Ikatza bezain beltz

Badago sekula ahaztuko ez zaigun egun bat; beharbada guztiok dugun akordu komun bakarra: gorputzaren sua beste batengan lehen aldiz amatatu genueneko gomuta gozoa. (1937ko apirilaren 27an jo nuen larrua lehenengoz). Egingo nuke hori ez zaiola inori ahazten, guztioi itsasten zaigula kaskoan, herdoila burdinari legez. Altzairua baino gogorragoa den gomuta deabrua. (Oskarbi zegoen zerua Gernika gainean).

Bada aldi bat edozein gizonen bizitzan, ume izateari utzi eta, oraindino gizon oso bilakatu ez dela, norantz doan ezjakin, arineketan abiatzen dena, helmuga bakarra heriotza duen lasterketan. (Urte latzak izan ziren haiek niretzat, eta ez gerragatik bakarrik). Hori gerora ikasten da, noski, askoz gerorago. Horretaz jabetu arte, hortxe iharduten dugu zoro moduan, beti aurrera egin guran, gizontasuna deritzan paradisura heltzeko irrikan. Eta lasterketa horretan, autoak bagina legez, sexua dugu erregai nagusia, hark bultzatzen gaitu, hark akuilatzen. (Gaixo nengoela iruditzen zitzaidan, neuretzat baino ez zen izurrite batek jota). Zalantzaz beteriko sasoi horretan goitik behera melatzen gaitu jario sarkor horrek. Dena kutsatzen du haren ur esnetsuak.

Alfer-alferrik ahalegintzen nintzen beste ezertan pentsatzen, ez zegoelako inguruan, zelan edo halan, sexua gogora ekartzen ez zidanik. Nire begiak burdina gori batez erreta ere, berdin jarraituko nukeen sexuaren gomutagarriak nahinon ikusten. Eta itsu egon arren, haizeak ekarriko zizkidan haren usain eta hots ozenak. Hilik beharko nuke gaixotasun hartaz libratzeko.

Gaixo bakarra neu nintzela uste nuen hasieran. Gero ez. Teo eta biok berdintsu genbiltzala ikasi nuen. Berdintsu genbiltzala esan dut, baina hobe nuke antzera genbiltzala esango banu. Teok ere sabelpeko eztenkadak sofritu arren, bazuelako behintzat nori azaldu. Sukaldeko txoko batera bildu eta aurreko domekan Floridako dantzaldian neskekin edukiriko gorabeherez iharduten zidan kontu-kontari. Nik, berriz, dena nire kautan gorde behar. (Eta amodio eta larru ajeak ajeago bihurtzen dira nork bereak kanporatu ezin dituenean; ardoarekin legez jazotzen da, munduan denik eta onena ere ozpindu egiten dela azkenean botilatik atera ezean). Banekien erraiak kiskaltzen zizkidan su hura aipatzeaz bat galdu egingo nuela laguna. Eta ez hori bakarrik; gauzak zeuden moduan, lana ere gal nezakeen nire sentimenduen hotsek hotelean bidea eginez gero. Eta egin egingo zuten, zalantza barik.

Astean behin libre edukitzen genuen arratsaldea, domekan batzuetan, astelehenean sarrien. Domekan suertatzen bazitzaigun, dantza egitera joango ginen. Hotel Frontongo langileok doan sar gintezkeen partiduak amaitu osteko frontoiko dantzaldira. Baina guk Floridakoak gurago. Egia esan, niri ez zidan batere ardura, ze, batera edo bestera joanda ere, orkestraren ondotik ez nintzen mugituko. Teok ostera, neska asko ezagutzen zituen estalki bakarra zerua zuen parkekoan. Txiroak ginen eta halakoxeak ziren gure lagunak ere.

Bere ezagunak aurkezten saiatu izan zen Teo. Baita arin nekatu ere:

"Hirekin ez zagok zereginik!".

Bihotz oneko nire adiskidea ez zen konturatu, nonbait, begiak berak hainbeste miresten zituen neskei josita eduki ordez, eurak gerritik adorez oratzen zituzten behargile gazte mardulengan nituena; ezin suma zezakeen, bulartxoak egunkari zaharretako orriez handitzen zituzten andereño haiengan baino, nire arreta haiekin dantza egitearren odoletaraino borrokatzen ziren mutikoteengan zegoela, gihar nabarmen, beso sendo eta izerditsu haietan.

