Uralmendiko txapelduna

Azaroa gorrotatzen zuen. Halaxe esan zion amorruz lankideari:

— Gorroto diat azaroa.

Pipertuta zegoen. Hildakoen hilabetea izanik, abendura arte bertan behera uzten zuten iganderoko La Floridako dantzaldia, eta hura izan Kid Larreak aste osoan irrikatzen zuena.

— Hobe hiretzat. Kirolariei ez zaizue neskatan eginez indarrak xahutzea komeni.

— Ardurarik ez horrek niri. Indarra soberan zeukaat —haserretu zitzaion pixka bat lankideari—. Zer, erakustea nahi ala?

— Lasai, txapeldun! Gorde indarrak Alcantararentzat, beharko dituk-eta.

— Hi lasai. Bospasei round eta kitto! Ikusiko duzue... —eta ukabilkada keinu bi marraztu zituen airean.

El Pensamiento Alavés zahar bateko orri batzuk hartu eta, arropaz aldatzen ari ziren ingurukoen txantxei jaramonik egin gabe, haietan bildu zuen lanjantzi urdin koipez belztua.

Aranzabalenetik irten zenerako, piztuta zeuden kaleko argiak. Lantegiko kideak ezkerrerantz abiatzen ziren, gutxi batzuk bakarrik bizikletaz. Kontrako norabidea hartu zuen Larreak. Cortazarrenetik kaleratu zirenekin topo egin zuen etxerako bidean. Haiek ere atzean utzi zituen laster. Atzean utzi zuen ondoren burdinazko zubia ere eta baratzen aldamenetik segitu zuen Uralmendiraino, bere auzuneraino.

Atea zabaltzeaz bat aditu zuen sukaldetik zetorren tortilla usaina.

— Gose izango zara ba —agurtu zuen amak.

Kid Larreak ez zion erantzun. Harraskan zegoen urez beteriko lapikoa alboratu, atorra erantzi, txorrota ireki eta garbitzeari ekin zion. Ertz zuritutako xaboi marroi puskaz igurtzi zituen gogoz besoak, lepo aldea eta bularra.

— Gaur ere korrika saioa al daukazue?

— Bai —erantzun zion, xaboiak eragindako azkura artean begietan mingarri, eta amak eskainitako xukadera maiztua onartu zuen.

— Tortilla gertu daukazu. Aita etorritakoan afalduko dugu besteok.

Berehalako batean amaitu zuen, presagatik baino, lanetik gosetuta heldu zelako. Eta nekatuta.

— Gustura geratuko nintzateke hementxe, bertotik altxatu gabe —zizpuru egin zuen Kidek, esku biez tripaldea laztantzen.

— Geratu orduan. Deskantsatu apur bat.

— Ezin dut. Honezkero zain edukiko dut Leon tabernan. Bihar aprobetxatuko dut. Lo kuluxka egingo dut bazkalostean.

Barra ondoan ikusi zuen, Uzkudunez ozen berriketan.

— Han ibili nintzen neu ere: Buenos Aires, Mexiko, Habana... —esaten ari zen Leon.

Larunbata zen. Jendea erruz zegoen Los Riojanos hartan. Barrako txikiteroez landa, mahaiak ere beterik ageri ziren, ke laino batek bilduak jokalariak. Musean ziharduten denek, aldameneko kuarteletik etorritako guardia zibilak salbu. Haiek dominoko fitxak mugitzen zituzten karten ordez. Trikorniorik gabe ere, hartan ezagun zuten zein ziren.

— Hi, German, jarri egiok beltz bat txapeldunari —hots egin zion Leonek barraren muturrean zegoen tabernariari, Kid sartzen ikustean.

Leonek ez zuen bere mutilek edan zezaten gustuko, baina jai bezpera zenez gero, egoki iruditu zitzaion ardo poxi bat bederen.

— Zenbat aste geratzen dira? —tabernariak, edalontzia Kidengana bultzatuz.

— Hiru —argitu zuen Leonek—. Abenduko lehen igandean izango duk.

Kezka pittin bat nabaritu zuen tabernariak Leonen hitzetan, eta Kiden prestatzailea lasaiarazten ahalegindu zen:

— Borrokaldi guztiak k.o.z irabazi dituenak dena izaten du bere alde.

— Ez dago kuidadorik! —irribarre txikia agertu zuen Leonek aurpegi urratuan eta barraren atzeko paretako prentsa argazki horiztatuei so geratu zen.

Haiei begira zegoen Kid ere.

— Hiru aste barru nirea ere ipini beharko duk! —iragarri zion tabernariari, profesionaletako estreinako borrokatik garaile irtengo zelako komentzimenduaz.

— Hala izango bada, has gaitezen lehenbailehen lanean —Leonen ahotsak eten zuen Kiden ametsaren haria.

Barra gainean utzi zituen txanponak eta bizkarretik oratuta atera zuen boxeolaria.

Korrika saioak Pradon egin ohi zituzten. Haren erdian jartzen zen prestatzailea eta handik zaintzen zuen Kiden martxa. Bere aurpegiarena bezain maiztua zeukan larruzko zamarrako sakel barnetik tabakoa eta papera atera eta zigarreta luzeska biltzen zuen, begi erneak beti boxeolariarengan finko.

— Arinago Kid, arinago! —zigarreta ahotik kendu gabe oihu egiten zion—. Lotan hago!

Baina ez zegoen lotan, eta ez gogo faltaz. Izerdia bekokitik behera zetorkiola, arnasa ito beharrean hartuz eta hanka-pilotak suminduta zituela, laster amari erosi ahal izango zion irratiarekin pentsatzen zihoan, beste bigarren amets batekin batera: Aranzabalenera joateko goiz esnatu beharko ez zuen eguna eta handik aurrera bisitatuko zituen hiriak: Habana, Mexiko, Buenos Aires... Leoni entzundako hiriak, Uzkudunen ukabilen izugarria ezagutzen ari ziren berberak.

Hotz zegoen. Salto txikiak egin behar zituen prestatzaile konkortuak, berotuko bazen. Eskuak sakeletan, jauzika, ezpain ertzeko zigarretari zerion keak begiak ongi zabaltzea eragozten ziola, ez zeukan samurra Kiden ibilbideak bistatik ez galtzeko. Gaztainondoek ezkutatzen zioten, Senda pasealekuko farol bakanetariko baten ondotik igarotzean baino ezin ikus zezakeen argi. Mutilak ere ahoan zigarreta zeramala zirudien. Urrun egon arren, hatsanka zihoala sumatzen zuen Leonek. Gero eta luzegoak bilakatu ziren bi pasaeren osteko joan-etorriak. Aste osoko nekea gainera erori zitzaiola pentsatu zuen prestatzaileak.

Alferrik ari zirela deliberatu zuen eta egin beharrekoa biharamunean hobeto eginen zutela. Gelditzeko agindu zion oihuka.

— Ez zakiat zer gertatzen zaidan gaur.

— Altxa hortik segituan, hoztu nahi ez baduk.

— Pott eginda nagok, Leon.

— Pott eginda? Alcantara piztia txar horrek utziko hau pott eginda horrela segituz gero.

— Zer esan nahi duk?

— Ezer ere ez. Hi orain ohera, eta biharko gaurkoa ahaztuta —erantzun zion, lepobueltan zeraman xukadera hartu eta boxeolariaren aurpegia igurtziz—. Goizeko hamarretan Los Riojanosera bildu eta gimnasiora joango gaituk.

