Burdinazko gurutzea

Eguraldi epelarekin batera iristen zitzaion etxeari urteroko garbiketa handiaren tenorea. Neguan hotzaren kariaz ongi hertsitako leiho eta ateak ireki eta zabal-zabalik uzten ziren, hilabeteetan egurastu gabeko gelek argi eta aire berria arnasteko. Jauregitxoaren berezko hezetasun, hauts eta kanfor usaina ordezkatzen zuten orduan xaboi eta argizariarenak. Udaberriro, aurreko urtaroetako eurite eta izotzek ilundutako kanpoalde osoa zuritzen zen ostera, etxearen edertasuna mantentzeko bezainbat zurajea babesteko. Teilatua ere konpondu egiten zen eta tximiniak urtean bigarrenez garbitzen.

— Zokorik apartekoena ere garbi ikusi nahi dut —agintzen zuen Doña Elvirak, Añua komandantearen alargunak.

Señora ez zen kontenterraza. Ehiza zakur gutxik zuen Doña Elviraren usaimen minbera. Begi zorrotza zeukan amaraun ñimiñoena aurkitzeko eta hauts arrastorik txikienak aterako zuen bere onetik.

— Azucenaaa! —oihu egin zion neskameetako bati—. Gela hau berriz garbitzea nahi dut.

Etengabea zen erratzen hotsa zurezko zoruaren aurkako ahaleginean. Erraztxo latzak ehean busti eta marruskatzeari lotu zitzaizkion neskameak, belaunburuak urratu arte. Leihotzarrak estaltzen zituzten errezelak estrabeetatik askatu eta sotora eraman zituzten, ikuztarriaren kontra jatorrizko zuritasuna bermatzeko. Eta berdin maindire eta tapakiekin. Ontziteria zela, mahai eta apalen gaineko portzelanazko iruditxoak zirela, oro ardura berberaz erabiltzen zen. Deus ez zen libratzen garai hartan jauregitxoa hartzen zuen sukar moduko hartaz, etxeak berak ere, biziduna bailitzan, zikinkeriak eztul egiten baitzituen loreen hilabete hartako alergiek jota bezala. Hankaz gora jarriko zuten dena, salbuespenik gabe. Are goiko bi solairuetara igotzen zen zurubiaren eskuin aldeko paretan elkarren segidan paratutako oliozko portretek ere galdu eginen zuten euren betiko lekua. Ez zegoen ezer sagaratu edo ukiezinik hautsaren aurkako erasoaldirako turutak joz gero, ezta asaba zaharren irudi beneragarriak ere.

Blanca neskamea ganbaran ari zen egun hartan, gauza alferrikakoen biltokian: modaz pasatako jantziak, etxeko seme-alabek bazter utzitako jostailuak, zertarako balio ote inork asma ezin zitzakeen tramankuluak. Gauza haiei guztiei so zegoen neskamearen semea. Batetik bestera zihoakion begirada, liluraturik bezain urduri, ohartu baino lehen desagertu eginen ziren kezka balu bezala. Hantxe zeuden urte pare bat lehenago zenduriko Añua komandantearenak ere: uniformeak, antzinako kutxa baten barruan gordeta, edozein unetan berriro janzteko moduan; larruzko botak, belaunetaraino luzeak, distirant askoak, iazko garbialditik bildutako hauts meheagatik ez balitz.

— Hemengo altzariekin gurea bezalako dozena bat etxe atondu litezke —esan zion Blancak Karmelo txikiari.

Ez zen zortzi urteko mutikoa jauregira lanetan laguntzeko ekarri zuen lehen aldia. Ganbarara bai ordea. Txundituta zeukaten jostailu miragarri haiek. Gauza bera gertatu zitzaion Senda aldeko jauregitxora uzkur sartu zen lehendabizikoan. Hasieran ez zuen nahi izan. Langa garaiaren atzean eta zuhaitz sarrien gibelean ezkutaturik zegoen eraikuntzak susmo txarrez bete zuen.

— Ez hadi inozoa izan —erregutu behar izan zion amak, nahigabeturik—. Zer uste duk, gustura ekarri haudala?

Baina txundituta geratu zen umemokoa, etxera sartu orduko.

— Begira, ama, nolako soldadua! —harritu zen ia bi metroko burdinazko armadura ikusita.

Amonarekin etxean geratu ohi zen eskola gabeko egunetan. Amona falta zenetan baino ez zuen Blancak semea lanera eramaten. Horregatik zegoen Karmelo ganbaran, amona Gardeliko sorterrian zegoelako eta amak uste zuelako ganbaran ez zuela inork ikusiko.

