Nobela frantsesek ez dizute onik egiten
Anituatarren panteoia Santa Isabel hilerriko sarreran dago, antzeko beste lauzpabostekin batera osaturiko multzoaren eskuineko aldean. Itxura neoklasikokoa kanpotik, hildako senideen marmolezko hilobiez gain badauka aldare txiki bat ere non, Domu Santuruetan legez, urteko egun seinalatuetan meza esaten den. Ez da panteoirik handiena, baina hogeiren bat lagun biltzeko bezainbesteko lekua badago. Ostera, bost baino ez dira azaroaren lehen honetan; bost, mezaz arduratuko den abadea barne.
Goizeko hamaiketan ekin dio zeremoniari gorriminez jantziriko Don Emeterio abadeak, familiaren lagun eta Santiago ospitaleko kaperauak. Aldare inguruko kandela argiek sorturiko abadearen itzal erraldoian iltzatuta ditu begiak Alvaro txikiak, apaizak besoak altxatzen dituelarik ia bobeda erdiraino zelan luzatzen diren liluratuta. Ama dauka ondoan, Doña Elvira Anitua, Añua komandantearen alarguna. Apur bat atzerago, neskame biak: Blanca eta Azucena, belauniko. Harrotasuna galtzen ez duen andrea eta buru handi okertua nekez jaso dezakeen mutila zaintzen dituzte. Neskame biak, nagusia legez beltzez jantzita, haren sentipenek aditzera emango duten zerbait igartzen saiatzen dira.
"Bere ama bezalakoa izan dun gaztetatik, hura bezain harroa!", esana zion Azucenak Blancari.
Hamar urte lehenago amaituriko gerrak, tristetu eta kezkatu barik, alaitu eta aztoratu egin zuen Elvira Anitua ordura arteko ezerk bainoago.
Hala eta guztiz, Doña Elviraren aurpegieran barrenean daraman infernua salatuko dion ezer nabaritu ezin duten arren, neskameek badakite sua ez dagoela amatatuta, hor segitzen duela, areago honelako okasioetan. Nork isiotu zuen eta zergatik, ondo asko baitakite.
Urtsulinen ikastetxetik irten berriko hamazortzi urteko andratxoa zorionez gainezka ibiltzen zen batetik bestera gerra sasoiko zurrunbiloan. Hermandad Alavesaren egoitzatik Molinuevoko ospitalera, udaletxetik kuarteletara, neke barik iharduten zuen armada katolikoa lagundu guran. Lagunekin batera, arropak eta izarak biltzen zituen frontean zeudenentzat. Ospitalera joaten zen zaurituak bisitatzera. Zozketak eta jaiak antolatzen zituen, gorriak azpiratu arteko borrokarako premiazkoa zen dirua inguratzeko.
Jaiak Hotel Frontonen egiten ziren. Haietariko batean ezagutu zuen bere senarra izango zena. Alvarito Berastegirekin agertu zen, uniformez, alferez provisionalaren izarra paparrean.
— Galantak zeundeten biak —señorak Berastegiri esaten entzun zion behinola Azucenak.
— Bai. Jai hartan zu Ameliarekin zinen —esan zion ondoren Berastegik señorari—, pontxea zegoen mahaiaren atzean.
— Halaxe da. "Lasai, neska!" maltzur bota zidan zuen arrebak, Ramon eta zu agertu zinetenean. Berehala ohartu zen Ramonek nigan eraginiko zirraraz. Saloia ofizialez beterik zegoen, alemaniarrak eta italiarrak, eta niri Ramon gustatu behar!
Hura baino gehiago esan zion Amelia Berastegik Elvira Anituari gerra sasoiko larunbat gau hartan: biharamunean bere anaia Alvaritorekin berba egingo zuela agindu zion, aurkezpenak erraztuko zituela.
Aste bi igaro ziren ozta-ozta hurrengo jaia antolatu zutenerako.
Emaniko hitza bete zuen Ameliak. Ramon Añua alfereza besotik oratuta ekarri zion Elvirari. Orkestrak jotako guztiak dantzatu zituzten: polkak, baltsak, pasodobleak. Dantzari zolia zen militar gaztea eta baita hizlari trebea ere. Otxandio aldeko bere balentrien berri eman zion Elvirari dantzan ziharduten bitartean.