Eskuak babestu, noizbait berriak izandako eskularruetan sartu eta aldagelatik irteterako, baziren beste boxeolari batzuk jadaneko lanean. Punchinga ezker-eskuin kulunkan zebilen, norbaitek gogotik kolpatu berri zueneko seinale. Hari jo eta ke jarri zuen Leonek hasieran.

—Gogorrago jo behar duk! Profesionalak ez dituk orain artean ezagututakoak bezalakoak. Harrizkoak dituk, Kid, eta harria pitzatzekotan, gogorrago jo beharko duk!

Larruak larruaren aurka ateratzen zuen klaskada entzuteari guztiz emana zegoen Kid, zentzuak oro hartan jarrita. Zartada bakoitzean bere indar osoa husten saiatzen zen, aste gutxi barru buruz buru izanen zuen Alcantara arerioaren bisaia irudikatzen, hura gorrotatzen. Baina ezin zuen. Ezin zuen Alcantara irudikatu, nahiz eta Berastegi jaunak behin batean haren argazkia erakutsi izan zion. Eta hortaz, ezin zuen beharbeste gorrotatu.

— Gogorrago, gogorrago! —errepikatzen zion prestatzaile zaharrak.

— Bai —doi-doi erantzuten zion arnasestuka, lanari utzi gabe.

Puchingean bukatu zutenean, ispilu aurrean paratu zuen Leonek.

— Kontuz oinekin. Balantzaka ari haiz. Ez ahaztu dantzan egin behar duala. Dantzan-dantzan, La Floridan hire marizikin horietako batekin ariko bahintz bezala!

Blanca gogoratu zitzaion orduan.

— Ezker, ezker, eskuin —kantatzen zion prestatzai leak.

Ezker, ezker, eskuin luzatzen zituen besoak, ukabilkadek buru bat jomuga. Elastiko gris-urdina izerdiak bustita soinean, aitaren galtza zahar batzuetatik amak jositako fraka motz zabalez jantzirik, apretak oinetan, hormetako argazkikoen antz txikia hartzen zion Kidek bere buruari. Eta ganora handiagoz altxa eta jaitsi, luzatu eta atzera erakartzen zituen orain besoak, ondo baitzekien hartan jarraitu beharko zuela, bere bidea ukabilkadaka zabaldu beharko zuela, baldin eta argazkietako haiek lorturik zeuzkaten ospea eta aberastasunak lortuko bazituen.

— Bat, bi eta eskuin. Bat, bi eta ezker...

Goizeko bigarren lana burutu ondoren, hirugarrenaren txanda heldu zen.

— Nori esango zioagu? —galdetu zion Leonek, bildu berri zuen zigarreta piztuz.

Kidek ingurura begiratu zuen. Jende gutxi zegoen ordurako. Sokasaltoan ari ziren hiru lagun ate ondoko zokoan, beste pare bat puching inguruan zebilen eta bakarra ispilu aurrean.

— Ortegari, adibidez?

— Ez, Ortegari ez. Astapotroa duk hori. Ukabilak izan ezik, beste edozer erabiltzen dik horrek: hankak, burua, edozer. Horrekin kontuz ibiltzen ez bahaiz, mailatuta utziko hau konturatu orduko.

— Teori orduan.

— Teori? —harritu egin zen Leon.

— Bai. Hortxe zagok.

Ate aldera begiratu zuten biek, handik eskuaz agurtzen zituen mutilarengana, hoteleko uniformez jantzirik. Deitu egin zioten.

— Tira, bai —erantzun zuen mutilak—, kontuz erabiltzen banauk...

Bizkor igo ziren sotoaren erdian hamabi sokek mugatzen zuten barrutira.

— Lasai, Teo —kopeta ukitu zion Kidek—, round gutxi batzuk besterik ez dituk izango.

Leonek betiko aholkuak egin zizkion denbora osoan.

— Ez hadi hor geratu eta hartu tokia. Irten bazterretik, irten. Igo guardia, igo guardia, babestu burua —esaten zion ohikeriaz, ahotsa altxatu gabe, errosarioaren letaniak aletzen ariko balitz bezala.

— Ondo Teo, ondo. Gero eta polikiago boxeatzen duk —eskertu nahi izan zion Kidek bere lagunari, azken roundean.

Kid ringetik jaitsi eta masaje-kamainan etzan zen. Fresko zegoen, aurretik bertan egondako gorputz baten figura antzeman zitekeen arren haren larruan.

Besogainak laxatzen ari zitzaion Leon, Berastegi azaldu zenean. Pozik zetorren.

— Zer moduz dago txapelduna gaur? —galdetu zuen feltrozko kapela erantzi ondoren.

Prestatzaileak alkohol usaina aditu zuen gizon dotorearen hatsean.

— Hainbestean —erantzun zion Leonek, kamainan zetzan Kiden ordez.

Ia boxeolarien erara mugitzen zen Berastegi, salto txikietan kasik, sotoko hormekin zein gauzekin bere traje beltza marra finekoa zikintzeko beldur izanen balitz bezala.

— Perfekto orduan. Altirekin egon nauk eta ziurtatu zidak sarrerak borrokaren eguna baino lehen agortuta egongo direla —azaldu zien, eskuak bata bestearen kontra igurtziz, aldarte onean.

— Zerbait entzun al duzu Alcantara delako horretaz? Ezkerra dela esan digute eta... —jakinmina eta kezka nahasirik antzematen zitzaizkion prestatzailearen ahotsari.

— Hi trankil, Leon. Horrekin ez zagok ikaratu beharrik.

— Noski, noski.

Masaje saioa bukatutzat eman eta janztera bidali zuen mutila. Ostera hoteleko uniformez jantzita aurkitu zuen Teo, ilea orrazten.

— Lanera joan behar al duk gaur ere? —galdetu zion Kidek.

— Bai motel, eta lehenbailehen gainera. Berandu samar nabilek. Zer egin behar duk hik?

— Bazkaldu eta lo kuluxka. Neka-neka eginda nagok, txo. Eta gero Principera joango nauk.

— Bakarrik?

— Los Riojanosen norbait elkartzen ez bazait bai, bakarrik.

— Eta Blanca?

— Hura hi bezala zabilek, lan eta lan. Doña Elvira madarikatu horrek aurkitu dik aitzakia ederra: nola dantzaldirik ez dagoen...

— Horiek zeukatek azala, hire nagusiaren lagun horiek!

— Hor kanpoan zagok Leonekin hizketan. Hire nagusiarekin egon dela esan ziguk. Sarrera gutxi geratzen direla kontatu ziok. Zer iruditzen?

— Ondo, ondo. Ikus dezatela zer egiteko gauza haizen. Hasi eta k.o. utziko duk, aurreko guztien modura.

— Ahaleginduko gaituk, Teo.

Gisa berean igaro zituen borrokaldia bitarteko asteak ere, boxeoa baino besterik ez zuela ganbaran. Lanetik irten, Leonekin bildu eta gimnasiora. Egun handirako prestaketetan buru-belarri sarturik, ez zuen Blanca ikusteko tarterik hartu. Ez zuen ahantzi, ordea.

