Eklipsea

Gose da. Hirurak ondo paseak dira eta bazkaldu gabe daude oraindik. Bere hesteetako gurgura entzun dezake. Azken hilabeteetako gertakizun latzek bizitza errotik aldatu badiote ere, deus gutxi izan dira urdailaren ibilera zehatza eragozteko. Inguruan gertatzen ari zen hondamendiari itsu, negar saminari gor, idi uztarpetuaren tema ergelaz betikotasunaren ildoari lotu eta bere behar arrunten asetzea eskatu izan dio orroeka, ia alkoholiko baten etsipenaz. Giza gorputzaren atal ezberdinak elkar harturik daudela dioen teoriari muzin eginez, bere urdail eta bihotzaren artean ez bide dago inongo loturarik. Bakoitza bere kaxa dabil eta, antza denez, kontrako norabideak izatera ere hel daitezke. Akatzen errazak dira tripazorriak, barekaitza ordea bihotzaren enbata.

«Ainhoa, joateko prest?», amaren ahotsa sukaldetik. Etxeko terrazan dago Ainhoa, eguzkitan. Gela barrura etorri, bikinia erantzi eta soineko urdina jantzi du.

 

Horia, mahukagabea, berria daamarena.Amantala zintzilikatu eta poltsan sartzen hasi da zilarrezko paperean bilduriko pastel handia. Txokolatezkoa. Amak goiz osoa eman du sukaldean.

Hutsik daude kaleska itzaltsuak. Ahitzen ari den udaren iraileko arratsalde beroan plater eta edalontzien soinua, senide artekoen bazkal osteko berriketa motela eta telebistetako ahots etenak dira herriko bizitzaren adierazle bakarrak. Mortua irudituko luke bestela. Zer pentsa lezake bestela entzumenik gabeko edonork tenore horretan karriketan barrena abiatuz gero. Ama eta alaba bakarrik, herri osoaren jabe sentitu da Ainhoa. Sentipen hori gustokoa dauka. Maite du urratsen soinua harri txintxarreko zoluan eta nola luzatzen den kalean behera, etxeetako horma gorriskak bide. Gerizpean egin dute harresietarainokoa, baina hegoaldeko atearen arkupea igaro eta betaurreko beltzak jantzi behar izan dituzte. Suak harturik ematen du muinotik ikus daitekeen guztiak: eremu ordokiak, mahastiak, errekak marraztutako lerro bihurria, makaldia. Eguzki galdatan ortzemugarainokoa. Txitxar bakan baten krokoa gorabehera, euliren baten durdurio laburra salbu, Erdi Aroko horma arrailduek gordetzen duten herria bezain isil ageri da lautada ere. Poltsa eskuan, aurretik doa amamaldan behera. Soineko argiak bere larruaren belztasuna nabarmentzen du. Polita deritzo Ainhoak orduan. Makaldira hurbiltzen ari direla, beste hots batzuk antzeman ahal dituzte. Errekaren murmurioasomatu dute, zuhaitz lerdenen zurrumurrua, inoren barre algara urruna. Erre usaina nabaritu dute aide lausotuan. Arkumea seguruen.

Badaki bazkaria ez dela nolanahikoa izango, okasioa bera nolanahikoa ez delako, edonoren bizialdian gehienez behin baino gertatzen ez dena. Horixe errepikatu dute aurreko egunetan irrati eta egunkariek, duela berrehun urte baino gehiago ikustatu ahal izan zela azkenekoz. Alferrikakoak ditu azalpen guztiak. Zer esango diote berari?! Aita itsas kapitaina zuen lanbidez, baina astronomotzat zeukan bere burua. Horregatik eklipsearen albisteak bazterrak dantzan ipini dituelarik, ez da batere aztoratu Ainhoa. Eta fenomenoaren gaineko sineskeriak berbiztu eta herrian zehar barreiatu direnean, zaharrei aurre egin eta aho zabalik utzi ditu bere argudioez, hamalau urteko neskato gorri bati inolaz ere ez dagozkionak. Berdin geratu dira kuadrilakoak. Duen jakinduriaz txunditurik batzuk eta inbidiaz amorratuta besteak, neskak batipat. Liburu-pipia deitu diote. Baina eguzkiaren eklipseak ilargiarenak baino hiru bider sarriago izaten direla jakiteko ez du libururik zabaldu beharrik, ezta ere ekuadorrean zortzi minutukoak direla eta pare bat minutu laburragoak Europan ikasteko. Horiek eta beste hainbeste zehaztasun gehiago dauzka betidanik gogoan, aitari entzunda. Eta jantzi behar dituen betaurrekoen kontura Lola bezalako neska txoroek trufa egiten diotenean, negar egingo du beharbada, baina baita barre txikiak ere bere artean haien ezjakintasunaz oharturik. Eta gauza bera atsoei eklipseak ekarriko omen dituen desgrazien iragarpenak aditzean. Laster bildu beharreko mahatsa legoke arriskuan. Ekaitza sartu, harria bota eta xehe-xeheeginda utziko lituzke mahastiak bere atzean. Udatiarrak berriz, ez dira ezeren beldur. Aitzitik, gertakizun berezia dela eta, bazkari batean bildu eta elkarrekin ikustekotan geratu dira.

