1

 

Juandeaburre Fundazioan gertatu zen lapurreta ez zen izan misteriozaleen edo egunerokoarekin asperturik daudenen gertaera ez-ohikoen egarria asebetetzen duen horietakoa. Lapurreta izan ote zen ere dudan jartzen ahal zen, lapurrek, hortik zehar zabaldu zenaren arabera, balio handirik gabeko paper gutxi batzuk baizik ez baitzituzten eraman. Hortaz, hainbaten iritziz, kode penala eskutan harturik, han gertatukoa lapurretatzat ez eta egoitzaren bortxaketatzat hartzea bidezkoagoa zen. Gauzak nola gertatu ziren kontuan hartzera, inork ez zuen ukatuko gertaera bitxi samarra izan zela, baina, era berean, arina, larritasun txikikoa; lapurrak, edo egoitza bortxatzaileak, nola sartzen ahal izan ziren zen harrigarria, Juandeaburre Fundazioaren ondasun preziatuak jende armatuak ongi gorderik zeukan Argaraiko jauretxe batean baitzeuden. Ondasun horiek harribitxiak, antzinako gaiak, pieza arkeologikoak, margoak, inkunableak eta beste hainbat liburu-argitalpen bitxi gehienbat iristen hasi zirelarik Pantaleon Juandeaburre jaunaren beraren egoitza izandako jauretxera, denen agerikoa gertatu zen zaindari armatuen bertaratze larderiatsua, besteren ondasunak ebastea maite dutenak urruntzeko nahikoa behar zena. Hori gutxi izatekotan, kanpoko burdinazko hesiak, eta ate-leiho sendoek argudio garrantzizkoak behar zituzten izan edonori han baimenik gabe sartzeko ideia burutik kentzeko. Horregatik, iritzi nahikoa zabaldu baten arabera, lapurrek ez bazuten ia ezer eraman horretarako astirik izan ez zutelako izan zen; halabeharrez egokituko ziren han zaindarien arteko txanda aldatzea gertatzen ari zen unean, ohi baino pixka bat gehixeago luzatu zen egoera hori profitatu omen zuten, ate zirrikitu bat irekirik ikusi eta bertatik labaintzen diren katu itzaltsuen gisara sartu, eta azkar mugitu ezean laster harrapatuko zituztelakoan, etorri zirrikitu berberetik atera omen ziren, arineketan, tranpa itxi baino lehen. Izan ere, gisa horretan jauretxean sartzea oso litekeena zen, kanpoaldeko zaindari uniformedunek, erregelamenduak ezarritakoari muzin eginez, behin baino gehiagotan aprobetxatzen baitzuten txanda aldaketa hurbileko tabernatxo baten barruan zerbait edan eta zigarroa erretzeko. Inork ez zuen azalpenik, ordea, lapurrek barrualdean zeuden beste zaindari batzuk, hauek uniformerik gabeak, nola saihestu zituzten adierazteko; ia inork ez zuen, egia esan, halako azalpenik eskatu ere egin, barruan uniformerik gabeko zaindaririk zegoenik oso jende aukeratuak baizik ez zekiena baitzen. Barruko hauek, gainera, kanpoaldekoak baino adituagoak ziren burdina kontuetan, eta ez oso irribarberak; bromarako joera gutxi zeukatela, alegia, eta umore falta hori bizitza profesional luze bezain gorabeheraz beteriko bati egozten ahal zitzaiola. Edozeinek, hori guztia jakitera, sinetsi zukeen lapurrek barrukoak saihestu bazituzten, hauek beste alde batera begira zeudelako izan zela. Eta, hain ohitura handia edukirik beti behar zen aldera begira egoteko, beste alde batera begira suertatzeko arrazoiren bat, arrazoi boteretsuren bat, eduki behar izan zutela.

