Autoen maitalea

«Putakume bat haiz», amaitu ohi dute emaztegai eta maitaleek.

Ez du inoiz ukatu izan. Zertarako? Egia izango da seguruena.

Berrogei urte ditu Mikel Etxabek, baina askozaz gazteagotzat jotzen dute denek. Gimnasia, sauna eta pilota-saioek zalu eta bizkor mantendu dute. Lanak hartu ditu adin horretan sabel aldera pilatzen den gantza eragozteko. Ugaria du ilea oraindik, eta lokietan urdintzen hasi bazaio ere, ileapaindegiko tinteak ederki ezkutatzen ditu iragan denborako ezaugarriak. Bakarrik bizi da. Diputazioan jasotzen duen soldataz lasai ederrean eros ditzake azken modako alkondara, fraka eta jakak. Jubilatu arte daukan arkitekto lanpostuak, ziurtasunaz gain, bidaia dexente egiteko parada eskaintzen dio. Politikoek —euren behin-behinekotasunaz jabeturik agian— asko maite dute bidaiatzea, eta Europako hirietako esperientziak ikertzera abiatzen diren bakoitzean, teknikari baten laguntza behar izaten omen dute. Mikel da gehienetan aukeratua. Garaia, itxura onekoa eta hitz-jario handikoa, egokiena deritzote eginkizun horretarako. Hizkuntzak dakizki gainera, haiek ez bezala. Abuztu batean Oxford-en burututako ingeleserazko ikastaro trinkoak eta batxilergoko frantses herdoilduak poliglota sona eman diote politikoen artean. Ez ditu, ez, lau urtero aldatzen diren nagusi arlote horiek oso gustoko. Zorionez Le Mans, Montecarlo eta gainerako lasterketa eta txapelketetara joateko laguntza hobeagorik izanda, nahiago izaten du haietaz ahaztu, ahalik eta gehien bere kasa ibili eta eskaintzen zaion aukera paregabeaz profitatzea.

Derrigorrezko bisitaldiak bukatu eta iluntze arteko orduak autodendaz autodenda pasatzen ditu, azken modeloak miresten eta ezaugarriak ikasten. Sarriko bisitaria dute liburudendek ere. Grina barezinak hartu eta automobilarekin zerikusirik duen edozein liburu edota aldizkariri deritzo preziatu.

Europan barrena erositako objetu eta tramankuluz beteta dauka etxea: gidatzeko eskularruak, lainotan erabiltzeko argi bereziak, neguan zein udan motorrari botatzeko likido egokitzailea...

Londres, Berlin, Parise, Milanoko denda onenetako etiketak ageri dira dauzkan jantzietan, eta hiriburu horietan hornitzen da baita ere bere beste bi zaletasun, pasioek —gastronomia eta opera— eskatzen dituzten gaiez. Etxeratutakoan, Teresa Stratasen Lulu opera ipini, egongelako zokorik onena betetzen duen Grand Prix izeneko makinaren aurrean eseri eta poeta mistikoek hain egoki azaltzen duten estasian hegaldatzen zaio gogoa. Berrehunean sartzen da biragune itxi eta zailenetan ere. Lasterketa zentimetro bakoitzean jokatuz, makadana ukitu gabe abiatzen da zirkuitoko alderdi ordoketan bizitzari ezaxol. Aurreko marka guztiak birrindu eta heroien pareko iristen da helmugara, berriz ere irabazle. Bestela, sukaldean arituko da buru-belarri, taglierini alla pizzaiola edo otarrain tortellini direlakoen salsa arina maitekiro prestatzen afaltzera etorri beharreko lagunentzat.

Mokofina da Mikel Etxabe. Eta ez jateko garaian soilik. Ezin ditu arrunkeria eta erdipurdikeria jasan. Bere bizitzako ekintza guztiek edertasuna, perfekzioa dute helburu. Hiri honetako bizimodu grisean tamalez, nekez aurki dezake berak amesturikoaren zantzurik. Gauza bera emakumeekin.

Horregatik, «putakume bat haiz» esaten ziotenetan, ez zen ukatzen arduratzen. Inork ezin jakin berak baino hobeto zenbaterainoko putakume eta sasikoa zen. Berekoia zela? Noski. Zer nahi ote zuten bada? «Betidanik bakarrik bizi izanda, berekoia bihurtzen da gizasemea. Hobeak al dira akaso senar-emazteen arteko kalapitak?». Afalosteko kafe eta hashisak sortu lagun arteko giroan hainbestetan aitortu izan zuenez, bere aburuz eta anakroniko samarra iruditzeko arriskuaz oharturik, zuzen zeuden erabat —Freud barne— histeria andre gaisotasuntzat jotzen zutenak. Hala irakatsia zion bere esperientziak ere. Zarata eta negarrari oso emana omen zen emakumea, haiexek ziren eta bere armak.

