Barregilea

Betidanik bizi izan gara hemen. Hemen jaio eta hazi ere hemen. Jendeak ez ditu etxe hauek oso gogoko, baina neu gustora nago, ziuraski hemen eman ditudalako nere bizitzako egunik gehienak. Bertan bizi garenok eta inguruko batzuk salbu, inor gutxi ausartzen da dorre hauetan sartzen. Lapurrak omen gara, gaizkileak. Gure eskaileratako ilunbea ikusi eta ihesi irteten dira saltzaileak. Postariak beste inon baino arinago burutzen du bere lana. Igogailua konpontzen duten langileei madarikazioz betetzen zaie ahoa hona etorri behar duten bakoitzean, sarri etorri behar izaten badute ere zorigaiztokoek. Jehovaren lekukoak, ordea, egoskor eta ausartagoak izan ohi dira. Sudurra mukizapiaz estali, igogailu zikinean sartu eta azken solairuraino igotzen dira, atez ate jaisteko gero. Traje merke eta higatuez jantzita, ez ditu ezerk uxatzen euren bidetik, ez dute etsitzen, ez dira inoiz izutzen, ezta hemen bizi diren mamuak azaltzen zaizkienetan ere. Hamazazpigarrenean bizi den hortzik gabeko aitona konkorduna edota seigarreneko boxeolari jotakoa. Bost axola. Berdin aritzen dira guztiekin, etxekoandre nahiz gizon bakartiekin.

Amona bizi zen artean ez ziren sekula gurean sartu. Deabruarenak omen ziren haiek, kristau zintzoak gu. Zendu ostean aitzitik, pare bat aldiz edo etorri izan ziren. Ez nien kasurik egin lehenengoetan, baina bakarrik eta aspertuta nengoenez, haien istorioek entretenitu egin ninduten hurrengoetan. Dena den, handik gutxira istorioak errepikatzen hasi eta galdu egin nuen interes guztia. Etortzen jarraitu zuten, jakina, baina ez nien atea irekitzen. Marta ezagutu nuenetik batipat. Gorrotatu egiten zituen.

Eta ez Jehovaren lekukoak soilik, erlijioak oro baizik. Behin baino gehiagotan kontatu zidanez, hamazortzi urte edo bete arte egunero joan ohi zen mezetara. Goizeko zazpietan jaiki eta gosaldu ere egin gabe, elizara. Nik ez nuen ulertzen zergatik gosaldu ezin hori, baina berak azaldu zidanez sabel eta aho garbiak behar bide ziren Jauna hartu ahal izateko. Oso gaizki pasa omen zuen etxetik kanpo emandako lehen urtean. Newcastlera bidali zuten, bertako unibertsitatera. Familiatik urrun estrainekoz, lagunik gabe, arrunt bakarrik sentitu zen hiri arrotzean. Etsituta, abailduta, Jainkoarengan bilatu zuen aterbea. Katedraleraino hurbildu eta hantxe egoten zen, belauniko, orduak eta orduak mugitu gabe, koloretako beirei zerien argiari so.

Egun batean, bizitza osoa Kristori eskaini nahi ziola erabaki eta komentu batera jo zuen. Pozik hartu zuten han baina, froga gisa, apur batean itxaroteko esan zioten, bere bokazioa ziurtatzeko nonbait. Ikasturtea amaitutakoan, artean Jainkoaren deia entzuten baldin bazuen, onartuko zutela.

Erantzunak, lagundu beharrean, min handia eragin zuen Martaren bihotzean. Arbuiaturik, troka sakon ilun baten hondoan ikusi zuen bere burua, handik atera ezinik. Hil zorian aurkitu zuten ikasle-egoitzako komunetan goiz batean. Bainontzian zetzan, zainak urratuta, ur gorriskaz inguraturik aurpegiaren zurbiltasuna nabarmen. Ospitalera arineketan eraman eta ozta-ozta libratu zen. Aste batzuk geroago handik irten zenean ez zen pertsona bera. Marta ez zen berriro eliza batera hurreratu.