        Hala zen, izan ere. Bazen arrazoi boteretsurik, eta komisarioa zen, Petronio komisarioa. Petronio ezizena zen, eta ez da gehiegizkoa izango ohartaraztea ezen hierarkian maila handiagoa edukitzeaz gain bere adiskideak ere bazirenak baizik ez zirela sekula aurpegira ezizen horrekin deitzen ausartzen. Ezizenak bazuen ukitu ironiko agerikoa, eta komisarioaren dotoreziaren zentzu ia obsesiboarekin lotzen zen. Dotoreziaren zentzu honek bi alderdi harrapatzen zituen: batetik, janzkeraren araztasunari zegokion; orduak pasa ahala gertatu ohi diren istripu txikiak kafe tanto bat erortzea, komeni ez den moduan esertzearen ondorioz ateratzen den zimurdura... onartezinak zitzaizkion. Eta bestetik, janzkerari berari ere bazegokion, modaren kontzeptu nahikoa atzeratu baten arabera. Dotoreziarengatiko kezka hau urte batzuk zirela hasi zitzaion, eta, halako keriekin gertatzen denez, urteekin batera areagotu baizik ez zen egiten, ardoa omen baita urteekin ontzen den zer bakarra, esan bezala ia obsesioraino areagotu. Gainera Petronioren kasuan ezin esan zitekeen jantzien eskegitokiak, pertxak alegia, ezertan ere laguntzen zionik itxura orokorraren ederbegiari; Petronio txikia zen, iharra, konkor pixka bat bazuen; hatzak nikotina kolorez ohi zituen tindaturik, aurpegia hezurtsua eta larruberdea, zintzur-sagar nabarmena eta bibote finarekin. Mazel-bizar luzeak eta burua soildua, kraneometria ikastaroa egiteko bezain. Hortaz, tabakoaren kearen usainaz urrinduriko jantziak, jostun trebe batek ebakiak izanagatik, ia beti gaizki erortzen zitzaizkion, itxura orokorrak ezabatzen zuelarik antz dotorea erdiesteko ahalegin patetikoaren emaitza, kezka estetikoaren bidez lortzen ze na ez izaki, finean, agure desatsegin eta modaz pasearen tra za baizik. Eta hala ere, bazen zerbait bere itxura erridikulua kezkagarri bihurtzen zuena, halako ukitu larderiatsua eta larria. Agian horregatik beragatik gutxi batzuentzat baizik ez zen gelditzen Petronio aurrez aurre deitzeko pribilejioa; Petroniorekin broma gutxi, horra hor beteranoen ahotik etorri berrien belarrira berehalakoan zabaltzen zen kontsigna. Petronioren bigarren pasioa zezen-jokoa zen, zezenketa. Zale amorratua izaki, Petronio ezizenez ezagutua izan baina dexente urte lehenago, gaiztoz El Gallo esaten zioten, Rafael Gomez Ortega El Gallo zenaren ohorean, oso garbi ez zegoelarik bigarren ezizenaren jatorria Petroniok Rafael Gomezen nortasun bitxi eta gutxi bezalakoari zion miresmena ote zen edo eta nortasun nortasun artistiko horren beraren alderdi batzuk eta ez onenetakoak bere nortasunarenak ere bazirelako.

        Petronio komisarioarentzat, afera Gobernadoreak lan berezi bat egiteko eskatu zionean hasi zen; agindua bitxia zen, eta Gobernadoreak berak gehiago edo gutxiago ikusarazi zuenez, berari ere agindua goitik zetorkion, Petroniori goiko instantzia hori justu zein zen esan ez bazion ere. Agindua zen lapur bati Juandeaburre Fundazioko jauretxean sarrera erraztea, sartzen uztea. Komisarioak itsuan obeditu zuen, agindua nondik zetorren ez ezik lapurretagaia, lapurrak zer eraman behar edo zertara sartu behar zuen ere batere jakin gabe. Mintzatu zirenaren arabera iruditu zitzaion, gainera, Gobernadoreak berak ere ez zekiela gauza handirik azken gorabehera honi buruz.