Kiosko gaineko orkestrak azken kanta jo arte geratzen zen Teo. Neu, nekea aitzakia, Sendan barrena urruntzen nintzen, tangoen konpasak gero eta motelagoak nire atzean. Bakea topatzen nuen nik bertan, pasealekuaren albo biak mugatzen zituzten zuhaitz tantaiak jagole edukiko banitu legez. Iluntasun hartan, askatasun antzeko zerbait sentitzen nuen. Azkenean bide eman ahal izaten nion negarrari. Sosegu apur bat ere ekartzen zidaten masailak erretzen zizkidaten malenkoniaz eta arranguraz gainezkako malkoek. Eta burdinazko zubira heldutakoan, behin batean soka samaren bueltan lotuta gizon bat dilindan ikusi nuen zubira, haren azpian geratzen nintzen; handik eskegita ikus nezakeen nire burua ere orduan, ekintza sinple batez nire samin, nire estuasun eta zalantzekin betiko amaitzen.

Heriotza zen gelditzen zitzaidan irtenbide bakarra. Eta egin ez banuen, hura baino kementsuago zen beste grina bat bere aldera erakarri guran ari zitzaidalako izan zen: haragimina. Alde batetik tira, bestetik ere tira, haustekotan neukan bihotza. Hil behar baldin banuen, haizeak motelduta zekarkidan doinuaren konpasean, artean dantzan ihardungo zuten mutilen ijito begietan islatuta gura nuen herioa ikusi. Gauero iratzartzen ninduen ametsa gauzatu barik zelan utzi mundua? Zelan aldegin bertatik hura behingoz gutxienez ezagutu ezean? Eta hil barik ere, mundutik kanpo egoten nintzen luze, nire kezketan itota, denboraren igarotzeaz jabetu ezinik. Trenaren binbilikak bueltatzen ninduen bizidunengana berriro. Bat-batean ikaratzen ninduen harrabotsak; halako batean buru gainean lehertu eta, non nengoen gomutatu ezinik, trenaren zaratari tiro hotsaren itxura hartzen nion. Eta ez dakit zergatik, ze gerra hasi zenetik ez zen batere tirorik entzun Gasteizen.

Tiro bakar bat entzun zen, hobe esanda; San Prudencio kalean, gorriei harturiko armekin antolatu zuten erakustaldian hordituta ei zebilen sarjentoa tanke txiki batera igo eta oharbakoan bota zuen bonbarena. Baina hura ez nuen nik entzun. Lotan nengoen eta biharamunean lanera heldu arte ez nuen haren berri jakin.

"Zelako eskapada!".

Jendeak ez zerabilen beste konturik. Hotel aurrera heldu eta gora begira gelditzen ziren, ditxosozko bonba hura sartua zen lekura. Horma zulatu eta lehenengo solairuko gela batean egin zuen eztanda, nik sarritan txukundu izan nuen batean, 108an. Jainkoari eskerrak, hutsik zegoen gau hartan.

Gustuko ditudan gauzak beretsuak izan dira betidanik. Gaztetan topo egin nuen aurrerantzean maitatuko nituen gehienekin: musika, alkohola, zinema, autoak... eta sexua; eguneroko bizimodu hutsal eta petraletik aldentzen laguntzen diguten horiekin. Zinema izango zen seguru asko liluratu ninduen lehena. Asteroko arratsalde librea domekakoa ez bazen, hotel ondoko Teatro Principen sartuta emango genuen, Fox-en albistegia eta filme bi irensten, sukaldeko Luisek ezkutuan gertatzen zizkigun otartekoekin batera. Ardura gutxi guri pantailaratzen zutena; berdin maite genituen Fred Astaire eta Ginger Rogersenak, Mickey saguarenak edo Alemaniako ufa etxekoak.

Halaxe pasatzen zitzaidan bizitza. Bateko, nire buruari ukatu gura nion baina, behin eta berriro, atzera harrapatzen ninduen desira aitaezinarekin gatazka bizian. Eta besteko, obsesio gaiztotik ihesi, antzokiko iluntasunean idoro nuen aterpeko munduan.