Eta miragarria zen dena han. Kutxa gaineko ezpata batik bat, zilarrezkoa irudi. Berehala ezagutu zuen, jai egun nagusietan Dato kalean gora egiten ziren desfileetakoa. Burua zut, dotore igarotzen ziren ofizialen gerritik zintzilik ikusita zeuzkan halako ezpatak. Bi eskuez hartu eta jasotzen hasi zelarik, ez zuen espero hain astuna izan zitekeenik. Mina sentitu zuen besoetan eta, eutsi ezinik, bertan behera utzi behar izan zuen laster.

Ezpataz ahaztu eta zortzi muturreko izarra ageri zuen kapela zapalari jarri zion arreta. Kaskoan egokitu, baina hura ere handiegia. Kili-kolo zebilkion. Kapelarekin bere burua miretsi nahian, zoko bateko armairuko ispilu parera hurbildu zen.

— Zertan habil! —amaren errietak ekarri zuen ametsetatik.

— Ama, norenak dira mozorro hauek?

— Ez dituk mozorroak. Añua komandantea soldadu handia izan huen, gorrien kontra Errusian borrokatutakoa. Eta ez horrenbeste galdetu eta lagundu apur bat gauzak txukuntzen!

— Bai ama —erantzun zion, nagusien taigabeko haserre nekatu hura deitoratuz.

Baina zilarrezko ezpata, kapela eta uniformeak ikusita, bataila ikaragarriak eta armada garaitezinak ekarri zituen irudimenera. Haiek bai benetako bizitzak, pentsatu zuen bere artean, eta ez amarena. Nola bizi daiteke era motel honetan aspertu gabe?

Ama lagundu bitartean, bere kolkorako ziharduelarik aurkitu zuen kutxatxoa. Egunkari zahar batzuen azpian zegoen eta kosta egin zitzaion hartan erreparatzea. Hautsa gainetik astindu eta Goya irakurri zuen urrezko letretan, Gasteizko gozotegi ospetsuenaren izena. Goxokietako bat ahora eramateko itxaropenez ireki zuen. Baina han goxokirik ez.

Barrua janzten zuen feltro gorriarekin kontrastean kolore biziko paperez bildutako txokolateen ordez, metalezko dominak besterik ez zeuden. Mota eta eite askotakoak: biribilak, izardunak, arrano itxurakoak, gezidunak, loretsuak, Espainiako banderaren horia eta gorria sarrien errepikatutako koloreak gehienetan. Ororen artean bat nabarmendu zen Karmeloren begietara, bere arreta osotoro erakarri zuena: burdinazko gurutze beltza. Bazekien nonbaitetik ezagutzen zuena. Ezin zuen oroitu. Eskolako libururen batetik agian? Zinematik?

— Zertan habil? —amaren errietak erauzi egin zuen bere gogoetatik.

Fraka motzetako patrikan zeukan domina amak asaldatu zuenerako. Zertan ari zen oso ongi jakin gabe, amari muturrak ipini, goxoki kutxa disimuloan itxi eta egunkari zaharren azpian ezkutatu zuen atzera.

Eskolako harrizko horma grisak beltz bihurtzen zituen euri sargoriak. Goian-behean ari zuen, zaparrada inoizko lehendabizikoa izanen balitz bezala. Tanta potoloak irristatzen ziren ikasgelako leihoetako kristaletan behera. Haiei beha zegoen Karmelo, kopetilun, irakaslearen hizketari gor. Ordubete baino gutxiago falta zen eskolatik irteteko.

Don Calixtok garai hartan egunero irakurtzen zuen liburua zeukan mahai gainean. Kartoizko azalak zituen eta Colonek Amerikara eramandako hiru itsasontziak ageri ziren bertan, haizeak puzturiko oihaletan gurutze gorri bana zeramatenak. Baina Errege Katolikoen almirantea ez zen arratsalde hartako irakurgaia. Beste bat zen ahots gogaikarriaren jabeari kolkoa harrotasunez Colonen ontzietako oihalak bezainbeste puzten zion heroia: El Cid, hil ondoren ere borrokaldirik irabazitako gizon bakarra. Istorio polita zen baina, errepikatzearen errepikatzez, aspergarria bilakatua mutikoentzat.

Lur jota zegoen. Irakasleak irakurtzen ziharduen istorioa munduko politena izan balitz ere, kasu txikia eginen zion. Amaren lantokian bezperan ebatsitakoa eskolako bere adiskide ustez leialenari sekretupean erakutsi eta laburrera haren berri izan zuen gela osoak. Ezkutuan gorde nahi izan zuen bere altxorra. Hura zenbat eta jende gehiagok jakin, hainbat eta arrisku biziagoa legokeela susmatzen baitzuen. Hala ere, albistearen zabaltzea ez zen izan Karmelo gehien mindu zuena. Aspalditik laguntzat izandakoaren traizioa zitzaion mingarriena, inongo zalantzarik gabe. Kitto. Aurrerantzean hura ez zen bere laguna izanen, jadanik ez zen bere laguna. Traidorea eserita zegoen aldera so egin eta herraz beteriko begiratu zorrotza igorri zion beste eskolakideen gainetik. Kitto.