Etengabe jardun zezakeen emakumearen psikologiaz. Kontu haietan sekulako itzala zeukan lagunen artean. Bukaezina zen haren konkisten zerrenda. Dezepzio, zapuzketa eta huts-egiteena bezain luzea. Lankide eta ezagun ezkonduek askatasuna aipatzen ziotenean, inbidia ezin ezkutatuz, une batez tristetu eta tropelka zetozkion betiko galderak. Zertan ari ote zen bera? Nori utzi bizitza oso batean bildutakoa: miniaturako autoak, liburuak, diskoak, arte lanak, etxea...? Semerik izango balu behintzat. Maitale arbuiatuen hitz pozoinduek durrunda egiten zioten buruan: «Egunen batean ez duk inor edukiko aldamenean, bakar-bakarrik egongo haiz». Aluak. Haiekin baino hobe bakarrik.

Gutxi irauten zioten gogoeta ilunek. Aitortzen ez bazuen ere, betidanik zenemakume baten bila ibilia. Emakumearen bila. Hil arte ondoan edukiko zuena. Erraza ez ordea. Aurkitu zuela uste izaten zuen bakoitzean, zerbait gertatuko zen bere poza eta ilusioa astindu eta lurrerarazi egingo zuena. Gorputz lirainekoa, munduko andrerik aspergarriena izango zen; azkarra eta atseginak aldiz, handiegiak edukiko zituen ditiak, edo ipurdia, edo bulldog baten zangoak, motz eta okerrak. Edo auskalo. Zenbaiten aurpegiei txori itxura antzemango zien: zikoina, kardantxilo edo birigarroarena; narraztiena beste hainbati. Kalean perfekto eta huts-gabe zerizkienek ohean dorpe eta trakets iharduten zuten. Ohean ongi moldatzen zirenak, berriz, erakustezinak ziren egunargiz.

Behin batean, azkenik kausitu zuela uste izan zuen. Bera baino hamairu urte gazteagoa, portzelanazko panpinarik moñoñoena baino moñoñoagoa. Oihana baino berdeago zituen begiak, ilargigabeko gaua baino ilunago ilea. Lerdena, ballet dantzari batena zen haren soina, eskuak harpajole batenak. Irri egitean, gela argiz bete eta intelijentziak dir-dir egiten zuen bere mintzoan. Gizonik zoriontsuena zen Mikel Etxabe orduan. Jainko txiki bat ia. Baina kopeta ilunarazi zion zerbait jazo zen halako batean: bere kuttunaren ama ezagutu zuen.

Alabaren begi berdinen jabea zen ama ere, eta haren gorputzean garai bateko edertasunaren aztarnak nabari zitezkeen artean. Esmeralda koloreko begien azpian ostera, begizulo sakonak zituen dolatuak, eta azala, alabarena bezain aratz eta samurra ukan beharrean, ajatu eta zimurtua. Liraintasuna, halakorik inoiz egon baldin bazen, aspaldi desagertu zen gehiegizko kilope hartan. Makina bat beldur eta zalantza eragin zuen zorigaiztoko topaketa hark bere baitan. Konturatu gabe, beste begi batzuk izan zituen kuttunarentzat handik aurrera. Maiteñoa miresten zuen behin bateko so liluratuak, ikertzaile eta mesfidatiari utzi zion tokia. Bere burua maiz deskubritu zuen neskaren aurpegia miatzen, aldaketa ikaragarri baten estraineko seinaleak edo antzeman nahian. Ohean, Kafkaren Itxura Aldaketa berritzen zuen gauero. Izerdi eta ikaretan esnarazten zuten lokamutsetan, ezkongai zuen neska panpoxa morsa bilakatzen zen edo hipopotamo. Euren arteko topaketak murriztu eta epeldu egin ziren amets gaiztoen eraginez. Beregan sabelpeko grinak, desio gorienak beste inork baino biziago zuzpertu ohi zituena, laster sexu gabeko izate hutsa zen. Harez geroz, larrua jo izan zuten bakanetan ere, nahastuta eta damuturik jaiki zen ohetik.

Afaltzera gonbidatu eta elkarrekin ibiltzeari utzi behar ziotela jakinarazi zion asteburu batean. Alferrik aipatu zion urteetan zuten alde handia. Bere onerako zela alferrik azaldu eta, dena den, lagunak izaten jarraituko zutela aurrerantzean ere. Neska, arras maitemindurik zegoela eta mesedez ez lagatzeko hasi zen negarrez. Mikelek, lasaiatzen saiatu eta hark negarrari eusten ziola ikusiz, ordaindu, mahaitik altxatzen lagundu eta jatetxe bertatik deitu zion taxiari.

Baina negarretan jarraitu zuen taxian ere. Neska isilarazteko ahaleginetan ari zelarik, taxistaren begiak nabaritu zituen aurreko ispiluan, zelatan. Inoiz baino gehiago deitoratu zuen gida baimenaren galera umilgarria. Barregarria. Negargarria. Autozalerik porrokatuena izan eta ezin gidatu. «Kim Basinger-ekin oheratu eta ez gogortzea bezalaxe». Konparaketa zuzena alajaina, automobila bait zen, bere aburuz, makina ororen artean bikainena. Hauen formak andre politenarenak baino simetrikoago, orekatuagoak ziren, azal gazteena baino distiratsuagoa hauen txapa. Ezin halakorik ukitu ordea. «Urte bi dagoeneko. Hura atso alua!». Etxeko gela oso bat hartzen zion scalextric eta kolekzionatzen zituen auto miniaturekin konformatu behar.