 

Errotara gerturatu ahala, ozenagoak bihurtu dira ahots eta algarak, sarkorragoa haragi errearen usaina. Ke hari mehe bat ari da igotzen oskarbirantz, makalak bezain zuzen, haiek baino gorago. Horma ilunak ditu arbolen artean begi bistara agertzen hasi zaien eraikuntzak, huntzak erdi estalia. Hurbileko uraren freskura eta baso tankerakoaren itzal gozoa eskertu dituzte ama-alabak.

Bere atzean zerbait aditu, bueltatu eta «Esther, aspaldiko!» poztu egin da su ondoan arkumea zaintzen ari den gizona.

«Zer moduz Pako?».

Elkar besarkatu eta beste hitzik gabe elkarri begira geratu dira une batez, gizona Ainhoaren presentziaz ohartu arte.

«Zu Ainhoa izango zara, ezta? Noski, ez zara nitaz akordatuko» esan dio neskari burua ferekatuz. Ainhoak ordea, ez du batere atsegin izan gizonaren keinu ustez maitakorra. Ume batentzat aproposa agian, inolaz ere ez bere adineko batentzat. Txotxoloa.

Pako Urbina dauka izena arkumeari darion koipe beroa bildu eta burruntzaliaren bitartez animaliaren azal errea uhieltzen diharduenak. Bilbotarra, eurak bezala. Bera da errotaren jabea eta berea da baita ere bazkari berantiarraren ideia, hiriko bizimodu presatura itzuli baino lehenagoko azken ospakizuna, hiltzear dagoen udaren bukaera markatuko duena. Galtza motzetan, t-shirt koloretsu batez jantzirik, bromatsu eta xaloa itxuraz, nekez ezkuta ditzake elastikoaren pean nabarmentzen zaion tripazorroa edota begi ondoko zimur ugariak. Zazpi kaleetako jantzidenda ezagun bateko ugazaba da ezkonduz geroztik. Hain zuzen, hura irekitzera joan zaio emaztea. Errotako azken egokitze lanak zaintzeko geratu da bera.

Etxeari errota esaten bazaio oraindik ere, zerikusi handirik ez du benetako edozein errotarekin. Urteak dira handik ez dela irin zakurik atera. Errotarria ez da bertatik mugitu, baina aspaldi pikatu zuen inork azkenekoz. Apaingarri dago, paretetan erdi herdoilduta dauden lanabesak bezala. Jakina, urbinatarrak ez dira han bizi —nola lokartu errekaren azantzaz, nola jasan bertako hezetasuna?— eta etxe handi bat daukate herriko enparantzan. Kupel ardoak gordetzeko erabiltzen dute, lagun arteko afari-meriendak egiteko txokotzat.

Ate nagusiaren ondoan, ohol batzuk mahai moduan jarri eta hara eserita daude gainerako gonbidatuak. Jende nagusia. Peraltatarrak, ormazabaltarrak, izenez ezagutzen ez duen hainbat eibartar...

«Esther, hau poza!», mahaikoen agur beroa.

Haruntzago beste taldetxo bat osatu dute euren seme-alabek.

Amari garagardo freskorik eskaini aurretik, «Hor dituzu lagunak» esan dio Ainhoari Urbinak, aldamenetik uxatu nahiko balu bezala. Gizonak erakutsi dion aldera so egin baino lehen jakin izan du bere begiek topatuko zutena. Eta ez zaio gustatu. Nabarmena da Lolaren algara. Gainera, haren gurasoak nabaritu ditu mahai inguruan daudenen artean, alaba bezain fanfarroi den eibartar bikote handinahia: bitxiez zamaturik emaztea, habanoak erretzen dituen senar puska.

