Leiho urdina
Igorrek, begiak irekitzean, soineko sinple batekin jantzitako neska luze bat, hanka-puntetan jarrita, leihoko kortinak zabaltzen ari zela ikusi zuenean, eskua aurpegira eraman zuen, ikaraz. Orduan, hotz-harrituta, haragia gogortu egin zitzaiola somatu zuen. Edo, ez zeukan aurpegirik? Kasu hartan, pentsatu zuen, eta pentsamentu honek apur bat kontsolatu zuen, okasioa aktore batena jartzeko profita zezakeen...
Hain estrainoa zen hura, Igorrek hilik ote zegoen, duda egin baitzuen.
Hala ere neska luze bat zen, bai, hartaz ez zegoen dudarik, orain beragana etorri eta eskua hartu eta atseginez, bere utilidadea komentatu, geroko planen bat aipatu ziona.
Halako batean, gelan beste norbait zebilela nabarituz, Igorrek burua jiratu zuen. Gizon ñarro, ile-txuri bat zen, hara eta hona zerbaiten bila bezala zebilena. Neskaren aita edo, seguruago, haren osaba izango zela pentsatu zuen Igorrek.
Beraiengandik gertu pasatu zelarik, Igorrek kasu egin zion, eskua jasoaz. Alabaina, hark ez zuen ikusi, edo itzal bat zela konprenitu zukeen.
Gizon hori pasa da (esan zion, gizon ñarroa bere bista paretik aienatu zelarik, ahots marketsaz, Igorrek, neska luzeari), eta ez nau ikusi. Zuk bakarrik ikus nazakezu, ez duzulako baitezpadakoa, ez duzulako heriotza onartzerik nahi.
Espaziorik ez zuela jadaneko betetzen, erakutsi nahi izan zion, baina egia zen, neskak berari erakutsi zionez, ezin zirela bi-biak espazio ber-berean egon; beso bat agian bai, baina ez osorik, naturalki.
Igorrek zutitzeko imintzioa egin zuen: baldin eta... baina ez, alferrik zen, bera gazterik hiltzera kondenatuta zegoen.
Neska luzea bere ondoan jarri zen. Sudur kakoa zuen, begi grisak, irribarrea ezpainetan. Ezer nahi ote zuen, berarekin? Noski konturatuko zen, Igorren eskua bere izterraren gainean suertatu zela baina ez zen hartan, nahitaez, areagoko intentziorik ikusi behar.
Neska kalefazioaz, norbaitek ekarri behar zuen telebista batetaz mintzatu zitzaion nolabait, ulertzea iruditu zitzaion Igorri, neskak erakutsi nahi zion, bertan hainbat egun pasatu behar bazuen ere, nola baitzen kasua, antza zenez, ez zela aspertuko, ez zela hotzak egongo.
Gizon ñarroaren pauso-hotsak berriz hurbildu zirelarik, neska sudur-kakoa jaiki egin zen eta, trapu bat hartuta, muebleetako hautsak garbitzen hasi zen. Orduan konprenitu zuen Igorrek, etxe hartako neskamea behar zuela. Gizon ñarroak halako erdeinuz erabiltzen ote zuen, gainera, telefonoz hitz egin behar zuela-ta, neskari, solasa ez aditzeko, urruntxeago egoteko, agindu zion.
Hura leihoz kanpora begira tel-tel-tel telefonoan ari zelarik, neska luzeak armarioa zabaldu eta manta zahar batzuren gainean makurtu egin zen.
«Ah, zeinen ipurdi gozoa», pentsatu zuen, miretsita, Igorrek.
Gizon ñarroak bere telefono solasa amaitu zuelarik, sobra're armarioan gertatzen ari zenaz deus sospetxatu gabe, irten egin zen gelatik, atea erdi irekita utziz.
Irratian, Sebastian hil zutela aditu zuenean, Igor oso urduri jarri zen.
Eibarren izan zen, poliziek organizazioak bertan zuen pisu frankoa asaltatu zutela.
Sebastianek polizien kontra tiro egin zuela esan zutenean, Igorrek pentsatu zuen, inprobablea zela estremo hura.
Zeren, eta beronek jarri zuen hain zuzen ere Igor urduri, berari eman baitzion bere pistola, Sebastianek, egun gutxi lehenago.
