2

 

Oinetakoak erantzi zituen. Bakardade ustea ukabilaren adinako harria zuen urdail zuloan. Sukaldeko aulkietakoren batean eserita egin ohi zuen legez, eskubiko behatzekin atera zuen ezkerrekoa, orpoan behera indar eginez. Beti gorde izan du gogoan oinetakoena. Zergatik ez dio egundo inori galdetu? Ilunabarrak denbora beharko zuen oro menperatzeko, ez askorik, baina tartea hala ere, etxegainak hartzen zituen hodei xeratsuari ertzak hain garbi ikusteko modua zuen-eta oraindino. Astiro zihoan. Baliteke oinak betirako han geratuko direla adierazi nahi izatea. Galdera-ikur bi zapata abandonatuak. Berarentzat hala zen, eta aski. Oinutsik hiltzea ausart hiltzea da, babesik gabe, oin zuriak ur hormatuan sartuta bezain garbi. Gogoa hartuta, ezin egongo da galdera egiteke. Zergatik kentzen dituzte oinetakoak? Behi sabel handitua oso goitik irristatzen zen eta haizea min zetorren haren petik. Azkuek begiak bildu zituen. Ez zitekeen hutsik. Izotza egingo zuen.

        Honela zen; bada zerbait agortua dena, ardaitua, mundua pikutara doa eta zeu berarekin. Aitormen poseaz ohartuta, errazean esana iruditu die bere baitan emandako berbei. Ondorio horrek beste galdera bat behar luke nahitanahiez orpotik, eskubide du. Hilik aurkitzen duenak izango duen bezalaxe, bestelakoa baina segurasko, umilagarriagoa hagitzez. Ulertuko ote du behintzat zapatena, galdera ikur haiek sabai gabeko balkoian, hila bakarrik utzi gabe, leiak gogortutako txolarre lotaratuak balira bezala, borondatezko heriotzaren kodea. Gerta daiteke norbaitek salaketa usainik ikustea agian hustasun haietan eta inor ohartu orduko desagertaraztea. Bi ikur izoztu poltsa batean atereak etxetik, burdinak bezain ezkutuan, min handiagoa egitea erdietsita horregatik. Eta deiadar egiteko arnasarik ez izana deitoratuko du: begira horri, begira horri! Hilak salatua ero da betirako, berak badaki. Baina baliteke bestela izatea. Kartoia bezala gogortutako zapatak eta bihotzekoak emanda hildako gorpu bat haien ondoan, gordeka ibili beharrik gabe. Okerrena zukeen. Ordea ezinezkoa zen, ikusi beharra zeukaten; ez zuten azken gurariz beteriko orririk aurkituko, maitasun txantaiarik, ez nazazue gorrotatu, baina nahita zen joana, izoztua, ez bihotzak eraitsia; nazkatuta, esan du, bada zerbait ahiturik dena, aldamioa gainbehera eta zu berarekin. Eta hor zeuden formak, gauzak burutzeko estiloak. Grazia egin zion bere burua hitzez engainatzen harrapatzeak. Azken batean, ez zuen bere burua hilko, itxaron baino ez zuen egingo, nola Galiziako trenari Norteko estazioan, bakarrik. Bazen alderik. Abandonoa, uztea bera izango zukeen ikurrik handiena, ederragoa zapatak berak baino.

        Han, zumitzezko besaulkian heriotzaren zain, harturiko erabakiak jokotik zuena xehetzen ahaleginduko da Julen Azkue. Barru-barrutik eztul egin zuen. Biriketatik gorako erreak inoiz baino biziago zegoela ohartarazi zion. Oinutsik egotea, lehenago edo beranduago ulertuko zen seinaleaz gain, asmoa burutzeko berme izango zuen. Baina bazitekeen loak hartu eta itzartzea, esku ezagun batek astindua: zer duzu? Ez ote, bazuen fedea izotzaren indarrean, oinazearen heldua baino gozoagoa, ni banoa eztia.

