Begi berrien bila
Tolosa, uztailak 13
Kaixo, Asier:
Mendi buelta ederra egin diat gaur arratsaldean, goiz bazkaldu ondoren. Lasai ibili nauk baina, ttipi-ttapa, kilometro mordo galanta egin diat azkenean. Ilunduta zegoan etxeratu naizenerako. Aspaldian ikusi gabeko parajeetan zehar ibili nauk, niretzat oroitzapenez beteak diren paraje bakartietan zehar, erreka zulo estuetan txertatua batean, bista zabaleko muino batera igota hurrengo. Ederrak dituk jaioterriko etxearen inguruko paraje horiek, ederrak eta kutunak zaizkidak neuri behintzat. Etxetik ordu t'erdi ingurura, Aldaban, baseliza txiki polita zegok, oso bitxia eta oso ezezaguna, aldarearen atzean, Kristoren edo Amabirjinaren irudiaren ordez, kristalezko leiho handi, zabal eta gardena duena, atzean ageri diren Aralarko mendien ikuspegi zoragarria eskaintzeko, Txindoki buru dutela. Baina baseliza magiko horretatik Santa Marinara igo eta ondoren Berostegiko bidera jaitsita, harrobi zuriaren ondoan dagoen zabor-sulabean pilatutako zakarrei begira ere ez nauk gutxi hunkitu. Berogailu zaharkitu bat zegoan, eta trizikloa, era askotako elektratresna herdoilduak, goardasol hautsiak, josteko makina zaharra... Eta panpina handi zatar bat ere bai, guztiz umeldua, hilotza zirudiena.
Gustora ibili nauk, bai, batetik bestera, bazter ezkutu eta ahaztuei begira, mundu berri bat ageriko balitzait bezala. Bakardade sakon baten jabe sentitu nauk, bizipoz eta bizi-indar osasungarri baten jabe, neure buruaren jabe beharbada. Ez zekiat oso ondo zer esan nahi duen horrek baina gaur halaxe sentitzen naizela iruditzen zaidak behintzat, neure buruaren jabe, neure gorputzaren jabe, neure denboraren jabe, neure eginbeharren jabe, neure bizitzaren jabe, neure izatearen jabe. Halaxe sentitzen nauk gaur eta halaxe ari nauk sentitzen azken bolada gozo honetan.
Ondo nebilek, beraz, ez kezkatu niregatik. Lasai bizi nauk, oraingoz behintzat. Eta zuek zer moduz zabiltzate Saint Lary alde horretan? Nahiko gogor zegok kontua, ezta? Zail samarra izango duk etaparen bat irabaztea, baina borrokatu beharra zegok. Onena opa nahi dizuet hemendik, merezi duzue eta. Egunkariak irakurrita jakiten diat hemendik zuen abenturen berri, tarteka behintzat, eta telebistari begira ere bai aukera onik egokitzen bada. Tourmalet gainera igotzen ikusi hintudan herenegun, esate baterako. Oso txirrindulari dotorea haiz, Asier, benetan, eta, telebista ikusten ari nintzela, harro sentitu ninduan hire taldekide izana nintzelako eta hire adiskide naizelako. Azkenean harrapatu egin hinduten baina hor geratu zuan hire ahaleginaren arrastoa: indarra, erritmoa, estiloa, dotorezia... Hire inguruan bildutako zaletu guztiekin bat egin eta hiri animuak emateko gogo bizia sentitu nian telebistari begira.
Baina ez nauk hasi gutun hau idazten hiri animuak emateko, jakina, eskuan izaten duanerako Tourra ongi amaitua izango baita, izan ere. Berez ez diat motibo zehatzik gutun hau idazteko, gutun honek ez dik helburu jakinik, oraingoz behintzat, idazten hasi berri naizela. Hiri idazten hasteko gogoa sentitu diat, zuei guztioi mintzatzeko gogoa, taldekide guztiontzako baita, azken finean, gutun hau. Oso gogoan zaituztet, asko oroitzen nauk zuekin, hasieran uste nuen baino askoz gehiago, eta kezkatu egiten naik niri buruzko okerreko iritzirik ez ote duzuen izango pentsatzeak. Eta idazten hasi nauk, astia dudalako eta beharra sentitu dudalako; eta gogoa dudalako, beti gogoko ditudan gauzak egiten saiatzen ari bainaiz azken aldi honetan, gogoz kontrakorik ezer ere ez.