Aldaketak, bere onerako izan baldin bazen ere, buruhauste ugari ekarri zion. Poloniarra zuen familia, arras katolikoa beraz. Bigarren Mundu Gerrako garai nahasietan Poloniatik ihes egin behar eta Londresera etorritakoa. Ama —aukera zeukan bakoitzean kontatzen zuenez— aristokrata sendikoa zen, ondo eta fin hezia. Noblea ez, baina familia onekoa zen aita ere, abokatua. Bera bezalako zenbait aberkiderekin batera, RAFek osaturiko eskuadra poloniarrean ibili zen piloto, Alemania errenditu arte. Guda amaitutakoan, hala ere, ez ziren sorterrira itzuli. Eramankaitza omen zitzaien diktadura komunista baten pean bizi beharraren ideia.

Urteak joan urteak etorri, laburtzat jo izan zuten errejimena ez zen erori. Eta alabak ailegatu ziren bata bestearen ondoan, sei guztira.

Hirugarrena zen Marta.

Abokatu bulegoa ireki zuen aitak. Chelsea inguruan etxe eder bat erosi eta zoriontsu hazi ziren kowalskitarrak bertan, gurasoek egunero gogoratzen zuten aberri maitatutik urrun. Martak hamabost urte edo zituela, betirako okertu ziren gauzak. Aita edaten hasi eta ohartu baino lehen alkoholiko bihurtu zen. Sortzez gusto finekoa izanik gainera, whiskya besterik ez zuen erosten. Bulegoa, autoa eta etxea edan zituen urte gutxiren buruan. Eta etxebizitza txiki bat alokatu behar izan zuten langile auzune batean. Ordurako, ezkonduta zegoen alabetatik erdia, eta bere kasa bizi zen ia beste erdia. Egoera umilgarri hartan amak hartu behar izan zuen bere gain familiaren zama osoa. Bizitzak laztu arazitako emakume indartsu hark fedea zuen euskarri bakarra eta ez zion alabari ateokeria sekula barkatu, ezta bere buruaz beste egiteko saiakeraren bekatu ikaragarria ere.

Marta ezpal bereko zotza izanik, ez zen ahulagoa ordea. Unibertsitatea bukatu aurretik haurdun zegoen eta, psikologia diploma eskuratu zuenerako, semebatenama zen. Aitazezzidan inoiz gauza handirik kontatu. Aipatu zuen bakanetan, beldurtu egin ninduen bere aurpegiaren itxurak. Gauza bakarra dakit: txiletarra zela. Gerora, gertatutakoa hausnartzean —eta egia esan ia egunero egin izan dut—, nere buruari behin baino gehiagotan galdetu ohi diot ea harenak ez ote zuen nerearekin zerikusirik izango. Nahiko seguru nago. Kointzidentzia gehiegi lirateke bestela. Eta urte hauetan zerbait ikasi baldin badut, hauxe izan da: gutxitan gertatzen direla gauzak halabeharrez. Nola azaldu bestela exotismorako joera hori? Txiletarra aurrena, gero neu eta txinarra azkenik. Baina bizkorregi ari naiz, gero gerokoa.

Bakarrik geratu nintzen amona hild zenean. Eta bera zen neukan guztia. Ama doi-doi daukat gogoan, bost urte nituela alde egin eta geroztik ez bait genuen bere berririk izan. Hemen ezaguturiko batekin itzuli omen zen Jamaikara. Auskalo. Zurrumurrua baino ez da. Aita ez nuen inoiz ezagutu. Amona izan zen, hortaz, nere familia bakarra. Nere ordura arteko bizitza hankaz gora jarri eta zeharo aldarazi zuen bere desagerpenak. Amonari lurra eman orduko council-eko jendea etorri zitzaidan, nere egoeran ezin nintekeela bakarrik moldatu eta udal-egoitza batera joan beharko nukeela esanez. Ezetz erantzun nien, ez nintzela halakora inoiz joango, ezetz eta ezetz. Negarrez hasi nintzen. Hemendik ateraz gero, nere burua bota egingo nuela egin nien mehatxu. Azkenean amore eman zuten. Laguntzeko norbait bidaliko zidatela. Nik ez nuela inoren beharrik. Baina haiek hura zela alternatiba bakarra: egoitza ala laguntzailea.