        Zalantza horrekin utziko ditut pentsatuta, oin azpiak hozten hasita eta begiak zeru gainean bakarrik geratu den behiaren sabelalde orain hustuagoan, bata eskozes iluna lotu du. Hartu berri duen anis beroa hegoaren indarrez igo zaio ezpain mamietaraino. Eta bere burua ez badu hil zer egiten zuen bada balkoian eta galtzerdiak txukun-txukun jasoak, batan bildua baina zapatak ondoan eta oinutsik? Alferrik astinduko dute, zafladan jota iratzarri nahiko. Bekain altxatuek erakutsiko dituzten begi jausiak mintzatuko dira beraren ordez. Irribarre egin zuen: ez zuten egunargirik gehiago ikusiko. Hozkailuaren motorrak itotzera bezalako hotsa atera zuenean zabaldu zituen, bizturik zegoen sukaldeko argirantz egiteko. Mahairik hutsena eta bezperatik erabili gabe zuen txapagaina. Lau aulkiak mahaipean. Ezabatu gabeko egun asko erakusten zituen horma egutegiak sukaldeko ate zarratuan. Puska ederra urteari geratzen zitzaiona. Eta zer. Adorea pattaltzen hasia, alkoholaren beroak sudur mintzak hartzen zizkion, lazten mihia. Zer egiten duen hemen ez bada bere burua hotzez hiltzeko?, galdera berrituak ordura arte ez bezalako indarra hartuko zuen. Ordu batzuk baino ez burura datozkion liluramendu uneak betetzeko. Berriro bildu ditu begiak eta azken mugimenduak errepasatu, ondo gogoan du, apalera itzuli du botila. Bere baitarako ekarri du gogora, kopa kanilapean garbitzen eta lehortzen ari da. Anisaren usaina gero eta galduago urak koparen ahoa bete ahala.

        Ez zekien hilko zen. Itzartzekotan non egongo zen jakiteak galerazten zion begiak itxian mantentzea. Eta hala ere, absurdotik, ezerez hutsaletik gutxi zuen erabakiak. Botila, kopa erabilia, suizida orok idatzi beharreko eta berak ere idatzi dituen gutun zirriborroak dira errautsetan ezkutatu, arraskan erre dituenak. Baina galderak ez dira ezkutatzeko, sufrimendua honela lehertzen da gordean izanez gero; ez da arrazoirik mina ezkutatzeko harekin bakarrik bizi zarenean. Esana zuen, eta norbait honetaz hala oroitzea espero du, borroka denboretan ere zilegi zeritzola joateari, gorputza inorentzat irain izan gabe; ez muinak postaz lehertuak, ez lotsara ekarria soka baten muturretik, oinak airea zapaltzen; eme-eme joaten utzia baizik, joaten, utzia, hormaren laztanaren zain, ni naiz esanez, konparazio batera.

        Erlojuari eman dio begia. Hogei minutu besterik ez. Luzea egingo da gaua. Hodeia, orain doi-doi baizik suma ez dezakeena eta itxuragabetua, erreferentzia bezala balio ez duela jarri zaio. Ilun dago. Esku gogortuetarako bidea egin dio gogoak eta hatz bakoitzerainokoa imajinatu du. Honetan zela, ezerk ez zuen bere lekua betetzen kateatu berri zituen irudietan. Lagun izan ditzakeenen gogoak errukian daude, ez ulertu izanean. Eta ez daki begi biak baino nahiago duen haiek bederen ondo uler dezaten zapatak eranztearena ala hobe den hori ere uztea. Haien nahitako itsumenaren damua erabili zuen gogoan apur batean auto azpietan elkarren bila zebiltzan katuen marruek lotu zuten arte. Azken batean, zapatena ez zen ulertzeko gutun erraza, eta gaua arin zekion eskatu zuen bere baitarako.

        Autoa lagatzerik bai?

        Orduko hartan zuriegia iritzi zion irribarreaz eskatu ziola gogoratu du. Argi-argi datozkion Inesekikoak errepasatzen emango du. Ile jasoa lepoa erakusten. Belaunburuak agerian uzten zizkion gona eta pulober granatea gehitu dizkio oroimenari. Argazki batean bezala geratuta ikusi du Ines, lehen planoan orain, hatzak frisoak paperarekin bat egiten duen hegi estuan bera, ausaz argalago biak. Ezpainak goraka alboratzen harrapatu du bere burua. Beste galdera batez erantzun ziola du gogoan, galdera batez erantzuten zaio ondoen beste bati Julen, eta luze iritzita edo, betirako eskailburuan egotea pentsatzen ote zuen edo antzekoren bat zelakoan dago, batapetik agertzen zaion erlojuari begiratu eta sei minutu baino ez direla pasatu egiaztatu duenean. Oinak ez dira bi zaztada gorri baino. Orain ikusi ditu. Atera, etxeko berora begira erori dira zapatak.