Neskaren etxeraino iristean, jaisten lagundu eta musu bat eman zion kopetean, biharamunean telefonoz hots egingo ziola aginduz. Ez zion deitu. Ez biharamunean, ezta hurrengo egun eta asteetan ere.

Emakume hura, aitzitik, ez zen bere zerrenda luzeko beste izen bat gehiago izan. Mugarria izan zen nolabait, bere bizitzako bi aldi, bi aro bereizi zituena. Harez geroztik deus ez zen gauza bera izan. Bapatean, gaztetasuna iadanik oroimen urrun bat baino ez zela ohartu eta, larriturik, hura berreskuratzen saiatzeari ekin zion gogo biziz. Sekula baino maitale gehiago eraman zuen ohera ondorengo hilabeteetan. Mota guztietakoak: argalak, potolak, txikiak, handiak, ezkonduak, ezkongabeak, gazteak, alargunak... Diputazioko idazkariak, baita lagunen emazte eta alabaren bat ere, pub eta tabernetan ordu txikietan aurkituriko ezin konta ahala emakumek izan zuen bere desioaren berri. Bazirudien bere betiko goi-gogo, perfekzio irrika eta asmoak baztertu eta kopuruaz soilik arduratzen zela. Ahalik eta ohaide gehienak aldamenera ekarri, nolakoak ziren erreparatu gabe. Nekagaitz, urte oso batez ihardun zuen era hartan.

Hogeitahemeretzi urte bete zituenean haatik, gida-liburutik bere telefono zenbakia kendu arazi eta ez zuten tabernetan gehiago ikusi. Atsedenaldirik gabe pasaturiko urtearen nekea gainean pilatu eta horren premia sentitu izan balu bezala, etxeko aterbera bildu eta leiho eta zirrikitu guztiak hertsi zituen, kanpoko ezerk barruko bakea arriskuan jar ez zezan. Arratsaldeko lehen orduetan bulegoa utzi eta zuzenean jotzen zuen etxera, betiko aperitiboari muzin eginez, lankideen harridurarako. Negua iragaiteko kobazuloko iluntasunean bere burua gordetzen duen animaliaren antzera.

Bel cantoak, motor aldizkarien orrialdeek eta lapikoen hotsek dena betetzen zuten planetako biztanle bakarra bihurtu zen goizetik gauera. Inork gutxik eman zezakeen ustegabeko aldaketaz azalpen sinesgarririk. Lagun eta ezagunen artean ugaldu egin ziren esamesak. Krisialdi erreligiosotzat jo zuten batzuek, gaisotasun aipaezin eta ikaragarri bat zen arrazoia beste hainbestentzat. Mujika, bere garai bateko rallye kide eta aspaldiko adiskidea lantzean behin afaltzera gonbidatu eta, antza, aski zitzaion bere giza-harremanen beharra asetzeko. Hilabete batzuk beranduago hasi zen berriz irteten, egunak luzatu eta eguraldiak epeldu zuenean. Baina ez lehengo moduan ere. Zinemara edo kontzertu batera joan, agian lagunen batekin traguren bat jo, baina salbuespenik gabe goiz etxeratzen zen.

Nahiz eta bizitza erdia tabernetan igaro, ez zituen garai hartan oso gogoko. Gauetan bereziki. Zaila zen sinesten bera bezalako gau-txori batengan. Baina komentziturik geratzen zen edonor bere azalpena entzun ondoren. Sexua zen, bere ustez, jendea leku satsu haietara erakartzen zuena. Sexua eta ez alkohola. Nola jasan ahal bestela, elkarrizketa eragozten zuen zarata, arnasa hartzea zaila bihurtzen zuen kea, tragu pozointsuak, zerbitzarien axolagabekeria eta baldraskeriak. «Eta honez gero», aitortzen zuen irribarre etsitua ezpainetara behartuz, «sexuak ez dit ardura». Lagunei aitorpen hura lehengoko balentriak baino sinesgaitzagoa egiten zitzaien arren, hondarrean sinestu egin behar izan zuten. Posturak egin zituzten. Baietz Maritxurekin egin. Baina Maritxu ezagutarazi eta deus ez. Eta gauza bera Kristina, Itziar, Ane, Maite eta ostean etorritako gainerakoekin ere. Hutsaren hurrengo. Haiekin solasean hasi eta segituan nekatzen zen. Behiala jardun handikoa izanak, nekez topa zezakeen mintzagairik emakume baten aurrean. Zenbaitzuri axolarik ez ordea. Gertu gertu hurbildu eta musuka hasiko zitzaizkion, edota Mikelen fraketan barrena irristatuko zitzaien eskua bestela. Jai zuten. Haiengandik bereiztu, aitzakiaren bat aipatu eta alde egingo zuen. Lagunak, ahoa bete hortz, bere gainbehera penagarriaren lekuko mutuak ziren. Txahal beldurti bat zirudien eskualdeko zezenik itzelena izandakoak.

