Hiru odol tanta

Ez zuten elurrik maiz ikusten, bost urtetan behin edo gehienez. Egun seinalatuak, oso bereziak izan ohi ziren halakoak. Eskolak itxi eta umez betetzen ziren kaleak. Haien jolas, barre algara eta oihuak jabetzen ziren hiriaz, auto eta busen betiko burrunba ordezkatzeko. Itsasoari begira zegoen hiri epela gelditu egiten zen, eguneroko martxari jarraitzeko ezgauza. Hilik zirudien, garraiorik ezean, langileak lantokietara iritsi ezinik, bulego eta banketxeak itxita. Jendeak, berogailuaren ondora kukubilkatu eta telebistaren aurrean ematen zuen eguna, ogi edo tabako bila jaisteko ez bazen, etxetik mugitu gabe. Ezin berak gauza bera egin, zoritxarrez.

Esnatu bezain laster, loak eta atsedenak indarberrituta nonbait, gorputzak lotu eta larrutan hasi ziren, lehendabizikoz topo egin izan balute bezala, grina berberaz. Jokin Arrietak noizbehinka gaumahaitxorantz zeharka begiratu eta korrika irteteko geratzen zitzaizkion minutu urriak neurtzen zituen. Laurden gutxitan salto batez jaiki, adio gisan emakumeari azken musu bat eman eta irten egin zen gelatik. Komunean pixa egiten bukatu eta fraketara itzuli aurretik zakila astindu zuenean ohartu zen eroritako azken tantez. Odolezkoak ziren. Ez zien horregatio jaramon handirik egin. Gau osoa txorta bizian iraganda, normaltzat jo zuen isurketa gorriska.

Igogailua ez zebilenez, korrika jaitsi zituen kalerainoko bost solairuak. Itsutu egin zuen elurraren distirak. Berandu zebilen. Taxi bat hartzea erabaki, baina bila hasi eta nahigabeturik konturatu zen bere asmoaren alferraz. Biraoka ekin zion bideari.

Bulegora heldu zenerako, blai eginda zituen oinak. Zorionez, bere saileko burua ez zen artean iritsi eta oinetakoak erantzi ondoren berogailuaren azpian ipini ahal izan zituen lehortzeko. Bertan utzi zituen galtzerdiak ere. Kartoi lodi bat hartu eta mahaipean jarri zuen, oin biluziek non zapaldua izan zezaten. Modu hartan ikusirik, gozokiro eskaini zion laguntza kontabilitateko Garbiñek. Zapatilak omen zituen lanerako eta, beraz, ez zuen galtzerdirik behar. Bereak lagako zizkion lehortu arte. Ezetz Arrietak, ondo zegoela eta galtzerdiak ere berehala lehortuko zirela. Garbiñek, ez oso komentziturik nonbait, berritu egin zion eskaintza. Baina gizonak ez zuen hartaz entzun ere egin nahi izan.

Garbiñek hamar urte zeramatzan entrepresan eta, Arrieta sartu zenean, bera izan zen ezagutu zuen lehena. Lasterrera lagun bihurtu eta arratsaldero, lana amaitutakoan, kafe bat edatera joan ohi ziren handik gertu zegoen kafetegi batera. Ezkonduta zegoen emakumea baina ez omen zen senarrarekin oso ondo konpontzen. Arrieta aitzitik, ezkongabea izanik ere, emakume batekin bizi zen. Asteburuetan behintzat.

Arrietaren kuttuna, Patrizia, probintziako institutu batean zegoen irakasle. Neska panpoxa benetan. Urte pare bat lehenago ezagutu, maitemindu eta elkarrekin bizitzen jarri ziren neskaren izebak utzitako etxe batean. Arrietak, emakumez emakume urte askotan ibilia, agudo deliberatu zuen huraxe zela bere bizitzako emakumea. Ez zitzaion erruaz jabetzea asko kostatu. Luze gabe, emakume zoragarri hark ematen zion neurrigabeko maitasunaz asetuta —itxura ederreko tarta bat bailitzan—, oztopo eta traba ugari jartzen hasi zen bien artean. Garai batean desiragarri eta mardultzat zuen gorputz perfekto hura ekidin eta arbuiagarria bihurtu zitzaion apurka-apurka. Hasiera batean larrutan egunero iharduten bazuten ere, aurki asteburuetako kontua zen hura. Arrietak ez zeukan aitzakiarik faltan: lana, nekea, presa, edozein gauzak balio zion bere ligaintasuna justifikatzeko. Hala ere, ez zuen Patrizia abandonatu. Zergatik? Ezzuen etxea ordaindu beharrik, arropa garbitzen zion astebururo herritik bueltatzerakoan, inbidiaz begiratzen zioten lagun eta ezagunek bere besotik Alde Zaharrean paseiatzera irteten ziren bakoitzean. Eta hura gutxi balitz, lana zela kausa ez zen berriro ostiralera arte etxeratzen. Bera zen, lau egunez gutxienez, etxe hartako jaun eta jabe bakarra. Zergatik utzi beraz?

Garbiñek, nahiz eta hain ederra izan ez, xarma handia zeukan. Gozoa, ulerkorra, sotila...

Lan ondoko hitz aspertu haiek luzatzen hasi eta, laster, estraineko kafeari bigarren batek jarraituko zion, eta urtebete pasa baino lehen hiruna eskatuko zituzten.

Udaberriko arratsalde batean, kafetegira joan beharrean parkean itzuli bat egitea proposatu zion Garbiñek.