        Ezin, iraganak hartzen dio gaina orainari eta Inesek laranja bat darabil esku batetik bestera. Mahai gainean utzi du biribilka dadin. Trakets egiten du bere ardatzean. Besondo melarrak mahai ertzean dituela, zoru gainera jaustear zegoela jasoko zuen. Ezkerreko eskua zuen. Eraztunagatik dio. Azken unera arte eduki du luzatzeke besoa, kasik gabe, mahaitik beherako amilbidea hasia duenean eusten ikusiko zuen pasilo barrenetik giltza uztaia hatzean sartuta zetorrela.

        Eta ni berarekin. Erraza da oso: bada norberaren baitan agortzen doakigun zerarik, eta orduan dakizu muga-mugan zaudela, ondoren etorriko diren aldaketek ez zaituztela heldu zaren ondorioetatik aldenduko. Bai, mugan. Eta berriro hasi izanak ez zaitu bestelako egingo. Izan zaitezke estimatua, egon liteke zure barnean besteenganakorik. Hitz ederrik. Baliteke. Baina ez zara zeure jokoaren morroi baino. Eta hala ere, zure ekintzek ederrera egingo dute. Horra hor. Eta Ines, gauzak ez nahastu, hainbeste badakizu: ez naiz iheslari ostia bat.

        Ahurretako marrei beha egon zen luzaroan: izerditan zituen. Denboralea iraun zuen isiltasunak, gizonak zabalik utzia zuen logelako irratiko zurrumurruaren jabetzeak baino hautsi ez zuena. Beste hotsik ez. Inesek ez zuen aurpegira begiratzeko korajerik izan; ahazturik zuen sentsazio bortitza zen begiak mahai gainean zeuden objetuetan gelditzera behartzen zuena. Pixka bat lehenxeago esku artean balakatu zuen laranjak hauskorragoa zirudien begiak azalaren distira moteletik ez kenduz gero, mailatuak zeudela gomutatu da.

        Gogoetak abiada mantsoan egiten zuten atzera-aurrerakoa. Aurrena eta azkena izango zuen norbaiti hainbeste aitortzen zionik, bere buruaz beste egin zezakeenik ideia hutsetatik dimentsio errealago batera hain gorririk agertzen zitzaionik. Inesek ez zuela hala ere aintzakotzat hartu dago sinetsita. Esateko erak saldu zituen hitzak. Betiko gaitza zuen.

        Norbaitek txistu egin zuen urrunean.

        Sentitu egiten zituen oraindik oin hilak. Orratzenak bezalako sastadak ziren batez ere oin gainean sentitzen zituenak. Iraganaren gainera bere burmuinak luzatzen zituen begiradek, laburragatik ere, ez zuten bestelakoetan izandako indarrik. Inoiz pentsatu izan zuen heriotzaren ataritik itzulitako jendeari entzuna egia zela. Bestela zen orain ordea. Bizitza ez zen segundu batean laburtzen. Irudiak ez ziren zorabioa emateko moduko abiaduraz pasatzen. Sekuentziak ziren, aukeratuak, astiro joaten eta etortzen zirenak.

        Bestelakoa zen orain, luxuzko suizida bat. Luzaroan, irautearekin aski zela, horrela uste izan zuen, eta hala deritzo orain ere, baina berak ezin du. Eta erabakiak gutxi du nekamen fisikotik. Beldurtu egin da ideien mailakoa baino ez daitekeela pentsatzean. Sekuentzietan atzerantz egiten saiatu zen. Mahai gaineko laranjak etorri zitzaizkion lehenengo. Ines haiei begira. Zergatik eteten dira gogoetak? Zauri zornetuak balira bezala laztantzen zizkion mailatuak.

        Artean Antton bizi zela bakarrik daki, eraztuna bakarra zen haren hatz luzean. Berandu iluntzen zuen. Orain bera dagoen parean egon ziren biak eguzkiaren beherakoa ikusten, lagun zaharrek bezala hitz egiten zuten. Gizonak SOS moduko berbak botatzen zizkiola iruditu zitzaion emakumeari, harrotasunez beteak baina. Bazitekeen maitasun eskeak izatea; baina hitz egiten zuen tonuak bermatzen zuen Julenen betiko barrua. Gorrituta zeuden mendi beheak. Belzten hasiak iradiak goia irabazi ahala.