«Kaixo» esan eta haien aurrean gelditu da. Lolaren begiratuak argi adierazi dio: zertara etorri haiz? Inork ez dio esertzeko esan. Eseri egin da dena den, lurrean jezarri da haiekin batera. Taldean mutilen bat badago ere, neskak dira nagusi. Gauean Mikel Andiaren txaletean ospatu beharreko jaiaz mintzo dira.

«Eta hik Ainhoa, joan behar al dun?» irribarretsu Lolak.

«Bai noski. Eta hik?» Ainhoak, itxuraz inozentea den galderak dakarren eztenkada zorrotzaz jakitun, pozoina itzuli nahian. Baina Lolak ez dio erantzun, irribarre egin dio ostera.

Kontent entzun dituzte beste lagunek Lola eta Ainhoarenak. Badakite hitzok uda osoan izan duten gudaren azken borrokaldiaren atarikoak baino ez direla. Eta badakite zein den bien arteko gatazkaren zioa, biek bereganatu nahi duten saria: Mikel Andiaren bihotza.

Mahaia aldera behatu eta berataz berbetan ari direla jakin du Ainhoak. Ezin ditu dagoen tokitik aditu. Gaitzerdi, nazkatuta dago eta, aita hil geroztik leku guztietara lagundu duen errukiaz. «Kuitadua, hain gazte». «Gehien behar izaten den adinean, zorigaiztokoa».

 

«Mahaira!» hots egin du Pako Urbinak, arkumea sutatik apartatu eta zurezko erretilu baten gainean lagata. Ez du gonbidapena berritu behar izan. Behingoan eseri eta noiz hasiko aurkitu ditu denak, heldu zein gazte, mahaira iritsi denean. Ketan dago abere errea. Platerak bete, elkarrizketak eten, mahaikideak mututu eta laban hotsa nabarmendu da arratsalde beroan. Azken hezurreraino zupatu eta gosea ondo berdindu arte, ez dira bildutakoen ahotsak atzera aditu. Orduan oroitu dira hara eraman bide dituenaz.

«Noiz desagertu behar du eguzkiak?» egin du galde andreetariko batek, atzamar koipetsuak mukuzapi batez garbituz.

«Hara, ahaztu egin gara eklipseaz!».

«Ez kezkatu, badauzkagu oraindik bost bat minutu» lasaitu du Urbinak gonbidatu batzuen bapateko ardura.

Ez dakite zer egin, pastelak eta abarrak segituan mahairatu ala eklipsea pasa osterako utzi. Hondarrekoa hautatu dute. Edalontzi hustuak bete eta esperoan gelditu dira, eguzkirantz beha.

 

Labur itxaron behar izan dute. Arin gertatu da. Konturatu direnerako, ilargiak eguzkia estali eta ilunbeak hartu du dena. Zaunka batean hasi dira txakurrak, gelditu egin da natura osoa. Erreka izan da bere betiko zereginari eutsi dion bakarra. Bazkalkideen artean oihuak izan dira, harridurazkoak gehienak, izuak eraginda bakan batzuk. Astro biak bat eginik, urrezko ertzak dituen txanpon bat da ilargia. Suzko ertz horrek, sei minutu luzez (ordulariari erne egon da Ainhoa) belztasunari muga biribila ezarri eta munduaren akabera oraindik ez dela heldu eman die aditzera, itxaropenik badagoela oraindik. Aitak aipatu izan zion eskandinabiarren otso parea: Moongarm eta Fenris. Ilargia irentsiko du batek, eguzkia besteak, gure planetaren azken liparretan. Baina eklipsea ia hasi bezain oharkabean amaitu da. Sorreraren estraineko unean legez, Jaungoikoak, bere lo eternaletik iratzarri, nagiak atera eta dinosauriorik sekula egon izan ez balitz bezala, Kain eta Abel inoiz jaio izan ez balira bezala, sorginik inon erre izan ez balitz bezala, ahoa zabaldu eta «Argia izan bedi!» esan eta argia izan da.