Arratsalde berean, Udaletxeko batzarrak Sebastianen hilketa sala zezan asmoz, hainbat lagun, Igor artean zela, batzar-aretora joan zen.
Helburu horixe zuela, Koxme zinegotziak hartua zuen hitza. Ordea, nonbait, irakurri behar zituen paperak galdu-ta, bere interbentzioa inprobisatzen ari zen.
Salatu behar dugu... inequivocamente... zeren, herriko seme bat, kuttuna bera...
Mihia behin eta berriro trabatu zitzaion ezagutzen ez zutenak ere, izan zen Igorren arrankura, ohartu egingo ote ziren, edanda zegoela; eta hala ere saiatu zen, Koxme, hitz merke eta larriak ebitatzen.
Dinbi-danba sartu eta legea... beraien legea ere...
Eta bertan etena egin zuenez:
Legea... lagundu zion Igorrek, baina nonbait ez zen hori, erabat besterik zen Koxmek esan gura zuena.
Orduan Ignaziok hartu zuen hitza, eta alkateari protesta-gutun bat helarazi zion, zeinean herriko hainbat elkartek beren protestaren arrazoiak azaltzen zituzten.
Alkatea, bere jendearen babesean, besteak baino altuxeagoko aulki batean erdi etzanda zegoen. Ignaziok bere berbaldia amaitu zuenean, hark esan zuen, ez zuela «zuen proposamen horretan» (eta hori esatean, kasualki, begirada Igorrengan pausatu zuen) fundamento handirik ikusten. Bestalde, gogoratu zuen, mozioa aldez aurretik eta ohiko tramiteak segituz aurkeztu behar zela.
Salan zirenak orru eta txistuka hasi ziren harezkero oso argi zegoen kondena-mozioa ez zela aterako aurrera.
Alkatea hitz egiten ari zela, Igor salan bilduta zeudenei begira egon zen. Bazen jende ezezaguna, erabat beraien kontrakoa iruditu zitzaiona. Lehenbiziko lerroan, aulki luzearen ertzean zegoen gizon batek kasu, irribarre misteriotsua zeukan. Eta beste batek... Izan ere, egun haietan oso zaila zen jakiten, zein euren kontra, eta zein alde zuten.
Plenoa amaitutakoan, alkatea-ta gibeleko atetik ihesi joan-eta, lagun ugari bildu zen Udaletxeko arkupetan, eta zenbait oihu ezagun eginez manifestazioan joan ziren goiko plazaraino. Batzuek besoko beltzak zeramatzaten: noski beren dolua, beren mina adieraziz.
Gauean izan ziren asaltoak, barrikadak, han eta hemen polizien interbentzioak ere ugari izandu ziren.
Gero Igor, errebolta nolabait bukatu egin bide zen-eta (hala ere, gutxi samar ez ote zuen iraun), kontrola berreskuratzen ari ziren polizia maskaratuen artean ibili zen. Bazekien haiek noiznahi hartu eta jipoitu egin zezaketela. Baten batek salatu egin ziezaiekeen, «haietakoa» zela, «haiekin» ikusi zuela.
Biharamunean, Sebastianen ehorzketa izan zen. Eliza jendez beteta, hildakoa bere kutxan, apur bat lurpean sartzen zen zulo batean paratu zuten.
Apaizak (agi denean, familiaren laguna) heriotza aipatu zuen, zelan Sebastian joan zen eta zelan beraiek, bizirik zeudenak, beren lagunaren heriotza zela-ta orain mundu ilunetik hurbilxeago ziren...
Igor harritu zen, bere inguruko guztiak negarretan ikusiz: batzuk malkoa kokotzeraino, batzuk masail erdiraino, begiak gorri-gorri eginda... Elizara sartu ziren haur batzuk ere, imitazioz beharbada, negarrez ari ziren, beste batzuek berriz serio-serio begiratzen zieten, lehertzera deziditu gabe.
Elizatik irteteko garaian, elizkoien lerroen artean xirri-xarra ibili zen Igor. Atarian Jesus, Sebastianen anaia, ikusi zuen, eta harengana joan eta besarkada estu batez, bere adiskidetasuna adierazi nahi izan zion gauza askok, artean politika zela, berexi egiten zituen, baina guztiak alde batera utzi beharra zen, une samin hartan.