Horretan, apenas nabaritu nuen aldaketarik gerraren etorrerarekin. Alegiazko mundu batean -Hollywoodeko izarrez aparte neu biztanle bakarra zuen munduan- bizi nintzelako beharbada. Dena den, erreala ei zen munduan ere ez zen aldaketa handirik antzeman. Gerrak berak ere ezin izan zuen arrakalatu egun tamalgarri batean jaio nintzen hiritxoaren bizimodu betibera. Begiratu batean behintzat, Dato kalean gora eta behera paseatzen zirenentzat denak jarraitzen zuen berdintsu. Baita hoteleko te-saloira arratsaldero biltzen zirenentzat ere; huts barik etortzen segitu zuten. Eurengan antzeman nuen mudantza bakarra jantziena izan zen: feltrozko kapelak etxean utzi eta txapela gorria kaskoratu zuten gerra hasteaz batera; alkandora arreaz gehienak, urdinaz zenbait, larruzko bota beltz zein gerriko eta uhal distirantez denak, ibilera harroaz batetik bestera.

Hantxe iharduten zuten nire aurrean, frontetik zetozen albisteak astintzen, gorrien basakeriekin ernegatzen, haiek egiten ei zituzten sakrilejio eta bekatu beltzak errepikatzen, Europako demokraziak madarikatzen.

"Putakume horiek ematen dieten laguntzagatik ez balitz...!".

Baietz beti nik, gogoa neurea baino ez zen beste gerra batean neukala. Hura bai zela gerra, benetakoa. Ez eurek egiten zutena, kafe kikara esku batean, Habanako zigarro puska bestean. Neu bai uneoro odolusten, uneoro hiltzen. Baina nire lubakia, nire guda-zelaia Legutio edo Otxandio aldean egon partez, kamarero hau ekarri kamarero hura eroan, atsedenik hartu barik iharduten zidaten soldadu ausartengandik hurbil zegoen, euren oinen pean.

Te-saloiaren azpian zeuden sukaldeak, eta harantzago, patio ilun baten bestaldean, ikazgela. Sukaldeko labeak eta hoteleko galdara isiotzea neukan lehen eginbeharra. Laberakoa eta galdararakoa, mota biak bereizten zituzten ikatz meten artera biltzen nintzen zoroaldiak jotzen ninduenean, sexuaren lagungura gorriak astintzen ninduenean. Meta haien ostean gorde eta, frakak jaitsi bezain agudo, esne perlak isurtzen nituen ikatzaren beltzean. Ostera zuzentzean, zorabiatu antzera egoten nintzen apur batean, indarge. Gero, ezkerreko eskuaz patrikatik mukuzapia atera eta harekin garbitzen nuen eskuina, ahalik eta arinen. Esku garbitu berrietan pala hartuta saiatzen nintzen hazi likinaren arrastoak ezabatzen. Burumakur zeharkatzen nuen patioa, pauso handitan, nire zerrikeriaren lekukorik ez zegoela jakitun izanik ere, beldurrez. Lasaitu ederra hartzen nuen sukaldera heldutakoan.

Hala eta guztiz, ordura artekoa gerraren preludioa baino ez zen izan. Alemaniarrak Hotel Frontonera heltzeaz batera hasi zen niretzat benetakoa, nire bizitzan bete-betean sartuko zena.

Kosta zitzaidan Hansengan erreparatzea. Ez zen motza, ez zen zatarra. Baina pilotu haiek guztiak gazteak zirenez eta galaiak gehienak, ez zitzaidan Hans behingoan nabarmendu. Garaia zen bera ere, lerdena. Hargatik, ia ikustezina bihurtzen zen bere kideen artean. Esan liteke, desagertu egiten zela hainbeste uniformek osaturiko teloi berdearen ostean.