Atean jo zuten handik egun pare batera. Sopresa ederra hartu nuen zabaldutakoan. Berrogeitahamar urte inguruko emakume erretxinen bat espero eta Martaren irribarre amoltsuarekin topo egin nuen. Hogeietan zegoen artean. Mutiko bihurri baten eitea ematen zioten ile motzak eta masail beti gorriek. Metalezko betaurreko borobilen atzean nabarmentzen zitzaizkion begiak, zeru oskarbi baten kolorekoak, ezin argiagoak. Bidali behar zidaten arrotzari nion herra kandela baten argizagia balitz bezala urtu zen berarekin berbetan hastearekin batera. Hala ere, beste ezeren aurretik argitu nion ez nuela inoren laguntza beharrik. Txikia da etxebizitza eta orduan egongelatik mugitugabe iragan ohinuen denbora. Telebista, liburuak, otorduak egiteko eta idazteko nerabilen mahaia zeuden bertan. Gainera, amona falta zenetik lo ere hango sofan egiten nuen, logelako ohea handiegi eta hotzegia bait zen neretzat bakarrik. Urte piloa aulki hari loturik, ez nuen batere arazorik unibertso koskor hartan ibiltzeko. Beso kementsuak neuzkan eta gurpilak zuzentzeko abilezia aparta. Neretzat bihurguneak, koxkak, aldapak, gehiago ziren urtetan lorturiko trebetasunaren probaleku benetako oztopo baino.

Ulertu zuen.

Dena dela, bere lana burutu behar zuenez, itxurengatik besterik ez bazen ere, egunero egin beharko zidan bisita. Etorri eta zerbait nahi baldin banuen, ondo, bestela alde egingo zuen berriro, «adiskide bat bezala». Huraxe izan zen gure akordioa.

Eta bete egin zuen.

Estraineko asteetan, etorri, nerekin bost minutu egon eta ospa egiten zuen. Egun batean aldiz, inoiz baino alaiago azaldu zen. Leihoa zabaldu eta egun eder hura ezin zela barruan alferrikaldu aldarrikatu zuen, nere aulkia harantz bultzata. Negu luzearen ostean, udaberriko lehen egun argi eta epelak pozez gainezka jarri ninduen neu ere. Oso ibilaldi luzea izan zen. Hasteko parkea zeharkatu eta apur batez aintzira aldamenean gelditu ginen. Ahate eta zisneak ura ukituko ez balute bezala irristatzen ziren igelbelar artean. Parkea inguratzen duen burdin hesia gibelean utzi eta azokara doazen kaleetariko batetik barrena abiatu ginen gero. Aspalditik ez nintzen han egon, ezta hainbeste jende ikusi ere. Kale merkatuaren zalapartak, gogaitu ez ezik, alaitasun berezi bat adierazten zidan. Saltzaileen oihuek, kolore biziz margotu diskodenda zurezkoetatik kanporatzen zen reggae abarrotsak, umeen negarrek eta goiz aratzaren zaratak urtaroaren aldaketa ospatzen ari zirela ziruditen. Ordubete egon ginen gutxienez han. Erakusgai zeuden jantzi eta oinetakoez barre egin, barazki eta fruituen salneurriak konparatu, sermoilari baldarren erretolikak entzun, han ez zegoen denborapasa faltarik. Martak sagar pare bat erosi eta bertan jan genituen. Hura izan zen gure bazkaria. Kafea Rainbow zeritzan leku batean edan genuen.