"Zu berriz ikusteko aukera izango al dut?", itaundu zion Añuak amaieran, bien arteko sekretua izan behar balu legez.
"Baliteke", erantzun zion Elvirak, bai ozen bat esan gura izan zion arren, bihar bertan esatea bidezkoa ez zelakoan.
Hala aitortu zion Ameliari etxeko bidean. Gizon harengan munduko dohain guztiak biltzen zirela. Bere buruarekin haserretzen zen, Ramon Añuaren nortasunaren alderdi miresgarriak behar moduan azaltzeko berba egokiak ezin idoroz. Ez ziren haren dotorezia eta edertasuna soilik. Begibistakoenez gain, harekin berba egin arte sumagaitzak zitzaizkion beste hainbeste gauzak ere txunditu izan zuen. Alferezaren adorea aipatu zion lagunari, haren argitasuna, haren umorea, haren izaera atsegina.
Itsu egon beharra dago gauza batzuk ikusi ahal izateko. Ezagutu ere egiten ez zituen haiek Añuarengan aurkitu izana nola ulertu bestela?
— Baina halakoa nintzen garai hartan. Begiak lausotzen zizkidan Ramonen xarmak —horixe entzun zion Azucenak Doña Elvirari, Alvaro Berastegi jaunari esaten ziola behinola—. Izan ere, hura bezalako koldarrarengan adore eta ausardia topatzea bada marka gero! Hura bezalako mozoloarengan inteligentzia arrastorik aurkitu uste izatea! Inoiz edukiriko adore apurra, tabernetan eta kabaretetan izan ezik, ez zuen beste inon erakutsi. Eta inteligentzia? Jainkoak emaniko gutxia nirekin ezkontzeko erabili zuen oso-osorik. Primeran erabilia, hori ezin da ukatu. Bizkor ibili zen, bai. Ni ezagutu eta sei hilabetera aldarean ninduen.
Ondo gogoan zeuzkan neskameak jazoera haiek, Elvira andereñoaren ezteiak eta haren inguruko guztiak.
Ramon Añua ez zen inoiz bere amaginarrebaren gustukoa izan. Patata saltzailetzat zeukan hark suhiaren aita, "dendari ziztrina!" esaten zuen. Baina Luis Anituak, Elviraren aitak, maite zuen alfereza horregatio.
"Guk daukagun bezainbeste ez badaukate ere, kristau zintzoak dituzu Añuatarrak", erantzun zion emazteari, haren kezkak entzun zituenean. "Ramon bezalako gazte prestu asko behar ditugu!".
Baina senarraren berbek ez zuten sekulan iritziz aldarazi. Luis bere aldera erakartzeko froga argiak eduki ahal izan zituenerako, Santa Isabelgo panteoian zetzan Anitua zaharra.
Eskutitzak heltzen hasi ziren, hilabetero. Azucena neskameak ondo gomutatzen zituen gutunazal urdinak, Doña Elvirak hunkiturik Amelia bere lagunminari batzuetan ozen irakurtzen zizkionak.
Errusian, 1942ko otsailaren 8an. Ene Elvira maitea: zeinen urrun gauden elkarrengandik, bainan zeinen hurbil zauden beti nire bihotzetik. Guda ikaragarria duzu, baina zure argazkiko begi biziek laguntzen naute. Zure urtebetetze eguna da eta topa egin dut vodkaz nire soldaduekin. Musu bero bat Errusiako elur hotzetatik. Añua kapitainak, 250 Dibisiotik.
Eguerdi haietariko batean beste gutun bat heldu zen. Bertan aditzera emanikoak harrotasunez bete zuen Doña Elviraren kolkoa. Bere amari irakurri zion, etxeko zerbitzari guztiak aurrean zeudela:
Ene Elvira maitea: Stalingradeko frontean erakutsiriko ausardia dela-eta, eman dakiokeen saririk handiena eman berri dio Alemania Handiak hainbeste gogoratzen zaituen zure senarrari: Burdinazko Gurutzea...