Orduantxe, eklipsea ezik beste mintzagairik ez dutela azaldu dira tarta eta pastelak mahai gainera, mukurru. Profiterolak maite baina amaren txokolatezko tartatik puska galanta hartu ondoren, ezin jan haietako asko. Hala moduz daude gainerako guztiak ere. Kafe garairako bi taldetan banatu dira berriro: zaharrak eta gazteak. Bazkalondoko solasaldi ederrean lehendabizikoak, nerabe astigabeak zazpiak izan daitezen zain.

«Badituzu etxeko giltzak, ezta?».

«Bai ama, badauzkat».

«Badakizu, ez azaldu oso berandu».

«Trankil amatxo, ondo portatuko naiz».

«Ni hemen garatuko naiz apur batean gauzak jasotzen eta txukuntzen laguntzeko».

«Ama, ez arduratu, giltzak eman dizkidazu, gogoratzen?».

Errekaren hegaletik gora abiatu da gazte taldea. Urruntzen ikusi dituzte nostalgia apur batez mahaian geratu direnek.

 

Mikel Andiak Parisen omen dauzka gurasoak. Horrek etxeko jaun eta jabe bihurtu du. Ondotxo ezagutzen du Ainhoak andiatarren txaleta. Mikelen aita eta berea aspaldiko adiskideak izaki, maiz gonbidatu dituzte hara herrira heldu zirenetik. Amagatik batipat. Senarraren gaisoaldi mingarriaren jakitun, minbiziz zendutako lagunaren alde egin ezin zutena Esther eta Ainhoaren alde egiten ahalegindu dira. Eurena izan zen herrira etortzeko ideia. Etxea eskaini zieten. Estherrek uko egin zion eskaintzari hasiera batean. Geroago, hobe pentsatuta nonbait, eta lojeamendua onartu ez bazien ere, bai ordea haiengandik gertu egoteko proposamena. Semea ingelesera ikastera bidali eta, betiko ohituraren kaltetan, Errioxako lurralde arreek ordezkatu dituzte Lekeitio parteko itsaso eta hondartzak. Oroimen gehiegi eduki han Estherrek.

Solairu bakarrekoa da txaleta, gela ugarikoa. Egongelak hartzen du aurrekaldea. Bertan da sukaldea ere, txikia eta egongelatik doi-doi bereiztua. Horien atzean, pasabideko bi aldeetan, logelak. Dardarka ari dira egongelako leiho handien kristalak, diskogailutik datorren musika ozenak eraginda. Ia oihuka eman behar izan die Mikelek ongietorria ailegatu berriei. Bostekoa luzatu die mutilei, bizkarrekoa bestela. Neskei aldiz, mun egin die masailetan. Ez denei. Lolari ezpainetan, horrela iruditu zaio Ainhoari behintzat. Bere txanda iristean, ezpainak paratu ditu berak ere, baina Mikelek apur bat alboratu eta neskaren masaila bilatu du. Ez dago seguru horrela izan den ala bere irudikeria ote den. Betaurrekoak kendu ditu eta, etxean sartu aurretik. Edozein modutan ere, amorruz beterik utzi du ustezko gertakizunak. Marizikin halakoa! Bertan akatuko luke.

Jendegehiago etorri da. Gainezkadago egongela. Dantzan hasi dira. Ilunabar beroak, musikaren konpasean mugitzen diren gorputz izerdituek, zigarreten ke itsuak zaildu egiten dute arnasa hartzea. Alferrik zabaldu dituzte leihoak. Amen batean amaitu dira hozkailuko garagardo eta freskagarriak. Whiskya eta ginebra baino ez da geratu. Haiei ekin diete beraz. Mikelen alboan egoten saiatu da Ainhoa. Lola ere bai, zoritxarrez. Whisky botila beretik dzanga egiten, ezpain zoragarriak musu batean bezala itsatsiak, begi argiei halako distira alaia dariela, eramanezina zaio Mikelen edertasuna, gehiegizkoa. Botila luzatu dio Lolari. Tragu egin du. Txandaheldu zaio. Zalantzan egon da une batez. Mikel eta Lola nazkagarria dauzka begira. Aukerarik ez. Eztarria erre dio alkoholak. Baina begiak itxi eta botila jaso du ostera. Ireki dituenean, Mikelen irribarre gozoa nabaritu du egunaren amaierarekin batera gelaz jabetzen hasi den iluntasunean. Bere etsaiaren irri zuriarekin ere egin dute topo bere begi nekatuek. Ezikusiarena egitea nahiago izan du ordea. Denak batera lehertu dira barrez. Eta gela osoak barrez diharduela iruditu zaio Ainhoari. Nola jakin? Musikaren burrunbak, beira hotsak, neska-mutilen ahots erotuek osatzen duten orroe itzelean nola bereiztu soinu ezberdinak, nola ekidin oihartzunek nahastua izatea? Dantzan sentitu ditu barrenak ere. Ez agur ez adio, komunerantz abiatu da.

