Neu naiz IRAren aitajauna
Garajean dozena erdi taxi beltz dituzten mekanikariekin topo egin dugu. Taxiaren barrunbeekin borrokan ari dira mekanikoak baina, erdi galduta gabiltzala konturatuta, atseden txikia hartuz guri begira jarri dira.
- Zeren bila zabiltzate?
- Jim Neeson-en bulegoa.
- Han dago. Ikusten taxi beltz hura? -baietz egin diogu buruaz-. Ondoko eskailerak igo eta hantxe aurkituko duzue.
Conway Mill-en dago Belfast Mendebaldeko Taxi Konpainiaren egoitza nagusia. Castle Court-eko geltokitik kilometro eskasera, Falls errepidean, Sinn Feineko egoitzatik bertatik bertara. Ez zuen taxia hartzerik merezi: hamar minutuan heldu gara hirigunetik.
- Taxi hau Gerry Adamsena izango da. Hemen gordetzen zutela esan zigun Liamek.
- Hau da, seguru. Begira ze gogorrak dituen kristalak.
Atzamarrez leun eman dizkiogu lehenengo kolpeak, eta ondoren ukabilkada bihurtu dira gure ukituak. Ez dago kristala hausteko arriskurik. Lehenengo begiratuan taxi arrunta dirudi Gerry Adamsen honek, baina astunegia da arrunta izateko: bi tonelada t'erdi izango da. Bidaiariak tiro eta bonba eztandetatik babesteko bereziki prestaturik dago. Gerry Adamsek erabili izan du beti, Belfast Mendebaldearen barruan beti ere, inguru hauetan oharkabean ibiltzeko taxi beltza baino ezer egokiagorik ez baita. Orain, suetenarekin, Conway Mill-en geldirik dute tankea, erreserban.
Bulego soila dauka Jim Neesonek: mahaia, hiru eserleku, fitxategiak eta taxi beltzei buruzko afitxak hormetan. Bera, ordea, beintizinko baino dotoreago agertu zaigu: alkondara arrosa argia, korbata zabala, arraia erdian duela fin lisatutako fraka urdin ilunak eta zapata beltz disdiratsuak. Ilea urdindua du. Berrogeita hamar bat urtekoa, egingo nuke.
- Euskaldunak orduan! Tira, zer jakin nahi duzue?
- Taxiei buruzko kontuak. Historia ezagutzen dugu gutxi gorabehera baina...
- Nondik hastea nahi duzue? Zenbat taxi gidari hil dituzten? IRA nola finantzatzen dugun? Casement Park-eko auzian zenbat taxi gidari auzipetu zituzten akaso?
Ez dirudi taxi konpainiaren etorkizuneko plangintzaz hitz egiteko gogorik daukanik. Baina jarduteko gogoa badu, dudarik ez. Galderarik egin gabe hasi da berbetan, eta hala jarraitu du luzaroan, pasadizo batetik bestera jauzi eginez.
Jim ez da sekula taxi gidaria izan. 1981. urtean taxi konpainian sartu zenean, zuzendari nagusi izateko sartu zen. Eta kargu hori dauka gaur egun ere. Hamabost urte honetan Poliziak ez omen du bakean utzi.
- Neu naiz IRAren aitajauna. Hala diote beraiek. IRA finantzatzea eta terrorismoa antolatzea leporatzen didate.
- Zertan oinarritzen dira?
- Oso sinplea eta logikoa da: gure taxista bat atxilotu eta galdetzen diote: «Zenbat ordaintzen diozu astero Jim Neesoni?». Eta berak: «Astean 50 libra ordaintzen dizkiot Jim Neesoni». Eragiketa aritmetikoa azkar egiten dute: 300 taxi, 50 aste... 750.000 libra jasotzen ditu Jim Neesonek urtean. Begiratzen dute aldizkariren batean segurua zenbat den: 300 libra auto bakoitzeko, 300 taxi, beraz, 90.000 libra behar dira aseguruetarako. Kenketa egin eta erabakia prest: Jim Neesonek 660.000 libra ematen dizkio urtero IRAri. Hori da terrorismoa finantzatzeko era.
- Inoiz frogatu al dute ezer?
- Bai zera! Beraiek badakite, bankuko agirien bitartez, astean 9.000 libra ordaintzen ditugula aseguruetan, urtean 450.000 libra alegia. Eta gure antolaketan, bulegoetan, proiektu berrietan... dirua joaten zaigula ere badakite. Baina britainiarrek uste izan nahi dutena sinesten dute, eta hau horrela izatea komeni zaio propaganda britainiarrari. Neu naiz IRAren aitajauna!
- Atxilotu izan zaituzte hori dela-eta?
- Sarritan.
- Zenbat aldiz?
- Uf! Ez dakit.
- Bizpahiru aldiz? Hamar aldiz? Zenbat gutxi gorabehera?
- Askotan, askotan...