Hartan ari zen, irakasleak liburua itxi eta jaikitzeko agindu zienean. Ez zuen errepikatu behar izan beste askotan bezala. Behingoan eta ia batera zutitu ziren eta, gizon zimel haren eskuak goitik behera eta ezker-eskuin airean marrazturiko gurutzea eredu, aitaren egin zuten beraiek ere. Ondoren, paretako gakoetan zintzilikaturiko jakak jaso zituzten eta ate aurrean lerro-lerro paratu, aldegitea baimenduko zien ahotsaren zain.

— Erakutsi, erakutsi! —gainera etorri zitzaizkion ikaskideak kalera orduko.

Karmelok arretaz atera zuen patrikatik, burdinazkoa izan ordez, kristalezkoa bailitzan, hauskorra.

— Utzi ikusten! —eskatu zioten ia denek batera—. Pasatu niri!

— Ez. Ikusi bai, baina ukitu ez!

Liluraturik utzi zituen dominak.

— Benetakoa zirudik! —harritu ziren.

Zineman ikusitakoen berdin-berdina omen zen.

— Saldu egidak! —proposatu zioten.

Puxtarriak eskaini zizkioten trukean. Eta goxokiak eta pago adarrez egindako matxarde sendoak eta poxpolo kutxatxoetan gatibaturiko kilkerrak eta sugandilak eta are suge txiki bat ere.

— Ezetz!

— Zer nahi duk orduan? —galdetu zioten zapuzturik.

— Librerdi txokolate...

Une batez ez zen fitsik entzun.

— Hi burutik jota hago! —oldartu zitzaizkion berea neurriz kanpoko eskaritzat jo zutenak.

— Librerdi txokolate! —errepikatu zuen, ingurukoen protestei ezaxola.

Ez zuen espero. Ez zuen batere espero. Hargatik bota zuen bezperakoa, erronkari inork erantzunen ez ziolakoan. Baziren urte batzuk gerra bukatua zela, baina eskola hartara joaten zirenentzat behinik behin, txokolatea ametsetan baizik ez zeukaten zerbait zen. Eta hala eta guztiz, hantxe zeukan, pare-parean: librerdi ezin ederragoa, eskatu bezalaxe. Hari beha egon zen luzaz, hitzik egin ezinik, hartatik begiak askatu ezinik. Antzera zeuden ingurukoak ere, txintik atera gabe, Karmelok eginen zuenaren zain, atezuan.

Arreta txokolateari eusten zionarengana lerratu eta haren betartean guztiaren azalpena aurkitu nahi izan zuen, gaizki ulertzeren bat zirudienaren benetako funtsa.

— Zer, orain ez al duk hartu behar? —bota zion Trokonizek.

Esku ahurrak izerditan nabaritu zituen sakelen barruan. Bai, hantxe zeukan domina.

— Tori —sakeletik eskua atera eta Trokonizengana luzatu zuen besoa.

Orduantxe baino ez zuen zabaldu eta agerian utzi ukabilean gordetzen zuena. Eskuratu berri zuen altxor goxoa miretsi zuen une batez.

— Emaiguk pittin bat...

Txokolatea eskatzen ziotenen beldur, zorroan sartu eta urrundu egin zen ibilera bizkorrez.

— Zer dela-eta gaur honen goiz? —harritu zitzaion amona.

Ogi gogor puska bat hartu eta, eskolako lanak egin behar zituelako aitzakian, beretzat atondurik zeukaten gelaren zokora bildu zen berehala. Hura zen bere aterpe eta jolaslekua, amona erretxinarengandik babesten zuen harresi batek inguratuta balego bezala. Ama etxeratu arte bai behintzat. Hura iritsi bezain azkar, balizko harresia behera etortzen zitzaion eta harekin batera ordura arteko bake eta sosegua. Eskerrak azken aldian lanetik berandu samar itzultzen zen.

Ama etxeratu zenerako, gela bakarreko bizilekuaren erdia hartzen zuen koltxoia zabalik ageri zen. Eta bertan Karmelo lo.

— Zer moduzko eguna izan dun gaurkoa? —galdetu zion amonak.

— Okerrago ezin! —Blancak.

— Zer gertatu zain ba?

— Betikoa, nagusia...

— Ene, berriz ere!