Sarritan oroitzen zen Aranzabalenean lanean ari zela. Astelehenetan batik bat. Bezperako filmea buruan berritzen zuenean, Blancarengana hegaldatzen zitzaion gogoa, edozein kolpe baino mingarriagoa baita haragimina. Baina segituan aldatzen zuen hegaldia akorduak eta Principe antzokian gogoratzen zuen bere burua, gerra aurrean, bere estreinako borrokaldian. Arabako txapelketa izan zen. Oleaga, Valeriano eta Dante izan ziren txapeldunak. Eszenatokian ipini zuten ringa. Berak ez zuen txapelketan parte hartu, exhibición sailean baizik. Zuazo izeneko bat izan zuen egun hartan aurkari. k.o.z nagusitu zitzaion, jakina. Hirugarren roundean.

Eta, hala bada, heldu zen azkenean pisaketa ofizialaren eguna. Larunbata zen, eta eguna libre eskatu behar izan zuen lantegian.

— Noski, Larrea —esan zion nagusiak—, galdutako eguna ere ordainduko dizugu. Zu joan lasai eta astelehenean garaile itzuli —eta bizkarreko bat emanez agurtu zuen.

— Irabazita daukak, Kid! —animatu zuten lankideek ere.

— Han izango gaituk denok. Entzungo gaituk ringetik, egon seguru.

— Zirt-zart, Kid! Alua txikitu eta sosak jaso. Eta gero zerbait edatera gonbidatuko gaituk, ezta?

Frontoian egin zen pisaketa, borrokaldia izanen zen leku berean. Jende ugari hurbildu zen: Berastegi eta bere kideak, antolatzaileak ziren aldetik; boxeo federazioko ordezkariak; Gasteizko poliziburua eta aguazil bat; El Pensamiento Alavés eta eaj 62-Radio Vitoriako kazetariak; kurioso eta alfer andana...

Igandeko jantziak soinean, ilea olioztatu eta ongi orrazturik agertu zen Kid Larrea, Leonek lagundua, hura ere apain-apain.

Pisu beretsua eman zuten, welter beteak biak ala biak. Bera baino zabalxeagoa zen Alcantara sorbaldaz.

Kidek arerioaren aurpegia aztertu zuen: urradura txiki bat goi ezpaineko eskuineko ertzean, baina bekainetan urratu edo antzekorik batere ez.

Alcantararen ezkerrekoaz gogoratu zen orduan.

Baina eskuinekoa baino ez zion ezagutu ahal izan, elkarri bostekoa ematean. Jarrera hartan egon ziren hamar bat segundoz, argazkilariak bere lana bete zezan. Harmailetako biztanleek zein baskula ingurukoek ere txaloak jo zizkieten. Eta jende artetik oihu egin zuen norbaitek:

— Aupa Kid!

Berastegi-eta esne mamitan zeuden. Sarrerak ordurako salduta, harro zebiltzan alde batetik bestera, beren beroki luzeak dantzatzen.

— Zer iritzi diok kontrarioari? —galdetu zion bere aldamenera heldutakoan.

Une batez isilik geratu zen Kid Larrea, ezin jakin zer erantzun. Zer iritzi? Ez zeritzon ezertxo ere. Bere antzeko mutila zen, itxura arruntekoa, zaharxeagoa irudi. Besterik ez. Zer iritzi behar zion, beraz?

— Ez dakit —irten zitzaion.

— Ederto, ederto —Berastegiri atsegin izan zitzaion boxeolariaren ihardespena nonbait—. Bihar irabazi eta Espainiako txapelketaren finaleraino eramango haugu. Plan handiak egin ditiagu hiretzat. Espainiako txapelketa baino gehiago ere bai agian. Nork jakin!

Leon prestatzailearengana jiratu zen Berastegi ondoren eta hari ere galdetu zion:

— Entzun al duk gure mutilak esan duena?

— Bai, entzun dut.

— Eta zer uste duk?

— Mutil arrunta. Baina gutxi fida. Okerrenak horiexek izaten dira. Gizajo piuraz etorri, muturrekoak banatzen hasi eta ohartu orduko ahuspez zaude lurrean.

— Hi beti kopetilun, Leon! Baduk meritua gero —barre egin zuen Berastegik—. Bihar aldatuko zaik aldartea sosak kontatzerakoan —eta feltrozko kapela jantzi zuen kaskoan.

— Hala bedi.

Hotel Frontonera zerbait edatera joateko Berastegik egindako gonbitea ez zuen onartu nahi izan Leonek.

— Fresko egon behar dugu denok bihar goizean —ar gudiatu zion, bere mutila kalerako aterantz bultzatuz.

Arratsalde hartan ez zuten eguneroko El Pradoko korrika saioa egin. Gimnasioan elkartu ziren biak bakarrik, biharamuneko estrategia argi finkatzeko.

— Ordua da —iratzarri zuen amak.

Kostata hartu zuen loak gauean. Urduri samar egon zen, baina kontentu, oso kontentu, bazekielako ordu bakan batzuk geroago bere ametsak gauzatzen hasiko zirena. Eta pozik itzarri zen, amak "ordua da" esan zionean.

Esku ahurrak kokotean gurutzaturik zituela, Kid pentsakor geratu zen. "Triste egon al da beti?". Horra bere buruari egin zion galdera. "Jakin izan al du inoiz irribarre egiten?".

Ohe ondoko aulkian amak utzitako arropak jaso zituen. Zain zeuzkan denak sukaldean. Aita, anaiak, aupaka hasi zitzaizkion, gosariak mahaian utzita. Sekula baino bizkorrago zeuden.

— Lehen aldia da igandez protestarik egin gabe jaiki direna —esan zion amak.

Denak joanen ziren frontoira. Berastegik berak bidali zituen sarrerak etxera.

— Neuzkan onenak bidali dizkizuet —jakinarazi zien Berastegik.

Gosaldu ondoren, zorroa hartu eta Los Riojanosera jaitsi ziren aita-semeak, bezperan Leonekin hitz egin bezalaxe.

Goiz eta igandea izan arren, beteta zegoen taberna. Auzoko erdiak bertan zeuden. Txaloka hartu zuten Kid. Harro zihoan aita. Leon ere han zegoen jadaneko, barraren muturrean, edalontzi txiki bete pattar aurrean zeukala.

— Zer hartu nahi duzu, Larrea jauna? —galdetu zion prestatzaileak.

Jendea isildu egin zen.

— Ezer ez, eskerrik asko —erantzun zuen—. Ospakizunak geroko utziko ditugu.

— Horixe! Konbatearen ondoren denak gonbidatuta zaudete! —ozen iragarri zuen German tabernariak, bezeroen biben artean.

Eguraldiak taberna barruko giro alaiarekin bat egin nahi izanen balu bezala, eguzkia sartu zen bat-batean leihoetako kristal zikinetatik. Eta indarrez ere sartu zen, norbaitek atea bultzatutakoan.

— Teo! —ezagutu zuen Kid Larreak.

— Zuen bila etorri nauk ugazabak aginduta. Martxan diat autoa kanpoan.

— Goazemak bada —erabaki zuen Leonek, bere mutila bizkarretik helduta.

Hotel Frontongo jabearen Citroën beltzari erreparatu zioten miretsirik Kid eta Leonek. Atzealdean eseri ziren biak, Teok hala eskatuta. Tabernako guztiak, German tabernaria barne, kanpora irten ziren eta istilu batean agurtu zuten Castilla kalerantz bistatik galdu zen autotzarra.

