Elkar maite bazuten
Madriletik zetorren tren batean ezagutu zuen Maisa. Udan izan zen, oporrak han pasa eta biak-ala-biak elkarren pareko literetan suertatu zirela.
Soineko urdina zeraman, izterrak, erdi iluntasunean, maindire artetik ageri samarrean. Begira egon zitzaion. Azal beltzarana, gogorra zeukan. Ile beltza, kizkurra. Ahoa erdirekita, lo etorri zen bidaia guztian.
Horixe komentatu zion Josek goizean, neska bere literan jarri, esna-ondoko harriduraz begiratu zionean.
Ederki egin duzu lo, esan zion Josek.
Bueno, esan zion neskak, familiaridade harrigarriaz. Neure ohean hobeto egingo nuen baina.
Parez pare jarrita zeudela, neskaren begi argiei, ezpain ubel haragitsuei begira gelditu zen Jose.
Eta zuk, galdetu zion neskak, ondo egin duzu?
Ez oso ondo... aitortu zuen Josek.
Neskak irribarre egin zion, zapatilak lotzen ari zela.
Nora zoaz? galdetu zion, alai.
Donostiara, esan zuen Josek. Eta zu?
Ondarrura. Donostiako geltokian, hara eramango nauen lagun batekin gelditu naiz...
Donostian, inor ez zegoen bere zain. Pixka batean sarreran egon ziren biak, gero denbora egiteko, nahi baldin bazuen kafetegian zerbait hartu, gonbidatu zuen Josek.
Ordubete egin zuten, bokadiloa erdi bana jan, zerbeza bana hartu, zenbait zigarrilo erre. Alabaina, inor ez zen haren bila etorri.
Zer egin behar duzu orain? galdetu zion Josek.
Ez dakit honezkero autobusik izango dudan, esan zuen Maisak.
Geltokian bertan informatu zirenez, minutu batzuk lehenago, hamarretan atera zen azkeneko busa.
Biak espaloian, Maisa arras zer egin ez zekiela zegoen.
Nahi baduzu nire etxera etorri, esan zuen Josek.
Eta, esan eta batean, harrituta gelditu zen: inoiz ez zion-eta inongo neskari horrelako gonbidapenik egin. Ez zegoen etxera neskak, ez beste lagunik, eramaten ohituta. Alabaina, horren berez, horren naturalki gertatu zen dena... Ez zion esan Maisari hala ere, bere gelan baizik ez zeukala tokirik. Baina bai esana zion lehentxeago, ikasle pisu batean bizi zela; bestea, berez ez ote zihoan?
Kontu kontari (ahotsa pittin bat grabetuta biak, bazekiten zertara zihoazen) heldu ziren Alde Zaharreko etxeraino. Joseren gelan sartu bezain pronto eman zioten elkarri musua, nabaritu zuen estraina Josek Maisaren lila umelen usaina...
...Eta hartan, larrutan ari zirelarik, neskak mihiaren erroan eta behatzetan sentiarazi zizkion kalanbre haiek, beste sekula beste inork sentiarazi ez zizkionak...
Oso gau polita eta estrainoa izan zen. Gero goizean, kaleko fotomakina batean argazki batzuk atera zituzten. Kafetegi batean elkarrekin gosaldu, Joseri oso gustatu zitzaion musu sentzilo batekin despeditu ziren.
Beste behin ikusi zuen, taberna batean. Handik urtebetera izan zen, Hernaniko jaietan. Egun hartan baina, Maisa koadrila batean, mutil baten besoari helduta zebilen; bere nobioa izango zuela, pentsatu zuen Josek.
Halako batean Maisa, artean bera ikusi gabe, komunera zihoala ikusiz, Jose hara zeraman, jende asko zebilen pasilo meharrean zain gelditu zitzaion.
