Orposen agertzea
Ikusten nion nik, bazuela zerbait. Urduri, beldurrak aidean etorri da-ta. Eta antzeman egin behar nion, esan didanagatik. Esan dit:
Joxi, apuro batetik atera behar nauk. Kotxea utzi behar didak. Libre al daukak kotxea?
Nik baietz esan diot, atzo tailerretik jaso nuela-ta, bihar goiza arte ez nuela behar.
Hara Joxi esan dit berak, eskertuko diat. Hala ere esan dit abisatu nahi diat, asunto delikatu baterako dela.
Holaxe esan dit. Lasai hi, esan diot nik: ez nuela esplikaziorik behar, konfiantza egiten niola: behar baldin bazuen, hartzeko eta kito. Lagunak horretarako direla.
Hara Joxi atzera ere berak, ez zioat inori ezer esan baina hiri kontatu nahi diat.
Eta: bueno-bueno. Eta: zerbezak hartu eta mahai horretan eseri gara. Tabernan zure aita eta beste hiru-lau bezero zeuden. Orduan Pedro begira gelditu zait eta esan dit:
Orain dela bi aste, Landan azaldu zitzaidaan.
Holaxe hasi da. Pixka batean ixilik egon da, gero segitu du:
Ni fondoko izkinean ninduan, zigarrilo bat erretzen. Fede eta Montxo, egin zuten edo egin behar zuten patxaranaz ari hituen hizketan. Gogoratzen nauk ondo: telebistan pilota-partidua ematen ari hituen. Halako batean, bera azaldu huen.
Bera, esan du. Ni nire artean: zeinetaz ari da?
Eskaileretan azaldu huen segitu du Pedrok. Berehala, nonbaitetik ezagutzen ote nuen iruditu zitzaidaan, baina ez ninduan gogoratzen nondik.
Zuzenean joan omen zen beragana. «Kaixo», saludatu omen zuen; eta Pedrok ere: «Kaixo».
Barraren kontra, Pedroren ondoko aulkian jarri omen zen hura. Eta nola Pedro begira gelditu zitzaion: «Ez nauk ezagutzen ala!» galdetu omen zion hark. «Iruditu zaidak...» esan omen zion Pedrok.
Koadroekiko alkandora, lepoaren bueltan jertse granatea omen zeramatzan. Irribarre eginez, begietara begira gelditu omen zitzaion.
«Hendaian, Topoaren kontra koktelak bota genizkian!» esan omen zion hark. Pedro seko harrituta gelditu omen zen. Ez omen zuen halakorik espero.
«Orpos?» tetelka galdetu omen zion. Eta besteak, berriz ere irribarre egin omen zion. Hala zela, bai.
Orpos! Mekaguendios...! Orain Inesek esan didanean bai... Baina lehenago, Pedrok aipatu didanean, ez naiz batere gogoratu. Ez dut inondik ere lotu. Izena aditu nuela bai baina, ez bainekien nondik!
75eko irailean izan omen zen. Txiki, Tupa eta Otaegi fusilatu egin behar zituzten. Pedrok-eta, mugaz bestaldean, ez omen zekiten nola kontra egin, zeri sua eman. Goizean komentatu omen zuten, eguerdian motoz itzuli bat egin, arratsalde berean Orpos, Mutriku (gogoratzen zara ala!) eta Pedrok berak Hendaiako tren-geltokira joan eta Topoaren kontra bi koktel molotov bota omen zituzten. Agudo joan omen ziren ihesi!
Pedro uda hartan joan omen zen Iparraldera. Muga pasa eta lagun baten etxean instalatu omen zen. Ustez denbora gutxiko, tipo batek kantatu ote zuen ala ez jakiteko adina. Gero, erreta zegoela konfirmatu zenean kalera irteten hasi omen zen, Orpos eta bere koadrilarekin. Txikirena-ta gainera etorri zitzaien.
Hori dena hortxe kontatu dit. Gaur eguerdian, zerbeza bana edaten ari ginela, ba.