        Juandeaburre Fundazioak egoitza zeukan jauretxekoa prestatzea munduko gauzarik errazenetakoa gertatu zitzaion komisarioari. Alderdi tekniko hutsaren ikuspegitik begiraturik, egiten ahal izango zuen bere kabuz, zailtasun handirik gabe, behar ziren botoiak diskrezioz sakatuz; are eta aisago bidea ez oztopatzeko aginduak zeudelarik, goitik etorritakoak. Baina legalitatetik kanpoko ezer egin behar izanez gero komisarioak nahiago izaten zuen horrela, goikoen onespenarekin. Norberak bere kabuz egin behar izatera, norberak jarri behar izaten zituen mahai gainean bere harremanak, mesedeak eskatu behar izaten zituen, oso kasu apartekoetan baizik mugitzea komeni ez ziren borondateak astindu, eta gero arazorik sortzen bazen norberak konpondu behar izaten zituen, ia beti zorretan geldituz. Kreditu bat eskatu gero dirua alferrik gastatzeko bezalakoa zen. Goiko onespenarekin eginez gero, norberaren parte hartzea besteren kontura ari den teknikari batena bezalakoa zen; batek badu ahalik eta hobekien egiteko erantzukizuna, baina dirua bestek jartzen dute, nolabait esan. Eta kasu honetan, jauretxean sartzeko agindua Madrildik omen zetorren; Gobernadorea bera jakinaren gainean zegoen. Alderdi teknikoari begiraturik, bada, gauza ezin errazagoa gertatu zen. Kanpoan zaintzen ari ziren uniformedunek ordu erdiz zelaia libre uzteko aginduak, aginduak oro zetozen ohiko bidetik etorri zitzaizkien, inor ezer arrarorik gertatzen ote zen susmatzeko zirrikiturik utzi gabe: nahikoa izan zen txanda aldatzera zihoazenak edozein aitzakiarekin desbideratu eta denbora apur bat galaraztea, eta txanda aldatzeko gogoz berantetsirik zeudenei besteak iristear zeudela eta alde egiteko lasai agintzea. Aginduak ohiko ahotsak emanikoak izanik, men egiten ohituriko saldo horrek ez zuen nola jarriko zuen bada inongo oztoporik jarri. Barruko zaindariena konpontzea Petronioren egitekoa izan zen. Erraz aski egin zuena: pare bat elkarrizketa kriptiko samar, ezer garbirik azaldu gabe, zaindarien kontzientzia lasaitzeko, eta listo. Mutil onak ziren, komisarioari lege ona ziotenekoak, gehiegi galdetzen ez zutenak. Lapurra erreklutatzea ere bere esku gelditu zen. Hori eta lapurrari egin behar zuenari buruzko argibideak ematea zer harrapatu behar zuen, non egongo zen lapurreta-gaia, noiz eta nola kobratu, eta abar tekniko bat ere erraza gertatu zitzaion. Inor lapurretaren gaineko kontuak eskatzen hasiko balitz uneko zabarkeria esplikagaitzaren itxurak egin eta asuntua eskandalurik gabe estaltzea ez zen oso zaila gertatuko. Gainera, ez ziren, ez horixe, asko izango horrelakorik eskatzen ahal zutenak: izan ere, nor arduratuko zen liburu xume baten desagerpenaz, bazenik ere ia inork ez zekien liburu baten desagerpenaz? Fundazioko kideak ez baziren, edo Florencio Juandeaburre bera jabetza legala zeukan izen bereko Fundazioko lehendakaria berau ez bazen, inor ez. Eta gutxi haien ahoak estaltzeak ez zuen aparteko zailtasunik ekarri behar. Kasua iristera, lehengoen ahoak ixteko nahikoa litzateke itaskan belar pixka bat gehiago botatzea; eta Florencio Juandeaburreri zegokionez, Petronioren informazioen arabera, ez zirudien azalpenak eskatzeko tenorean zegoenik; alderantziz, arazoak omen zituen, arazo larriak, azalpenak eman beharrean omen zebilen, eta zer gerta ere, eszenatokitik aldendurik zen.

        Operazioa erraz eta ongi burutu zen, ezustekorik gabe.

 

 

© Jon Alonso

 


susa-literatura.com