Denbora hartan, eta hilabete batzuez geroztik, Jose, bizitzan aurreneko aldiz, neska batekin formal antxean zebilen. Bazuen nobia bat, beraz. Hala ere harreman hark, baretu partez, kezka-iturri zitzaion. Ez baitzuen batere garbi ikusten, bere amak, bere inguruak, neskak berak nahi zutela zirudienez, egun batean biak elkarrekin bizi, familia bat osa zezaketenik. Agian Maisak (pentsamentu hau tabernako enkontru hura eta gero maiz ibili zuen) beste zerbait eskaini ziezaiokeen, agian erortzen ari zela sentitzen zuen zulo ilun hartatik atera zezakeen pertsona bakarra izango zen...
Tabernako pasilo meharrean ziren. Maisa, komunetik irtenda, berarekin aurrez aurre topo eginda, aurrena, ez zuen ezagutu, gero berriz, berehala, haren ezpain ubel, anpatuetan, irribarre bat agertu zen eta, hitzik esan gabe, Jose besarkatu zuen indarrez.
Hala egon ziren, segundu gutxitan. Gero Josek, neska pittin bat apartatuz, haren begietara so, zera esan zion:
Zurekin egon nahi dut.
Orduan Maisak, bere hatz erakuslea mutilaren ezpainetara eramanik, ahoa itxi zion eta, besarkadatik askatuz, atzeraka zihoala bere begirada Joserena utzi gabe luzaz, jende artean barrarantz, bere lagunengana joan zen.
Ez zerurako ez lurrerako gelditu zen Jose. Hanka sartu ote zuen, «zurekin egon behar dut» esanda? Alabaina Maisa izan zen, bera fuerte besarkatuz, hitz haiek esanarazi zizkiona. Eta, berezi eta gero ere, guztiz iñarrosi zuen begirada luze harekin, zer esan nahi izan zion? Bazen desioa, bazen mina, bazen esperantza begi haietan... Zergatik alde egin zion hitzik esateke? Ez zuen, probablemente, Maisak une hartan konplikaziorik nahi izango, seguru aski besotik helduta etorri zen mutil harekin, edo beste inorekin, bere bizi-planak izango zituen... Eta hala ere... ez ote zion, begirada hartan, maitasuna eskatu prezeski? Ez ote zion, zehazkiago, «nire zain egon» esan nahi izan begirada harekin neskak? Josek horrelaxe sentitu zuen behintzat.
Guztiarekin, hilabeteak joan ziren eta, minak min, enkontru hark bere baitan sortu zuen egonezina denborak pixka bat epeldu, ahaztuarazi zizkion.
Bestalde Josek bere nobia formal antxeko harekiko harremana hautsi egin zuen handik hilabete gutxira. Laster, karrera amaitu gabe, Gipuzkoan eta Nafarroan barrena dendaz denda errepresentante gisa lanean hasi zen. Horrek ez zuen, dena den, bere lagunen zirkuloa zabaldu, oso alderantziz. Zeren, alde batetik lankideekin (gazte ausart, independienteak, kuraiaz eta dinamismoz beteak) ia batere harremanik ez zuen eta, beste alde batetik, Donostiako bere ikasle lagunak ere, nor bere herrira, nor bere zereginetara sakabanatu zirelarik noski, bera Hondarribira, bere amaren etxera itzuli zen.
Hurrengo urteetan aldian aldian, Maisa gogoratzen zitzaion. Bere baitan, eta gero eta gero biziago, sentimentua zeukan, huraxe izan zitekeela... Baina, kasu egiterik ez zuen! Izan ere, ez estraineko hartan, ez noski Hernanikoan ere, ez baitzion Maisak non bizi zen esan, ez zion bere telefonorik utzi... Azken-azkenean, beste hainbat harremani buruz egin zuen bezalaxe, harreman hari buruz ere, etsi egin zuen Josek. Bestalde, amarekin lasai samar bizi zen, halako konplikaziorik gabe esate batera, tartean tartean (egia da, geroz eta tarte luzeagoez) nobia iheskorren bat izaten zuen, eta besteen aurrean axolagabe, xaloa azaltzen zen... Sakonean berriz, min geroz eta handiago batekin: urte alaiak pasata sentitzen zuen, bere gazte denborako ezaugarri izugarri hura: malenkolia, bakar-zaletasuna, areagotzen ari zitzaion.