Hemezortzi urte omen zeraman Pedrok ikusi gabe Orpos. 77an mugaz hona etorri zenez geroz ez omen zuen hartaz, ez orduko bere beste lagunez ezertxo ere jakin.
Hasieran jakiten omen zuen hango berri pixka: halakoa atxilotu, halakoa hil dute. Gero berriz, GAL hasi zenerako-ta, bera bere munduan sartuta zegoen, ez omen zuen prentsa irakurri ere egiten. Badakizu Pedro nola zebilen aspaldi.
Esan dit: 77ko abenduan Mutriku eta biak Donostian, manifa bat eta gero ikusi zirela. Eta Mutrikuk zerbait egiten hasiko al ziren proponitu ziola.
Fabrika batean lana aurkitu zuela... ezetz esan omen zion Pedrok.
Halaxe izan omen zen. Mutriku ikusi zuen azken aldia izan omen zen hura. Gogoratuko zara, 79an, Tolosako baserri batean garbitu zutela.
Orpos berriz ez omen zen esan dit Pedrok, bera bezala, alde honetara pasa. Bestaldean, burrukan segitzea erabaki omen zuen. Artean politiko-militarrekin, gero autonomoekin hasi omen zen.
Mutrikurekin jardun omen zuen. Nonbait, Pedrok ezezkoa esan eta gero, Orposengana jo zuen Mutrikuk. Osti batzuk jo omen zituzten, bera harrapatu bitarte.
«Orduan, preso egon hintzen?» galdetu omen zion Pedrok, biak Landan zirela.
«Bai! esan omen zion Orposek. Sorian izan ninduan...»
Ez omen zen esan dit Pedrok, Orpos atxilotzen zuten aurreneko aldia. Bestaldera ihesi joan baino lehen ere Urretxun, beste tipo batekin atxilotu omen zuten. Biei latzak egin omen zizkieten. Egin ziotena ordaindu egingo ziotela, esaten omen zion bestaldean Pedrori.
Halako batean, ahotsa apaldu du, honela esan dit:
Ustela naizelako esan nioan Mutrikuri ezetz. Badakik Joxi, nik egia esateko... oraintxe haren ondoan, etzanda egon beharko nikek.
Begirada galduta zeukan. Oraindik izerditan, ile sapaztatuak kopetari erantsita zegoen. Baina nik, nola imajinatu behar nuen...!
Kontatu dit nola 78an fabrikan lanean hasi zen, nola gurasoekin bizi zen Lasarten. Etxetik lanera eta lanetik etxera, ez omen zegoen batere gustora. Bere lagunak hiltzen, kartzelan usteltzen eta bera...
Urte gaiztoak izan behar izan zuten Pedrorentzako haiek. Ez omen zion burrukari irteerarik ikusten. Bide itsu batean genbiltzala iruditzen zitzaion. Gogoratuko zara, herrira etorri zenean zer esaten zuen: «Gutxi gara euskaldunak esaten zuen, ezin dugu irabazi... Baina ni esaten zuen, ba ez naiz ahaztu. Askok egin dutena: ahaztu. Ahaztu, euskaldunak garela, diferenteak».
86an etorri zen herrira. Komak-en aritu zen, kalera bidali zuten arte: orain dela... hiru bat urte. Aurrena ez omen zion inportantziarik eman, uste baitzuen laster beste zerbait aterako zitzaiola, gainera parotik kobratzen zuenarekin nola-hala defenditzen omen zen.
Gero paroa bukatu, ezer aurkitu ez, Udaletxera joan behar izan zuen, pobrezia-subsidioaren eske.
79ko urrian izan zen. Mutriku hil, Orpos atxilotu, egun berean izan ziren biak. Gernikako Estatutua onartu baino astebete lehenago.
Landan, ez omen zion Pedrok Orposi galdetu zer egiten zuen herrian. Zer edo zer bazebilela behintzat, iruditu zitzaion.