Halabeharrak egun berean gura izan zuen Luis Anituaren alargunak Aulecia tenientearen amarekin topo egitea.
"A ze zorte handia zuena!", esan zion. "Gurea aldiz, frontera bidali dute!".
Halaxe jaso zuen suhiaren benetako egoeraren lehen albistea. Solasaldi hark bultzatu zuen bere lagun militarrekin berba egin eta ordurako kapitaina zen Ramon Añuaren nondik norakoak ikertzera. Eskutitzetan aipatzen zuenaren kontrara, Añua ez zen sekulan Errusian izan, hain gutxi Stalingrad entzutetsuan. Berlinen eduki izan zuten hasieratik, intendentzia bulego batean.
Egun haietan hausnartu zuen Elviraren amak alabari Ramonen gezurrak salatu ala ez. Ezezkoan etsitu zen, egiak ez baitziokeen inori mesederik egingo, ez alabari ez Anitua sendiaren izenari.
Komandantea Gasteizera itzuli zenean ere, suhiari ez zion zekienaz ezer aitatu. Berehala aitatuko ziokeen, Añuaren gaineko esamesak zabaldu zirenean bizirik egon izan balitz. Baina ordurako bere senarraren ondoan zetzan Santa Isabelen.
Esamesok Elvira Anituaren belarrietara ere ailegatu ziren noizbait, baina muzin egin zion haiek sinesteari. Norbaiten bekaizkeriari egotzi zizkion senarraz esaniko irainak, ustez eta hura beste inork baino hobeto ezagutzen zuela. Erruduna nor izan zitekeen asmatu guran ibili zen, inongo ondorio argira heldu barik. Edonor izan zitekeen, artean bazterrak nahasten saiatzen ari zen gorri ostenduren bat, inbidiak jotako Ramonen kideren bat... Azken hura begitantzen zitzaion batez ere, militarrez beterik egona baitzen betidanik hiria. Ale gaiztoren bat egotea ez zen, beraz, hain harrigarria. Hargatik isildu zen, ez ziolako Ramoni buruhauste gehiago eman gura. Ramonek berak ere edukiko zuen esames zitalon berri. Berak jakingo zuen zelan jokatu, norengana jo gauzak arteztu eta hotsak isilarazteko.
Ez zen hala jazo. Txutxu-mutxuek bere hartan jarraitu zuten. Ondo zekien. Jendearen portaerak aditzera ematen zion. Ezer gutxi behar izaten zuen parean zuenak buruan zer zerabilen antzemateko. Osterantzean oharbakoan pasatuko litzaiokeen edozein berba eta keinuk esangura zehatza hartzen zuen Elvirarentzat sasoi hartan. Lagunekin topo egin eta, euren berriketak betikoak izanagatik, bere susmoak era mingarrean berresten zizkioten seinaleak jasotzen zituen.
Eta nahinon zeuden seinaleak, lagun nahiz otseinengan. Eguneroko esaldiak ziren, eguneroko agurrak. Eta hala ere, euren ahotik irteten zena baino argiago entzuten zuen aho-sabaian irten barik geratzen zitzaiena. Burutik egina ote zegoen zalantza egin zuen sarri, besteengan igartzen zuenaren izugarrikeria zela-eta.
Hasierako obsesio zentzubakoa arindu ordez, gero eta astunagoa bilakatu zitzaion. Senarra lotan zuelarik, fraketako sakelak miatzen zizkion, haren traizioa agerian utziko lukeen zerbaiten bila. Uniformearen lepo aldeak arretaz aztertzen zizkion, emakumeren baten ile luze bat deskubritzeko asmotan, alkandorak, elastikoak. Zurrungaka ziharduelarik, leihotik sartzen zen zohardi eskasean arakatzen zion soina, bertan balizko maitaleak utziriko arrastoren bat harrapatu guran. Zertan zebilen ohartzean, bere burua madarikatzen zuen. Eta nahiz eta hark lotsarazi, bere hartan segitzen zuen ezinbestez.
Jelosiak, susmoek ez zioten bakerik ematen. Edozer egiten zuelarik, edonora zihoalarik, orpoz orpo jarraitzen zioten. Odola mikaztu zitzaion, giharrak moteldu. Sorbalda minetan edukitzen zuen. Eta ohean zetzan laster Doña Elvira.