Urteak joan ahala, geroz eta konszienteagoa zen, bere bizitzak ez zeukala, mundu hartan behinik behin, inolako zentzurik. Amarentzat ere, lagungarri baino, zama bat zela bera. Ezkondu ahal izan zuenean ere, matrimonioaren gezur higuingarrian (halaxe iruditzen zitzaion!) parte ez hartzeagatik, nobia sapoztu zuen. Lagun geroz eta bakanagoekin berriz, ez zuen txikiteoan, ez karta-jardunean inolako atseginik hartzen. Ez zen pozik bizi, sakon-sakonean zerbait falta zuen. Nork daki, Maisarekin... Eta, pareteko txokorik aukerakoenean ezarri zuen, biak azaltzen ziren argazkiari begira: bera, gaizo aurpegi harekin, eta neska, bere irribarre misteriosoaz, bere begi argi eta serioez... hari begira bada, elkarrekin pasatako gaua, gau delizios hura, eta handik urtebeteko Hernaniko enkontru labur, arraro hura, gogoratu eta, berriz ere, inpresioa izaten zuen... «Zain egon», adierazi zion Maisak; eta bera halaxe zegoen: zain...
Egun batean, enkargu bat eginda Hernaniko plaza zeharkatzen ari zela, Maisa kale-kantoi batean ezkutatu zela iruditu zitzaion. Korrika joan zen baina... ez zuen inor ikusi.
Beste behin, tranbian, bere aurrean ateratzen ari zirenen artean ezagutu zuen. Orduan, atzetik hurbildu zitzaion eta haren eskua ferekatu. Neska itzuli zelarik ordea, nahastuta, hura ez zela Maisa, konprobatu zuen.
Desio zuen hura berriz ikustea, harekin berriz egotea. Horratx egia. Harexen beharra zeukan.
Beste behin...
Gaueko hamabiak paseak izango ziren, Jose bakar-bakarrik, kopa bat hartzen aritu zen Irungo taberna batetik irteten ari zela, ile txuridun emakume bat duda-muda hurbildu zitzaion.
Zu ez al zara... Jose? galdetu zion.
Eh... bai, esan zuen Josek.
Hara, emakumeak irribarre maxkala egin zuen, Maisaren izeba naiz ni.
Maisaren... izeba? Jose erabat harrituta zegoen.
Haren izeba naiz, bai, esan zion emakumeak, begietara begira. Maisak bere gelan daukan argazkitik ezagutu zaitut.
Jose zeharo harrituta zegoen.
Maisa... esan zuen, emozioz, non bizi da ba?
Nirekin bizi da, esan zion emakumeak, Hondarribian.
Hondarribian...! Bertan izan eta inoiz ikusi ez...!
Maisa gaisorik dago, esaten ari zitzaion emakumea; eta, ezer esateko betarik emateke: Zeu ikusita, asko poztuko litzateke, erantsi zuen.
Emakumeak villa baten izena esan zion: «Urresti». Jose harritu zen, inoiz izen hura entzun ez izana.
Zakamuñoko bidean dago, Hendaiari begira, esan zion emakumeak.
Joan egingo naiz, bai, esan zuen Josek.
Beti begietara begira, orain emakumeak eskua heldu zion.
Etxe txikia da, esan zuen, baina ongi etorria izango zara.
Bihar bertan... esan zuen Josek.
Afalondoan etorri, esan zion emakumeak, eta eskua pixka bat estutu eta gero, kalean behera, gaueko iluntasunean galdu zen.
Biharamunean ama poztu egin zen, zenbait detailerengatik Jose neska batekin gelditu zela igarri zuenean.
Ondo pasa, esan zion etxeko atarian, inoiz esaten ez ziona.