 

Uda pasa eta egunak laburtzen hasi ziren atzera. Hilabete haietan adiskideekiko jarrera aldatu, normaldu egin zuen Mikelek. Gero eta sarriago ibiltzen zen eurekin ilunabar aldeko paseiuan. Andreekikoak berriz, aldakaitz jarraitu zuen bere hartan. Bidaiek iparralderantz eramaten zuten, baina noizbehinka hegoalderantz ere joan behar izaten zuen. Madrilera batik bat. Ez du Espainiako hiriburua batere maite, baina hiriburua hiriburu, bertan egin ohi dira bere lanbideari buruzko jardunaldirik gehientsuenak. Astelehenetik ostiral arte luzatzen omen dira bilerak, baina osteguneko agur-afariaren ondoren inor gutxi azaltzen da biharamuneko azken saio protokolariora. Afari haiek eta bertako giro nazkantea ez ditu hiria bera bainogutxiago gorrotatzen. Hortaz, ahal izanez gero trena edo hegazkina hartu eta ostegunean bertan bueltatuko da Gasteizera, asteburuari egun bat gaineratuz horrela.

Dena den, Urbanismo en el año 2000 izeneko jardunaldien azken afarirako, ohituraren kontra eta Jordik bere aspaldiko lagun kataluniarrak hala eskatuta, geratu egin zen. Jende beretsua ikus zitekeen beti tankera hartako bileretan, eta guztien artean Jordi zen —atsegina, autozale, kultura eta arteaz oso jantzia— estimatzen zuen bakarra.

Hotel bateko saloietan zen afaria, hiri erdian. Kristal landuzko chandelieren azpian, marmolezko zutabeen artean, mahai txikietan banatzen ziren biltzarkideak. Beste inor haraino hurbilduko ez zen esperantzaz, bazter batekoa aukeratu zuten beraiek. Eta hala izango zela zirudien. Afarian bakarrik zeuden bi lagunak. Salda bukatuta, lehen formulako mundu txapelketaz hasi eta operaz mintzatzera igaro ziren, gauza beraren bi alderdi osagarri baino ez bailiren. Maria Callas handiaz zihardutela, emakume ezezagun batek bere solasaldia moztu eta mahaira eseritzeko baimena eskatu zien.

Txikia, soineko beltzez jantzia, «Rosa, Rosa Mariñas» omen zuen izena. Irribarre egin eta bere burua aurkeztu zuen Callasi buruzko elkarrizketa jarraitu aurretik. Kantariaren izena aditurik, opera aspergarria zela jakinarazi zien. Ez zion ezer arrapostu, baina Mikelen begiradak argi eman zuen aditzera emakume txepel harekiko sentitu zuen mesprezua. Jordik aitzitik, barre egin zuen Rosaren iritzia entzundakoan. Handik aurrera, eta nolabait kataluniarraren irri zuriek bultzaturik, ez zen isildu. Galiziarra zen, baina aspalditik bizi zen Madrilen, soziologia ikastera etorri zenetik. Ez bait zen ingeniari edo arkitektoa, Hiri Soziologia delakoaren irakasle laguntzailea baizik. Ia arnasa hartzeke jardun zuen unibertsitateaz eta bertako arazoez kafea heldu arte. Azukrea bota eta Mikeli begira beste gai bati ekin zion. Euskal Herriaren edertasuna aukeratu zuen mintzagai ordukoan, eta berarekin ikasitako euskaldunen izen eta ezaugarriak zerrendatu zizkion, ea haietariko norbait ezagutzen ote zuen. Inortxo ere ez. Erantzunaren laburrak ez zuen gaiaz aldarazi, eta Donostiako badia eta sukaldaritzaren gorazarrez hasi zen astirik galdu gabe. Gasteiztarra zela eta ez donostiarra argitu zion. Baina alferrik. Txikikeria bat balitz bezala, Fermin Calbetoneko pintxoez segitu zuen hizketan. Mikelek ez zion jaramonik egin. Ernegatuegi ordurako, nahikoa lan bazuen bere haserrea ezkutatzen. Bere ohituraren kontrako erabakia hartu izana damutzen ari zitzaiola, zerbitzaria azaldu eta koparen bat nahi ote zuten itaundu zien. Eta berriro ere, egun berean bigarrez bere ohiturari aurka eginez, koñaka eskatu zuen, onik egingo ziolakoan.

Elkarrekin jaiki ziren mahaitik eta elkarrekin abiatu kalerantz. Berokiaren bila joateko bakarrik utzi zituenean, neskarengandik ihes egitea proposatu zion Jordiri. Alde zeukan kataluniarra. Nekea aitzakia, lotara zihoazela esan eta taberna batera joango ziren lagun biak.

Hoteleko atarian agurtu, baina Rosak taxirik hartzen utzi ez eta bere autoaz eramango zituela errepikatu zien temati, biek amore eman zuten arte.

Citroën 2CV gorri bat zeukan.