Ondo sentitzen nauk, Asier. Ez dakik zer eder den bizarra gorputz osoan zehar hazten uztea, batere ardurarik gabe, basati eta oldarkor, bizi eta libre. Ohetik jaikitzen naizenean, zango bizartsuei begira poztu egiten nauk. Muturra garbitzerakoan, berriz, ispilu aurrean, aurpegia estali nahi didan bizar lodiari begiratzen zioat irribarrez, «hazi hadi, motel» esanez bezala, «hazi hadi libre nahi duan adina». Eta zintzo eta eskuzabal sentitzen nauk horrelako pentsamendu inozoekin.
Ez dituk hala ere hain inozoak pentsamendu horiek, Asier, ondo aztertzen badira. Bizarrarekiko bezala, aurrean suertatzen zaidan guztiarekiko sentitzen bainaiz zintzo eta eskuzabal, lehen ez bezala. Bai, bizitzeko beste era bat duk hau, eta pozik negok egin nuen aukerarekin, ez negok batere damututa. Aitortu behar diat sentitu izan dudala inoiz zirrara berezi bat, oroimin garratz bat, gogoa ahuldu eta gogor tristarazi izan nauena. Aitortu behar diat orain ere batzuetan okerreko erabakia hartu ote nueneko errezeloak goibeltzen eta urduritzen nauela, loa galarazten, tripak jaten... Bazekiat, ordea, edozein bizimodu aukeratuta ere, edozein modutara bizita ere, tartekako zalantza eta tripa-jate horiek ezinbestekoak direla, derrigorrez pasatu beharrekoak, geure izaeraren muin-muinean daudenez gero.
Ez baitakigu non dagoen bizitza, horixe duk kontua. Ez zekiagu nondik joaten zaigun, nondik egiten digun ospa. Alderdi batetik eusten hasi orduko beste batetik ihesi sentitzen diagu. Bizitzeko era bat aukeratu eta geure egiten hastea aski duk bizitzeko beste modu batzuen bekaitza edo oroimina izateko, aukeratu duguna, geure egin duguna, bizitzen hasi garena gutxietsita, bizitza alferrik galtzen ari garela iritzita, zulo beltz handi batean sartu eta irten ezinik gaudela sinetsita.
Eta garaipena ere, esate baterako, ospea eta fama eskuratu eta irabaztea, bizitzaren ihesa galarazten saiatzeko modu bat besterik ez duk, hasiera batean kanpotik erakusten duen lilura distiratsua dela eta erabatekoa dirudiena, behin betikoa. Baina apur bat ezagutzen hasi orduko jabetzen gaituk garaipena deitzen den hori ere ez dela aski bizitzari behar bezala eusteko eta, aitzitik, okerrago, garaipenaren bidea hautatzeak zulo zabal eta erosoak zabaltzen dizkiola bizitzaren ihes etengabeari.
Heuk ere ikus dezakek hori, garbi askorik ikusi ere gainera, ez al da hala, Asier? Har ditzagun garaipenaren adibiderik garbienak: Indurain, Rominger, Berzin, Pantani, Chiappucci, Bugno, Ugrumov, De las Cuevas... Munduko txirrindularirik onenak, dudarik gabe. Ospetsuak, aberatsak, protagonista beti, tropel osoak begiratzen ditik bekaitzez. Garaipenaren bizioak zeuzkak harrapatuta horiek, eta bizitza ukitu gabe ari dituk iragaten eta iraungitzen gaztaro osoa, bizitza zer denik batere jabetu gabe. Eta zenbat eta txirrindulari hobeak izan orduan eta okerrago, gainera. Ez al da hala, Asier? Horiek ez zekiate zein ederra den ohetik jaiki eta zangoetan ilea hazten ari zaiela ikustea, ispilu aurrean begiratu eta bizarra dutela, erlojua begiratu eta egun osoa norberaren eskuetan dagoela, etxe osoa, herri osoa, herri inguruko mendi guztiak, itsasorainoko bidea, euria egiten duenean aterbea, gerizpea eguzki berotan...