Atsegin nituen alemaniar haiek. Bertako txapel gorri ahoberoekin ohituta, harritu egiten ninduen euren gizalegeak. Mesedez eta faborez eskatzen ziguten edozein gauza eta, eskaturikoa jasotakoan, huts barik eskertuko ziguten. Alde itzela falangista harroputzen edo egun osoa perfumatzen eta bibotea zaintzen ematen zuten italiarren ondoan. Era guztietako uniformeak ikusita nengoen ordurako. Herrian jaio baina sei hilabeterako Gasteizera behartua, militar eta apaizez josiriko hiri hartan hazia, nire eguneroko paisaiaren ataltzat jotzen nuen uniformeen bista. Eta hala ere, uniforme haiek bazuten erakargarritasuna nigan. Uniformeek ala uniformedunek? Berdin dio. Nengoen moduan egonda, arloterik arloteenarekin ere joango nintzatekeen pozarren, eskurik lohienaren laztanak ere eskertuko nituzkeen. Zelan ez larritu, bada, mutikote ilehori alai haien aldamenean!

Beltzarana zen, ordea, Hans. Bere begiek oskarbiaren urdina izan ordez, ekaitza sartu aurretixe itsasoak edukitzen duen kolore arrea zeukaten. Zapatu gau batean ikusi nituen lehen aldiz, 211 gelatik deitu, bertako atean jo eta hura zabaldu zenean. Jaka militarraren goiko botoiak askatuta, ortozik, eskuan edalontzi bat zeukala agertu zitzaidan.

"Izotza, mesedez", eskatu zidan espainolez, silaba bakoitza luzatuz.

Saloitik pasodoble baten notak zetozen, dantzarako oratzeko gonbitea egiten ziguna.

Harrezkero sarritan suertatu zitzaidan gela hura zerbitzatu behar izatea. Sarrarazi eta, leiho ondoko idazmahaiaren gainean berak eskaturikoa utzi ostean, irribarre zabal batez eskertu ohi zidan. Zigarroak ere ematen zizkidan batzuetan, Alemaniatik bidaliriko tabako sendo hura.

Eta haietariko batean, nire lana amaitu eta esker oneko zigarro bat eskaini zidan batean, patrikara sartzera nindoala, poxpolo bat isiotu eta pare-parean ipini zidan. Suari begira geratu nintzen, une batez baino ez. Poxpoloaren beroa sentitu nuen sudur puntan. Bere betartera joan zitzaidan arreta. Inoiz baino biziagoa iruditu zitzaidan. Eskuan neukan zigarroa ezpainetaratu nuen eta garrera makurtu nintzen apurtxo bat, bere eskura. Lehen ahokadaren keak sarde baten modura urratu zizkidan birikak eta eztulka lehertu nintzen. Lotsatuta nengoen. Baina eztul aluari eusten zenbat eta gehiago saiatu, hainbat eta ozenagoa, gogorragoa bilakatzen zen hura. Ulertu ez nizkion hitz batzuk esan zizkidan Hansek. Bizkarrekoka hasi zitzaidan, ni baretu guran. Atzera arnasa hartu ahal izan nuenean, malkotuta neuzkan begiak. Ez neukan ezer ikusteko premiarik ordea, ez nuen ezer ikusi gura ere. Bizkarretik samara eta samatik burura gozo-gozo zebilkidan eskua sentitzea nahikoa.

Horrela hasi zen dena.

Hasi baino ez, batere presarik ez zuen-eta Hansek. Neuk bai. Hainbestetan irain moduan entzunikoa, lelo samurra bilakatua zen nire irudimenean. Baina berak zain eduki gura ninduen. Hauskorregia irudituko nintzaion beharbada. Ez dakit beldur ote zen, bere eskuetan ni hamaika puskatan apurtuko nintzen. Eta badaezpada, astiro erabili behar ninduen.

Egunak pasa ziren, azkenean nire desira bete ahal izan nuenerako. Historia liburuetan data agertuko ez balitz ere, ez litzaidake ahaztuko, bezperan izan baitzen Iñakiren heriotzaren urteurrena; seguru asko Gasteizen inoiz izandako estreinako trafiko istripuan, gure anaia zaharra auto batek azpian harrapatu zuen urtebete lehenago.

Pozaren pozez hoteleratu ziren pilotuak arratsalde hartan. Betiko legez euren geletara igo ordez, tabernara jo zuten artez. Barre algarak, edalontzi hotsak eta kantuak entzun genituen.

"Zer ospatzen dute?", itaundu zidan Teok.

"Ez zakiat. Edozer izanda ere, garrantzi handikoa izan behar dik! Horrenbesteko poza!".

