan, ni haserretu eta orduan eta amorrazio handiagoz jarraitzen dut deiadarka amaitzeraino. Hori goizetan izaten da, ze arratsaldeetan amak laguntzen dit. Ohe alboan jesarri eta josteari ekiten dio eta apur bat geroago bostak aldean izebak etortzen dira eta hirurek josten duten bitartean berriketan iharduten dute eta batzuetan nik ez ulertzeko-edo berbak jan eta badakizu! esanez burutzen dituzte esaldiak. Baina oker daude, ze nahiz eta ostera iruditu, nik den-dena entenditzen diet eta barregarri deritzot berriketan egiteko duten era bihurriari: inguruka ibili behar hori, umemokoa izango banintz legez. Esate baterako: hippiek euren neskak haurdun uzten dituztena adierazteko, zolia sartu eta potoloa irten eta horrelakoak esaten dituzte nik ezer ulertuko ez dudalakoan eta orduan ni barre zantzotan egoten naiz nire kolkorako, zein baboak diren ikusirik. Eta antzera jokatzen dute izeba Manuela ahotan hartzen dutenean ere: berba erdika eta disimuluan. Maite ditut arratsaldeetako berbaldi horiek hala ere. Entretenitu egiten naute eta edozer aitatzen dutenean, huskeriarik huskeriena ere, pozik egoten naiz eurei aditzen. Zenbaitetan begiak itxi eta loak hartzen nau euren ahotsen berbaroarekin. Sehaska kanta baten antzekoa da. Goizetan aldiz itzarririk egoten naiz eta begiak itxi eta ezer ez da jazotzen. Berdin entzuten ditut sasoi horretako hotsak eta auzokoen eta euren irratien zarata urruna. Eta begiak itxirik nagoela sekula ez naizela ohe honetatik altxatu ahal izango eta ezingo ditudala begiak atzera zabaldu otutzen zait, eta gainera, ezkerreko begia barik eskumakoa ere galdu dudana. Bakarrik nago unibertsoan eta dena beltza da nire inguruan. Eta begiak itxirik edukita ere belarriak ezin itxi. Eta horrela zenbait goizetan amaren negar hotsa aditu uste izaten dut sukaldetik datorrela, eta susmo hutsa izanagatik, ze amak ez du inoiz geure parean egiten, nahikotxo iluntzen nau. Begizuloetan igartzen zaio. Horiek direla-eta jabetzen naiz ni larriturik dagoela: ubeldu egiten zaizkiolako eta bere begiek distira bizia erakusten dutelako. Egunen batean ez dut horrelakorik ametituko, eta aitak amari negarrik apurrena ere eragin bezain arin, beregana joan eta muturreko galantak joko dizkiot ama bakean uzten ikas dezan. Horrek ez du-eta beste hizkuntza erarik ulertzen. Ze egunen batean ohetik altxatuko naiz eta orduan begi bakar batekin ere hippiengana joko dut eta eurekin geratuko naiz betirako, ze nonbaiten irakurri dudan moduan, eurek ere piratak dituzte gustuko eta horixe baino ez naiz ni: laguntasunbako pirata bakartia.
© Xabier Montoia