Garaipenaren poz faltsuak deitzen ziek horiei, eta heuri ere bai oraindik, zuei guztioi alegia, tropel profesional oso-osoari, eta baita amateurrari ere. Poz faltsua duk hori, bai, neure uste apal baina ziur eta sendo samarrean behintzat, gizaki mendebaldarraren konbentzioetan duelako bere oinarri bakarra, ez beste ezertan. Gehiegikeriak al dira esaten ditudanak? Benetan sinesten al duk gehiegikeriak direla?
Bizio bat gehiago duk garaipenarena, bere neurrian bizipoza eman diezagukeena eta alaigarri eta lagungarri gertatu. Baina, bizio guztiak bezala, kaltegarria duk neurriz kanpo, eta txirrindulari profesionalok neurria ondo pasatua duzue bizio horretan, derrigorrez, bestela ezin iraungo baitzenukete denboraldiaren laurdena ere bizikleta gainean, euri eta eguzki, aldapa gora eta aldapa behera, ihesean batzuetan, ihesitakoak harrapatzeko borrokan bestetan. Zertarako hainbeste ahalegin eta oinaze hutsal eta antzu, alfer-alferrikako?
Txirrindularitza oso gustukoa izan diat beti, heuk ere badakik hori, Asier. Neu ere ondo harrapatu izan naik bizioak. Eta gaurko mendi bueltan ere, nahiz eta oinez ibili, bizikleta gainean nindoala imajinatzen nian behin eta berriz, multiplikazioa kalkulatzen nian aldaparen arabera, bihurguneari nondik eta nola ekin pentsatu, esprint estua imajinatu... Baina konturatzen al haiz zer den benetan txirrindularitza, Asier? Zer den kirola gaur egun? Gure gaurko gizartearen isla eta metafora ezin garbiagoa duk, garaipenari begira egindako mundu baten metafora, ospearen eta diruaren bila antolatutako lehia estu eta hilgarriaren metafora. Mundu gaizto baten metafora gaiztoa. Txirrindularitza propaganda hutsa duk, ez bakarrik elastikoan, kuloteetan, txapelean, bizikletan, eskularruetan, are galtzerdi eta zapatiletan ere iragartzen dituzuen produktu, erakunde, talde eta abarren propaganda, ez bakarrik helmuga inguruetan, tartekako helmugetan, mendate gainetan, irteeretan eta abarretan ezarritako pankartek eta txaplatek egiten duten propaganda, ez bakarrik irrati eta telebista kateek karreraren berri eman bitartean okatzen duten propaganda, baizik eta batez ere propaganda bera, norgehiagoka itsua eta diruaren nagusitasuna aldarrikatzen dituen mundu eznatural eta anker baten propaganda, indar guztiak eder itxura faltsua eskaintzeko lanean alferrik galtzen eta hutsalkeriarik antzuenera bideratzen dituen mundu gizajale baten propaganda. Oker al nabil, Asier? Esaidak, Asier, zuzen nazak oker banabil.
Mundu horretan lepotik goraino murgildua nengoan neu ere, noski, lehenengo urteetan. Pentsatu eta konturatu egiten ninduan, bai, non sartuta nengoen, zer zen egunero inguruan bizi nuen guzti hura, baina garaipenaren lilurak itsutu egiten nindian. Jakin egin nahi nian zer sentitzen zen helmugara lehenengo iritsi eta eskuak altxatzean, kazetariak atzetik galdezka izatean, begi guztiak neroni begira eta dirua barra-barra... Garaipena ezagutu nahi nian eta prest ninduan garaipenaren bila eginahalak egiteko, ahal zen guztia. Txikitatik erakutsi zigutek garaipenaren lilura hori, horrela ikasi izan diagu, eta asko kostatzen zaiguk kontuak beste era batera ikusten ikastea, bizitzari beste era batera begiratzea, begi berriekin alegia. Nekeza zaiguk, bai, bizitza beste era batera uler daitekeenik ametitze hutsa ere.