        Julen Azkuek ez zituen begiak ireki. Zeuden zeudenean ikus zezakeen bere begi bilduek gordetzen zutena. Iberduero-ren transformadorea metalezko sare estuaren bestaldean, gauaren beltzean sartzen ziren burdinazko habeez inguratua. Bertan amaitzeke egiten zuen bideak hegaletik aurrera, marearen gora eta beherak igertzen ez zituen errioa haren atzean: inoiz txalupa azpi zapalak lotu izan ohi ziren paldoak, uretaraino jaisten ziren eskailerak. Eta sastrakak eta etxegintza zaborrak jana duen orubea, porlanezko bloke zulatuak malda aldera.

        Harantz behatzean oraindik urrun sentitzen zuen herioa lasaitasuna ematen zion etxekotasunez betetzen hasi zen. Gaua zen; izotzaren hatsa hartu gogo zuen ibaitik altxatu eta bere gorputz gainean pausatzen. Hondamendia unibertso guztiaren gainean. Ikaratu egin zen.

        Zuk baten bat behar duzu, Julen esan zion emakumeak erriora begira zegoen gizonari.

        Azkuek orain bere heriotzaren talaiatik begi itxiz begiratzen duen bezalaxe begiratu zion orduan ere ibaiaren eman geldiari. Gorputzak gorde ezin zezakeen zera hark bultza egiten zuen anaiaren emaztearengana.

        Zu igoal.

        Inesek lehenxeago mahaian zegoela egin bezala saihestu zuen orain ere behakoa. Idatzi gabeko lege zahar bat zen; entzuten zuenak begiratu behar zion ibaiari. Beherantz makurtu ziren emakumearen ezpain estuak, ausaz etsipenez.

        Azken aldian gero eta sarriago jarri izan zion amarrua bere buruari. Etorkizunak batu egiten zituela. Eta hala ere, broma tonuan bota berri diona izan du estreinako amua. Ordura arteko sentsazioak arrazoitzen ahalegindu zen, emakumeak bakandu egin zituen azken asteetan Anttoni buruzko aipamenak. Ausentzia indarra galtzen hasia zen bien arteko solasean. Eta hala eta guztiz ere, biek zekiten, ezer egotekotan ere, ez zitekeela hitzen eta gogoen jolasa baino izan. Hala behar zuen. Arauak ziren. Inesengana egin zuen. Emakumeak begirada mekanikoari eusten zion.

        Hotz zuen. Gogoetan ez bezala, orain biztuta zeuden hesirainoko argiak. Ezin izan zuen transformadorearen silueta bereiztu, belztasun berean nahasten baitzen guztia. Eta hala ere, errealitateak ez zion ezer ukatzen. Argi ahulen pean, arroatik gora behelainoa balitz bezala ikusi zuen hilko zuen lurruna. Erlojua eskumuturretik askatu eta aulkitik jaiki gabe bota zezakeen urrunen jaurti zuen.

        Zakur zaunkek esnatu zuten. Zenbat denbora pasatu zen? Ordu erdi, ordubete? Erlojuaz oroitu zen, etxe atzeko erkoan galdua. Min egiten zioten oinek. Adausiak datozkio berriro, hurbilagotik oraingoan. Burua makurtu zuen barandako burdina artetik hobeto ikusteko. Jabearen aurretik zihoan zakurra, ibilkera dotoreko polizi-txakur bat, orubeko blokeetaraino heldu eta ilunpeari jardun zion zaunkan. Arratoiak izango zirela pentsatu zuen Azkuek. Gizonak, hogeita hamar urte inguruko gazteak, argitatik deitu zion, katea eskuan zuela. Zigarroa erretzen ariko balitz bezala irteten zion lurrunak arnasa hartzen zuen aldiro. Tximistaren habailaz etorri zitzaion: izotza ari zuen, ez zegoen dudarik. Zakurra ateratzeko, ez zela artean oso berandu izango ondorioztatu zuen. Gauerdia ere ez.