Gaueko hamarrak, jo zituen elizako kanpaiak. Zakamuñoko etxe ugarien artean, Josek ez zuen berehalaxe topatu «Urresti». Zorionez, eskailera baten gainean, ustez karrikako argiak konpontzen ari zen gizaseme bat topatu zuen.
Barkatu, esan zion Josek, Urresti...?
Urresti? esan zuen gizonak, egiten ari zen lanari lagata. Ah bai, Urresti. Beraiek dira argia ipintzeko, abisatu didatenak. Zenbait etxe haratago dago, ezkerretara.
Kalean gora segitu zuen Josek. Handik minutu pare batera, lorategi handi, baina abandonatu batek inguratuta, txalet txiki baten atarikoan, «Urresti» irakurri zuen. Etxe zaharra zen, aspaldi erreformatu gabea. Greziar itxurako eskultura bi zituen, sarreraren alde bietara. Isil-isilik bazterrak. Etxeko atea bestalde, erdirekita zegoen. Beraz Josek, atzematen ez zuen txirrinaren bila zebilela, etxe barrua ikusi ahal izan zuen, ilargiaren argitan: zenbait tapiz, mueble eroso eta dotoreak...
Sartu ez sartu, hala zebilela, bat-batean atea zabaldu egin zen eta, kandela baten argitan, Maisa azaldu zitzaion. Maisa izan behar zuen behintzat, nahiz eta, soineko beltz luze harekin, beste bat iruditu, eta aurpegi mehe hartan (kandelaren argiaren efektu deformatzaileaz ere bai agian), Josek haren hezurren forma oinarrizkoak, eta begi argien dizdira baizik ez zituen ezagutu.
Etorri zara, azkenean! saludatu zuen Maisak, asaldaturik, ahots erlats eta daldartiz.
Jose, aurrera pauso bat emanik:
Maisa... hasi zen, emozionaturik, nahi gabe pena-doinu batekin.
Hargatik Maisak, atea Joseren atzean itxiz, irri egin zion.
Horren gaizki ikusten al nauzu? galdetu zuen, burlati.
Ez, baizik eta... nahastuta nago, giro ilun honetan...
Ikusten duzu ba, esan zuen Maisak. Atzo aberia bat izan genuen, uste nuen gaurko konponduko zutela.
Bai, esan zuen Josek, hor beheraxeago elektrizista bat ikusi dut...
Baina etorri, etorri, eten egin zion Maisak, nire lo-gelan lasaiago egongo gara.
Josek jarraitu zion. Arin zihoan Maisa, bere soineko luzeaz ukiturik lurra. Korridore labur baten buruan, bere gelan, kanape luze batean jartzeko seinale egin zion Joseri, eta bere alboan, sotilki eseri zen bera.
Maisaren aurpegia, Josek gelan ziren beste bi edo hiru kandelaren argitan ikusi ahal izan zuenez, biziki mehea ezezik, horixka ere zen, eskuak bezalaxe, argizarian landutako esku luze eta ximailak. Josek inoiz baino bere premia bortitzagoa sentitu zuen, eta berriz ere:
Maisa... hasi zitzaion.
Ez erruki nitaz, esan zion Maisak ironia punta batekin. Zer esan dizu bada izebak?
Gaisorik zinela...
Maisak berriz irri egin zuenean, Josek hotzikara bat sentitu zuen.
Ez nago gaisorik, esan zion neskak. Bakarrik... min ematen dit egunaren argiak.
Komentario hark lasaitu egin zuen Jose.
Horixe gertatzen zait niri ere, esan zuen, orain bera ere barrezka, eta gehiago eutsi ezinik Maisagana makurtuz ezpainetan musu lebe bat ipini zion. Ezpain ubel, iaia hotzak, zeinetan gogo-gogoan zeukan lilen usain arras berezi hura aldian baino sendoago nabaritu zuen.
Haur bat zirudien Maisak orain, musu hura hartuta lotsantxeturik hantxe.
Maitea... xuxurlatu zuen Josek.