Ez askotan baina, gutxi batzuetan bada ere, probatu nian helmugara lehendabiziko iristearena, bakar-bakarrik gainera, besoak lasai altxatzeko astiarekin. Oso zirrara berezia dela aitortu behar diat. Heuretzat ere hala izango duk, jakina, heuk ere behin baino gehiagotan egin baituk aproba. Hegan egitearen antzekoa duk. Zeruaren parekoa: egin beharreko dena ondo baino hobeto egin ondorengo sari ederra. Une batez jainko izatearen pare. Une bakar bateko lilura berehala amaitzen duk, ordea, eta berehala hasten haiz kolpeak jasotzen. Helmuga zeharkatu ondoren, frenatu, gelditu, zangoak leher eginda sentitzen dituk, gorputz osoa zigortua. Kazetariak datozkik galdezka, denak batera, eta ez haute bakean uzten, ez diate unea behar bezala errespetatzen. Eta orduan konturatzen haiz karrera bat irabazi duala, besterik ez, eta horixe dela dena, ez dagoela besterik, ez dela horrenbesterako. Denboraldiak karrera asko dituela konturatzen haiz, eta hik irabazitako horrek berak ere bere historian zehar garaile asko eta asko izan dituela, eta hire izenak letra txiki batzuk besterik ezin osatuko dituela inoiz txirrindularitzaren historia nagusian. Eta anti-dopina pasatu behar duala, eta masaiak hartu, eta hotelera joan, edota hegazkina hartu beharbada. Eta okerrena zera duk hala ere, biharamunean edo hurrengo batean, laster, beste karrera bat dagoela, eta hurrengo astean ere beste bat edo bi, edo hiru, eta denboraldi baten atzetik bestea datorrela, eta beti prest egon behar duala, beti gertu borrokarako, zintzo bete behar dituala beti zuzendariaren aginduak, etxean hagoenean ere entrenatu egin behar duala egunero...
Txirrindulariak bere zeregina garbi ezarria dik: garaipena. Irabazten saiatu behar dik, irabazteko gauza bada, edota taldeko beste bati lagundu beharko ziok bestela, hainbesteraino iristen ez bada. Eta garaipenarekiko hurbilpenak neurtzen dik guztia hasiera-hasieratik. Azkenean batek ahaztu egiten dik nor den ere, nondik datorren, zer zen lehen, zein diren bere benetako adiskideak eta bere benetako nahiak eta asmoak. Azkenean batek ahaztu egiten dik zertarako bizi den ere. Bazirudik garaipena lortzeak behar duela izan bizitzaren zentzu eta helburu bakarra.
Nazkatu egin nindian azkenerako derrigor irabazi behar hark. Bizi egin nahi nian. Neu izan. Ahaleginak egin behintzat ni neu izatetik ahalik gertuena hurbiltzeko. Horretarako gorde bestela garaipen antzuen bila galdu beharreko indarrak.
Beharbada, hitz gutxi samarrekoa izaki, oso ondo disimulatzen jakin izan nian eta zuek ez zenidaten ezeren susmorik hartu inondik ere, baina ni azken bi urteetan ibili ninduan arazoari jira eta bueltaka. Askotan hartu nian neure artean txirrindularitza uzteko erabakia baina gero, inertziaren indar goxoaren eraginez edo, lehengoan segitzen nian. Izan ere, jakina, ez baita batere erraza horrelako erabaki bat hartu eta burutan ateratzea. Pentsa ezak herorrek egin beharko bahu... Arrazoizkotzat jotzeko moduko motibo asko izaten dituk beti ere txirrindularitzan segitzeko, eta nik zaletasuna ere banian gainera, eta badiat oraindik ere. Eta ez duk hori dena: jende asko izaten duk inguruan, adiskideak ere bai, zuek behintzat, eta beste batzuk ere bai, eta nola azaldu hori guztia denoi? Neure burua engainatzea zuan errazena, noski: «Gaurkoagatik korritu egingo diat, eta hurrengorako hobeto mamitu erabakia, hobeto prestatu ingurua eta orduan bai, orduan benetan...»
«Begi berrien bila» ibili ninduan horrela bi urtetan, bai, «mundua ikusteko begi berrien bila», halaxe definitzen bainuen egonezin eta desoseguzko egoera desorekatu hura neure arterako. Aldaketa baten beharrean ninduan, ezin nian hala segitu, ikuspuntua aldatu behar nian, beste era batera ikusi nahi nian mundua, beste era batera bizi.