Autoen miresle porrokatua zen Mikelentzat ezin egon auto hura baino txepelagorik. Itsusia, motela, zaratatsua, deserosoa: gaitzesten zuen oro lau gurpilen gainean. Hala ere, jabearen ezaugarriak haiexek izanik, ezin zitekeen ibilgailuaren egokitasuna ukatu. Hura zen, zalantzarik ez, bere burua modernotzat zeukan soziologo mozolo bati zegokiona. Seguru «Nuklearrik ez, eskerrik asko» edo halako zerbait zeramala atzekaldean.

Aurreko eserlekua Jordiri utzi eta ahal izan zuen moduan egokitu zen gibelekoan. Altuegia autorako, pareko eserlekuaren kontra ipini behar izan zituen belaunak, lagunaren bizkarraren kontra. Martxan jarri eta alde batetik bestera zebilen bihurgune bakoitzean. Sutan zegoen. «Zer egiten dut txatar puska honetan sartuta?». Emakumea, Madril, bere burua madarikatzen zituen. Afari osteko kopak eta barrenak alkoholak baino gehiago erretzen zizkion amorruak eraginda, zorabiatzen ari zela iruditu zitzaion. Zorionez, gelditu egin ziren handik gutxira. Jordiren hotel aitzinean zeuden. Agurren zeremoniari berrekin eta aurrera pasatzeko autotik irten eta lagunari bostekoa luzatzen zion artean, bere hotelera iritsitakoan hots egingo ziola agindu zion ahapetik.

Hotz sartzen zen haizea ondo ixten ez zen bere aldeko leihatilatik. Rosak nekatzeke segitzen zuen berbetan. Abaildurik zegoen bera ordea. Emakumearen tartarak gogaituta, haren ahots karrankariari eta motorretik zetorren abarrotsari entzungor, bere pentsuetan galduta, mendeku asmoz betetzen ari zitzaion gogoa. Ile motz laztoa bukatzen zenetik emakumearen lepoa eskaintzen zitzaion soineko beltzaren mugaraino. Bere eskua ikus zezakeen, haren inguruan itxi eta hezurraren klaskada aditu arte estutzen, animalia mesprezagarri haren eztarria bihurritzen eta hausten. Halako batean autoa gelditu eta Rosaren aurpegi irribarretsua bueltatu zen beregana. «Heldu gara». Une hartan, irudimenaren munduak eta mundu errealak bat egin izan balute bezala, indar ezezagunbatek bultzaturik, Rosaren lepora joan zitzaion eskua eta boa baten antzera haren ingurua tinkatu. Bere ezpainek emakumearenak bilatu eta, haiekin topo egitean, musukatu ordez, kosk egin, ausiki, fizatu egin zizkion, sugegorria berabaino asekaitzago. Ez zion kontrarik egin. Aitzitik, bereganantz erakarri eta bere beso zabalduetan onartu zuen Rosak. Lehertzeko zorian nabari zitzakeen loki aldeko zainen taupadak. Erotuta zebilzkion eskuak andrearen soinekoan barrena. Bularretakoa kolpe batez apurtu eta bularrak, ditiburuak zarramazkatu zizkion dardar batean. Hasperen eta ulutxoen artean, pantaloien bila ari zitzaizkion atzamarrak izterretatik gora. Eserlekuaren burdinak nabaritu zituen hezurretan. Pantaloiak erantzi eta zakila kanporatzen saiatu zen. Martxak aldatzeko palankak eragozten zizkion mugimenduak. Rosaren zuloan barneratzea lortu zuenean, emakume eta bolantearen artean harrapaturik aurkitu zuen bere burua, ogitarteko batean legez. Horiz tintaturiko iletik tiraka, haginka, irainka, maitasunak eragindakoa baino bortitzagoa zen beste grina batek xaxaturik, emakumearen gainean astintzen zuen bere gorputza, amorruz, gorrotoz. Sentipen hordigarri haien laino zarratuan, oraindik gauza izan zen emakumea hiltzeko desioa bere buruaz nola jabetzen zen konturatzeko. Bultzada bakoitza Rosaren soin likitsean emandako labankada bat zen, sabelpean zuen zomorro zikinak merezi zuen akabera. Ez zuen, dena den, labankada asko sartu. Hiruzpalau bider «Puta!» oihukatu eta hustu egin zen. Hilotz baten moduan geratu zitzaion gainean.

Arnasa berriro behar den bezala hartu ahal izan zuenean, inguratzen zuten besoez libratu, bolantea ez jotzeko burua arretaz higitu eta zuzentzen saiatu zen. Izerditan blai, autoko kristal lausotuei erreparatu zien. Zakila bere tokira itzuli, frakak lotu eta hitzik egin gabe irten zen. Izkinan zegoen hotela. Baina ez zen harantz berehala abiatu. Geldirik egon zen espaloian emakumearen txatarra karrankariaren azken oihartzunak gauean galdu bitartean, ilunbe hartatik hoteleko argitasun urrunari so. Batzuetan rallyeetan sentitua zuen gauza bera sentitu zuen orduan ere. Abiadura adierazten zuen orratza zenbaki gorrien gainean ikusi eta aurrera ezin egin zueneko sentipen zentzugabe eta beldurgarria jabetzen zen berataz.