        Burua ia belaunburuetara eramanda jarraitu zuen, okotza ezkerreko izter gainean. Gizonak hutsaren kontra astintzen zuen katea. Berriro deitu zion: Troski. Zaunkak eten egin ziren. Arratoiak imajinatu zituen, beren begi urduriez zokoren batetik zelatan, bera zegoen bezalaxe. Gizonak pauso batzuk eman zituen ilunpetan ezkutatu zen arte. Handik gutxira agertu zen berriro ere argitara, zakurra ibili behartuan samatik oratuta oraingoan. Jo behar zuen keinuak egiten zizkion katetik libre zuen eskuaz; zakurrak atzeratu egin zituen belarriak. Eskuak hurreratze plantak egiten zituen bitartean eduki zuen burua makurtuta. Azkuek goititu eta atzerantz bota zuen berea, zintzurrezurra ortzearen garbiari eskaini nahian bezala. Birikak ase bete artean hartu zuen arnasa. Erre egiten zuen. Estutik zabalerako irudia egiten zuen argitara. Berriro makurtu zenerako ez zuen ez gazterik ez zakurrik ikusi.

        Errio bazterretako basatzarekin alderatu zuen bere bizitzako azken urteez zuen oroimena: bera eta heldugaitzagoa azalean, oreago zenbat eta barnerago egin, lohiaren bihotzerago. Beldurtu, ez ote zen gertatua eta fikzioa desberdintzeko gauza izango. Baina badaki Inesi inoiz galdetu ez dion arren, bazegoela ibaiari begiratze hartan nolabaiteko baietzik, elkarrekiko geroa isiltasun hartan hasi izanaren seinalerik.

        Zer moduz zure loa?

        Ez zion galdetzeagatik galdetu. Hitza eman nahi izate bera zuen bere ustearen bermerik onena. Sukaldean sartu eta giltzak laranjen ondoan utzita etxetik joana izango zen mindurik bazen.

        Ondo esan beharko.

        Berebiziko freskotasunez gogoratu du. Ukondoaz zurkaiztu zen balkoian. Muino gibelean ezkutatzear zegoen eguzki ahula soinean behera irristatzen zitzaion. Kolorez aldatzen zizkion begiak.

        Neka-neka egin arte irakurtzea txarra ez esan zion emakumeak. Hortz ezin zuriagoak erakusteko lehertu zen mizpira heldua.

        Irribarre egin zioten elkarri, zeinu gazteegia zeukaten adinerako. Inesek autoko giltzak gerri parean dantzatu eta boltsoan sartu zituen. Are irribarre gehiegizkoz erantzun izan zion eskerrei. Julenek eman zizkion berak eman beharrean. Errukarri agertu ote nahi zuen etorri zitzaion emakumeari.Anaiaren ondoan etzanda ikusi zuen gizonak karrajuan barrena zihoala lasatzen hasitako ipurmasail guriak erreparatu zituenean, ausentzia gorpuztu harekin bizkarrez bizkar, gau guztiak bata bestearen antzeko.

        Urdail-zuloko harriak tiratua egin orduko hasi zaizkio, berak geratzeko ahaleginik egin gabe, betetzen begiak.

        Bihar goizean goiz eramango dizkizut tailerrera.

        Giltzengatik ari zen. Berak beharrean Jabierrek eman zizkion hurrengo goizean buzoa janzten ari zelarik. Atzera egin zuen bezala ulertu nahi izan zuen Julen Azkuek. Horrela izan zen elkarrekikoa hortik aurrerakoa, elkar topatze eta urruntze etengabea.

        Amak eman dizkit.

        Mutilak gorroto zion, ziur zegoen.

        Minutuak dira azkenengoz dardarka egon denetik. Ezinezkoa da. Ezingo du loak hartu azkenera arte. Izan ere, ohorea erdokatu eta autopsian lehenago edo beranduago agertuko liratekeen sedanteak baztertuta, beste bidekoren bat izan behar. Neka-neka egin arte irakurri, gogotik aldenduta ere, behin eta berriz datorkio emakumea. Ez litzateke itxura izango. Liburu bat bere buruaz beste egin duen baten aldamenenean. Hildakoaren esku urdinetik ozta-ozta aldegindako errebolber bat bezala ikusi du liburua zoru gainean. Odol zipriztinik gabe, auskalo zein orrialdetan zabaldua. Bere baitarako egin du barre. Gizonezko esku batzuk ikusten ditu, ezagutzen ez dituenak eta azkazal garbiko, orrialde horretan Azkuek hartutako erabakiren bat ote dagoen aurkitu nahian. Inoiz inprimatutako libururik ederrena zitekeen. Erraietaraino jaitsiz, barruak berotu dizkio barreak zotinak negarrerako egin dion arte.