— Atzo, garbiketaren ondoren, aspaldiko partez ganbarara igo eta bere senarra zenaren ez dakit zein domina desagertu zela esan digu. Oso haserre dago. Oihuka erabili gaitu egun osoan, mehatxuka.

Amaren azken hitzek erabat iratzarri zuten Karmelo. Lo itxuratan jarraitu zuen, baina ikarak dardarka jarri zizkion betazalak. Begiak itxirik ere, ama eta amona ikus zitzakeen sukalde ekonomikoaren alboan, katilukada esne bero bana eskuan eta apal-apal mintzo. Handik aurrerako eleketa arruntaren oihartzunak loak hartzen lagundu zion Karmelori.

Ama negarretan zegoen eta Doña Elvira kontu hartzen ari zitzaion haserre. Haren hitzek amorruz gainezkakoak ziruditen, baina ulertzen gogor saiatu arren, iskanbila hartan ulertezina egin zitzaion istiluaren zergatia. Harik eta gurutze hitza konprenitu zuen arte. Ama!!!

— Pasa da, bihotza, trankil egon —amaren ahotsa heldu zitzaion lasaigarri—. Amets gaiztoa izan da, dena pasa da, saiatu lo egiten.

Alferrik saiatu zen. Lokartu orduko, berriro ametsak oldartu zitzaizkion. Arestiko irudi beldurgarria zetorkion atzera eta ezin zituen damuaren munstroak saihestu. Eta berriz esnatu zen. Era hartan eman zuen gaua, iratzarri eta lokartu, lokartu eta iratzarri.

Egunsentia aurretixe hartu zuen erabakia. Bere onera etorriko zen dena.

Eskolako ateak goizeko bederatzietan ixten zituzten. Beranduago iristen zenak bazekien nor izanen zuen zain: zuzendari jauna. Zorrotzak ziren haren zigorrak. Eskua zabal-zabalik pararazi eta urritzezko makila fin batez jotzen zituen esku ahurrak, bata lehendabizi eta hura ubeltzen zelarik bestea. Huraxe izaten zen zigorrik larriena. Besterik ere bazen: eskola orduak bukatutakoan ordu pare bat bertan gelditzekoa edota eskolara garaiz heldu beharra nabarmenduko zuen esaldiren bat mila edo bi mila bider kopiatzekoa.

Goiz hartan aldiz, Karmelo egundo baino goizago zegoen eskolako patioan, sarrerari begirik kendu gabe, Trokoniz noiz helduko.

Labur itxaron behar izan zuen. Ateak ixteko bost bat minutu falta zirela ikusi zuen patiora sartzen. Mutil garaia zen, erkina eta konkor txiki baten jabea. Konkorraren errua altuerari egozten zion berak. Soin demasa hari ezin bizkarrezurrak eutsi.

— Hau ekarri diat —bezperako txokolatea erakutsi zion Trokonizi.

Ez zion erantzun. Bistan zegoen zer esan ez zekiela, ez zuela Karmeloren proposamen berria ulertzen.

— Eta zer! —bota zion, bere nahasmendua luzeago ezkutatu ezinik.

— Librerdia ekarri diat bueltan. Non daukak burdinazko gurutzea?

— Ez zakiat.

— Etxean laga al duk?

— Ez, etxean ez.

— Non zagok orduan?

— Ez zakiat!

— Nola?

Onetik irteteko puntuan nabaritu zuen bere burua. Eta Trokonizek ere igarri zuen, berehala ekin zion-eta gertatutakoaren azalpenari:

— Aitak zaborretara bota zidak...

— Zaborretara! —oihu egin zion.

— Bai. Ez zuen etxean halakorik ikusi ere egin nahi.

Ezin zuen sinetsi, ez zuen sinesteko gogorik. Trokoniztarrak burutik jota zeuden. Halako domina zoragarri eta preziatua zakarretara botatzea ere! Gorri-gorri zegoen eta sekulako ahaleginak egiten ari zen hari muturrekorik ez jotzeko. Ikasgeletara igotzeko ilarara biltzeko agintzen zien txistuak salbatu zuen. Artean eskuan zeukan txokolatea ostera zorroratu eta bere ikaskideen bide bera hartu zuen Karmelok ere, ikasgelara.

Denborak ez zuen aurrera egiten. Urduri zegoen. Leihotik begiratu eta eguzkiari erreparatzen zion, eskola bukatzeko zenbat falta zen asmatu nahian. "Aurki" erabakitzen zuen berekiko eta ehuneraino kontatzen hasten zen, zenbaketa ahitu baino lehen eskola orduak ere ahiturik egonen zirelako itxaropenaz. Baina ehuneraino iritsi, berrehuneraino, eta ez zen eteten irakaslearen ihardun astuna. Eguzkiak ez zuen bere ibilbidea ortzean burutzen; ez irakasleak berea, batetik bestera gelan barrena. Beldur zen zer edo zer galdetuko ote zion, mintzaldia jarraitzen ahaleginduagatik, ez baitzen batere gai gogoa hartan jartzeko.