Hans izan zen tabernatik irteten lehena. Gelarako bidean, igogailu aurrean gelditu eta irribarre egin zidan. Laster deitu zuen eta korrika batean igo nituen eskailerak. Atera deitu bezain bizkor zabaldu zidan. Alkohol usain sarkorra zerion bere hatsari. Aho hartan asetu gura nik aspaldiko egarria. Barrura sartu eta ekarri nion garagardoa uzteko ia betarik eman barik, jakaren botoiak askatzen hasi zitzaidan.

Hansen ohetik jaikitakoan, zoru gainera jausten utziriko nire frakak jaso eta zimurdurak eskuz lisatzen niharduela, orduan inongo garrantzirik eman ez nion berba bat ezagutu nuen idazmahaian zabalik zegoen koadernoan: Gernika; idatziriko guztien artean alemanieratik bereizi nezakeen bakarra. Gernika, amari inoiz entzuniko izena, baina ezer gutxi adierazten ziona oinez baino hegan zebilen bati. Hegan irten nuen Hansen gelatik, maitasunaren opari bakanetarikoa izaten den arintasunaz.

Zorion beteko hilabete bi igaro genituen elkarrekin. Baina biok bagenekien gure maitasunaren esparrua paper loredunez estaliriko gelako hormek mugatzen zutela. Handik kanpo ez ginen ezer.

Nire pozaren berri eman gura nion mundu osoari. Batez ere Teori, arin baino arinago konturatu zelako nigan jazoriko aldaketaz. Eta jakingurak kilikaturik, ez zen sekulan itaunketan gogaitzen.

"Zelan dik izena?".

"Hi, Teo, nahiko diagu...".

"Tira, motel, esaidak zein izen duen!".

"Ana", gezurra esan nion auzuneko neska tentel baten izena erabiliz.

"Aurkeztu behar didak! Hi hain txoratuta uzteko gauza izan bada, nik ezagutu behar diat!".

"Bai, Teo, bai, datorren astean", jarraitu nuen gezurra gizentzen.

211 gelan jazotzen zenaz norbaitek jakinez gero, arriskuan nengokeen. Gerra sasoian indartu egiten da-eta jendearen zitalkeria. Oraintxe bertan gizon biren arteko maitasuna txarto ikusita baldin badago, areago gerrako borroka giroan. Eta kalean ihes egiten nion Teori lehenbailehen hotelera itzultzeko, gure maitasunaren mugetara hurbiltzeko, paper loredunez estaliriko amodio oparien kutxatxora isilean barneratzeko. Isilean asetzen ziren, han, gorputz gazte biren premia gorriak eta kanporatu ezean barrenak kiskaltzen dizkiguten kolkorako gorderiko minak.

Hansek bere jaioterriaren gainean berbetan iharduten zidan, herriminak jota, hiri hartan utzirikoaren gainean. Ederra izan behar zuen: katedral itzela, jauregiak, etorbide amaitezinak, lorategi oparoak. Haiek guztiak ikus nitzakeen nik bere ekaitz begietan islaturik. Eta berak lagunduta bisitatzen nituela amets egiten nuen, gogoa izen exotikoen dantzan, mutu, gauza zoragarri haiekin parekatzekorik ez baineukan nik. Zertaz ihardun behar nuen? Hoteleko lanaren gainean akaso? Guraso eta anai-arreba guztiok nekez sartzen ginen gure etxe txikiaren gainean? Zer esan zezakeen Gasteiz zirtziletik inoiz irten ez zuenak Kolonia liluragarriko kontuak entzun ostean?

Eta jarraian, espainolak ahotan hartzen zituela, irribarrea okertu eta begitartea iluntzen zitzaion.

"Honela ez dago gerra irabazterik!", kexatzen zen jeneral faxisten azken astakeriak burutik ezin apartatuz. "Armada horretan ez dago diziplinarik. Ofizialak harroputz atzeratu koadrila galanta baino ez dira eta soldaduak astapotro hutsak. Ez daukate ez idealik ez ezer, gosea baino".