Izan ere, obsesio hura errotu zitzaion sasoian, bazeraman besterik bere baitan. Makalduraren garai beretsuan haurdundu baitzen. Hark salbatuko zuen.
Ezin esan Añua oso aldatu zenik. Beti bezain berandu etxeratzen zen, beti bezain berandu itzartzen zen bezperan edanikoaren ajeak zakartuta. Baina lantzean behin baino ez bazen, edukitzen zuen laztanen bat andrearentzat, berba gozoren bat gutxienez.
"Ondo zaindu behar duzu zeure burua", esaten zion, "ez dut nahi nire semeari okerrik gertatzea".
Asmatu zuen, gomutatzen du orain Azucena neskameak, ederto asmatu ere, baina ez Añuak espero zuen moduan inondik ere.
Alvaro txikia —izena Ramonek erabaki zuen bere adiskide Berastegiren omenez— jaio zen artean maitatua sentitu zen Elvira eta hark zertxobait atera zuen obsesioaren kausaz zegoen zulotik. Baina semeak ezin izan zuen luzaroan lagundu. Jaiotzeaz bat, andrearen itxaropen apurra ezerezean geratu zen.
"Ordura arte Añuak ez zinan beharbada maitatuko", azaldu zion Azucenak Blancari euren ugazaben historia. "Baina gorrotatu behintzat, ez zinan gorrotatzen. Handik aurrera bai. Haurraren gaixotasuna señorari leporatzen zionan. Huraxe omen zunan errudun bakarra!".
"Seme subnormal bat eman didazu!", aurpegiratzen zion andrearen negarrei gor eta itsu. Munstroa deitzen zion umeari. Haserre batean, sehaskatik semetxoa hartu eta urrats luzetan gelako leihora hurbiltzen zen, handik behera botatzeko imintzioak egiten, amaren negar etsituak eraginez.
— Plazer hartzen du ni sofritzen ikusita —entzun zion Azucenak Doña Elvirari esaten Ameliari—. Nondik datorkio nireganako gorroto hori? Ondo baitakit nire gainera baino ez duela isurtzen eta etxerako baino ez duela gordetzen.
— Ez dakit, Elvira —erantzun zion Ameliak—. Mezatara joaten da jaunartzera. Kristau zintzotzat dauka bere burua. Baina ez da gure Jaun Ahalguztidunaren beldur sekulan izan. Bestela berehala konprenituko luke Alvaro bere bekatuen ondorio zuzena dela, Jainkoak bidali dion seinalea bere ibilbideaz damu dadin, bere azken aukera. Alvaro maitatzea beste irtenbiderik ez dauka, salbatuko bada...
— Emagaldu horrek zirikatzen du!
— Ahaztu hori, Elvira...
— Ahaztu? Aste osoan ohe likits horretan sartuta egoten da barren! Gasteizko umemokoenak ere jakingo du honezkero nire izena.
Eta areago ikaratu ziren Azucena eta Blanca neskameak, euren nagusien kalapitak aditu behar izan zituztenean.
"Hau ez da nirea!, beste norbaitena duzu hau!", ernegatu zen Añua, bere haziak sorturiko haurra arbuiatuz.
Baina, behin, Doña Elvirak ez zuen harantzago joaten utzi:
"Horixe merezi duzu, egin dizkidazun mesprezu eta irainak egin ondoren! Bizitza petral honen amaieran epaituko gaituenak badaki, beste inork baino hobeto, nik esanikoan ez dagoela gezur izpirik!".
"Jainkoa ez alferrik hartu ahotan nire etxean!", zemai egin zion orduan senarrak.
"Zure etxean? Neurea baino ez da!", aurre egin zion emazteak. "Nire gurasoena izan da beti eta niri esker bizi zara zu hemen. Patxada ederrean botatzen duzu: nire etxean! Zuk ez duzu inoiz ezer izan! Daukazun guztia niri eta nire familiari zor diozu! División Azul-ekin karrera militarra egingo al zenuen zuk bakar-bakarrik? Ez horixe! Zure gurasoen dendatxoan patatak saltzen pasatuko zenuke bizitza osoa!".