Truke tamalgarri hura egin zuenetik ez zeukan tokirik kaskoan, hainbeste torturatzen zuen burdinazko gurutze malapartatuarentzat baino. Buruko mineraino aritu zen hartaz pentsatzen, baina hausnarketak ezer gutxi lagundu zion.

Putzu sakon eta ilun baten hondoan zegoen; hain sakona, non egunaren argia ere ezin baitzen handik sumatu. Okerrena zen ordea, nahiz eta egunetan deiadarka ihardun, ezinezkoa izanen zitzaiola edonori bere laguntza eskari etsitua entzutea. Bere helburua erdiestekotan, isilpean erdietsi beharko zuen. Hainbeste bazekien.

Hau guztia mamurtzeko astia izan zuen, irakasle zaharrak etxera joateko garaia iragarri bitartean. Gogoetaldiaren emaitzak galdera bakar batean laburbil zitezkeen: nora eramaten dute zaborra?

— Zertarako jakin nahi duk? —beste galdera batez erantzun zion amonak.

— Jakitearren...

— Ba ez diat ideiarik. Gasteiztik kanpo seguruena, inguruko herriren batera.

Garai batean egunero ikusten zituen zabor-biltzaileak. Baina eskolara joaten hasi zenetik, entzun baino ez. Turuta entzuten zien, hotsa gelako leiho irekiraino heltzen zelarik patiora jaitsi aurretik. Dei hark zaborra kaleratzeko tenorea aditzera emateaz gain, jolasordu hurbilaren berri ere ematen zien ume aspertuei.

Egun hartan ikasgelatik aditu beharrean, kalean aditu zuen, bertatik bertara. Etxetik goizero bezala irten zen, baina egunero ez bezala, kalean geratu zen eskolara heldu gabe, zabor-biltzaileen esperoan. Turuta hotsa entzun orduko ezagutu zituen. Segituan ezagutu zuen mando erdi itsu eta ezin argalagoak nekez zekarren gurdia. Haren albo banatan zetozen, txilarrezko erratzak eskuan.

Betarte gogortuak aztertu zituen, egokiena zein izan zitekeen asmatzearren. Guztiei irizten zien berdin. Zimur eta bekain iletsuen arteko pitzaduran, begi soraioen atzean gordetzen zena igartzen saiatu zen Karmelo. Ez atzera ez aurrera geratu zen, zer egin, norengana jo erabaki ezinean. Bazekien ezin zela bertan ahozabalik gelditu, zerbait egin beharrean zegoela, haietako batengana hurreratu.

Paretik pasatzen ari zirenean ez zen ausartu, mandoaren saihetsetara joan zitzaion behakoa. Kale kantoitik desagertu arte ez zen mugitzeko gauza izan. Eta orduan, zeukan aukera bakarra bazihoakiola jabetu zenean, orduantxe joan zitzaien atzetik.

— Jaunak, mesedez! —arnasestuka iritsi zen udal langileengana.

— Zer nahi duk mutiko? —galdetu zioten gurdiaren ondoan zihoazenek, poxi bat harriturik.

— Nora daramazue zabor hori?

— Zer?

— Zaborra, zer egiten duzue horrekin, non botatzen duzue?

— Zabortegian!

— Den-dena eramaten duzue hara, jasotzen duzuen guztia?

Ez zioten behingoan erantzun. Galderari susmo txarra hartu, elkarri begiratu eta, ahoa zabaldu aurretik, ondo pentsatu zuten esan beharrekoa. Zertan ote zebilen umegorri hura halako kontuekin? Mesfidati, txatartegian saldutakoaren truke jasotzen zituzten sosak galtzeko errezeloz, baietz esan zioten, den-denak zabortegira eramaten zituztela.

— Eta non dago zabortegia?

— Hemendik urrun, mutiko. Lakua aldean.

Izena ezaguna zuen, baina bazekien ez zela haraino inoiz iritsi. Santa Isabeleraino bai, hara eramaten zuen amonak Domu Santu Egunean. Inguruko zelaietan iharduten zuten lore bila eta, haietako sorta bat osaturik, aitona zetzan lekura hurbildu eta haren izena zeukan gurutze alboan lagatzen zuten.