Hotelera iritsi zirenean hamaika bider jo zuten San Miguelgo kanpaiek. Hoteletik barrena sartu ziren frontoira. Aldageletan, Berastegik berak eman zien ongietorria.

Kidek etxetik ekarritako zorroa mahaiaren gainean husten zuela, ez presatzeko eskatu zion Berastegik. Berak emanen zion zer jantzi. Maletatxo batetik atera zituen Everlast markako galtza motz gorriak, kolore bereko botak eta bata beltza, bizkarrean urrezko letretan Kid hitza brodaturik zeukana.

— Eskerrik asko —esan zuen Kidek ozta-ozta, ezusteko handia hartuta.

— Hoa ispilura, gizona! —agindu zion Berastegik—. Begira zein txapeldun planta daukaan!

Ispilua zatika lausoturik egonagatik, Kidek ongi ederretsi ahal izan zuen bere itxura. Boxeolariak ukabilak sudur parera igo, ezkerreko hanka aurreratu eta eskuin crochet ikaragarria jaurtiki zuen airera.

Maite zuen ikuskizuna. Bere poza, hala ere, itzali egin zen une batez, aurrean zuenaren eskuin bekainaz ohartutakoan, unetxo batez baino ez.

— Joe Louis ematen duk!

Irribarre lotsatua itzuli zion Kidek Berastegiri.

— Masajerik nahi al duk? —galdetu zion Leon urdurituak.

Ezetz erantzun zion, animoz beterik egon arren, bera ere pitin bat urduri zegoelako. Eta Blancaz oroitu zen. Ez zen bertan egonen, berari aupaka, lagun eta lankide eta auzokoak izanen ziren moduan. Eta amaz ere oroitu zen, sukalde txokoan bakarrik eserita, Kid noiz etxeratuko zain. Haientzat irabazi behar zuen. Haiengatik irabaziko zuen. Alcantarak mutil jatorra zirudien, baina zoritxarrez bakar batek irabaz zezakeen.

Txistuak eta esku zartak entzun ziren, aldagelatik irten eta frontoirako pasabidean abiatutakoan. Oilo-ipurdia jarri zitzaion jende artera agertu zirenean. Frontoia jendez mukuru zegoen. Giroan nabaritzen zuen harmailetako guztiak alde zeuzkala. Bihotz ematen zioten ahotsetako batzuk ezagutu eta atseginez agurtu zituen Kidek.

Leon bere aitzin igo zen eta sokei eutsi zien boxeolaria igo zedin. Ringetik ikusi zuenak benetan hunkitu zuen. Bai, ez zegoen dudarik, jendea bere alde zegoen. Leonek bata eranzten lagundu zion eta ring erdira deitu zituen epaile burusoilak.

— Astiro hasi, kontrarioa aztertu —Leonen azken aholkuak aditu zituen epailearengana zihoalarik—. Kid, ez ahaztu: ezkerra aztertu jotzen hasi baino lehen!

Alcantarari artega zegoela igarri zion Kidek, itxi eta ireki baitzerabiltzan begiak. Eta Kid? Bera batere ez.

Kanpaia entzun zen. Isiltasuna egin zen lipar batez, bat-ba tean frontoia hustu egin izan balitz bezala. Eta berehala berriz txistuak, txaloak eta harrabotsa.

— Jose Maria Larrearen aita al zara?

— Bai, neu nauzu.

— Ayala doktoreak zurekin hitz egin nahi du. Etor zaitez nirekin.

Ospitaleko pasabidean barrena desagertzen ikusi zituen Leonek Kiden aita eta moja.

Lur jota itzuli zen.

— Korderik gabe dago oraindik —besterik ez zion esan Larrea zaharrak Leoni.

Bi aste geroago, ospitaletik atera eta gurasoenera eraman zutenean, irratirik gabe jarraitzen zuen Uralmendiko etxeak. Ospitalera bezala, Leonek etxera ere sarri egiten zion bisita. Baina denborak aurrera egin ahala, bere boxeolaririk erne eta kuttunenari, txapeldun izanen zelako itxaropena piztu zion mutilari deus ere ulertzen ez ziola etsita, bisitaldiak bakandu zizkion, harik eta joateari erabat utzi zion arte.

Kid Larrearen atzetik oihuka eta trufaka ibiltzen ziren ume mokoei errieta egiten zieten auzunean.

— Baina, baina. Ez al dakizue nor den inozo eta tentel deitzen diozuen hori? Hogeitik gora borrokaldi irabazia da, k.o.z den-denak!

Egun oso sargoria izan zen 1941eko uztailaren hemezortzigarrena Gasteizen. Bero sapa zegoen, eta Dato kaleko kafetegietako mahaiak San Miguelgo hamabietako meza nagusitik irten berriek hartuta zeuden. Halaxe zeuden Café Suizokoak ere, bikote gazteez, familia osoez beterik.

Eta denak, are umeak ere, jaiki egin ziren eserlekuetatik eta agur erromatarra eginez altxatu zuten eskuin besoa, Postas kaletik etorri eta Dato kaletik gora zihoan banda militarra Cara al Sol jotzen hasi zenean.

Sudur zapaleko gizon gazte bat eserita geratu zen, ahoa zabalik, beheko ezpainetik adur hari bat zeriola, begiak kristalezkoak irudi.

Besoa gora altxata zeukanetariko batek eserita jarraitzen zuela ikusi zuen eta gainera oldartu zitzaion amorraziozko deiadar batean. Irainka, zemaika, madarikazioka eta kolpeka jarraitu zuen behin eta berriro. Eta berdin ekin zioten bibote fineko gizon koleratua laguntzera hurbildu zirenek ere. Ostikoka erabili zuten lurrean.

— Hi, Alvarito, hator hau ikustera! Ez al da hori Espainiako txapelduna izan behar zuena?

— Hara, Añua, memoria bikaina daukak gero! —harritu egin zitzaion teniente uniformez jantzitako bere adiskideari Berastegi, aurpegia odolez estalitako haragi puskari irribarretsu begira—. Bai, Añua, fisonomista ederra egina hago, alafede!

— Hire mutil horrek, antza, ezin dik k.o.rik gabe bizi!

 

Erne ibili beharra zagok

Ofeliaren lehendabiziko gutuna ireki zuenean, ezerk ez zion aditzera eman ekintza arrunt hark gerora ekarriko zion aztoramendua.

Egunero dozenaka irekitzen zituen Castrok. Milaka igaro ziren bere eskuetatik aurreko ia hamabost urteetan. Eskutitzen bat aukeratu eta, xiringaren bitartez, lurruna gutunazalaren barruan sartu, zabaldu, gutuna atera, irakurri eta interesgarritzat jo ezean, atzera sartu, gutunazala itxi eta deus gertatu izan ez balitz bezala uzten zuen, bere bidea lasai jarrai zezan. Hala izaten zen gehienetan, gutxi baitziren kopiatzea merezi zutenak, eta gutxiago, bakan batzuk besterik ez, estatuari arriskua zekarkiotelako bertan bahitu beharrekoak. Erregimenaren aurka zebiltzanek, noski, ez zuten posta erabiltzen elkarren berri izateko. Beraz, postetxeko sotoetako gela hartatik pasatzen zirenetan nekez aurki zitekeen inoren arreta erakartzeko moduko mezurik.