Auzoko kale nagusian zegoen Rainbow hura, McDonalds eta gozotegi judutarraren artean. Orain banketxea dagoen toki berean. Amonarekin askotan pasea nintzen handik, ez ginen sekula sartu baina. Martak, aitzitik, ondo ezagutzen zuen. Han lan egina omen zen bolada batean, eta sartu bezain arin agurtu zuten barraz bestaldekoek.

Handia zen. Bi zatitan banatua, batean liburudenda txiki bat zegoen, kafetegia bestean. Hango mahai batera eseri ginen. Libre zegoen mahai bakarrera. Bi multzotan bana zitekeen hara biltzen zen jendea. Egunkarietako kirol orrialdeak irakurtzen ordu amaitezinak igarotzen zituzten langabetu eta jubilatuek osaturikoa alde batetik, eta Martaren tankerakoak bestetik.

Lehen multzokoak bakarka, edo gehienez binaka, eseri eta, zigarreta bat eskatzeko ez bazen behintzat, ez zioten elkarri berbarik egiten. Aspertu antzera beti, bazterreko agureek, kokotsean behera lerdea zeriela erdi lotan, handik berriz jaikiko ez zirela ematen zuten. Bigarrenekoak aldiz, taldeka elkartu eta hitz eta pitz, irri eta mirri ari ziren. Neri, zalantzarik ez, lehen multzoa zegokidan, baina bigarrenean egon nahi nuen, poza eta bizia nagusi ziren hartan: Martarenean. Inozo halakoa! Egun hartan denak posible zirudien horregatio.

Kafe bana aurrean, estraineko hitz aspertua egin genuen, gerora etorriko ziren beste askoren atarikoa. Orduan kontatu zidan bere familiarena. Ezin ahantzi nola deitu nion lehen aldiz bere izenaz. Berehala zuzendu zidan berak.

«Martha».

«Ez da Martha, Marta baizik. Izen poloniarra da».

Garai hartan ez nekien ezta Polonia non zegoen ere. Berak azaldu zidan. Gauza franko ikasi nuen Martarekin.

Iluntzen hasia zen handik irten ginenerako. Baita pittin bat hozten ere.

«Ez al zara inoiz Jamaikaz oroitzen?», itaundu zidan jakako botoiak lotzen zituela.

 

Berarekin Bristolera joan nintzenean izan ezik, ez naiz sekula Londresetik kanpo irten. Areago, gutxitan zeharkatu ditut gure auzoko mugak. Dorre honetan eta bere inguruetan pasa dut bizitza osoa. Amonak egongelako paretan itsatsi zuen posterra, horixe da Jamaika neretzat. Palmondoz mugaturiko harea finezko hondartza bat ilunabarrean, eta esaldi bat: «Zatoz Paradisura». Amonak ez zerabilen beste ezer ahoan. Jamaika zela eta ez zela aritzen zen gora eta behera egun osoan. Han egongo da orain, paradisuan.

Aurrerantzean, ateri zegoen egunetan bederen, osteratxo bat egiten genuen inguruetatik. Lehenengo egun haren tankerakoa gutxi gorabehera. Parkean ibiliko ginen, zisneak aintziran ikusi eta azokan barrena Rainbow-eraino iritsiko. Bertan, kafetxoa edan eta edozertaz luzaz egingo genuen berba. Martak liburuak maite eta azkar bukatzen zituen. Irakurri baino, irentsi egiten zituela esan daiteke. Bezperan irakurritako liburuaz aritzen zitzaidan eskuarki, pertsonaia eta gertaeren berri zehatzak emanez. Kontalari iaioa izanik, liluratu egiten ninduen bere solasak. Eta umetan amonarekin gertatzen zitzaidan gauza bera gertatu ohi zitzaidan harekin ere. Etxera bueltatzeko tenorea heldu eta ase ezin, jarraitzeko, mesedez jarraitzeko eskatuko nion nik. Liburuak maite, beti maite izan ditut, motela izan naiz ordea. Marta ezagutu arte edozein gauza leitzen nuen gainera, onik zein txarrik, eta edozein modutan. Berak utzi zidan kafe orduan aipaturiko zenbait liburu: Edgar Allan Poeren istorioak, Jack Londonenak...