Oskarbi argitu zuen egunak. Haize hegoak urrun eraman zituen aurreko egunetako lainoak. Goiz samar izanagatik, bero sapa zegoen. Zangokada handitan abiatu zen hiri ertzerantz, ahalik eta handienetan, jakitun zen-eta ez zuela alferrik galtzeko astirik. Zabortegira heldu, burdinazko gurutzea topatu eta eskolatik irteteko tenorean, beranduenez, egon beharko zuen bueltan.

Tamalez, hartutako erabakiak emandako kemena ahitzen hasi zitzaion luze gabe. Izerdi patsetan zegoen eta aurki soberan izanen zituen soinean zeramatzan jantziak eta eskolako zorro pisua. Unean baino unean geldoagoa bihurtzen ari zitzaion ibilera, astunago eta motelagoa. Egundo baino luzeago iritzi zien kaleei eta sekula baino itzelago hiriari. Aurrera jarraitzeko animoak eman behar zizkion bere buruari, etsitzeko tentaldia gero eta larriago nabaritzen baitzuen. Aitzina segitu behar zuen ordea. Hortzak estutu zituen eta eztarri lehorra bustiko zion ura ahanzten ahalegindu zen, baita bizkortzen lagunduko zuen gerizpea eta oin saminduak gozatuko zituen atsedenaldia ere.

"Ez daukat astirik", hara bere leloa, berekiko behin eta berriro errepikatzen zuena. "Laguntzen banauzue, zintzoa izanen naiz aurrerantzean", agintzen zien. "Ez dizuet nigatik erregutzen, amagatik baizik". Baina sainduek ez zizkioten otoitz eta eskari larrituak aintzakotzat hartu. Zangoei eragin, eta beti leku berean zegoela iruditzen zitzaion. Eta hala ere, ibili eta ibili, bere auzunea gibelean utzi eta hiriko erdiguneko kale zabaletaraino ailegatu zen noizbait, eta plazaraino gero. Eta atsedenerako geldiunerik gabe, Herreria karrika meharretik barrena jarraitu zuen. Eskertu zuen hango itzala eta poztu egin zen etxetarte ilun hartan sartzearekin batera. Eta are kontentuago jarri zen, kalea zeharkatzen zuen kantoietako baten ondoan iturria ikusi zuenean. Orduan gelditu zen lehendabizikoz.

Antsiaz edan zuen, masailak gorri eta uraz puzturik lehertu beharrean, munduko ur guztia agortzeko zorian egonen balitz bezala.

— Karmelo!

— Epa...

— Zer habil ordu honetan kalean?

— Eta hi?

— Neu beti egoten nauk kalean.

Halaxe zen. Ardoa behar baino gehiago maite zuten gurasoen seme, bost anai-arrebetan zaharrena, Gasparrek ez zekien inongo eskolaren berri.

— Lakuaraino joan behar diat!

— Lakuaraino? Tokitan zagok hori, motel. Zer galdu zaik han?

— Gurutze bat...

— Gurutze bat?

— Bai.

— Hi burutik hago! Segi, segi aurrera hire gurutzadarekin!

Kalean gora egin zuen aurrera Karmelok, Gasparren burla-barreak entzuten zituela:

— Kontuz ibili! Eta zorte on!

Karrikaren albo bietako denden erakusleihoak miresteko betarik ez izateak pena eman zion eta ez zen gelditu. Herreria bukatu eta eguzkia ostera jaun eta jabe zen toki batera agertu zen. Han etxeak ez zeuden elkarren segidan, ez ziren zaharkitu eta zikin itxurakoak, berriak baizik, eta haietako batzuek artean bukatu gabeak ziruditen. Kalexka itzaltsuarekin ohiturik, begietan mina hartu zuen alderdi zabal hartara irten zenean. Lehen baratzak ageri ziren harantzago eta, han behean hasten zen aldaparen amaieran, eguerdiko argi itsugarriak lausoturiko irudi bat ezagutu zuen: Santa Isabel.

Hilerrira hurbiltzen ari zelarik, hango ate parean zalgurdi bat begi eman zuen eta beltzez jantzitako jende multzoa aldamenean. Berehala jakin zuen zer zen, halakorik hamaika bider ikusita zegoen. Elizatik irten eta harako bidea hartzen zuten. Lau izaten ziren gurdiari lotutako zaldiak, Trokoniz kankailu inozoak galdutako gurutzea bezain beltzak laurak. Kolore bereko oihal banak estaltzen zien bizkarraldea eta luma zuri pare bana zeramaten buru gainean tente. Atzetik segizioa, senideek eta lagunek osatu giza talde negartia. Maiz ikusia izanik ere, haietako bat albotik igarotzen zitzaion bakoitzean, berdin izutzen zen. Bisaien goibelak, ibilera zeremoniotsuak, zaldien apatx hotsek eta gurpilen karrankek soilik pitzatzen zuten isiltasun gotorra.