Gelako atea bere atzean hertsitakoan, erantzi eta dutxan sartu zen. Zikina nabaritzen zuen gorputza, mindua. Tortura galanta citroën hura. Kontu handiz xaboitu zuen hankartea. Egin berri zuenaz damuturik, gaisotasun-zigor baten beldur zen. Pijama jantzi, Autopista-ren azken alea poltsatik atera eta oheratu aurretik Jordiri hots egin zion. Mikelen deiaren zain egoteaz asperturik, oheanzegoen Jordi. Bestebaterako utzi beharko zuten. Esnagailua maletatik atera eta sei t'erdietarako jarri zuen. «Ezin dut goizeko lehen hegazkina galdu».

 

Astelehenean dei bat jaso zuen Diputazioan. Rosa Mariñas izeneko bat. Ez zegoela esateko eskatu zion idazkariari. Baina asteartean berriro hots egin zuen. Eta baita asteazkenean ere. Mesede bera idazkariari eskatzen ausartu ez eta erantzun egin behar izan zuen ostegunean.

«Bai?» herabe bat irten zitzaion. Espero zuenaren kontra, alaia eritzi zion beste aldetik zetorkion ahotsari. Betiko zer moduzen ostean, Rosak bere presazko aldegitea aurpegiratu eta asko disfrutatu zuela aitortuta, telefono zenbakia eta zuzenbidea eman zizkion, nahi zuenean bisitatzeko. Mikelek aldiz, etxez aldatzera zihoaneko aitzakiaz isildu zuen berea. Hamaika kontu aipatu zizkion harrapataka. Elkarrizketa laburtzen ahalegindu zen Mikel. Ez zen erraza. Madrilera joateko gonbidapena berritu eta adio esan zioten elkarri handik ordu erdi batera. Jasanezina zen emakumea eta haren ahotsa —zaila izanda ere— beste inon baino karrankariagoa telefonoz. Bere zain baldin bazegoen, itxaron beharko zuen bai.

Nazkagarria zen Rosa, zalantzarik gabe. Baina ezin ukatu emakume hari esker lortu zuela gainerako guztiekin erdietsi ahal izan ez zuena: aspaldi luze bateko estraineko orgasmoa. Ez zen makala sexuaz bera bezain etsituta zegoen edonorentzat. Pixkanaka pixkanaka fantasiez bete zitzaion burua. Autoko eszenak, telebistako iragarki glamuros baten antzera, etengabe pasatzen ari zitzaizkion kaskotik. Bulego, denda, taberna, kaleetan, nonnahi. Baita etxean ere. Edozein ekaitzen kontrako aterbe ziur zuenari, bere bunkerrari, ahul eta hauskor zeritzon orduan, irrigarri denborak puzturiko oroimenen alde. Opera entzutera eseri eta aria baten erdian emakumearen aurpegi zatarra agertzen zitzaion. Sukaldean vichyssoise bat prestatzen ihardun eta haren lepoa irudikatzen zuen tipula moztean. Scalextric edo bereauto miniatura sortarekin jolasean, are okerrago.

Ostiral batean, tortura hura gehiago ezin eramanda, istripu alu batengatik bost urtetarako gida baimenik gabe egotera kondenatu zuen epailea madarikatu eta Madrilerako trenean sartu zen.

Tirso de Molina plazako etxe zahar baten parean laga zuen taxiak. Horiz margoturik etxea. Ate handi bat ireki eta atari zabal batean aurkitu zen. Hirugarrena.

Musu eta besarkaden artean hartu zuen. Gorri biziz margotuta zituen ezpainak, eta argi zegoen ileapaindegitik irten berria zela. Atzerantz orrazturik ilea, kopeta eta sudur handiak inoiz baino nabarmenago, «Hegabera itxura du» erabaki zuen, haren besarkadaz nola askatu gogoetan. Aski izan ziren bidaiaren nekea eta dutxaren aipamena.

Higuina eztarriraino igota, aurpegiko karmin hondarrak garbitu zituen dutxara sartu aitzin. Ur beroaren txorrotapean, bere etxean eroso egon ordez, mamu harekin egoteaz harritu zen. Beranduegidamutzeko baina. Ahalik eta modurikonenean igaro beharzuen trantze hartatik. Zerbait asmatu beharra zeukan, plan bat osatu. Zinemara eramango zuen, antzerkira hobe. Han behintzat, isilik egon beharko zuen. «Eta bitartean?», zirikatu zuen zalantzak.

Bitartean txortan arituko ziren. Txortan eta txortan. Horretarako etorri zen.