Halako batean, ordea, iazko abuztuan, loak ezin hartuta ohean bueltaka nenbilen gau batean, zorioneko Donostiako Klasiko hura baino pare bat egun lehenago, ideia bat etorri zitzaidaan burura, ideia benetan bitxia baina neurea, neure-neurea. Nik banekian jende askok gaizki hartuko zuela, jende askok gaitzetsi egingo zuela nire jokaera, nik banekian askok eta askok gorrotatu egingo nindutela ideia hura burutan ateratzeko lain ausardia izanez gero. Umekeria bihurria zuan, ganberrokeria lotsagabea. Baina nik umekeria ganberro hura egin egin nahi nian, batez ere umekeria bihurri haren pozak azken bi urteetan ezin hartu izan nuen erabakia hartzen lagunduko zidalakoan, batez ere ganberrokeria lotsagabearena ordura arteko inertzia garaitezin hura apurtu eta behingoz begi berriak bilatzeari ekiteko akuilu ezin egokiagoa izango zelakoan. Ez zekiat nola azaldu. Ideia erridikulu eta ganberro hura oso ona iruditzen zitzaidaan, indar eta bitxitasun izugarrikoa, jeinu handi baten izpiritu argi eta zorrotzaren ondorio, nahiz eta jakin publikoki, oro har, oso gaizki ikusia izango zela nik ideia hura gauzatzea. Niretzat aproposa zuan ganberrokeria hura, neure ideiak adierazteko eta neure benetako pentsamoldea eta neure benetako izaera azaldu eta kaleratzeko. Eta ziur nengoan, gainera, ideia hark neu izateko bidean, neure burua aurkitzeko bidean lagunduko zidala, eta aurrerapauso erabakigarria izango zela mundua ikusteko begi berrien bilaketari ekiteko. Kolpe lehor bat izan behar zian hark, bat-batekoa, garai berri bati hasiera emateko, ordura artekoarekin erabat hausteko, eta ideia errebelde eta bitxi haren pozetan prest sentitzen ninduan azkenean ere neure gogoa betetzeko.
Ez zegoan harrotasunik nire planteamenduan, askok eta askok hala pentsatu eta hala leporatu izan didaten arren. Aldez aurretik ere banekian nik hori gertatuko zela baina garbi ikusi nian une hartan huraxe zela neure aukera bakarra eta ez nuela inola ere alferrik galdu behar. Eta garbi ikusi nian itsu-itsuan egiten banuen planeatutakoa, pentsatzera gelditu gabe, arrazoibidearen ahulkeriei amore eman gabe, ez zitzaidala inoiz damutuko. Eta halaxe izan duk, Asier, halaxe izan duk, ez baitzait inoiz damutuko egun hartan egindakoa, ez diat uste, ez horixe!
Ideia hura aurrera eramateko arazo bat zegoan hala ere. Donostiako Klasikoan bertan komeni zuan ideia gauzatzea, bero-beroan, ideia berriaren poz suspertzailea bizi-bizirik zen artean. Hartan huts eginez gero, beste karrera garrantzitsu baten zain egon behar izango nian, eta ordurako ideiak indarra galdu eta neuk, ondorioz, betiko inertziaren dinamikara etsitzeko arriskua ere handia zuan. Eta, gainera, jakina, non hobe etxetik gertu baino? Horregatik, gogor irten ninduan egun hartan, fede handiz, indartsuena neu izango nintzela ziur, Jaizkibelgo aldapetan inork ezin segitu izango ninduela konbentzituta.
Eta halaxe izan zuan, espero bezala, behar bezala. Jaizkibeldik Donostiara bidean, atzean Txomin kotxetik oihuka nuela, erreferentziak eta animuak ematen etengabe, inoiz ez bezala sufritu nian, neure onena eman nian, neure muga guztiak gainditu nitian, baina lortu nian nahi nuena, ez zuan inor heldu nire parera. Gogoan izango duk heuk ere, noski. Niretzat huraxe izan zuan sekula korritu dudan karrerarik ederrena. Zoragarria! Azken metroak batez ere, Donostiako Bulebarrean, jendez inguratuta, garaipena neure eskuan eta ez beste inorenean zegoenean. Hantxe hasi zuan festa. Zorabiozko uneak izan zituan haiek niretzat. Urduritasun kontrolaezin batek dardarka jarri nindian baina barnetik sekulako indarra sentitzen nian, estu itotako adierazkortasun bortitz baten itsumustuko askapenari zegokion indar basatia, geldiezina, primitiboa.