Bekatua eta infernuko sua elkar loturik joaten dira. Gutxien espero den lekuan, hantxe izanen dugu herioa gure atezuan, eta bekatuan hilez gero, su eternalaren kondenaz libratzerik ez dago. On Roman erretorearen hitz zemaikorrak gogoratu zitzaizkion.

Arin igaro zen hilerriaren paretik, korrika txikian kasik, aterantz begiratu gabe.

Baratzak bakandu ziren eta, han-hemenkako baserritxoak atzean lagata, zelai artean luzatzen zen bidexkan barrena zihoan. Makal batzuei erreparatu zien eskuinean. Zuhaitzen gerizpetik zihoan ibaiari segitu zion. Ur uherra zekarren. Hari so ibili zen, harik eta makalak desagertu eta kondar eta hondakinezko meta txikiak azaltzen hasi ziren arte. Aurrera jarraitu zuen.

Hondar meta koskor haiek igo eta jaitsi ibili zen puska batean. Behin baino gehiagotan egon zen irristatu eta erortzear. Baina lehenago txilarrak bukatu ziren gisan, halaxe hondakin piloak ere bukatu, eta haien partez lautada handi bat hedatu zen bere aitzinean. Zegoen tokitik osorik har zezakeen bere begipean. Han ere, hondakin eta zabor ugari ageri zen nonahi, baina pilatua egon beharrean, barreiaturik.

Geldi-geldi zegoen, miretsirik. Artean itsasoa ikusi gabekoa, haren antzekoa izan behar zuela deliberatu zuen, "antzekoa baina urdin-urdina". Altzari zaharren apurrak, harrizko eta zurezko puskak, burdina bihurrituak eta beste hainbat gauza zuen ikusgai. Arnasa hartu zuen. Hara bere bidaiaren helmuga!, hara agindutako lurraldea! Eta haren gainean puntu beltz batzuk nabaritu zizkion zeru oskarbiari. Txoriak inguruka ari ziren hegan. Zeren inguruan ziharduten jakinminez, hara aldatu zuen arreta. Udalaren zaborgurdi bat eta zenbait gizon antzeman zituen. Haienganantz joatea erabaki zuen.

Itzela zen zabortegia. Han edozer gauza aurkitzeko gaiztasunaz konturatzea kolpe gogorra izan zen Karmelorentzat. "Gurutze bat, hi burutik hago!", Gasparren hitzak aditu zituen ostera. Nolanahi ere, ez zuen etsiko, beranduegi zen. Haraino helduta, Jainkoarengan sinesmen osoa jarri eta bilaketari ekin behar zion besterik gabe. Dominak, inon egotekotan, han behar zuen, azken egunetan eramandako kondar eta zikinkerien artean, iritsi berriak zirenen artean hain zuzen ere.

— Zeren bila habil, mutiko? —galdetu zion zabor-biltzaile batek, harridura salatzen zuen ahotsaz.

— Gurutze baten bila.

— Gurutzen baten bila!

— Bai.

— Eta handia al duk gurutze hori?

— Ez, txikia eta beltza.

— Gurutze txikia eta beltza, hortaz. Ondo mutiko...

Gizonen bisaiak aztertu zituen. Baina euri hotz eta eguzki beroek zaildutako aurpegi haiek ez zuten fitsik aditzera ematen: harrian landutakoak irudi, beren hitzak baino ulergaitzagoak ziren. Bere lepotik barrez ari zirelako susmoa izan zuen. Agian, egin asmo zuen lanari gaizki irizten zioten. Hartarako oztoporik paratu behar ote zioten? Ez zuen gehiago esan. Haiengandik urrundu eta lanari lotu zitzaion, makila batez baliaturik, inguruan nahas-mahasean azaltzen ziren ontzi arrakalatu eta kartoi hondakin eta janari kondar lizunduak arakatzen.

Eguzkia beti bezain sastagarri zegoen zeru ezin urdinagoan, txori beltzekin batera. Izerdiari makilak harroturiko hautsa itsasten zitzaion. Makilari eragin eta hautsa sakabanatutakoan ageri zenari begiak josi eta oinetan zeutzan gauza guztiak banan-banan ikertu eta zoritxarreko gurutzea bertan ez zegoela egiaztatu ondoren, tristeturik, atzera eragiten zion makilari eta berriro zain geratzen zen hautsa noiz pausatuko.