        Inesen aurrean inoiz egin gabe zegoen bezala egin zuen. Eskuak aulkiko besaburuei oratuta, malkoak ez ikaratzen ahalegindu zen. Begiak itxi zituen, haien gozoa sentitu zuen gauaren garbiarenarekin batera. Itotzera balihoa bezala zabaldu eta estutu zituen birikak. Idoiztatzen hasita zeuzkan. Ezpainetaraino heltzerako, lehortuak zizkion haizeak. Hotza larritzen ari zen. Betazalek ordura arte ez bezala erretzen zioten.

        Hurrena zabaldu zituenerako ziur zegoen: lo egin zuen. Haizea epelera aldatua zela iruditu zitzaion. Baina nahikoa izango zuen beste loaldi bakarra gehiago ez esnatzeko eta gau osoan buruan ibili dituen fantasma guztiak bere inguruan gorpuzteko eguna zabaldu eta batera. Harritxontxor hotsa entzun orduko, urrutien zeuden bide ertzeko posteetara begiratu zuen. Itzal bat izan zen, lehenengo baten argi uztaian eta gero bestearenean abiadan agerian utzi zuena. Lehengo zakurra izan zitekeen. Gazteak behar zuen atzetik, katea eskuan seguruenik. Argipera iritsi baino lehen sumatu zuen zigarroaren gorria ilunpetan. Zakurrak oruberantz egin zuen berriro ere. Ernegatu ahotsez egin zion deiadar. Zaunkaz erantzun zion adreilu artetik, ez berari eginak baina. Jada ez zuen oinik, ez zituen sentitzen. Arratoiak, pentsatu zuen. Berarengana bildu zituen gogoaz: izutuak imajinatu zituen bere oinetan arramazka, zaunketatik ihesi.

        Nola hartuko ote zuen Inesek heriotzaren berri? Ez zuen asmatzen, senarra lehenbizi, honen anaia, ordezko guraria gero. Munduaren zama hartuko zuen bakardade nahiak bere han hartan. Julen hil da esango dio bien lagunen batek telefonoz, edo Jabierrek berak beharbada. Ez dakigu nola, balkoian topatu dute. Oinutsik. Eta ez du negarrez ikusten, ez beste ahotsaren aurrean bederik. Emana zion gaztigua, eta harri bat balitz bezala jausiko zaio gogora. Mundua badoa eta ni berarekin, Ines.

        Zaunkak ahitzen entzun zuen. Gero eta bakanagoak, isiltasunak hoztu egin zuen haizea. Makurtuta, balkoiko burdina artetik begiratzera behartuta zegoen. Ez zuen zakurra ikusi. Gaztea, katea poltsikotik zintzilik zuela, arnasaren berora bilduta eskuak, bide ertzeko sasiei beha zegoen. Gernu beroaren lurruna lehen hatsarena baino arinago igotzen zen. Zigarroa etorri zitzaion. Bi farola argiren arteko ilunpetan ikusten zuen, ia nabarigaitza bide erdian.

        Berriro ohartu zenerako, begira zuen. Begiak Azkue zegoen balkoitik kendu gabe deitu zion Troskiri. Errioko basatzetan gordetzen sumatu duen itzal txikiago baten atzetik agertu da argitara. Lotzen ikusi du. Sukaldeko argi iziotuaz ohartu da Azkue. Horrek deitu die gaztearen begiei, eta orduan konturatu da hau gizonaren presentziaz. Eta ez du gainera aldegingo, erantsi du hortz artean. Nahitaezko betebeharra zuen, bere herioan ez da lekukoentzat tokirik.

        Ondo al zaude? egin dio oihu gazteak aulkian eserita dagoen itzalari.

        Azkueren baitan rafaga batek legez egin dute gogoetek. Esan ez zizkion gauza asko zegoen. Inesen eskua bereen artean. Zure ezpainak gehiago zabalduko balira argiagoa litzateke gaua.

        Ondo al zaude? errepikatuko du, ozenago oraingoan.

        Erantzunaren zain, itzala altxatzen eta etxean sartzen ikusi du gazteak. Lotsak ez du hitz egiten. Zakurraren zaunkak entzun ditu, mutilaren kolpeek etenda imajinatu dituenak. Belarretan geratu den erlojua jaso behar duela jaio zaio. Harriak lakoak ditu min ematen dioten oinak. Ez du zapatarik etxera sartuko. Zakurrak amatatu den argi zuri bat gorde du begietan.

 

 

© Iñigo Aranbarri

 


susa-literatura.com