Haietariko batzuk iadanik ezagutzen nituen telebistan ikusita edota eskolan irakasleak irakurrita, baina hobetu egiten ziren neronek leitzean, handitu, itxuraldatu. Berak aldegindakoan, telebista biztu ordez, irakurri eta irakurri egiten nuen, loak hartu arte. Hamalau urte betetzean amonak oparitutako hiztegitik nekien hainbat berba orrialde haietan mamitzen eta berbizten zen nere aurrean, mirakulu batean bezala.

Marta astean bost bider etorri ohi zen lehenengoetan, baina gero baita asteburuetan ere. Dagoeneko ez zen udaletxeak ordaindutako langile bat, nere adiskidea baizik. Eta harro nengoen. Zinemara edo pub-era joaten ginen gauean.

Behin batean, autoa hartu eta Bristoleraino eraman ninduen, bertan ikasten zuen bere ahizpa Dorota bisitatzera. Ez zait asteburu hura erraz ahaztuko, orduan ikusi bait nuen itsasoa lehendabizikoz.

Paseiu eta barre artean, uda gozokiro igaro eta, ohartu ginenerako, gainean genuen udazkena. Hala ere gure bizimodua ez zen nabarmen aldatu. Alderantziz, egunaren laburtzeak, aro horri darion malenkoniak gehiago elkartu gintuen bereiztu baino.

Urriaren bukaeran da nere urtebetetzea. Ospatzeko, aspalditik aginduriko afari jamaikarra prestatu nuen. Goizean azokara neu bakarrik joan eta arreta handiz erosi nituen gauerako behar nituen osagaiak: bananak, mangoak, espezieak...

Botila bat ardo ekarri zuen Martak. Freskatzen utzi ostean, larruzko zorrotik paketetxo bat atera eta zorionka ipini zidan magalean. Esku artean hartu nuenean, ez zitzaidan gehiegi kostatu kolore askotako paperean bildurik zegoena liburu bat zela antzematea. Ezin pentsatu ordea liburu hark neretzat izango zuen garrantzia.

The Color Purple. Ez liburuaren izenak, ezta egilearenak ere, ez zidaten gauza handirik esan. Handik urte batzuetara filme bat egin zuten, baina artean ez zen hain ezaguna. Oparia eskertu eta mahaira eseri ginen. Nere pozerako, Martaren gustokoak izan ziren plater guztiak eta hutsik zegoen botila postreak baino lehen.

Kafeetarako sofan eseri ginenean, Martarentzat gordeta neukan sorpresatxoa atera nuen. Berak ez zidan inoiz argi aipatu izan, baina banekien lantzean behin maite zuela. Goizean, azokatik bueltan, zazpigarreneko Jimmyri erosi nion. Ero samarra da Jimmy, baina txikitatik ezagutzen dugu elkar. Mordoa eman zidan lau txanponetan.

Ez nenbilen oker. Ardoa bukatuta, bero samar ordurako, euforiaren gailurreraino eraman gintuen belarrak. Barralgaretan ihardun genuen, kantuan neskato biren antzera. Ordulariari erreparatu genionean konturatu ginen azken metroa aspaldi pasea zela. Ardura gutxi horregatio. Marta etxean geratuko zen lotan.

Zoriontsu oheratu ginen marihuana lagun. Logale ez ginenez, olgetan eta jolasean segitu genuen, elkarri kilika eta txatxamurka. Luze gabe elkarren besoetan geunden eta aurki ere, zirimola baten erdian bagina bezala, eroturik ari ginen musuka. Lurrean zeutzan lojantziak. Nola azaldu Martaren eskuek nere sabelean, bere laztanek, bere mingainak nere izter artean bueltaka eragiten zidaten hotzikara? Konortea galtzerainoko plazer hura ez zegoen ordura artean sentituriko beste ezerekin konparatzerik. Malkotan nengoen bukatzerakoan.