Bi urte eman zian Sorian Orposek esan dit Pedrok. Gorrotoz beteta, bihotza lehertu zorian. Kartzelatik irteteko amorratzen, txakur pare bat garbitzeko behintzat. Orduan eroarena egitea gogoratu zitzaioan. Egunez eta gauez oihuka hasi huen... Eta, lortu omen zian eroetxera eramatea baina... ez huen hargatik libratu. Oraintsu arte bertan izan duk.
Eroetxean? galdetu diot Pedrori. Noiz atera da ba?
Orain dela bost hilabete esan dit Pedrok. Orain dela bost hilabete eroetxetik irten eta hola zabilek.
Landan orduan, esan dit Pedrok, gauza arraro bat gertatu omen zen.
Bera, Orpos kontatzen ari zitzaionagatik pentsakor, barrara begira gelditu omen zen. Segundu batzuk izan omen ziren. Federi zigarrilo bat eskatu omen zion. Fedek esan omen zion: «Etzakela burua erre motel (badakizu, nola gelditzen zen Pedro, bere izkin hartan). Etzakela burua erre motel esan omen zion. Hainbeste pentsatu!»
Pedrok irribarre egin omen zuen, gero Orposengana jiratu omen zen. Ordea... Orpos ez omen zen han! Zalu-zalu, komunera joan ote zen? Pedro zain egon omen zen, baina Orposen arrastorik ez omen zen inondik inora. Montxori galdetu omen zion:
«Non sartu da hau?»
«Zein?»
«Nirekin zena, ba».
«Ez diat inor ikusi», esan omen zion Montxok.
Konprenitu egin behar nuen, la ostia! Hori esan eta...!
Atzo eguerdiz, xirimiria ari zuen-eta, kastellanoen txabolen inguruan ikusi omen zuen bigarrenez.
Pedro plazan sagarrak erosita etxera zihoala, Anacletoren txamizoaren ondoan ikusi omen zuen. Piku baten azpian, makurtuta omen zegoen Orpos. Pedro hurbildu zitzaionean, Orposek gerrian pipa bat zeukala ikusi omen zuen. Haren ondoan eseri omen zen.
«Problemak dizkiagu», esan omen zion Orposek berehala.
Hala esan omen zion, pluralean. Pedrok segituan pentsatu omen zuen, poliziarekin izango zuela zerbait.
Larunbatean, pikoloak ibili ziren ba herrian. Kale nagusia hartu eta Basajaunan-eta, jendea pistolaz apuntatuta lurrera bota-arazi, paperak eskatu... Batzuek broma bat zela pentsatu zuten, ba: ez baitzuten zer ziren esaten, batzuk oso bajuak ziren, txima luzeekin, ez ziruditen goardia zibilak.
Ni, Pedro kontatzen ari-ta, segituan taka, pentsatu dut, pikoloak Orposen bila zebiltzan.
Anacletoren txamizoaren ondoan:
«Ze problema klase?» galdetu omen zion Orposi Pedrok.
«Ezkutuan nabilek», esan omen zion Orposek.
Pedrok ez omen zuen duda handirik egin:
«Nahi baduk etxean...»
Orposi mekaguendios esan dit Pedrok, ez nion ba etxea eskainiko...?
Pedroren etxeak (ez duzu ezagutzen ala? Atakan, Minazulo bidean) bi pisu ditu. Behekoan Intxausti bizi da (anai zaharra, mataderikoa), bere familiarekin. Goian, Pedro, bakarrik.
Orpos etxeko ganbaran ondo egongo zela pentsatu omen zuen Pedrok. Inor ez omen zen enteratuko han.
«Gau bat edo bi izango dituk, esan omen zion Orposek, gero bestaldera pasatuko nauk».
Pedrok berak hartu omen zion kutsu zahar bat Orposek esandakoari.
«Han ere zakurrak hankutsik», esan omen zion.
«Bai, gaizki jartzen ari dituk gauzak, esan omen zion Orposek. Noiznahi jendea estraditatzen hasiko dituk».