Pedalak eragiteari utzi eta, denek eskuak altxatu behar nituela uste zutelarik, telebistako kamerei begira keinu zakarrak egin, elastikoa erantzi eta bota, oinetakoak ereberdin, eta azkenean kulotea ere jaitsi, dena agerian utzita, aurreko egunetako planak egiterakoan horrenbesterainoko adorerik izatea espero ez nuen arren. Helmugako marra zapaldu baino lehen bizikletatik jaitsi gero eta, bukatzeko, bizikleta harrika bota airean. Eta kito. Besterik ez. Hortik aurrerakoa ez zegoan nire esku. Horixe izan zuan guztia. Gogoan izango duk, noski.
Mundu guztiak ikusi ahal izan zian zuzen-zuzenean, edo Mendebalde ia osoak behintzat. Segundu gutxi batzuk, minutu erdi inguru, ez askoz gehiago, baina nahikoa izan zuan. Egina nian neurea eta kito. Karrera irabaz zezala nahi zuenak! Nik ez nian nahi! Utikan garaipena! Utikan begi zaharrak! Gora begi berriak!
Gero etorri zirenak oso gogorrak izan zituan niretzat, jakina, pentsatu ahal izango duanez. Zuek hasierako harriduraren ondoriozko nahasketaren bat edo beste ahaztuz gero behintzat oso ondo portatu zineten eta nire esker ona zor dizuet, Txomini bereziki, berari egin bainion beste inori baino kalte handiagoa, baina beste batzuek benetan gogor eraso nindiaten, eskuan zituzten arma indartsu guztiak neure aurka erabiltzeko ahalkerik gabe. Lehen ere esana diat, ordea, aldez aurretik nekiela nik zer gertatuko zen, eta prest nengoela aurkako iritzi, salaketa eta zigor guztiei aurre egiteko. Horrek ez zian axolarik. Egindakoa ondo egina zegoan eta ondorio mingarri gutxi batzuk izatea zuan gutxienekoa. Kontua zuan sendatuta nengoela. Kontua zuan azkenean ere hitz egiten ikasia nintzela. Kontua zuan begi berrien bila abiatzeko bidea zabaldua nuela, nolanahi ibili eta noranahi jotzeko libre bainintzen aspaldiko partez.
Horrelaxe izan zuan guztia, Asier. Horrelaxe sentitu nian neuk, horrelaxe bizi, eta horrelaxe kontatzen dizuet orain neure ikuspuntutik. Zuek dena ontzat eman eta ametitu zenidaten arren, iaz eman nizkizuen azalpenak bat-batekoegiak eta nahasiegiak izan ote zireneko irudipena izan diat denbora honetan guztian, eta ea gutun honen bidez orduan ilun samar utzi nizkizuenak argiago ikusterik baduzuen. Horixe duk gutun honen xede nagusia. Ez zekiat ondo egin ote nuen ala gaizki, eta ez zaidak batere axola gainera. Ulertzen al duk, Asier? Konturatzen al haiz? Orain inoiz telebistatik ikusten zaituztedanean, tropeletik pare bat txirrindularik, edo hiruk, edo lauk, berdin zaiok, ihes egin eta bizikleta gainean musuka, laztanka eta xirrika hasiko ote diren iruditzen zaidak, keinu lizunak egiten kamera aurrean. Oso aukera ederra baita, dudarik gabe, horrelakoak egiteko.
Tira, bazekiat zuek ez duzuela horrelakorik egingo, eta ez beste inork ere seguru asko. Bazekiat, ondo jakin ere, horrelakoak errazagoak direla pentsatzeko edo esateko egiteko baino. Eta bazekiat, bai, motibo asko dituzuela denok horrelakorik ez egiteko. Bazekiat ez litzatekeela batere arrazoizkoa, batere errentagarria, inguratzen gaituen gizartearen arrazoimenaren eta ekonomiaren neurrietan behintzat.
Oso maiz gogoratzen nauk zuekin, Asier, oso adiskide onak izan zarete nirekiko eta zuen adiskide sentituko nauk beti. Emaizkiek goraintziak denei nire partetik, eta jaso ezak etorkizunik onena eta garaipenik distiratsuenak opa dizkian adiskide zahar honen besarkada estua.
Josu Oñederra
© Juan Luis Zabala