"Ixo! Histerikoa zaude!".
"Ni? Zoaz ispilu aurrera zeure burua ikustera...".
"Isiltzeko esan dizut!".
"Tamalez zure lagunek ez zaituzte modu honetan ikusi. Izango lukete zer aipatua Circuloko karta jokoan".
"Nahikoa da!".
"Stalingradeko gure heroia! Jakin nahiko nuke nola lortu zenuen zure burdinazko gurutze hori! Nori ebatsi zenion?".
Sesio latzagoak edukiko zituzketen, komandantea hil eta hilabete gutxira, Doña Elvirak Alvarito Berastegiren ahotik ikasirikoak lehenago ezagutu izan balitu.
— Ez, Elvira, ez zen inoiz Errusian izan —aitortu zion—. Berlinen eduki zuten denbora guztian.
Eta kontatu zion zelan ibiltzen zen kabaretetik kabaretera; zelan maitale bi zituen, dantzaria bata eta SSetako ofizial baten alaba bestea; zelan horri esker geratu ahal izan zen Alemanian; zelan burdinazko gurutzea erosi zion Errusiako infernutik Berlinera diru behar gorrian helduriko heroi bati.
— Karakola eta barea Ramon eta zu, Alvarito. Ez da harritzekoa horren lagunminak izatea!
Arin igarri zizkion Doña Elvirak Berastegiri berarengana zekarten asmoak, Jadanik ez zen haren adiskideak xaramelatu izan zuen neska, Sissi printzesaren munduan bizi zen hura, maitasuna hil artekoa zen mundu hartan.
— Saia zaitez beste nonbaiten, Alvarito. Lanik gabe egongo da orain Ramonen emagaldu hori...
El Pensamiento Alavés egunkariko lehen orrialdean agertu zen Añua komandantearen heriotzaren albistea. Hiri honetako semerik kunplituenetarikoa joan egin zaigu, idatzi zuten, hildakoaren ekintza loriatsuen zerrendari ekin aurretik. Haren izena kale bati ematea proposatu zuen norbaitek. Eta jende ugari hurbildu zitzaion alargunari doluminak ematera.
— Errukia didate, Amelia.
— Ez halakorik pentsatu, Elvira...
— Ezetz? Aberats berri koadrila hori marmarrean entzun eta badakit nori ari zaizkion maskalak jaten. Mingain zorrotza daukate horiek, estraperloaz goizetik gauera dirudun bilakaturiko horiek.
Halako berbaldiak dauzkate akorduan neskame biek, Santa Isabelgo panteoian euren aurrean belauniko dagoen andreari erreparatzean. Benetan aldatu da señora azken urteetan, hainbeste ezen Azucena zaharrak dioen legez, bere amaren iguala izatera heldu baita oraino andre gordina dena. "Hura bezain gogorra dun, Blanca; baina hura baino askoz lehenago mingostua". Hainbeste ezen bere betiko adiskidearekin erabat haserretzeko nahikoa izan zaion berbaldi hau, gaur goizean hilerrirantz zetozenean:
— Stalingradeko heroia emagaldu baten ohean bihotzekoak jota hiltzea ere!
— Elvira, irakurtzen dituzun nobela frantses horiek ez dizute onik egiten...
— Zergatik diozu hori, Amelia?
— Ondo dakizu, Elvira, emakume hori ez dela puta. Eta Ramon haren etxean hil zen, baina ez ohean...
— Zuk ere nire kontra egin behar al duzu orain? Horrela bada behintzat, nahiago dut hilerrira laguntzen ez banauzu.
Blanca eta Azucenak euren ugazabaren gurasoen hilobira begiratu dute, Añua komandantea dagoen horretara. Alvaro txikia liluratuta daukaten abadearen beso itzal erraldoietara ostean. Eta otoitz egin dute euren hildakoen alde. Han kanpoan nonbaiten, Errusiako lautada izoztuetan lurperaturiko soldaduen antzera, panteoi barik zurezko gurutze lakar bana aterpe bakar dutela, lur hutsean dautzanen alde.
© Xabier Montoia