Maisak eskua heldu zion, irribarre gozo bat eskainiz.
Hernanin ikusiz gero, zure zain egon naiz... esan zion Joseri.
Nik... Ez zenidan ezer esan eta...
Ezin izan nuen! esan zuen Maisak indarrez.
Gero pentsatu nuen deitzea, esan zuen Josek, baina ez nuen-eta zure telefonorik...
Badakit, esan zuen Maisak, bere esku hotzaz Joserena laztanduz. Baina zer inporta du horrek, erantsi zuen: orain elkarrekin gaude.
Maisak kontatu zion, Hernanin gau hartan elkar ikusi zutenean, egun gutxi falta zela bere ezkontzarako. Bai, taberna hartan zen, Josek ikusi zuen mutil harekin. Mutil diruduna, hura, zeinarekin Ondarrun zenbait urtez bizi izan baitzen... Ondikoz beren harremana laster degradatzen hasi zen, eta jasanezina bilakatu zitzaienean haustea erabaki zutela... Bera, orduan bai, izan zela oso gaisorik eta «oso» hura, zelan esan zuen, Joseri iruditu zitzaion ulertzea, hil-zorian egon behar izan zuela, eta Maisaren eskua bere eskuen artean estutu zuen.
Eta gero? galdetu zuen Josek. Eta villa hau?
Gustatzen al zaizu...? Apirilean erabaki genuen izebak eta biok Hondarribira etortzea. Izebari beti gustatu izan zaio herri honetako airea...
Izeba ez al da etxean?
Hor nonbait ibiliko da. Zaude lasai Jose, esan zion, bat-batean bere eskua mutilaren zango-arteraino eramanez, hark ez gaitu molestatuko-ta.
Gau luze eta amodio-erakutsietan oparoa igaro zuten elkarrekin. Goizaldean, zango zabalik bere gainean zela, Maisak xuxurlatu zion:
Maite zaitut Jose.
Nik ere maite zaitut, aitortu zion Josek.
Betiko, xuxurlatu zuen Maisak.
Betiko... eta paktu eder, izugarri bat sinatzen ari zela sentitu zuen Josek.
Gero, despedidan, Josek esan zuen:
Igandean etorriko naiz.
Atzo bezala, gauean etorri, esan zion Maisak, eta eman zion azkeneko musuaz Joseri neska arima ebasten ari zitzaiola iruditu zitzaion.
Goiz erdian, amarenera azaldu zelarik, pozarren zebilen, horregatik oso harritu zen amak, ikaratuta antzo, galdetu zionean:
Non ibili zara?
Zer ba? esan zuen Josek. Lagun batekin.
Batere lorik egin gabe egongo zara! esan zion amak. Hori pinta ekarri duzuna!
Haatik, Josek ispiluaren aurrean bere burua ikusi zuelarik, ez zuen halako ajerik ikusi: betiko aurpegi zurbila, kopeta gaineko ile sapaztatuak... Izatez gero, begizuloak zeuzkakeen normalean baino nabariago. Hala behar ere! egia zen-eta, ez zutela apenas lorik egin...
Hura eta gero, beste gau asko egin zuen «Urrestin» Josek. Estraina asteburuetan, gero zenbait astegunetan ere, bukaeran ia gauero-gauero... Amaren etxetik irten eta, jendea izaten zen herriko kaskoa ebitatuz, harresiaren azpian edo Kopan barrena buelta bat eginda heltzen zen hara...