Gero, bakarrik gelditu zenean, Venancio itsuaren txakur txumeak bere galtza-barrenari heldu zion, eta Igorrek, aska zezan, hankari astin-astin egin behar izan zion, fuerte xamar, zeinarekin txakurra despedituta irten zen, eta burua elizaurreko harri baten kontra jotzeko zoritxarra izan: lurrean etzanda, negar-zinkulinak eginez gelditu zen, eta Venanciok bere txokotik, madarikazio bat bota zuen, eta Igorrek, beti xirri-xarra, alde egin zuen...
Iluntzean, San Blasera zihoala, goardia zibilen kontrol bat igaro zuen Igorrek.
Felix eta Xantirekin gelditu zen, berak ezagutzen ez zuen Xangai izeneko tabernan.
San Blas kalea, hezea eta likitsaz aparte, hain zen kale estua, zenbait zatitan jendeak lerro-lerro ibili behar baitzuen, lokatza zapalduz. Hala ere bertan familia pobre asko bizi zen, gela bakarreko etxe txiki-txikietan.
Taberna kanpoan neska bat ikusi zuen Igorrek. Gizaseme batekin trukatu zituen keinukerengatik, neska hark gizon-jendearekin nolabaiteko puta-harremana zuela ulertzea iruditu zitzaion.
Hari (bertakoa zela suponituz) galdetu zion Igorrek, ea beheraka segitu behar zuen, edo norantza.
Atean jotzeko, esan zion neskak. Ordea, hiru ate zeuden.
Behera? insistitu zuen Igorrek.
Atean jo, berriz ere, neskak.
Orduan ateetako bat (behekoa, Igorrek esaten zuena) ireki eta, gizon zahar bat atera zen handik.
Barruan jende asko zegoen, batzuk beren kafetxoekin, kopak edaten gehienak.
Ailegatu zirenean Felix eta Xanti, zerbeza batzuk eskatu-ta, hirurak mahai baten inguruan eseri ziren, zigarriloak piztu, bezperako gertakizunez mintzatu ziren. Sebastian hil eta gero gauzak zelan gelditu ziren, handik aurrera zer egin zezaketen, izan zuten eztabaida.
Felixek eta Xantik gogor hitz egin zuten: ya-que-ta zuzendaritzak ekintza armatuetan ez parte hartzeko, akonsejatu zien, zeren eta beraiek lan «politiko» bat ari ziren egiten (banaketa bat zeinarekin Igor ere ez zegoen batere ados), nola baitzen (orobat Igorrek dudan ipiniko zukeena) zergaren kobratzea hala baitzebiltzan, askok baitzekiten, gauza sekretua suponitzen zen arren. Baina bueno: ya-que-ta, beraz, ekintza zuzenetan ez zieten uzten parte hartzen; esan omen zieten, noski, beraiek ere izango zutela misio inportante bat aurrerago, eta abar; baina eurek uste zuten ekintzak zabaltzeko eta intentsifikatzeko unea iritsi zela; eta, guzti horregatik eta guzti horren ondorioz:
Geure kasa hasiko gaituk, esan zuen Felixek.
Geure kasa? Baina hori... ezin zitekek, objetatu zuen Igorrek.
Lagunak hil, esan zuen Felixek, presoak beren ziegetan usteltzen ari-ta, guk bitartean, politikoek hala erabaki-ta, besoak antxumatuta gelditu behar al dugu?
Xanti ados zegoen inondik ere; Igorrek eszeptizismoz begiratu zien.
Estatua oso indartsua duk... Guk bakarrik ezin zezakeagu...
Ordea, Felixek eutsi egin zion bereari.
Gu bazterrean utzita (izan zen, bere argudioetako bat), hor barrena gazte inexperto asko zabilek. Guk erakutsiko zieagu ba, zer den ondo tiro egitea.
Bazituela gainera, esan zuen, aurrerantzean egin zezaketenaz ideia konkretu batzuk.
Igor oso harritu zen, atrako bat aipatu zuenean. Are harrituago, Xantik esan zuelarik:
Bazaukat banku bat nik, begiz poliki jota.
Eta bertan hasi ziren Felix eta biak atrakoaren alderdi konkretu batzutaz hizketan: edifizioan zelan sartu, bakoitzak non kokatu behar zuen...