Zumezko saskietan metatu eskutitz haiek guztiek elkarren antz ikaragarria zuten. Eguraldiaz mintzo ziren, lanaz eta nekeaz, sortu eta zendu berriez. Langintza hartan urte andana emandakoa izaki, ondo zekien zein berdintsuak ziren gizasemearen sentipenak. Sailkatzekotan, bizpahiru multzotan antolatu ahal ziren bere irudiko: diruarena, osasunarena eta maitasunarena, bolada hartan guztien ahotan zegoen kantak zioen moduan.

Hastapenetan, giza aberearen miserien bistan gozatu izan bazuen ere, kontu hits haiek aspertu baino ez zuten egiten aspaldian. Doi-doi irakurtzen zituen orduan. Ireki, lehenengo lerroak leitu, erdialdera jauzi egin eta handik zuzen bukaerara jotzen zuen. Hala behin eta berriro.

Eskutitzak hautatzeko bidea zeharo arbitrarioa zuen. Batzuetan, gutunazaleko itxurari egiten zion kasu. Beste batzuetan aldiz, bidaltzailearen idaztankerari. Hainbatetan, zenbaki bat hautatu eta haren arabera jokatzen zuen. "Sei" berekiko esan eta eskuetara iristen zitzaion seigarren gutuna zabalduko zuen; eta hura ostera hertsi ondoren, prozedura bera erabiliko zuen berriz ere, aspertu arte.

Ofeliarena, aitzitik, ez zuen halabeharrez hautatu. Bosgarren eskutitzak irekitzen ari zen, gutunazal urdinska hura azaldu zenean. Ez zen bosgarrena ordea, laugarrena baizik, baina atzealdea hutsik izateak eman zion begietara. Beste edonorentzat oharkabean pasatuko zen zehaztasun hura aski izan zen bere jakinmina pizteko. Zer zela-eta, bidaltzailearen izen-abizenei eta helbideari zegokien tokian deus ez agertzea? Hargatik aukeratu zuen.

Honela zioen lehendabiziko gutun hark:

Arturo maitea, gaur ere ikusi zaitut. Zuk ere ni ikusi nauzu, seguru nago. Ezikusiarena egin eta, ni zure albotik igarotzerakoan, beste aldera begiratu duzu. Konturatu naiz, ez uste, egunero konturatzen naiz. Ez dit ardura baina. Ohituta nago. Edonora begira dezakezu, ezagutzen ez nauzula itxura egin, gura duzuna egin dezakezu niregatik. Zureak nireekin biltzeari uko egiten badiozu ere, trankil nago, beti gogoan daukat-eta zure begien kolore berdea. Beste edozein gauza ahaztuko zait, sekula ez hori. Zure begiak barik, zure gorputzaren zati bakoitza dut akorduan argi, guzti-guztiak. Horregatik ez dit ardura handirik. Zu ukitu ahal izatea gurago nuke, jakina, zure ezpainak musukatu, zure ilea laztandu. Besterik ez dut amets, besterik ez diot eskatzen Ama Birjinari. Nire ametsetan, neu naukazu arratsalderoko osteratxoan laguntzen zaituena. Eskutik oraturik goaz eta gure maitasunaz berba egiten dugu.

Txakur ametsak irudituko zaizkizu, barregarriak, andre txolin baten asmakeriak. Berriz diotsut, ez dit ardura. Egunen batean zure okerraz jabetuko zara eta ikasiko duzu eskaintzen zaizun amodioa preziatzen. Egun horretan zain edukiko nauzu, besoak zabal-zabalik zure esperoan. Ez, ez dizut gorrotorik edukiko. Niregan maitasuna baino ez duzu topatuko. Zatoz bada, lehenbailehen, bihotza, zatoz.

Bihar berriro ere ikusiko zaitut eta iluntzerakoan, San Miguelen, denon ama ona den Ama Birjinari zure alde otoitz egin ostean, papera hartu eta zuri idazteari ekingo diot atzera. Ez dut presarik, luze itxaron ahal zaitut oraindino, niregana bihurtu arte bai behintzat.

Milaka musu bidaltzen dizkizu beti eta osotoro maite zaituen honek.

Ofelia.

Bi egun geroago beste gutun bat azaldu zitzaion. Zabaldu gabe ere, bazekien emakume erromantikoarena zela. Idazkera eta gutunazalaren kolore urdinska berak, bidaltzailearen zehaztasunik ezak, orok uzten zion agerian eskutitzaren jatorria. Bukaera aldean Ofelia izena agertu izan ez balitz ere, jakingo zukeen.

Aurrerantzean gutun gehiago agertu zitzaizkion, ez egunero, baina bai astean bitan gutxienik. Alde txikia zegoen batetik bestera. Ofelia misteriotsuak bere ametsetako gizonari egindako maitasun aitormenak ezberdinak eta ugariak izan arren, luze gabe hasi ziren errepikatzen.

Hasiera batean eskutitzak noiz azalduko erne egon izan bazen ere —denbora pasa alde asmaturiko jolas berritzat hartu zuen, ordura arte zenbakien bitartez egindakoen antzerakotzat—, begi itxietan aurkitzeko gai zen laster. Eskura etortzen zitzaizkion, magnetismo bitxi baten jabe balitz bezala.

Aldatzen hasi zen emakume harenganako jarrera. Sentimendu bortitzez eta esaldi sutsuez beterikoak ziren eskutitzak artean. Eta haien indarra ez zen ahuldu, ez grina apaldu. Pasio berbera zerien. Baina, barrerik eragin beharrean, zer pentsatua ematen zioten.

Arturo Lopez de Munain, gutun pilo haren jasotzailea, gizon baketsua zen, antza. Komisaldegian behintzat, halakotzat zeukaten. Ezkondua, lau seme-alabaren aita, kristau zintzoa, Paz karrikako janari-denda baten jabea. Guda garaian ez zen soldadu ibili, baina bere familia dirua emana zen gurutzada santuaren alde. Bertako agiri eta artxibategiak taxuz arakatu izanagatik, Castrok ezin izan zuen aurkitu susmo txarrik eragin zezakeen ezer. Aitzitik, jasotako informazioaren arabera, hiritar eredugarri baten aurrean zegokeen.

Deusek ez zuen lagundu Ofeliaren gaineko berri topatzen.

Bere kabuz egin zituen lehen ikerketak, inoren laguntza eskatu gabe, beldur baitzen ez ote zuten zorotzat joko, zertan ziharduen inori kontatuz gero. Nagusia mintzatzen zitzaion aldi bakanetan esan ohi zionez, berebiziko garrantzia zeukan bere lanaren sekretuak, komunistek eta masoiek ere posta erabiltzen omen zuten-eta beren makurkeriak antolatzeko.

— Castro, jendaila gorri horretaz ez zagok fidatzerik! Erne egon behar diagu beti —ohartarazten zion.

Urteak ziren, ordea, zalantzak indarra hartua zuela, ez zituela oso aintzat hartzen nagusiaren hitzak. Baina Polizian zeraman urte piloa eramanik, ondo baino hobeto zekien ahoa itxita edukitzen, aburuak bere kolkorako gordetzen.