Dutxatik irtetean edateko zerbait eskatu zion. Rosak armairu txiki bateko atea ireki eta botila batzuk erakutsi zizkion. Merkea zen whiskya, baina halakoak ziren etxe hartako gauza gehienak ere. Jabea batez ere. Emakumea sukaldera izotz bila joana, begiratu azkar bat eman zion egongelari. Estereoaren azpian lerrotzen ziren disko gutxi haiek gusto txarraren antologia osa zezaketela otu zitzaion, eta gauza bera pentsatu zuen liburuak ikertzerakoan ere. Picassoren Guernica ospetsuaren eta Van Goghen erreprodukzioak zituen paretetan. El País Semanal delakoaren ale zaharrak sofa aldeko mahaitxo batean. Telebistaren gainean erretratu pare bat zegoen, urre koloreko markoetan. Batean, Rosak azal iluneko ume bat zeukan besoetan, Hegoamerikako herriska batean, itxuraz. Emakumearen sendia zen bestean: gurasoak, aiton-amonak, anai-arrebak. Hari begira harrapatu zuen sukaldetik bueltan. Familiaren historia kontatzera zihoala, Mikelek edalontzia jaso, emakumeari gerritik heldu eta logelaren bila hasi zen.

Logelan, whiskya gaumahaian utzi eta hitzik egin gabe, Rosa biluztu zuen. Ohea zabaldu ahal izan baino lehen gainean ziren elkar besarkatuta.

Ordubete beranduago, ordurako maindirepean, andrearengandik bereiztu eta ernegaturik joan zen komunera. «Zer arraio gertatzen ari zaidak?» galdetu zion bere buruari. Aurpegia garbitu zuen. Pott eginda zegoen. Gogor, oso gogor saiatu zen, baina alferrikakoak izan ziren haren ahaleginak. Zakilak, tematsu, uko egitenzion gogortzeari. EzinRosari leporatu gainera. Oso fin aritu zen. Profesional baten abileziaz erabili zituen trikimailu guztiak. Egoskor leihatu zen Mikelengan grina bizkortzearren. Izeberga bezain urtukaitza zirudien haren hoztasunak.

Logelara itzultzean, ez arduratzeko, beste bateanizango zela esanzion lasaitu nahian Rosak.Bainagauza bera gertatu zen afal ondoren atzera saiatu zirenean. Eta biharamunean, ohean gosaldu ostean. Arratsaldean, zinemako iluntasunean, Rosak zakila bilatu, burua makurtu eta ezpainetaratu zuenean, ez zuen zorte hoberik izan. Ez zegoen zer eginik. Etxera bueltatzeko irrikitan zegoen Mikel. Bueltatu eta ez hara azaldu berriro. Sekula ere ez. Saldu egin behar izan zuen toyota maiteaz oroitu zen.

Itxaropena zuzpertu zuen igandean horregatio.

Bazuen Rosak teoria bana gauza guztietarako. Eta arrainarena kontatu arteko onik ez zuen izan. Espainiako arrainik hoberena, freskoena Madrilen omen zegoen. Frogatzearren edo, hiri inguruko jatetxe batera gonbidatu zuen. Hara joan eta bazkaldutakoan, tren geltokiraino eramango zuen.

Harunzkoan ezin izan zuen andrea ezagutu zuen zorigaiztoko gaua ahaztu. Estraineko aldian bezalaxe, garuna zulatu zion motorraren durrundak, zirrikituetatik barneratzen zen haize izoztua hezurretaraino sartu. Egun hartan ordea, ez zen isildu. Argi eta garbi jakinarazi zion txatar zati hartaz uste zuena.

Baina bueltatzerakoan, bapo bazkalduta, errepikatu egin zen mirakulua.

Bide-zidor batean zeuden, konturatu aurretik larrutan jo ta fuego. Ozta-ozta harrapatu zuen trena.

Hala ere, Madril atzean utzi, Motor-16 zabaldu eta hura izan zela azkena agindu zion bere buruari. Irmo jarraitu zuen asmo hartan, baina asteak joan ahala gero eta biziagoa zen neska bisitatzeko zuen tentaldia. Eta erori egin zen. Behin baino gehiagotan.

Alferrikakoa zen Rosa gutxietsi eta zinez mesprezatzea, haren iritzi eta gustoak merketzat edukitzea, bere itsuskeria eta zabarkeriez ondo ohartzea. Potere ukaezina zuen berarengan. Jonki damutu baten antzera, harengana ez zela hurreratuko, debaldetan egiten zuen zin. Astebete, bi, hiru igaroko ziren bere hitza jan gabe, baina laugarrenean, korrika joan beharko zuen Madril aldera, iadanik premiazkoa zuen dosiaren bila.

Hilabeteetan ibili zen hala. El Jarama-ko edozein txapelketa aitzakia batzuetan, halakorik gabe besteetan. Ordurako harremanak bazuen zenbait arau, metodo bat. Bazkaldu eta afaldu aldameneko herriren batean egingo zuten, eta bueltan citroën zaharra bideska batetik sartu eta leku egokia aurkiturik, larrua jotzeari ekingo zioten. Bestela zinemara joango ziren, edo telebistaren aurrean emango zituzten otorduen arteko orduak.