Zein urrun zegoen sentipen gozo hura sexuarekiko nuen ideiatik, zein urruti. Itsasoa lehen aldiz ikusi ahal izan nuen legez, Martari esker beste itsaso, beste ozeano mugagabe bat deskubritu berri nuela iruditu zitzaidan. Marta ezagutu aurretik, telebistan ageri zen gimnasia moduko zera zentzugabe hura besterik ez zen sexua neretzat, eta artean nere gorputza ukitu zuten eskuen oroimena, amesgaiztoen esparruari zegokion zerbait likitsa.

Gerora etorri zirenetan, sakondu eta sendotu baino ez zen egin nere urtebetetzeko gauean hasitakoa. Marta, goizero etorri beharrean arratsaldeetan azaltzen hasi zen, beraren ardurapean zituen gainerako atso eta elbarriekin amaitutakoan biharamunera arte nerekin gelditzeko.

Haiek izan ziren nere bizitzako egunik zoriontsuenak. Maitasunak munduko lan, neke eta miseriak ezkutatu eta hitz eta keinurik nimiño, hutsalenak eder eta garrantzitsu bihurtzen zituenekoak.

Marta ere gustora zegoen, trankil eta kontent.

«Felicity» esaten zidan zizpuratuz, «horrelako izen batekin ez dun harritzekoa hirekin honen zoriontsu izatea».

Zein ironia latza deritzodan egun, orduan hainbeste pozten ninduen esaldiari.

 

Gabonetan, aitarekin bizi zen Sebastian bere semea Manchester-etik etorri eta Martaren gurasoenean igaro zituzten jaiak. Bakarrik geratu nintzen baina ez zidan axola, banekielako egun haiek pasatzean aldamenean izango nuela beti bezala. Itzuli zenean ilun eta triste zegoen ostera. Lur jota utzi omen zuen gurasoenean ikusitakoak. Zorionez, tristurak ez zion luzeegi iraun eta, gutxira, ezagutu eta maite izan nuen emakume alegera neukan berriro nerekin.

Gau batean neretzat lan bat zuela jakinarazi zidan. Aspalditik hitz egina geneukan lanarena, baina gobernuak nere elbarritasunaren kariaz ematen zidanarekin nahikoa nuenez eta ni bezalako bati inork lanik emango ez ziola ziur, ez nion jaramonik egin.

«Lana. Non?», sinesgogor nik.

«Telebistan».

Burutik zegoen emakumea.

«Bai, bai, ez begiratu horrela».

«Zer egingo dinat ba nik telebistan?».

«Hobekien egiten dakinana: barre».

Gogoko zuen nere barre egiteko era. Maiz esaten zidan. Antza zenez, telebista-entrepresa bateko lagun batek komedietan entzuten diren barreak egiteko jendea behar zela aipatu eta nitaz oroitu zen. Nahi baldin banuen, hurrengo egunean hots egingo zion. Ez nengoen oso komentziturik, baina amore eman nuen azkenerako. Handik hiru egunetara komediak grabatzen diren antzoki zahar eta zarpail batean nengoen eserita. Oso leku hotza. Dardarka pasa nuen lehen eguna. Guztira hamar bat ginen barregileok, emakume edadetuak gehienak. Beroki handi eta astunetan galduta, tapaukietan bilduta, ozen egiten zuten barre, zuzendariaren laguntzaileren batek BARRE zioen arbeltxoa altxatu bakoitzean.

Lehertu egingo zirela iruditzen zitzaidan batzuetan, hain zen handia zahar haien ahalegina. Gorri-gorri eginda aurpegia, ez zen haien itxura txantxetarako aproposena.

Grabaketak astean behin egiten ziren. Lau egun antzezleekin prestatu eta bostgarrenean grabatu. Hartara bakarrik joan behar izaten genuen guk. Hotza zen handia, bestela, atsegina zen lana. Txisteak onak zirenetan batik bat. Nonbait nere barrea gustatu eta bi komedia ezberdinetan ipini ninduten gero. Hala eta guztiz, lehendabizikoa izango zen nere maitatuena betirako.