Zakamuñoko bidean, etxe gehienak hertsirik, abandonatuta zeuden. Oso bakanka topatzen zen Jose bat edo besterekin, eta jeneralean bistaz ere ezagutzen ez zuen jendea izaten zen. Lehenbiziko gauean atzeman zuen elektrizista hura berriz, lehendik ere ezaguna zuela gogoratu zitzaion. Berriz ere ikusi zuen-eta, bide berean, beste kable-konexio bat, beste konponketa bat egiten ari zela. Ez al zen harrigarria, ordu haietan, gizon hura lanean aritzea...? Alta, berak saludatu zuelarik, gizona itzuli egin zitzaion, eta esku artean zerabilen bonbilaren argitan, aurpegia argi eta garbi ikusi zion, eta orduantxe gogoratu: bera, Jose, txikia zelarik, huraxe joaten zen beraien etxeko konponketak egitera. Amak behin, elektra-tresnaren bat matxuratu eta, etxeko balkoitik hari hots egin ziola gogoratzen zen, eta berak, gizonak, ez zuela ja lanik egiten, erantzun ziola. «Ez al duzu egiten?» galdetu zion amak, eta berak, Jose izutu zuen eztul ikaragarri bat egin eta gero: «Ez, erantzun zuen, osasunez gaizki nago...» Eta, egun hartatixe (berak zer izango zuen? zazpi, zortzi urte) ez zuen beste sekulan ikusi.
«Urrestin», bestalde, izeba ere ez zuen inoiz ikusi Josek. Egia da, villa handia zela soilik aldian behin, ganbaratik edo beste gelaren batetik, zarata batzuk aditu, eta orduan Maisak: «Hor dabil izeba zirri-zarra», esan eta lo edo maite-laztanka segitzen zuten...
Hasieran Josek, paseoren bat edo beste egitea proposatu zion, baina neskak ez zuen inoiz etxeko lorategitik hara irten nahi izan. Etxean ondo zeudelarik, esaten zuen Maisak, nora eta zertara irten behar zuten? Zierto, Josek hori ere neskaren adimen seinaletzat hartu zuen, berari ere ez baitzitzaion kalea ezertxo ere inporta, eta gainera, berak ere seguraski halaxe nahiago zuen, beren maitasunaren lekukorik ez izatea...
Egun batean, Maisak esan zion, berarekin ezkondu, berarekin bizi egin nahi zuela. Josek itxoiteko, eskatu zion: aldi bateko kontratuarekin ari zela lanean (lehen bezala errepresentante, baina beste etxe batentzat ari zen orain), eta lan fijo bat lortuko zuenean, orduan bilatuko zutela modua... Hartaz Maisa oso triste jarri zen. Elkar maite bazuten, eta Josek egiz maite baldin bazuen bera, ez zutela beste ezeren beharrik, bazutela etxea, bazutela bizitzeko adina, eta joateko bertara. «Zuek baduzue nonbait ere dirua, esan zion saminduxe Joxek, baina nik ere behar diot ba neure buruari begiratu, beste inork begiratuko ez badu». Orduan Maisak, begirada otzan eta samurrez, egoteko lasai, eskatu zion, ordura arte ere denbora luzean egon zela zain eta jakingo zuela beste pixka batean egoten.
Gehientsuenetan berriz, neska izaten zen bere kondizioak ezartzen zituena. Esate baterako, Josek lanera joan behar ez zuen egunetan ere, Maisak goizean goiz: «Orain joan egin behar duzu», esaten zionean, Josek jaiki eta joan, ez zeukan beste egitekorik. «Badugu, izebak eta biok, etxea txukundu beharra», esaten zion Josek neskak pena-urte haietan hartu zituen ohitura xelebreei leporatzen zion. Eta Maisak, maitasunez: «Elkarrekin bizi garenean, orduan», esaten zion, eta ezpain ubel, hanpatu haiekin azken musu bat ematen zion, eta bere bularrak, bere masaileko hezurrak azkeneko aldiz sentiarazten zizkion eta: «Gauean etorri», eskatzen zion, eta orduan Josek bazekien gauean joan egingo zela, guztiz neskarena zela. Miretsi egiten zuen Maisaren indarra. Indar horrek erakarri egiten zuen, imanak iltzea erakartzen duen bezala. Izugarria zen. Maite egiten zuen, horra.