Finantzena ez da Jim Neesonek britainiarrekin izan duen arazo bakarra. 1988. urteko martxoa berezia izan zen Jimentzat, Belfast Mendebalde osoarentzat bezala. Hilaren 6an Armada britainiarreko unitate berezi batek IRAko hiru kide hil zituen Gibraltarren. Tirokatu egin zituzten armarik gabe zeuden IRAko hiru kideak. Mairead Farrell, Sean Savage eta Daniel McCann, hirurak, Belfast Mendebaldekoak ziren.
- Oso ondo ezagutzen nituen hirurak, pertsonalki. Auzunean ezagunak ziren.
Handik hamar egunera egin ziren hiletak Belfasteko Milltown hilerrian. Falls errepidea eta Andersonstown auzunearen artean dago Milltown, polizi komisaldegi erraldoi baten parean. Milltowngo lurrak estaltzen ditu Irlanda Batuaren aldeko borrokan hildako belfastarren gorpuak.
Hilerria jendez mukuru zegoen, eta han zeuden Sinn Feineko aurpegi ezagunenak ere. Haien bila joan zen, hain zuzen ere, Michael Stone paramilitar lealista, UDA-UFF erakundeko kidea: Gerry Adams eta Martin McGuinness hiltzea zen bere asmoa baina, xedean huts egingo zuela jabetuta, bertan bildutako jendetzari egin zion eraso, pistola-tiroz eta granadak jaurtiz. Telebista kamerek hartutako irudiak mundu guztian ikusi ahal izan ziren: Stone, biboteduna, kapela jantzita, ihesi zihoala ere tiroka eta granadak jaurtitzen, eta jendartetik irtendako hogeiren bat lagun erasotzaileari segika.
- Hotzean pentsatuta, ez nuke horrelarik egingo, baina beroan, ni ere pistoleroaren bila abiatu nintzen.
Hiru lagun hil zituen Michael Stonek, eta dozenaka zauritu. Segika joandakoek harrapatu, jipoitu eta kotxe batean sartu zuten. Ordura arte agertu ez zen Polizia azaldu zen orduan, eta Stone zeraman autoa harrapatzeko ahalegina hasi zuten. Nahaspila baliatuz, Stonek kotxetik jauzi egitea lortu zuen, eta Poliziaren eskuetan bukatu zuen. Bizitza osorako kartzela zigorra betetzen ari da orain, Belfasteko Maze espetxean. UDA-UFFko presoen zuzendaritza-taldeko kidea da bertan.
- Caoimhim McBradaigh-ek zorte eskasagoa izan zuen: ni bezala Stoneren atzetik abiatu zen, baina honen tiroek bete-betean harrapatu zuten.
- Nor zen McBradaigh?
- IRAko kidea zen, eta Taxi Beltzetako txoferra. Bi gauzengatik geunden gu harro, taxi gidaria zelako eta soldadu errepublikarra zelako. Hiletetan Taxi Beltzek segizio berezia osatu genuen McBradaighen omenez.
Saint Agnes elizatik abiatu zen hileta segizioa, Andersonstown zeharkatuz Milltownera heltzeko. Zerraldoaren autoaren aurretik eta atzetik taxi beltzak baino ez zitezkeen ikusi. Jim Neesonek zuen taxi beltz multzoaren ardura, eta horietako baten barruan zihoan bera, taxi multzoaren eta zerraldoa zeraman kotxearen artean.
Casement Park, joko gaelikoetarako Belfasteko zelai handienaren parean zeudenean hasi zen 1988ko martxoko azken tragedia: kale-jantziz zihoazen bi soldaduk zeramaten autoa abiada bizian sartu zen jendetza artera, aurrera lehenengo, atzera-martxan gero.
- Eraso lealista! Eraso lealista!
- Inguratu ditzagun!
Atzera egiteko azkenengo ahaleginean taxi beltzen lerroarekin topo egin zuen autoak eta erabat inguratuta eta aterabiderik gabe gelditu. Kanpokoak kotxea kolpatzen ari zirela, leihoa ireki eta pistola erakutsi zuen gidariak. Atzerako keinua egin zuten autoaren inguruan zeudenek, baina segituan jo zuten berriro bere gainera. Gidaria kotxetik ateratzen ari zirela, airera tiro egin zuen honek, baina ingurukoak une labur batez uxatzea besterik ez zuen lortu.
- Atzera egin beharrean eurengana jo genuen ingurukoek. Ni neu taxitik irten nintzen eta, bideoan ongi ikusten da, nola soldaduarengana korrika egiten dudan eta pistola kentzen saiatzen naizen.
Armak kendu zizkieten eta inguruko zenbaitek euren arma propioak eskuratu zituzten. Autoaren gurpila aldatzekoarekin kolpatu zituen soldaduak gizonezko batek, argazkilari baten eskaileratxoa erabili zuen beste batek, makila batekin ageri zen beste bat... Bi edo hiru minuturen buruan, David Howes eta Derek Wood soldaduak Casement Parkera sartu zituzten. Autoa inguru hartatik atera eta erre egin zuten.