Ez zion inori begirunerik gordetzen, ezta alemaniarren egonaldia ordaintzen zuenari ere. Amorratu egiten zen Oriol abizena entzuten zuen bakoitzean, irainez zorrozten zitzaion mihia. Berba haiek ikaratu egiten ninduten. Hormak ere belarridunak baitziren sasoi hartan. Jauntxoaren izena aitatu eta txapela gorria ezertarako kentzen ez zuen gizonkote beldurgarria akordatzen zitzaidan. Tantaia zen Oriol jauna, bere seme-alabak legetxe. Ederto dauzkat oraindino akorduan, ia hirurogei urte igaro izan ez balira legez. Semeak txapela gorriaz aitaren antzera, erizainen uniforme txuriaz alabak.

"Kakanarro koipeztu batzuk dira denak, ijitoen pareko. Horixe: ijitoak!".

Bat nentorren berarekin Gasteizko biztanleriaz zuen iritzian, artean ohartu barik neu ere haietariko bat nintzena. Txikerra izan naiz beti eta beltzarana, eta ikasketa barikoa. Ez zegoen diferentzia berezirik neu eta kaleak, tabernak eta ospitaleak betetzen zituztenen artean. Gaztetan, ordea, besteengandik bereizten gaituena baino ez da ikusi gura izaten. Urteak behar dira jaio gineneko lekuarekin lotzen gaituen lokarri sendo baina nabarigaitzaz ohartu ahal izateko. Sustraiak dira, nahiz eta lurpean ezkutuan egon, zuhaitzari irmo eusten diotenak. Eta arbola baten erroak legez, lurpean gorderik egon beharra neukan nik; ezkutuan eduki behar nituen irrika, amets, desira eta asmo guztiak. Behar horrek besteengandik urrunarazten ninduen, bakardaderantz gero eta biziago bultzatzen.

Zelan pentsatu, zelan otu maite nuenaren mesprezuzko berba haiek niri ere bazegozkidala? Ez zidan halakorik sekula adierazi. Beti portatu zen gizalegez nirekin. Zer nintzen ni berarentzat? Beste espainol ziztrin bat, popatik hartzeko ozta-ozta balio zuten untermann haietariko beste bat. Eta hala ere, pozaren pozez onartzen nizkion berak emaniko musu eta laztan guztiak.

Gogorra da gero, hainbeste maite izan nuen hura mertzenario hiltzaile bat zela jakitea orain. Sarritan itaundu diot nire buruari, zer egingo nukeen Hansen koadernoan kasualitatez irakurririko Gernika izenaren ostean gordetzen zenaz jakitun egon izan banintz. (Oskarbi zegoen zerua Gernika gainean). Badakit erantzuna: berdin maiteko nukeen, harenak zuritzeko aitzakia idoroko nukeen. Gaur egun ere, han jazo zena bere gordinean ezagutu arren, ezinezkoa zait pilotu gazte haren gomuta gozoa aldatzea. Sarraskiak ur zikinak dira, apartsuak, errekan behera arin jaisten direnak. Eguneroko traizio txiki eta aje handien korronteak eroan ez gaitzan, gomuta atsegin apur horiek dira gure adarrak, horiexei oratzen diegu esku minduekin, eurek salbatuko gaituztelakoan.

Orduan ez nuen kontu garratz hauen berririk, zorionez.

Gauez irten eta, egun osoko lanaren nekea hoteleko atean abandonatuta, hurrengo egunaren zain geratzen nintzen. Eta Hansekin egoterik izaten ez nuenetan, bide artezetik etxeratu ordez, bihurriena aukeratzen nuen: Sendan barrena zihoana. Hango arboletako gerizpean hainbestetan isuririko malkoak bozkariozko irribarre bilakatu ziren pilotu alemaniarraren ezagutzarekin. Eta unerik mingotsenetan sosegu bila joaten nintzen leku hartan, hiriko nire bazterrik maitatuenean gelditzen nintzen orduan ere.

Deituko ote dit bihar? murmurikatzen nion neure buruari ilargipean. Oi Hans laztana!