Leihorik gabeko soto hartara kondenaturik zegoelakoan, ulertezina zitzaion zigor baten menpeko ikusten zuen bere burua. Urtebete, bi urte, hiru urte bertan egotea normaltzat har zitekeen. Ia hamabost urte lantoki heze hartan irauteari berriz, sotoa bera baino hagitz goibelagoa zen mendekua zeritzon. Inongo logikarik gabekoa bestalde, bere bekatua zein izan ote zen hausnartu arren, zertan huts egin zuen ezin asmaturik baitzebilen.

Jubilatzeko urte t’erdi besterik falta ez zitzaiolarik, halako pentsamenduak uxatzen saiatzen zen eta gogoa beste zernahi kontutan jartzen. Beranduegi beste ezer egiteko. Beharbada hargatik jarraitu zuen Lopez de Munainekin buruan bueltaka, entretenitzearren.

Komisaldegiko txostena irakurrita, harekiko susmoak baztertu eta ikerketa burututzat jo bazuen ere, denbora igaro ahala, eme baino taigabe, zalantzaren harrak zuloa egin zuen bere baitan. Egun batzuk lehenago komisaldegian leitutakoak argi uzten zuen Paz karrikako dendariaren zintzotasuna. Ustezko zintzotasun hark, txostenaren garbiak hain zuzen ere, harritzen zuen Castro gehien, harexek bihurtarazten zuen dendaria susmagarri bere begietara.

Ondo zekien ez dagoela inor munduan ezer ezkutatzeko ez daukanik. Eta horrela, harenak asmatzen ahalegintzen zen sotoko ordu bukagaitzetan: maitaleren bat izanen zuen, hiritar leial eta aita eredugarri haren gibelean komunista amorratu bat zegoen menturaz. Eta harekiko obsesioa hainbesterainokoa izatera heldu zen egunak joan ahala, non kartzelaren paretik pasa zen eguerdi batean bertako atea zaintzen zuena ezagutu, hurbildu eta galdetu zion:

— Ezagutzen al duk horko dendaren jabea?

— Lopez de Munain jaunaz ari haiz, ezta?

— Bai...

Zibilak esan ziona eta txostenak aditzera emandakoa bat zetozen funtsean. Gauza bakar bat atera zuen solasaldi hartatik:

— Pilotazale amorratua duk. Igandero joaten duk frontoira.

"Jokozalea haiz orduan!", poztu zen Castro. Harrapatuta zeukan, azkenean topatua zion koska.

Hurrengo igandean frontoira azaldu zen, goiz, leku egoki baten bila. Atetik hurbilen zegoen harmailan eseri eta Lopez de Munainen atezuan geratu zen, emaztearen hitz sinesgogorrak artean belarrietan zituela.

— Bizitza osoan ez zara ezta fubol partidu bakar bat ikustera joan eta frontoira joan nahi duzu gaur? —erretxindu zitzaion, bere asmoak jakin eta iganderoko bazkalondoko lo kuluska ere ahantzi zuela ohartutakoan.

Harmailen erdia hutsik zegoela ikusirik, arratsalde hartakoa garrantzi txikiko partidua izanen zela pentsatu zuen polizia zaharrak. "Beharbada ez da gaur azalduko", kezkatu zen jakako barne sakeletik ateratako ordulariari so.

Pilotariak irteten ari zirelarik agertu zen Lopez de Munain frontoira. Habanako ederra zekarren hortz artean. Begiradaz jarraitu zion Castrok bere talaiatik, eta begiradaz zaindu zuen, maila batzuk apalago eseri zela, partidua bukatu zen arte. Debaldetan. Hogeita bira heldu eta ezin izan zuen harengan deus susmagarririk igarri. Apustu egin zuen arren, jarritako dirua hain izan zen gutxi ezen igandeko denborapasa kaltegabetzat jo behar izan zuen poliziak. Pittin bat etsiturik, hura aldamenetik igaro arte itxaron eta atzetik joan zitzaion, San Prudencio karrika betetzen hasiak ziren igandez jantzi gizon haietako beste bat bezala.

Karrikarako bidean bere adin eta itxura beretsuko bi lagunekin elkartu zen Lopez de Munain. Ezkerrerantz abiatu ziren, Dato karrikara. Ari zuen xirimiriari ezaxola, solasean. Nekeza zitzaion Castrori hain poliki ibiltzea. Izkinara iritsi zirelarik, eta berak uste zuenaren kontra, aitzina segitu zuten. Iruña kafetegira.

Eserita zegoen mahaitik ongi ikus zitzakeen hiru lagunak. Beltza edaten zuten. Kafea eskatu zuen berak. Leku handia zen hura. Barra aldeko ingurua izan ezik, mahaiez beterik, zutabe ugarien inguruan paratuta zeuden eta familiek hartuak gehienak. Fubol emaitzak zerrendatzen ari zen irratia.

— Zer egin du Alavesek? —galdetu zion ordaintzeko deitu zerbitzariari.

— Galdu, betiko legez.

Txanponak bildu eta kanpora joateko prestatu zen. Lopez de Munain, lagunak agurtu eta karrikaratua zen ordurako. Haren atzetik joateari lotu zitzaion berriz ere Castro. Paz karrikan utzi zion hari jarraitzeari, Lopez de Munain-Ul tramarinos zioen kartel hori-urdinaren parean.

"Igandea alferrik galtzeko modu ederra", amorratu zen, berak ere etxerako bidea harturik.

"Nire bihotzaren ugazaba", liluratuta zegoen Ofeliaren gutunen esaldiak irakurriz, "nire kuttuna". Eta polizia kide gazte bati erakutsi zion bere sekretua.

— Zer iruditzen zaik?

— Burutik hagoela.

Gutunak heldu arau, aldatuz joan zen Ofeliaz zuen iritzia. Hastapenetan andre buru arin baten txotxolokeria irizten zionari, beste era batean begiratzen hasi zitzaion. Esaldi itxuraz erridikulu haien azpian, bihotz baten taupadak sumatzen hasia zen. Areago, taupada haiek egunez egun, gutunez gutun, ezagunagoak zitzaizkion, arrotz baten bihotzekoak izan ordez, bereak bailiren. Ofelia izenpetzen zuen ezezagunarekiko elkartasun sentipen tankerako bat sortu zitzaion eta, harekin batera, jadanik ia senidetzat zuenarekiko jakinmina ere bai. "Nolakoa izango ote da? Zer adinekoa?".

Gazte irudikatzen zuen, liraina eta negarrak moreturiko betazpiekin, begiak malenkoniaz beterik. Andre baten begiak. Seguru zegoen-eta andrazkoa zela. Nahiz eta senak —eta urtetako lanak— kontrakoa pentsatzera, zalantzara eta mesfidantzara bultzatu, hasierako bere irudipen hartaz ez zuen sekula dudarik egin. Berebizikoak ikusita zegoen bere lanbidean eta, harrezkero, bazekien lerro haietan zetzan sentimenduak argia behar zuela izan derrigorrean.

"Nor polizia bat baino iaioagorik gezurra eta egia bereizteko?", berresten zuen bere baitan. Gezurrak ederki apainduta etorrita ere, hondarrean agerian uzten zuen beti bere burua. Komisaldegiko itaunketetan ikasi zuenez, preso baten gezurrik biribilena ere, segituan geratu ohi zen barregarri.

Egun batzuk itxaron behar izan zuen haatik, gutunazal urdinska zein postontzitan agertzen zen jakin ahal izan aurretik.

— Hire ditxosozko eskutitz hori Santo Domingo kaleko bukaerakoan sartzen ditek —komisaldegira sartu orduko jakinarazi zion bibote fineko polizia gazteak.