Auskalo zenbat denbora egon den han barruan. Alkohol eta hashisaren nahasketa traidorea suertatu zaio. Bazkariaren arrastoak nabaritu ditu botatako txahal higuingarrian. Gonbito zapore mikatza geratu zaio ahosabaian. Behin eta berriro irakutzi du ahoa, behin eta berriro garbitu du aurpegia urez. Eta hala ere ezin izan du ahokatsa kendu, ezin aurpegiko zurbila gorritu. Artean ahul, dudati, daukan itxuraz beldur, ezinezkoa dela gau osoa bertan igarotzea berekiko esan eta astiro zabaldu du komuneko atea. Egongelako bazterretan biztuta dauden kandela bakanengatik ez balitz, erabatekoa litzateke etxeko iluna. Hobe. Bestela bere piura ikusi eta barrez lehertuko lirateke denak. Festazaleek berriz, badaukate beste zereginik. Lehengo musika erritmikoa baretu eta doinu gozoen konpasean ari dira, bikoteka, estu loturik.

Berehala ahaztu da Ainhoa bere eiteaz. Mikel eta Lola gogora etorri bezain laster. Eroaren moduan hasi da haien bila. Bikoteek baso zerratu antzeko bat osatu dute eta oso zaila da belztasun hartan inor bereiztea. Baina aurkitu egin ditu. Kandelako argi apalak Lolaren urrezko ile adatsean sorturiko distiragatik izan ez balitz, nekez ezagutu ahal izango zituen. Bikotea baino dantzari bakar eta mozkorra dirudite, hain daude elkarri lotuta, hain daude bateginik, hain da motela euren mugimendua. Puta haren gainera oldartzeko gogo biziak hartu du Ainhoa. Lolarengana joan eta bertan larrutu, bere ile dotorearen alerik ere ez utzi. Baina ez, errazkeria litzateke. Han geratu da, geldi, gaineako bikoteen artean, begiak itxita. Luze gabe zabaldu behar izan ditu ordea, sorbaldan esku bat sentitu duenean.

«Egingo al dinagu, neska?».

Mutil flakoska bat dauka parean, dantza eske. Ezagutzen du. Ez dakibere izena, baina badaki nebaren ikaskidea dena. Mutilari eskuan daukan botila ezer esan gabe kendu, zurrutada luzea jo, haren lepo ingurura besoak luzatu eta beregana erakarri du Ainhoak. Hordi samar egon arren, neskaren besarkada hain izan da bortitza non nahastuta laga bait du aurpegia nafarreriak jotako mutila. Zer esan jakin ez eta nebaren nondik norakoaz egin dio galde. Ainhoak ez dio erantzun. Areago, mutilaren ahoa betirako itxi nahi izango balu bezala, musu batean lotu dizkio ezpainak, estekaturik geratu dira bien mingainak. Eta horrela egon dira aldi bukaezin batez, bien ahoak arnasa hartzeko ere banandu gabe, grina eutsiezin baten menpe, denek —Mikelek bereziki— ikus dezaten. Baina azkenean apur bat bereiztu direlarik, inguruan begiratu eta haiei so antzeman dituen aurpegi txundituen artean ez du Mikelena somatu. Ez eta Lolarena ere. Ikaratu egin da. Mutila inongo azalpenik gabe utzi eta bere bihotzekoa bilatzeari ekin dio Ainhoak ostera. Begiak odolak hanpatuak, zorabiatu antzera joan da bikotez bikote. Egongelako itzulera egin, baina ez du Mikel eta Lolaren arrastorik topatu. Sukaldean ere ez. Beste geletarantz abiatzera doala, estropezu egin du diskogailua dagoen mahaiarekin. 'Cause I'm sending all my love to you... nekagaitz errepikatzen du Whitney Houston-ek, etxeko pasabidean barrena galdu denean. Komuneko atea irekitzen saiatu baina ezin. Kolpeka hasi da, deiadarka. Eta horrela jarraitu du ezezaguna zaion ahots lakar baten madarikazioak aditu arte. Eta aurrera egin du, ateak irekiz eta hertsiz, Mikelen gurasoen logelaraino. Eta zabaldu egin du hura ere. Baina hobe ireki izan ez balu, bertan behera erortzeko zorian egon bait da ate hark gordetakoa ikusterakoan. Ohe barruan antzeman ditu logelako iluntasunean. Ezin izan du gehiago ikusi. Begi betez irten da handik, malkoak ezpainetaraino lehertu zaizkio. Ez du belarririk izan logelatik aterainokoan bultzaka baztertu dituenen kexuentzat. Lasterkari ekin dio orduan, atzetik norbait izan balu bezala. Uraren letania aditu duenean baino ez da gelditu.