Bihotz Bidea zeritzan eta Henry Chatwin izeneko gigolo baten gorabeherak kontatzen zituen. Atal bakoitzean Henry-k emakume bat utzi eta berri bat hartuko zuen, bezperako galtzerdiak bota eta berriak jazten zituen patxada eta erraztasun berberaz.

Irakurrita neukannere urtebetetzeko liburua ordurako. Behinbaino gehiagotan. Shug eta Celie liburuko pertsonaiak fikziozkoak baziren ere, beste inor baino errealago bihurtu ziren neretzat, eta oso zaila zen nere burua Celie-rengan islaraturik ez ikustea. Eta Shug, ezjakintasun, miseria eta eguneroko beldurretik Celie atera zuen emakume eder eta azkarra, Marta zen. Bi emakumeen arteko maitasun eta harremanen berri ematen zuten pasarte zoragarriak irakurtzerakoan, gu geu bizitzen ari ginena baino ez zela iruditzen zitzaidan. Martak ekarritako beste liburu asko leitu nuen, baina beti bueltatzen nintzen orrialde haietara.

Celie-k berak egiten zuen antzera, neuk ere idazteko guraria sentitu nuen halako batean. Baina Jainkoari gutunak izkiriatu beharrean (ez bait naiz inoiz hagitz fededuna izan, nahiz amona bizi artean igandero elizara lagundu), nere buruari idazten hasi nintzaion. Goizero, Martak lanera alde egitean, eskolako egunetatik hutsik nuen kaiera berdea hartu eta poema eta istoriotxoak zirriborratzen nituen. Aldika, Marta etxeratutakoan, gustokoa nuen haietarikoren bat irakurriko nion, baina neuretzat gordetzen nituen gehienak.

Lilliput zeritzan aldizkaritxoa aurkitu nuen goiz batean egongelako mahai gainean. Tamaina txikikoa zen, orrialde gutxikoa. Azalean, lokarriz loturik eta nanoz inguratuta lurrean zetzan erraldoi baten irudia antzeman zitekeen ozta-ozta, hain zen kaskarra inprimaketa. Ireki eta aurkibidea irakurtzen ari nintzela, ezaguna zitzaidan zerbaiti begi eman nion: «Felicity Brown (12 orr.)».

Eskuak dardarka, orrialdeak pasatzeari ekin nion. Nere poema labur bat ikusi nuen hamabigarrenera heltzean. Hasiera batean haserretu egin nintzen Martarekin (zergatik ez ote zidan deus esan?), baina laster amorruak poza eta harrotasunari utzi zien bidea. Poema irakurri eta irakurri pasa nuen egun osoa, buruz jakinda ere, aspertu gabean. Idazle sentitu nintzen. Munduan zehar bidaiatzen eta idazten ikusi nuen neure burua, telebistan elkarrizketatzen dituzten idazleak legez. Harez gero ez nintzen dorrean bizi den beltz elbarri hori, egunkari eta irratietatik edozein gaiez iritzia eskatzen zitzaion poeta handia baizik. Marta agertu zenean, jatetxe indiora joan ginen afaltzera, egun handietan egiten genuen bezala. Afarian azaldu zidanez, aldizkaritxoa auzoan idazteko zaletasuna zutenen lanez osatu eta hiruhilabetero kaleratzen zuten.

Lanbide bitxi hura zela eta azken asteetan diru dexente nuenez, idazmakina erostea otu zitzaidan. Martak ere ondo zeritzon.

Ohi baino lehenago jaiki eta makina erostera abiatu ginen larunbat goiz hozkirri batean. Elektriko bat aukeratu genuen denda asko ibili eta salneurriak aztertu ondoren. Zuria eta sendoa. Hurrengo astelehenean ekarri eta ipini zidaten martxan. Ez zait inoiz damutu.Harez geroztik teklen kla-kla-kla erritmikoa izan dut lagun ezin leialagoa, sarritan arindu izan du nere bakardadea. Baina arinegi ari naiz berriro.