— Eskerrik asko, Jose Luis —esan zion, pareta zuriko pasabidean barna aitzina eginez.

— Hi, Castro —deitu zion Jose Luisek—, ez duk noiz sartzen duten jakin nahi ala?

— Bai, noski.

— Bigarren jasoaldian: ordu bata eta zazpiak bitartean.

Gutunaren abiagunea ikertzera bultzatu zuenak ere, bere eguneroko norabidea ahantzi eta kontrakoa hartzera bultzatu zuen. Postetxetik irten, aldapa igo eta Cuchilleria karrikan gaindi jarraitu zuen. Eskertu egin zuen kale estuan barneratzea, zebilen iparra elur haizea zelako. Goizean elurraren menpe iratzarri zen hiria, oro oihal batez estalirik. Baina bazkalostetik ari zuen euriak elurra urtu eta teilatupeko zokoetan baino ez ziren haren azken hondar zikinak ageri. Alferrik altxatu zuen gabardinaren lepokoa, alferrik bildu zituen eskuak sakel barruetan. Haizeak labanaren moduan ebakitzen zuen. Karrikako tabernak hutsik zeuden. Aurreko egunetan ez bezala, bakanak ziren txikiteoan zebiltzan koadrilak. Urrats bizkorretan egiten zuten tabernen artekoa, kale erditik egin beharrean, etxeetako hormetatik urrundu gabe. Haizeak bilin-boloka zerabiltzan kaleko argiek antz ospelagoa ematen zioten orori.

Ernegaturik, bere burua madarikatu zuen. "Zertan ari naiz? Zer erokeria mota jabetu zait? Ez al daukat aski Paz karrikako dendaria zaintzearekin?". Etxeko epelean egon beharko lukeela iritzita ere, ez zen gelditu Santo Domingo kaleko postontzira heldu arte. Begira geratu zitzaion, haraino zerk erakarri zuen ulertu nahi izanen balu bezala. Arrunta zen, herdoiltzen hasia. Espainiako banderaren koloreak doi-doi nabaritu ahal zitzaizkion. Geldirik egon zen euriaren azpian. Eta hala jarraitu zuen, leloturik, harik eta bere egoeraren absurduaz ohartu, haserretu eta azkar urrundu zen arte.

— Nondik zatoz mela-mela eginda? —galdetu zion emazteak.

— Lanetik —gezurra esan zion, andrearen errieta saihesteko asmotan.

— Eta ez al duzu guardasolik?

Ez zion ihardetsi. Oinetako bustiak erantzi, zotz batzuk bildu eta sutara hurreratu zen. Dena ahaztu nahi zuen, lan ondoko ibilbide zentzugabea zein emaztearen aldartea. Garretan pausatu zuen soa eta hantxe mantentzen ahalegindu zen. Patxada gorde behar zuen erotuko ez bazen.

Lotsatu samar zegoen jakinmin ergel batek postontziraino bultzatu izateaz. Harrezkero, beste norabaiteko bidean handik pasa beharra egokitzen zitzaionetan, Santo Domingo karrikan barna joatea baino, nahiago izanen zuen ingurubideren bat, nahiz eta luzeagoa izan.

Bitartean, gutunek heltzen segitu zuten, itoginaren antzeko temaz azaltzen. Tema beretsua erakusten zuten Ofeliaren hitzek ere, maitasun urragaitz baten adierazgarri, berak aspalditik ahantzirik zuen iragan garai baten oroitarazle. Begiratu batean, irrati-nobelaren batetik ateratako hitzak ziruditen. Berak ordea, zuhurrago, ikasia zuen haien zinezko esanahiaren berri jasotzen. Hartan zegoen koxka. Trompe-l’oeil baten gisan, agerikoena zen, kasu hartan ere, antzematen zailena. Ez zegoen-eta, zirudienaz aparte, beste deus haren eleetan, ez gibelasmo edo ezkutukorik. Amodioa aipatzen zuelarik, amodioa esan nahi zuen, ez besterik. Haren hitzek nekez onar zezaketen izenlagunik orpotik. Samina, esaterako, samina zen, samin hutsa; eta grina, grina. Horrek liluratzen zuen Castro, mintzaeraren argitasunak, haren zehatzak.

Hargatik, andre ezezaguna ahanzten saiatu eta hutsaren hurrengo geratzen ziren bere ahaleginak oro, ezin hura gogotik kanpo luzaz ukan. Gutun haietako bat ikustea aski zuen haren ustezko irudia atzera ekartzeko. Eta gutunak ez ziren ahitzen.

Gutunok non botatzen zituen bazekien. Bazekien zein ordutan ere, gutxi gorabehera. Igorlea ezagutzea besterik ez zitzaion geratzen. Hura ezagutu orduko, seguruena idealizazio hutsak, bere halako asmakizuna baino ez zenak bereganatuko zuen benetako neurria.

Hura alde batetik. Eta beste aldetik: Lopez de Munainen gaineko ikerketak ez zeraman inora; hasi zueneko toki berean zegoen; eta haren gibeletik ibilitako egun guztien ordainetan, honako hau besterik ez zuen jaso: igande haietako batean Lopez de Munainek Jazinto Trokoniz agurtu izatea frontoitik irtetean. Tutik ez, beraz, bi gizonak ez baitziren elkarrekin mintzatu ere egin eta keinu soil batez adierazi baitzuten elkarren ezagutza.

"Gainera", aitortu behar izan zion Castrok bere buruari, "Trokoniz hori ezin daiteke inolaz ere susmagarritzat jo; gerra gurekin egin zuen, nahiz eta anaia beste aldean eduki".

Gutunak amodiozkoak izan ala sasipeko zerbaiten adierazgarri, ikerketa jolas pribatua izan ala bere lanbidearen eginkizuna, zegoen lekuan zegoen eta, beraz, aitzina egitekotan, mugitu beharra zeukan. Eskutitzen jasolearekin saiatu ondoren, sokaren beste muturrari lotuko zitzaion aurrerantzean.

Santo Domingo karrikara hurbiltzen hasi zen berriro.

Kale kantoiko tabernan sartu eta bertatik zaintzen zuen postontzia, Ofelia noiz agertuko, sinetsirik baitzegoen goiz ala berandu azalduko zela. Azaltzerakoan, han egonen zen Castro eta agertu bezain agudo ezagutuko zuen.

Hala agitu zen. Gutunazal urdinska ikusi ez bazion ere —zigarreta izekitzeko makurtu eta postontzia zaintzeari utzi zion une batez—, instantean ezagutu zuen: huraxe zen Ofelia. Bi txanpon barra gainean paratu eta karrikarantz egin zuen.

Berak uste bezala, emakume gaztea zen Ofelia. Txirikorda batean bildu ile-adats oparoa lerratzen zitzaion bizkarrean behera. "Bai, liraina da". Eta azkar zebilen. Kosta egin zitzaion Castrori hura ez galtzea aldapan gora hasi zenean. Santa Maria alboko etxe batean sartu zen.

Hara itzuli zen biharamunean postetxetik irten ondoren. Baina ez zuen zorte onik izan. Beste egun pare bat itxaron behar izan zuen Ofelia berriz ikusi ahal izateko.