Bitartean, udal langileek gurditxoak zaramaz hustutzen ziharduten. Itxuraz elkarri jaramonik egiten ez bazioten ere, noizbehinka mutikoak bere zereginetik begiak goratu eta haiengana zuzentzen zituen. Batzuetan, botila bat musuan zutelarik harrapatu eta, enbidiaz, berak ere zeinen gustura edanen zuen bururatzen zitzaion. Herreria karrikako iturria zetorkion gogora. Ezin zuen amore eman. Kemen berriaz jarraitzen zuen lanean, amorrazioz ia.

Eguzkiak sartalderako bidea hartu zuen eta lanorduak amaitu zituzten zabor-biltzaileek. Ordurako etsiak hartzekotan zegoen, goitik behera zikindurik eta arrunt egarrituta. Ezpainetako lehorra pittin bat freskatzearren mihia pasatzean, izerdiaren zapore gazia nabaritzen zuen. Baina etsi, sekulan ez. Aldegindakoek lagatako alderdira hurreratu eta beste saio bat egitea erabaki zuen. "Bertan egon behar dute azken egunetakoek, eta dominak ere bai, jakina".

Miaketan buru-belarri, halako batean, hots lehor bat aditu zuen aldamenean eta beste bat gero eta baita hirugarren bat ere. Min zorrotza sentitu zuen belaunean. Larritu egin zen odolari erreparatutakoan. Handia zirudien zauriak, odol ugari zerion. Baina odolak berak baino areago ikaratu zuen norbait deskubritu zuen. Harrika ari zitzaion hondakin meta batetik. Korrika egiten ahalegindu zen. Ezin, belauneko oinazeak herren utzi baitzuen. Ez zen gelditu, hanka bat arrastaka zeraman arren. Bere atzean harriak entzuten zituela, ibairantz abiatu zen beldurrak airean.

— Hi, txikito! Nora hoa horren presaka?

Instantean gelditu zen, Jainkoak zigortu eta Don Calixtok maiz aipaturiko Bibliako emakume hura bezala, gatzezko estatua bihurtuta bera ere. Libratuko zuen erantzunaren bila gogor ari zen, baina izuaren txilioak guztiz hartua zion gogoa: "Ijitoak!, ijitoak!".

— Etxera.. —ausartu zen totelka.

— Etxe dotorean biziko haiz gero!

Bost ziren. Bi bere adin beretsukoak, beste bi gazteago. Bosgarrena, zaharrena zen hasieratik mintzo zitzaiona. Anaiak izanen ziren, bostek baitzeukaten zangoetako bat bestea baino motzagoa. Hankatxikle, eskolako bati esaten zioten moduan.

— Guk baino hobeto bazkalduko duk hik! Ez duk jateko zer edo zer edukiko?

— Txokolatea... —egiak salbatuko zuela uste izan zuen.

Hitza entzun eta inguruan zeuzkan bostak, hamar beso berarengana luzatuta, bere bizkarreko eskola-zorroa eskuratzeko elkarren arteko lehian.

— Geldi ergelak! —agindu zien zaharrenak, Karmeloren zorroari eutsiz—. Ea non dagoen txokolate goxo hori!

"Nireak egin du", etsi zuen bere kolkorako, bere zorrotik ijitoak ateratakoa ikusi bezain laster. Haren eskuan ore marroi likits bat baizik ez zen ageri. Barre egin zioten gainerako ijitoek.

— Hik ere probatu nahiko duk! —ez zuen besterik entzun.

Ijito zaharrenaren muturreko bakarra aski izan zen Karmelo lurreratzeko.

Ondorengo irain eta madarikazioak ere ezin izan zituen aditu. Bazeukan nahikoa lan alde orotik zetozkion makilkada eta ostikoez babesten. Zorroa apurtu eta eskolako kaierak barreiatu zizkioten.

Hantxe utzi zuten, jipoitzeaz aspertu eta hondakin piloen artean desagerturik. Luzaz egon zen zaborretan etzanda, arnasa ostera bereganatzeko ahaleginetan. Begiak itxita zituen, ez zen irekitzen ausartzen. Eta atzera zabaldu baino lehen, inguruko hotsei adi geratu zen, bere bihotz taupadak besterik entzuten ez zituen arte.

Landa zabalean zegoen, zaborrez inguratuta, bakarrik, egun osoko eguzkiak kiskaltzeraino berotu larruazala bat-ba tean izerdi hotzetan dardarka. Etxekoez oroitu zen. Amonaz, amaz bereziki. Malkoak irristatu zitzaizkion txokolate urtuaz eta sudurreko odolez zikindutako masailean behera.

Ilunabarrak zerua gorriz tindatuta zuen bere zaurietako saminez. Ortzearen kontra Gasteiz urruneko elizen kanpandorreak nabarmentzen ziren: San Pedro, Santa Maria, San Miguel eta San Vicente.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com