Ordurako ere bere maitasuna aitortua zion Rosak. Mikelek berriz, ez zion inoiz halakorik esan. «Putaño nerea» izan zen emakumeari deituriko gauzarik amoltsuena, eta Rosak gustora zirudien horrelakoak aditzean. Antzean hartzen zituen gizonaren gainerako irain eta destainak ere, amodioaren erabateko frogak balira bezala. Bere jazkera, disko edo irakurketak kritikatu, bere zelulitiaz txantxa egin, bere auto zarpaila neurrigabe gaitzetsi; eta dena irribarre berberaz onartzen zuen, akatzeko, lepoa bihurritzeko gogoa sortarazten zion irribarreaz.

 

Udan, oporrak zirela eta, ez zuten elkar ikusi. Irailean ordea, Madrilera azaldu zen Mikel. Emakumeari hots egin eta bisita iragarri zion abiatzeko bezperan. Aireportura bila joango zitzaiola eta sorpresa bat zeukala jakinarazi zion Rosak. Oporretatik ekarritako tontakeriaren bat izango zelakoan, laster ahaztu zituen emakumearen hitzak. Baina Barajaseko aparkalekuan, begiak hertsi zitzala eskatu zionean, sorpresarekikoa etorri zitzaion gogora. Txunditurik geratu zen zabaldu zituenean. BMW zuri bat zen. Berria. Distiratsua.

«Zer, zer iruditzen zaik?» itaundu zion Rosak, jakinminez.

«Hau bai, hau bai benetako autoa!». Ezin izan zuen bere mirespena ezkutatu.

Auto frantses edo italiarrei erdeinu zien bezainbeste estima zien BMWei, eta lau miloi inguruko modelo sport hura zen, dudarik gabe, entrepesa alemaniarrak inoiz egindako ederrenetarikoa. Rosak bazekien, noski. Sarritan aipatu izan zion eta, citroëneko burdinek eragin traza txarreko ubeldurez kexu egitean: «BMW edo horrelako auto dezenteren bat bazenu...».

«Zer egin duzu, lapurtu?» galdetu zion sinesgogor. Kreditu bat eskatu omen zuen.

Mikelek zekarren maleta atzekaldean laga eta, aho zabalik oraindik, patxada hartu zuenlarruzko eserleku dotorean. Automatikoa zeukan dena. Aurrekaldean, bolantearen eskubian, hamaika argi keinuka ari zen. Borobil ezberdinetan, orratzek makina bikainaren gorabeherak ematen zituzten aditzera.

«Atzerantz eragin daitezke eserlekuak», maltzur Rosak.

Kasete bat sartu eta biziagotu egin zuen abiadura. Ilunabarra zen. Luluren hasiera entzun zen bapatean. Emeki-emeki, baina ikasten ari zen. «Izango ote du sorpresa gehiagorik gordeta?».

Madrileraino zeraman autobidean ortzea urratzen duen izarloka baino arinagoa zihoan BMWa. Aurreratzen zituzten beste automobilak, zeharkatzen zituzten herri eta auzoetako etxeak argigune ahul batzuk baino ez ziren, biztu eta jarraian itzali, hil egiten zirenak. Pozik zegoen. Ezin zituen burutik alboratu autoak ezagutu beharko zituen txortaldi zoroak, adituko zituen orgasmo loriatsuak.

Tirso de Molinako etxera heltzean, maleta utzi, dutxatu, alkondara eta trajez aldatu eta prest zegoen afarirako.

Jatetxerako bidean Rosari beha geratu eta ez zitzaion hain itsusia iruditu. Ederra zen autoa, zer axola gidariak?

Elkar ezagutu zuten gauean zeraman soineko beltz berbera jantzi zuen emakumeak. Aperitibo, kafe eta kopa eskatuta ere, inoiz baino arinago amaitu zuten afaltzen. Egun berezia zen, jakinaren gainean zeuden biak. Herri inguruko bide estuagotik abiatu ziren, nagusira irten gabe. Aurki, beren gustoko zoko goibel bat aurkitu eta bertan gelditu ziren. Rosak Maria Callasen musika jarri eta atzerantz eragin zien eserlekuei. Jaka erantzi, gerrikoa askatu eta eserlekuaren larrua ukituz, hutsune handi bat nabaritu zuen Mikelek sabel aldean, gertu somaturiko plazerraren seinale.

Oker zegoen.

Egun seinalatua alajaina, euren arteko harremanen bukaera seinalatu zuena.

Bueltaka eta bueltaka aritu ziren. Jarrera guztiak saiatu. Eginahalak, saioak, hutsalak izan ziren, ez bait zen Mikel batere berotu, txiki eta kikil iraun bait zuen bere zakilak. Tristaturik baina etsi gabe, hurrengo egunerako laga eta etxera bueltatu ziren, arraioa baino azkarragoa zen auto lirain berrian. Tamalez, biharamunean ez zen ezer aldatu. Ez eta igandean ere, nahiz eta ia hegazkina irten arte ahalegindu.

Mikelek oraindik aldi batean erantzun zituen Rosaren deiak. Baina laster nazkatu eta aurrerantzean emakume haren dei gehiago ez pasatzeko eskatu zion idazkariari.

Eroaren pare ihardun zuen Rosak citroën zaharraren bila. Topatu zuenerako ostera, herdoildutako txatar meta baten azpian zetzan, zanpa-zanpa eginda.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com