Goiza freskoa bazen ere, igartzen zen egun epela zetorrena. Atertu barik aritu zuen euria aurreko egunetan eta alaitzekoa zen aldaketa. Oskarbi itzarri zen eguena eta eguenak Pola Negriren egunak izaten ziren. Hala esaten genion Alti jaunaren -Hotel Frontongo jabearen- automobilari. Pola Negri, benetakoa, zinema artista bat zen, sasoi hartan oso famatua. Pola Negri ez zen beltza, eta, dinot, abizenagatik ipiniko ziotela bere izena Alti ugazabaren Citroënari. Patioaz beste aldeko ikatza bezain beltza zen, muturrez mutur autoko albo biak zeharkatzen zituen marra zuri dotorea salbu. Behin eta berriro igurtzi behar izaten nuen marra hura zapi batez, distiratsu utzi arte. Baina gustura iharduten nuen: automobilek giza gorputzarekin daukaten antzaz jabetuta nengoen ordurako, eta Hansen gorputzaren harmonia bera topatzen nuen Citroënaren ataletan. Ate azpitik hasi eta gurpileko estalkia bihurtzeraino luzatzen zen hegalari jarraikiz, nire kuttunaren beso sendoa laztantzen nuela iruditzen zitzaidan, haren gihar sendo eta kirio harroak igar nitzakeen, haiek ukitzean sentitzen nuen kilika berbera atzamar puntetan sentitu.

Huraxe nerabilen gogoan, San Miguelgo kanpaiek zortziak jo zituztenean.

Dorreko erloju aldera begiak altxa nituelarik ikusi nuen. Kez bilduta zetorren goitik behera. Heinkel 51 bat zen, Hansenaren modukoa. Arineketan hasi nintzen Plaza Berrirantz, bertara amiltzen ari zen-eta hegazkina.

Une bateko kontua izan zen. Plazaren erdiko kioskoa jo zuen, su hartu eta plazako ezkerreko izkinaren kontra lehertu zen Heinkela. Ez nuen beste ezer ikusi.

"Ez hadi hemendik mugitu!", entzun nuen lurrera bota ninduenaren ahotsa.

Udaltzain bat zen. Bizia zor diot. Arkupeetako zutabe haren ostean gorde izan ez banindu, hilik nengoke leherketak isioturiko infernuaren erdian: munizioaren txistua, dendetako kristal apurtuak, metraila, hautsa eta kea. Ezin arnasa hartu. Udaltzainak odoleztatuta zeukan aurpegia eta odol zipriztinak nabaritu nituen nire masailetan ere. Hegazkinaren pilotuaz kezkatu nintzen orduan.

"Hans!", irten zitzaidan garrasi ikaratua.

Erretzen ari zen Heinkelera joan gura nuen. Baina udaltzainaren besoek galarazi zidaten.

"Utzi bakean!", eskatu nion.

"Geldi hor, mutiko!", ez zuen amore eman. "Ez mugitu gero, redios!".

Ospitalera eroan ninduten. Tarratu batzuk baino ez neuzkan eta ihes egin nien herrenka.

"Non sartu haiz? Ondo al hago?", besarkatu ninduen Teok hoteleko sarreran. "Plazan egon al haiz?".

Ezin erantzun. Itauna neukan mihia erretzen, baina Hans eta bion artekoa salatzeko beldurrez, isildu egin nintzen.

"211koa izan duk", xuxurlatu zidan belarrira, gogoan nerabilena jakingo balu legez.

Ez nuen negarrik egin. Dardarka neuzkan belaunak, lurrera jausteko zorian, baina Teoren samara oratuta nengoen. Nire ezpainetatik ez zen aienerik irten. Elkar hartuak ginen Hans eta biok, eta gure sekretua gorde behar nuen edozelan. Saminak ez zidan traiziorik egin.

"Goazen gelara", ez zidan gehiago esan.

"Ez!", behingoan ulertu nion.

Baina igogailuan sartu ginen hala ere. Hansen gelara eroan ninduen Teok. Sasoi txarrak ziren haiek eta ezin alferrik galdu etxerako zerbait lortzeko abagune bakanak. Zabalik zegoen gela. Atea gure atzean itxi eta, elkarri ezer esan barik, lanean hasi ginen bertako gauzen artean zein inguratuko. Banekien nik ez zegoela gauza handirik.

"Begira zelako zigarroak", idoro zituen Teok.

Bere topaketaren zirraraz baliatu nintzen idazmahaiko kaxoi batetik hainbat argazki jakapera ostentzeko. Ikazgelan banatu genituen zigarroak eta bat erre zuen Teok.