Behin zelaiaren barruan, hogeiren bat lagunek gehiago egurtu zituzten soldaduak, ia erabat biluztu, miatu eta, azkenean, taxi beltz batean sarrarazi. Bost lagun zihoazen taxiaren atzealdean soldaduekin, eta gidaria eta beste lagun bat aurrealdean. Penny Lane auzunean irten ziren denak taxitik. Soldaduek ihes egiteko azken ahalegina egin zuten. Alferrik.
Taxian joandako bi desagertu egin ziren lipar batez, baina berehala itzuli beste bi lagunekin. Burua estalita zeramaten bi berriek, eta pistola zekarren batek. Bi soldaduengana hurbildu, besoa luzatu, eta tirokatu egin zituen. Pistola beste kaputxadunari eman eta honek ere tiro egin zien.
Armadako helikoptero batetik gertaera osoa -16 minutu inguru- filmatu zuten, autoa hileta erdira sartu zenetik Penny Lanen hil zituzten arte. Hasierako jipoiaren irudi ugari zeuzkaten gainera telebista-kamarek eta argazkilariek. Irudi horiei guztiei esker egin ahal izan ziren hurrengo asteetako atxiloketa gehienak.
- Berrehun lagunetik gora atxilotu zituzten, ni tartean. Eta horietako asko, berrogeita hamarren bat, taxi gidariak ziren. Hiletan geunden guztiak ginela hilketen errudun, esan zuen Margaret Thatcherrek.
41 auzipetu zituzten guztira, eta hogei erruduntzat jo eta kartzela zigorra ezarri. Bi soldaduak tirokatu zituzten bietako inor atxilotu ez duten arren, bost laguni, hilketa egotzita, bizitza osorako kartzela zigorra ezarri zieten.
- Niri hilketa-saioa leporatu zidaten hasieran, baina aldatu egin zuten gero. Hainbeste gauza leporatu zizkidaten, ez naizela gogoratzen zeintzu ziren salaketak.
1990ko urtarrilean egindako epaiketan, akusazio guztietatik libre utzi zuten Jim.
Telefono dei batek eten egin du Neesonen kontakizuna eta, minutu gutxira aparailua eskegi duenean, haria galduta, gure galderen esperoan geratu da. Taxi konpainiaren ezaugarriei buruz prestatuta geneuzkan galderak alde batera utzi, eta gerra istorio gehiago entzuteko prest jarri gara. Taxi gidariak paramilitar lealisten helburu direla entzun dugula aipatu diogu.
- Dudarik ez, hala garela. Orain arte sei garbitu dituzte. Lehenengoa Harry Muldoon izan zen. Bere etxean tirokatu zuten 1982an. Patrick Mac Allister ere etxean hil zuten, Donegall Roaden. Caoinhim McBadraigh badakizue, Michael Stonek akabatu zuen Milltown hilerrian. Thomas Hughes taxi barruan zihoala tirokatu zuten 1991ko udan. Hugh Maguee ere gidatzen ari zela hil zuten, urte bereko udazkenean. Eta seigarrena Paddy Clark: konpainia honetako buruzagi izan zena bere etxean akabatu zuten 1992ko otsailean.
- Segurtasun neurriak hartu beharrean izango zarete orduan.
- Etxean balen aurkako kristalak dauzkat, beste askok bezala, eta burdinsareak leihoetan. Kotxea etxe parean ez uztea ere komeni izaten da, etxe horretan taxi gidari bat bizi dela nabarmena izan ez dadin.
- Eta taxian?
- Gure gidarietako batzuek, gutxik, eskatu izan dute balen aurkako kristalak jartzea aurrealdean, baina ezetz erantzun izan dugu. Ez da zilegi gidaria babestea eta bidaiariak ez. Babesten hasiz gero, gainera, dena babestu behar da, Gerry Adamsen taxiarekin egin genuen bezala, balen aurka, bonben aurka, guztiaren aurka. Hemen behean dago Adamsena, ikusi al duzue?
- Konturatu gara, bai.
- Taxi guzti-guztietan hori egitea ezinezkoa denez, ezer ez egitea erabaki dugu. Sarritan neurririk sinpleenak dira seguruenak. Duela urte asko, etxea batere babesik gabe neukala, lealistak nire atzetik zebiltzala jakin nuen. Oso gauza sinplea egin nuen: gauez, logeletara igotzeko eskaileretan ohol lau bat jartzen nuen, aise ez kentzeko moduan. Lealistak etorriz gero, eskaileretan irrist egingo dute behin eta berriro, kontzentrazioa galdu, zarata atera... Segurtasun neurri elektroniko guztiak baino seguruago.
Liamek utzitako bideoa itzuli diogu Neesoni, hark hala aginduta, etxerako bidea aurretik.
- Ikusi duzue bideoa, ezta?
- Bai, eta gauzak ez dira zuk kontatuta bezala agertzen...
- Nahiko nuke dena promozio bideoan agertzen dena bezain ederra balitz! Baina gure taxien historia gure herriaren historiarekin batera joan da beti.
Taxi beltz bat gelditu dugu Conway Milleko irteeran, etxe parera eraman gaitzan. Treguan gaude.
© Hunberto Unzueta, Imanol Murua Uria