Nahiz eta, bere printzipiozko ez-adostasunarengatik, ez ekintza hartan parte hartzeko prest egon, Felixek, zeukaten bakarraz gain, beste arma bat beharko zutela esan zuenean:
Nik badiat Sebastianena, esan zuen Igorrek.
Goizean goiz, Felixek esandako tokira Sebastianek utzi zion pistola eraman behar zuen Igorrek.
Etxetik irten eta oso laster berriz, kale nagusian bertan, auto batean poliziak somatu uste zituen, kiriketan, ilunpean.
Igor karrikatxo batean sartu zen, korrika txikian metro batzuk egin, gero kale zabalago batera atera zen.
Sirena hotsa aditu zuen eta, ez urruti, tiro pare bat. Bi mutil, haietako batek ogi handi bat zeramala, korrika pasatu ziren. «Beroien atzetik ibiliko dituk», pentsatu zuen Igorrek, ibilera pixka bat gozatuz.
Kale-kantoian ordea, polizien autoa ber-azaldu zen, eta poliki-poliki beragana hurbildu.
Igorrek, ikusi ez balitu bezala, kalea zeharkatu zuenean, polizien autoa gelditu egin zela, iruditu zitzaion.
Bere burua lasaitzen ahalegindu zen. Eskailera batzuk igo zituen, handik Zumardira jo. Langarra hasi zuela-ta, xirako txanoa jantzita zeraman.
Laster azaldu zen berriz ere autoa. Igor, segitu egiten zutela jadaneko seguru, pistola nora bota, zelan galdu, asmaketa zebilela, polizien autoa semaforo batean gelditu zen.
Eta oso bat-batean, auto hartatik bi tipo atera, eta korrika, zuzen-zuzenean beragana etorri ziren. Igorrek, buelta erdia egin eta ihesean saiatu zenean, lurreko koska batekin estrapozo egin-eta, lurrera jausi zen...
Burua jiratu nahi izan zuenean fusil batetik haren zulo beltza baizik ez zuen ikusi.
Ez, ez! oihu egin zuen, izu bizian: berak ez zuela ezer egin, berak...
Geldirik egoteko! oihu egin zioten. Lurraren kontra aurpegia...!
Izututa erabat, hautsa bezalako hondar fin-fina irentsi zuen; eta ezina zen ezeren esplikatzea, saio minimoa errebeldia-keinutzat interpreta eta bertan porrokatu, bertan begi bat ken ziezaioketen (une hartan oso zitekeena zela iruditu zitzaiona).
Zenbait minutuz eduki zuten hala. Halako batean polizia batek esan zuen:
Ea, goazen komisaldegira.
Eskuturrekoak ipinita, saihetsean ostiko bat jota jaikiarazi, furgonetan sarrarazi zuten.
Bi polizia izugarriren artean, Igor daldarka zihoan. «Probablemente, pentsatzen aritu zen bidaian, probablemente orain niri leporatuko didate Rijoso komandantearen hilketa (baldin eta atxeman didaten piparekin garbitu bazuen Sebastianek)».
Kanpotik baizik ezagutzen ez zuen komisaldegi handira iritsita, marmolezko eskailera grisak igoarazi zizkioten.
Bigarren edo hirugarren pisuan izan zen. Pasiloan aurrera zeramatela, eskumara, kanilapean erdoil-arrasto zaharra zuen lababo bat ikusi zuen, aurreraxeago gela batean, besaulki bat eta, mahai apal baten gainean, telefono-gida...
Pasiloan bertan, aurrez aurre berriz, marko urdina zuen leihoa zabalik.
Jauzi egindakoan zenbait uso hegalka hasi ziren...
Igor, aurreko egunetako gertakizun haietaz batere gogoratzen ez zena, gela txurikara hartan, erabat harrituta zegoen, bera aurpegia gogortuta etzanik eta, neska luze hark armario barruan, berari ipurdia erakutsiz, makurtuta zer zela-ta segitzen zuen, eta erdi-zabalik laga zuen ateaz haratago berriz, gizon ñarro, ile-txuri hura, pasilotik zer zela-ta trabeska eta zorrozki begira gelditu zitzaion.
© Pablo Sastre