Bitartean, bere «beste» bizitzan (geroz eta gutxiago inporta zitzaiona) gero eta gero ahulago, gero eta gero jendearengandik aparteago zebilen. Bere etxean ere, geroz eta zaborrago. Ez zen (amaren kezka zena, bazekien egia zela berak) ezertaz arduratzen, geroz eta eguneroko gauzetatik aldenduago zegoen...
Besteekin ari zela, dendaz denda bezeroekin edo bere ama edo beste inorekin ari zela ere, bere ahotsa estraino somatzen zuen, faltso, ez-bere, bere ondoan bera ez zen beste batek hizketan jardungo balu bezala. Inoiz, inorekin ari eta, bat-batean beldurrez, bere ingurura begiratu izan zuen, bera ez zen beste haren presentzia somatuz... Esaten zituen hitzek ere, ez baitzuten inolako zentzurik berarentzako; edo bai, zentzu arras konkretu, material bat izaten zuten, txanponak edo egur-puxkak bezala ziren, berak sentitzen zuenetik, bere baitatik hain urruti nolanahi... Hitz mekanikoak ziren, noizpait ikasi eta munduan barrena ibiltzez geroz esan beharrekoak. Duda egiten zuen, besteak detaile haietaz konturatzen zirenetz; ez zuten ezer azaltzen baina, Jose ia seguru zegoen, igarri egiten ziotela, zioten beldurragatik ez ziotela seguraski adierazten...
Soilik Maisarekin ari zela hartzen zuten hitzek beren benetako hotsa, beren benetako balioa. Hitzek bakarrik ez. Begiradak ere izaten ziren-eta. Ze aldea gero, Maisaren begirada argiaren, eta besteen errebeseko begiratzeen artean...! Amak berak ere ez zion-eta zuzen-zuzenean, zintzo begiratzen, eta noiznahi apaltzen eta zernahigatik umedetzen ziren haren begi koldarrek mina, eta laster higuina ere sortarazten zioten...
Usainak berriz, eta zer esanik ez ukituak, ah, horretan bai ez zegoen konparazionerik: ez, ez zuen besteen kiretsa, ez zuen besteen kontaktua jasaten ahal, hargatixe beti jendeagandik urrunsko zebilen... Maisaren larru heze eta freskoa, haren lila umelen urrina, haiek bai maitagarriak... Eta biak ohean, ja gau batean bai eta hurrengoan ere bai, esnai ordu luzeak ematen zituzten, elkar laztantzen, maitasuna egiten...
Eta, gauez hain lo gutxi egiten zuelarik, ez zen batere harritzen bere egun beteko itxura (amaren begietan, berari ezer gutxi inporta baitzitzaion) geroz eta lizunagoa, geroz eta makalagoa izatea. Amak ja, nabari zuen Josek, ez zekien zer esan, ez zekien esan nahi zuena nola esan, eta ixilik eta errukiz begiratzen zion... Hobeto horrela! pentsatzen zuen Josek.
Egun batean, lana galdu zuela jakinarazi zioten. Artean kontratua amaitu gabe bazegoen ere, ez zioten despidoaren arrazoirik eman, ez zen bera ere esplikazio eske inorengana joan. Funtsean, berdin zitzaion. Arrazoia zuen Maisak, hori ez zen fundamentala. Izatez gero, amak kezkatuko zuen, hau ordea defenditzeko moduan zegoen, jubilazioa kobratzen hasi baitzen, eta bera berriz, guztiz bere lankide-ohiak, bere lagun izan zirenak nekarazten zituzten behar izan materialetatik aparte bizi zen, soilik jan egiten zuen, eta berau ere gutxiago: edozein garaitan etxeko sukaldean mokadu bat egiten zuen, eta segi.
Horrenbesterekin, eguneko ordurik gehienak ohean ematen zituen. Nekez jaikitzen zen, Maisagana joateko, iluntzean.
Eguerdi batean, amak hala ere, bere gelako atea zabaldu zion, osaba Martxelok bazkaltzera joateko, gonbidatu zituela esateko.