Erreka nagiaren azalean dirdir egiten du ilberriak. Makalak zilarrezkoak bilakatu. Kirkilak entzun ditu, gauari mantrarik antzinakoena kantatzen. Herritik urruntzen ari dela ohartu da. Berdin izan dio. Negar anpuluen arrastoa desagertu arte ezin da etxeratu. Ezin du ama inolaz ere kezkatu. Azken boladan jasan behar izan duena jasanda, ez dago larritasun gehiago pasatzeko moduan. Makaldiko iluntasunean errota somatu uste izan du, masa beltz bat zuhaitzen artean. Harantz abiatu da. Izarrez beteta dago zohardia, hainbeste non aitak irakatsitako galaxiak ere ikus ditzakeen: Lira, Kasiopea... Hainbeste, non haiei so geratuz gero, zorabiatu eta bertan eroriko dela badakien.

Izartegi mugagabeari adi, bere pentsamenduetara bilduta, nekez erreparatu dio ilargiaren kontra zehazten ari den errotaren formari. Bertara iritsi behar izan du konturatzeko.

Bere bihotzeko desolamenduaren irudia eritzi dio Ainhoak harrizko eraikuntzari, sasi eta belar gaiztoen katibu. Zinkuri antzeko bat entzun du. Hala uste izan du behintzat. Erreka eta kirkilei zentzumenak itxi eta zizpuru berrien zain geratu da gau erdian. Eta hor non aditu dituen. Hasperen luze bat, beste bat... Errotaren barnetik. Hara hurbildu da, leihora.

Ezer gutxi nabaritu izan du hasiera batean. Gero bazkariko kondarrak ikusi ditu. Zerbait mugitzen geroxeago barne goibelean. Hara zorroztu ditu begiak. Eta arestian ilargiak errotaren presentzia salatu dion bezala, oraingoan ere norbaitena utzi du agerian. Gorputz bi, masusta kolorekoak larru bilutsiak leihotik sartzen den esnezko argitan, ilunbean buruak, errotarriaren ondoko sofa zaharrean etzanda. Haietako bat zuzendu eta argigunerantz egindu aurrera. PakoUrbina harroputzaren aurpegi izerditua azaldu zaio begi bistan. Eta emakumea? Zelatan geratu da, hura noiz mugituko. Gutxi berandutu da. Aitak portu urrunen batetik ekarritako Mickey Mouseren lanparaz bere jostailurik maitatuenak umetako gauetan ikusten ziren era berean ikusi du gizonarengana hurbildu dena, betidanik ezagutu izan balu bezala. Andreak belarri atzera bildu du ile adatsa.

Ortzea ikusi du hurrengo, milaka izar ñir-ñir. Baina berehala dena lausotu eta laino bihurtu dira galaxiak, argi hautsa. Neba dagoen lekuan egon nahiko luke berak ere: Ingalaterran, Irlandan, han ezik unibertsoko beste edozein tokitan. Malko berrien beroa sentitu du masailetan behera. Alferrik jantzi ditu atzera betaurrekoak, dena lausotzen du arrenkurak. Ezin izan ditu hain ondo oroitzen dituen konstelazioak ikusi: Ursa Major, Ursa Minor, Pegasus... Joandako sasoi zoriontsu baten hitz majikoak, hauts bilakatuak gau honetan, izarrak legez. Artizarra bezain bakarrik dago. Orduantxe ulertu du Ainhoak. Bukatu da eklipsea.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com