Hoteletik irtendakoan, Sendan barrena abiatu nintzen etxerantz gau hartan ere. Burdinazko zubira heltzean, handik dilindan behiala ikusiriko gizona agertu zitzaidan atzera. Eta gauza bera jazo zen biharamunean. Eta hurrengoan. Deika neukan herioa eta gozoa zen bere kantua.

Hans hil eta hirugarren egunera, sukaldeburuak berripaperetan bilduriko pardel batzuk eman zizkidan. Aerodromora eroan behar nituen. Kalean taxi bat itxaroten neukan. Xirimiria ari zuen. Aireportu antzeko bi zeuden Gasteizen: Lakua aldekoa bata eta Judizmendi ostekoa bestea. Lehendabizikotik hegazkin txikiek irten ohi zuten. Bigarrenera abiatzeko agindu nion txoferrari.

Pistaren erdian, euri mehean igerian hegazkin bakarra ageri zen, motorrak burrunba batean. Pardelak igo nizkien pilotuei: bidaia luze baterako janari-edariak, itxuraz. Kanpotik zirudiena baino txikiagoa iruditu zitzaidan barrutik. Ilun zegoen, baina berehala antzeman nuen katabut beltza, urrezko letrak goialdean. Irakurri barik, banekien norena zen. Malkotan urtu nintzen.

Jarrera hartan topatu ninduten Hansen burkideek. Hans Schwarzen heriotza ez zen alferrikakoa, ezta absurdua ere, nire negar zotinak frogarik onena. Gerra hura ez zen alferrikakoa, ezta absurdua ere, bihotz oneko jendea alde zeukaten-eta.

"Aberria komunismoaz guztiz libratzekotan, hi bezalako mutilak behar ditiagu", esan zidan ofizial batek.

Eta antzekoak izan ziren taxistaren berbak ere, autora begi gorriturik itzuli nintzenean.

Ezaguna da zelan elefanteek hiltzeko sasoia hurbil sentitzen dutenean, euren aurrekoak dautzan kanposantura abiatzen diren. Ez dira bertan sekulan lehenago izan eta, dena den, harainoko bidea samur topatzen dute. Hori etorri zait gogora gaur goizean. Plazara joan naiz, Hansen hegazkinak lehertutakoan horman utziriko seinaleak atzera ikusteko asmoz. Ez dakit zerk bultzaturik hurreratu naizen hara.

Ez al naiz neu ere elefante zahar eta motel bat akaso?

Ez dut ezer aurkitu. Han egon ziren urtetan. Gogoan daukat zelan, gerra amaitu ostean ere iraun zuten horma hartako zartadurek, harriak belzturik. Baina dena aldatzen da. Kioskoa kendu zuten plaza erditik. Plaza Berria zena Plaza España bilakatu zen goizetik gauera. Bai, gauzak oso aldatzen dira itxura batean. Atzamarka apur bat egindakoan ordea, ostentzen dituen mintz zuria jausi eta begibistara azaltzen dira segituan. Irudipen horrek lagundu nau Gasteizera itzuli naizenetik. Hemendik aldegin nuenetik zabaldu eta modernizatu egin den arren, funtsean ez da ezertxo ere aldatu. Hor nonbait izango dira, oraindino, bertotik aldeginarazi nindutenak ere, edo euren ondorengoak osterantzean, eurak bezain doilorrak, okerrak. Odolean daramate txarkeria. Eta hori ezin alda daiteke. Mendeak beharko dira, edo Hansen Heinkela kiskali zuen sua. Auskalo.

Goizean, plazako hormetan gomutarriaren bila ihardun dudanean, beste goiz bat etorri zait gogora, antzinako eguen oskarbi batekoa. Hain astun zaidan akorduaren matazatik tira eginez, ordudanik gorde izan dudan argazkiaren bila hasi da nire eskua jakako barne patrikan. Denborak horiztaturik dago: andre eta gizon baten artean ekaitz begi arreko umetxo bat, irribarre lotsatia ezpainetan: Hans Schwarz, sekula gehien maite izan dudana.

Schwarz berbak alemanieraz beltza esan gura duela ikasi nuen gerrako azken egunean.

© Xabier Montoia


susa-literatura.com