Ezagutu zueneko jantzi berak zeramatzan soinean, egun hartako beroki gris berbera. Apezpikutegiaren paretik igaro ziren. Machete enparantza zeharkatu eta San Miguelgo eskailerak bata bestearen gibeletik jaitsi zituzten. Berehala La Florida parkean zeuden eta Sendan gaindi ari ziren ohartu orduko. Ofelia, azkar baino azkarrago zihoan eta Castrok lanak zituen segitzeko. Pradora heldu zirenerako, akiturik zegoen polizia zaharra. Aurrera jarraitu zuen andre gazteak.

"Noraino joan behar duzu", amorratu zen, "Armentiaraino?".

Halaxe zirudien. Areitio lantegira heldu eta aurrera, fubol zelairaino. Mineraleko iturrian gelditu zelarik, ezustean harrapatu zuen Castro. Ingurura begiratu zuen. Pasealekuan ez zen inor ageri. Hango zuhaitz gotor baten gibelean ezkutatu zen. Emakumearen mugimenduei adi egon zitekeen bertatik.

Bat-batean norbait azaldu zen Ofeliaren ondora. Ilargi beteari esker, iritsi berria gizonezkoa zela deliberatu ahal izan zuen. Laburki solastatu eta martxan jarri ziren. Zilarrezkoak ziruditen alor lokartuetan gaindi Mendizorrotzaraino igotzen zen xendratik abiatu ziren, gizona aurrena, andre gaztea ondoren, biak mutu.

Bikotea bere begibistatik desagertu arte ez zen higitu. Gero, xendran barrena hasi zen Castro ere. Ez zituen kilkerrak ere entzuten. Poliki-poliki, zaratarik ez ateratzeko ahaleginetan, muinoko hegiraino ailegatu zen. Zalantzatan zegoen: gorantz joan ala xendratik irten eta muinoaren buelta egin. Hartan ari zelarik, hots bat entzun uste izan zuen bere eskuinean. Hats etenari eutsi eta belarriak zorroztu zituen, hura berriro noiz adituko. Eta berriz entzun zuen: zizpuru antzekoa, luzea, animalia zauritu batena. Hotsa zetorkion aldera hurbildu zen kontu handiz. Pistola atera zuen badaezpada.

Ofelia eta iturrian harekin bildu gizonezkoa ziren. Ofelia zuhaiska baten kontra bermaturik zegoen, eta bere ahotik irteten ziren zizpuruak. Haren parean, gizonezkoa, belauniko eta burua emakumearen gonapean zuela.

Bere ezkutalekutik irten eta maitaleak atxilotzea erabili zuen buruan une batez. Geldi jarraitu zuen ordea. Zerbait gogortzen hasia zen Castroren zango artean. Eta eskuaz heldu zion.

Sendan gaindi etxera bueltan zihoala, Castro jakitun zen berriz ere huts egin zuela. Ezin hura bere Ofelia izan. Zerotik ekin beharko zion ostera.

Hiru egun itxaron behar izan zituen, baina hirugarrenean azaldu zen eskuan gutunazal urdinska zeraman emakume bat. Gutunazalagatik ez zeukan zalantzarik, kilometroetatik ikusirik ere, segituan ezagutuko baitzukeen. Postontzira hurreratu zenak aitzitik, zur eta lur, ezin nahasiago utzi zuen. Castrok espero zuen gazte mardularen partez, andre zahar, ile urrikoa izan zen eskutitza eskuan agertu zena.

Konfiantza itzuliko zion zerbait erabaki behar zuen: "Andre zaharra Ofeliaren ama izanen da seguruen, edo haren izebaren bat bestela, edo, are eta hobeto, haren neskame leiala, umetatik zaindu izan duena".

Lasaiturik, edandako kafea ordaindu zuen. Hurrengo egunean bueltatuko zen.

Eta, erabaki bezala, hantxe egon zen biharamunean ere. Eta gauza bera egin zuen hurrengo egunean eta hurrengoetan ere. Orotan agertu zen lagun bera, aurreko eguneko atsoa.

Zelatatze hartaz gogaiturik, atzetik joan zitzaion. Orduan begiratu ahal izan zion ongi, hurbiletik. Piska bat makurturik zebilen, esku hutsik joan ordez, beso banatan zer edo zer eramanen balu bezala. Jantziak zarpail antzekoak eta harroturik ilea, hainbeste non, gibeletik ikusirik, erratz tankera hartu zion haren buruari. Ez zegoen dudarik, "neskamea da, ezin liteke besterik izan".

Herreria kaleko etxe batean sartu zen. Gertutik jarraitu zionez, ataritik aise antzeman zuen zein solairutan gelditu zen. Ate bat irekitzen entzun zuen. "Bigarrena", kontu egin zuen, "bigarrena, eta egingo nuke ezkerrekoa dela gainera". Komisaldegiko agirietan kausitutakoak zalantzak uxatzen zituen. Eskuinekoa aspalditik zegoen hutsik. Ezkerrekoak behar zuen, sumatu bezala. Orduantxe hartu zuen ezustea, ezkerreko hartan bizi zirenen berri jakindakoan. Paperen arabera, lagun bakar bat bizi zen bertan: Manuela Bilbao.

Ulertu zuen. Baina ezin onartu. Eskuartean zeukan agirian ikasi berri zuena kolokan jarriko lukeen zerbaiten bila hasi zen fite. Bururatzen zitzaizkionak aldiz, otu bezain azkar baztertzen zituen, beren funtsaren eza nabarmen geratzen baitzen. Makina bat azalpen aurkiturik ere, guztiak gutxietsi behar izan zituen hurrenez hurren. Egoskorra zen eta, arrazoiak eta logikak ordura arteko azalpena zokorarazten zioten arren, haien aurka oldartzen zen, piztia gatibua bailitzan. Hondar asteetako bere afanak guztiz debaldekoak izan zirela onartzea eramanezina zitzaion. Halakorik aitortzeak etsipen osoraino eramanen lukeelakoan, muzin egiten zion Ofeliarik ez zegoela sinesteari. Izen hark biltzen baitzituen azken aldiko bere une gozo urriak, oroimenaren kiribilduari segika igarotakoak, eguneroko miseriaz harantzago beste zerbait bazegoela noizbehinka gogorarazi izan ziotenak. Ofeliarik egon ezean ere, asmazio eta gezurra besterik izan ez balitz ere, ongi izanen zitekeela bazekien.

Aitzitik, egia zor zion bere buruari. Senaz nahiz heziketaz ere, egiazale izana zen beti. Egiaren alde borrokatu zen gaztetan eta, bere mesederakoak barne, edozein gezurren susmoak goganbehartu egiten zuen.

Nagusiaren hitzak entzun zituen berriro:

— Erne ibili beharra zagok beti!

Komisaldegitik irten eta Herreria karrikako etxerainokoa egin zuen ibilera bizkorrez. Bazekien nola jokatu. Atean deitu eta zabaldutakoan, "Ofelia?" galdetuko zuen beste ezeren aurretik.

Azkar igo zituen bigarren solairurainoko mailak. Atea kask-kask jo eta poliki hurbiltzen ziren oinotsak entzun zituen. Sarrailaren karranka aditu zuen ondoren. Hitzik gabe gelditu zen atea irekitakoan.

Jantzi eta orrazkera harrotuagatik ezagutu eta lehendabizikoz parez pare zeukan andre zaharraren begiek argi erantzun zioten egin gabeko galderari.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com