Halaxe esan omen zuen. Eta Pedro bere artean: «Jendea estraditatzen? pentsatu omen zuen, aspaldi hasita zaudek...» Horixe pentsatu omen zuen. Eta Orposek: «Mutrikuk abixatu zidak...»
Halako batean, tximista batek jo omen zuen erdiz erdi Pedro. Horrexegatik ez omen zuen lorik egin bart. Bat-batean konprenitu omen zuen: Orposek ez zekien Mutriku hil zutela! Agian komisaldegian, tratu txarren ondorioz, edo agian eroetxean, urte luze haietan, ahaztu egin zitzaion! Bera atxilotu zutenean, bere lagunak alde egin eta bestaldera pasa zelakoan zen! Orpos aldi hartan bizi zen oraindik! Alferrik pasa zen harentzako denbora!
Atzo ere, esan dit Pedrok, zenbait detailetan fijatu omen zen: jertse granatea, panazko galtzak, orrazkera... eta haren gauzak esateko modua, gogoratzen ez omen zituen espresioak, begiradak... Landan, elkarrekin izan zirenean ere, Orpos paretaren kontra jarri omen zen, beti erne, nor-sartuko, nondik tiroa tiratuko zioten...
Beste denbora batean bizi duk, Joxi! esan dit Pedrok. Posible ote da? Zer egin behar dut...?
Ni zer esan ez nekiela gelditu naiz ba. Hala ere esan diot:
Ez zakiat ba. Urretxukoa duk ezta? Igual bere familiarekin hitz egitea izango duk onena...
Pedro pentsakor gelditu da, gero ezetz egin du buruaz.
Pipa zaramak-eta, zernahi duela ere, larri dabilela egia duk ba. Ez. Bestaldera pasatuko diat.
Orain, non duk? galdetu diot; eta:
Zain zagok etxean esan dit Pedrok. Gauaren erdia wiskia edanez eman diagu.
Bart Orposek Zumarragako bere nobiaz hitz egin ziola esan dit Pedrok. Okidegi batean lan egiten omen zuen... Baina, nobia hori (hauxe zen, Pedroren kezka) noizkoa ote zen? Ordukoa, Pedrok uste, Orposek erakutsi zion txuri-beltzezko argazkia ikusita: «Neska hori esan dit orain, berrogei bat urte, beste inorekin ezkondu, haur bat edo bi izango dizkik...» Orposek ordea, «hamar urte barru, Euskadi libre denean» ezkonduko zirela, esan omen zion Pedrori: ez-dakit-non etxe bat egingo zutela...
Hori duk historia bukatu du Pedrok. Arratsaldean eraman nahi diat. Orduan...?
Joateko lasai, esan diot nik. Orain mugan gehienetan ez dela kontrolik izaten, eta kotxearekin joateko lasai.
Orpos Donibaneko plazan utzita etorriko zela, esan dit Pedrok. Landan utziko zizkidala giltzak.
Kotxea non zegoen esan diot. Hemendik bakarrik irten da: batera eta bestera begiratu-ta joan da.
Ni lanera joan naiz... Orain bueltan, Marik eta Inesek esan didate: «Pedro hil dute mugan».
Eeeeh!
Kontrola zegoen eta ez omen da gelditu...
Bostetan izan omen da.
Bakarrik al zihoan? galdetu diet.
Bai, hori esan dute.
Historia kontatu diet: nola eguerdian kotxea utzi diodan, nola Orpos delako bat mugaz bestaldera pasatu behar zuen.
Orpos? Ines moska gelditu da.
Orpos, Urretxukoa esan diot. Mutriku Tolosan hil zutenean atxilotu zuten ba.
Ah bai esan dit Inesek. Jose Mari ez-dakit-zer, Orpos. Baina, zer esaten ari zara? Preso edo hospitalean bost bat urte egingo zituen horrek. Gero libre utzi, berriz ere bestaldera joan eta 86an GALek Baionan akabatu zuen.
© Pablo Sastre