Joan zen negua eta beste udaberri bat heldu. Marta ezagutu nuenetik bigarrena. Urtaro berriarekin telebistako egitaraua aldatu eta bi komedietatik Bihotz Bideak iraun zuen soilik aldaketaren ostean. Diru erdia kobratuko banuen ere, bigarrenaren desagerketak ez zidan batere axola. Eta gehiago esango dut, poztu ere egin nintzen. Ostiraletan lan egin eta gainerako egun guztiak idazteko eta Martarekin egoteko izango nituen. Beste poema batzuk gehiago argitaratu zizkidaten Lilliputen. Eguraldi epelarekin batera ordea, aldrebestu egin ziren gauzak.

Martak, artean hutsik gabe egunero etortzen zenak, azaltzeari utzi egin zion. Asteburuetan bakarrik aurrena, baita astegunetan ere gero.

Oso gaizki omen zeukaten aita, eta amak, erotuko ez bazen, norbaiten laguntza behar zuen itxuraz. Latza zen bere falta neretzat, baina konprenitzen saiatu nintzen.

Ez nuen ezer susmatu. Gau batean aitortu egin zidan azkenik: beste batekin zebilen, Ameriketatik itzuli berria zen ikaskide izandako batekin. Asko maite omen ninduen, baina Amy-z (hona bere kuttun berriaren izena) maitemindurik zegoen.

Gauosoan ez nuen lorik egin eta egunsentira arte ihardun nuen negar-zotinka. Lanera joan behar nuen goiz hartan eta zalantzan egon nintzen joan ez joan, nere egoera ez bait zen hartarako egokiena. Baiezkoa erabaki nuen. Bizitzen jarraitu behar nuen, zer arraio! Eta ezin nuen etsi, orduan inoiz baino gutxiago.

Taxi bat deitu, geratzen zitzaidan kemen urria bildu eta kaleraino jaitsi nintzen, itxoitera. Lainotu eta ilun zegoen eguna, nere egoerarekin bat egin nahiko balu bezala. Antzokian besteengandik aparte eseri eta taulan gertatzen zenari ezaxol, nere aurreko gune ikustezin batean josi nuen begirada. Zuzendariaren laguntzaileak arbeltxoa altxatuko zuen momentuaren beldur nintzen, barrea aterako ez zitzaidalakoan. Baina altxatu eta sekula baino ozenago, sekula baino argiago eta indartsuago entzun zen nerea. Lehertu beharrean ari nintzen, barne-barnetik sortzen zitzaidan bulkada helduezinaren menpeko. Hain zen handia indar hura ezen, begi guztiak gaitzezpenez neregan bildu zirenean, ahora eraman behar izan nituen eskuak, algara ito ahal izateko. Eta hala segitu nuen saio osoan, zuzendari, antzezle, kamara-gizon eta gainerakoen harridurarako. Hala segitu betiko azken eszenaraino. Hartan ordea, atalari zegokion emakumea Henry Chatwinen oinetan oihu eta zotinkamesedezezuztekoeskatzen ari zitzaiola, algara eten eta negarrez hasi nintzen neu ere. Eta negarrari ezin eutsiz irten nintzen kalera. Eta negarretan joan nintzen etxeraino. Eta gisa hartan ihardun nuen, akiturik, loak hartu arte.

Hurrengo egun, aste, hilabeteetan, Martak bere txinarra laga eta nerekin bueltatzen zela egiten nuen amets gau eta egun. The Color Purple ireki eta gorriz azpimarratuta neukan pasartea irakurtzen nuen: «Oh Celie, esan zidan autotik irtetean izar baten moduan jantzita, neure ama baino gehiago izan haunat faltan».

Baina Marta ez zen itzuli. Eskutitz bat jaso nuen. Londresetik kanpo zihoala eta beste laguntzaile bat bidaliko zidatela. Harez geroztik ez dut bere berririk izan.

Eta telebistatik ez naute berriro deitu.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com