Ez naiz jaikiko, ama, esan zuen Josek, eta amak:
Ez al zaude ongi? galdetu zion. Zer duzu Jose?
Ez nago indarrean ama, esan zuen Josek, eta burua bestaldera jiratuta bukatutzat eman zuen solasa.
Ez zen aitziki hutsa noski, egia baitzen indarrez arront murriztuta zegoela. Hala joaten ziren egunak, eta gauean berriz, beti zerbait arrapizten zen, Maisarekiko zitara joateko hainbe.
Gau batean hala ere, bere amaren errukiz, Maisari proposatu zion, ama «Urrestira» eramatea. Maisak irribarre anbiguo bat egin zuen (maite egiten zuen, irribarre hura Josek!) eta: «Oraingoz ez», esan zion, soilik.
Beste behin, iluntzean «Urrestira» joateko jaiki zelarik, ama sukaldeko aulki batean negarrez, onezik atzeman zuen... Eta bazeukan Josek, bere erruaz hala ere halakoxe kontzientzia. Ama ohera lagundu, afari lege bat prestatu zion, eta gero harekin egon zen. Estraineko aldiz ez zen azaldu zitara...
Gauerdi hartan, ama lo zetzan ohearen ondoan aulki batean jarrita zegoela, lo-zabuka bera ere, halako batean, lila umelen usaina aditu zuen. Eta zein ez zen bere sorpresa izango, leihoaz hara, Maisaren aurpegi zurbila ikusi zuenean.
Etxeko atea zabaldu zionean, Maisa daldarka atzeman zuen. Lehendabizi, subera, zergatik ez zen joan, galdetu zion, eta Josek azaldu zionean, Maisa lasaitu zen hala ere oraindik daldarka zegoen, besarkatu zuenean, eta hain bortizki atxiki zion, Joseri hezurretan mina sentiarazi baitzion... Sukaldean maitatu ziren, sekulako indarrez. Maite egiten zuen, Maisak! Eta berak ere maite zuen...! Eta geroz eta haren behar handiagoa zeukan.
Biharamunean, eta biharamunagoan, ama artean sendatuxe zela, ohi bezala «Urrestin» ikusi ziren. Goizean goiz haren villa utzi, eta etxera itzultzen zen, ama ixilik ebitatuz bere gelara joan, lo igarotzeko eguna... Bizimodu xinple, ordenatua zeraman: egunez ohean, gauez Maisarekin «Urrestin»... Amak kezkati begiratzen zion, eta igarri zion Josek, herrian berataz, bere gau-ibilera haietaz galdezka ibili zela, ordea inork ez zuen ikusten-eta... Geroz eta ezkutuagoan joaki zen-eta, humanoen kontaktoa geroz eta xotilkiago ebitatuz... Ez zen berak inori jaramonik ez egitea, besteek ere ez zioten egiten berari, baina ez zioten egiten (zeinen harro zegoen Jose hartaz!) ikusi ere ez zutelako egiten: kalerik baztertuenetan itzal bat bezalaxe pasatzen zen-eta...
Bihotza polpol, gorputza indarge somatu zuen iluntze batean, amari hots egin behar izan zion, ohetik jaikitzen, jazten lagun ziezaion. Aterantz laguntzen ziolarik, amak larri-larri galdetu zion:
Nora zoaz, seme, nora zoaz?
Baina Josek ez zion ezer ihardetsi. Ez zion esan, munduak nazka ematen ziola. Ez zion esan, munduan arnasa hartzeko ezintasuna zuela. Berak ez zuela mundu honetarako balio... Ez zion esan, Maisa izeneko neska batek bakarrik atera zezakeela izu-laborri hartatixe. Egia bortitz bat gogorarazten ziona, egia mingarria...
Amak ataritik, negarrez ikusi zuen Jose harresietara zihoala.
Orduez geroztik hantxe bizi da, Zakamuñoko bidean, Hendaiari begira dagoen «Urresti» villan, lila umel batzuren azpian, Hondarribiko hilerrian.
© Pablo Sastre