Zoragarri zegoen parkea. Urtaro berriaren kemena nonnahi ageri zen. Zuhaitz tantaien adar goren joriek ozta-ozta uzten zuten argia igarotzen. Ametz, zumar eta astigarrek osaturiko ganga zarratuaren pean parke sarrerako zabuetan jolasean ari ziren umeez gain, inor gutxi zebilen ordu haietan. Gaztainondo baten azpian zegoen egurrezko banku batean eseri ziren. Zergatik oso ondo jakin gabe, urduri zeuden biak. Emakumea batez ere. Zerbait esannahi izan zionGarbiñek, baina hitzak ez zitzaizkion ahotik irten. Haren begiei inoiz ikusitako tristeenak eritzi zien Arrietak.

«Maite zaitut» esatea lortu zuen azkenik.

Ez zion ezer erantzun. Ez zekien zer esan. Eskua luzatu eta emakumearen kopeta estaltzen zuen ilea orraztu zion belarri atzera. Beregana erakarri zuen gero, bien ezpainek topo egin arte. Lehen musu hura azkengabekoa izan zen, errepikagaitza, jarraian etorritakoen aitzindaria. Bien ezpainak aho bakarrean, elkarren bueltan zoraturik zebiltzan mingainak. Ezin gorputz magnetizatuak elkarrengandik banandu.

Gaua ondo sartua zegoen arte ez ziren bankutik jaiki, eta altxatzean, emakumeak —eromen tankerako batek harturik— zuhaiska batzuen atzera eraman eta deus esan gabe parean belaunikatu, fraketa ireki eta ahoan sartu zuen zakil hanpatua. Dardarizo bortitzak astindu zuen gizona. Ikaratuta zegoen. Zer egin nahi ote zion? Emakumearen lana eragozten saiatu zen, baina hark ez zirudien amore emateko asmorik zuenik. Zakila askatzen ahalegintzen zen bakoitzean indar berriz ekiten zion ostera Garbiñek. Urrunegi zihoazen —zihoan— eta ez bakarrik toki publiko batean zeudelako eta edonor izan zezaketelako lekuko. Ez. Arrietari, gizon gehientsuenei bezala, berak kontrolatzea, lemari berak eustea atsegin zitzaion eta orduan, bistan zenez, beste norbaiten eskuetan zegoen. Filme merke baten traza hartu zion egoerari. Halakoetan legez, poliziak salbatu zuen bera ere. Bapatean, motor batzuen hotsa entzun eta udaltzain pare bat igarotzen ikusi zuten zeuden ezkutalekutik. Arrietak ez zuen aukera galdu. Emakumearen burua esku batez hartu eta besteaz zakila gordetzen zuen bitartean, bere hankartetik alboratu zuen. Hura eginda, oraindik desioaren suak izioturik zirauen emakumea altxarazi eta bekokian musukatu ondoren, parke irteerarantz eraman zuen.

Hurrengo egunetan bere etxean ihardun zuten lana amaitutakoan, emakumeari senarrarengana itzultzeko tenorea iritsi arte.

Haietako batean izan zen. Garbiñek ez zuen bere etxera bueltatu nahi izan, eta bertan geratzeko asmoa azaldu zion, horra hor haren maitasunaren froga. Ezetz esan behar izan zionArrietak, ezinezkoa zela. Bainaemakumeaezzenkomentzitzen erraza. Negarretan aldegin zuenean, kaka bera baino zikinago, mesprezagarriago sentitu zen. Eta putakume alaena eta berekoia deitu zion bere buruari, eragindako minaren jakitun.

Harez geroztik deus ez zen berdina izan bien artean. Emakumeari ihes egin eta bakarrik joateko aitzakiak bilatzen zituen Arrietak arratsaldero. Noizbehinkako topaketaren bat ezik, bulegotik kanpo gutxitan ikusi zuten elkar berriro.

Haurdun zegoela iragarri zion hilabete batzuk geroago. Arrietak ez zion ezer galdetu. Ondo zetorkion. Haurdunaldiak azken puntua ipintzen zion harreman mehatxagarriari. Bazekien bestalde, hilabete gutxi barru ama izango zena arrunt maiteminduta zuela oraindik, eta seme hura, bere haziak sortua ez izanik ere, beragatik jaioko zela. Maiz entretenitzen zen bere aitatasun hipotetiko harekin, eta jolasak fantasiez betetzen zion gogoa. Erruki zion Garbiñeri, eta sentipen hark zalantza eta kontraesan franko sortzen zion bere baitan, harrotasuna eta damua. Harrotasuna, umea Garbiñek ez erotzeko aukeraturiko irtenbidea izan zelako, eta zoratzeko arriskutan ikusi baldin bazuen bere burua, beragatik izan zelako. Damua, nahiago zuelako emakumeari minik ez egitea. Maite ez baina estima handia zion.

 

Garbiñe, Patrizia, berarentzat ez ziren izen batzuk baino egun haietan. Emakume bakarra zegoen munduan: Arantza.

Taberna batean ezagutu zuen gau batez. Ikaslea zen, psikologiakoa. Beltzaran, begi-handiko, txikitxoa. Eta gaztea, oso gaztea. Izen mingarri haren pean ezkutatzen zen Lolitak aise bereganatu zuen Humbert-Humbert Arrietaren bihotza. Arantza beste zenbait ikaskiderekin bizi zen astegunetan eta herrira itzuli ohi zen asteburuetan. Patrizia irakasle zegoen herrira hain zuzen. Bat zetorrenean, joan egiten zen bestea. Zorte hobeagorik ezin. Nabokoven elaberriko heroiaren pareko, Arrieta ere pott eginda gelditzen zen neskatoak alde egindakoan. Aste osoa ia lorik egiteke, gauero larrutan nekaezin, asteburuak zituen atseden parada bakarrak. Arantza gaztea izanda ere, paregabea zelako ohean. Arrietak ezin zuen ulertu nola jakin zezakeen hainbeste, non ikasi zituen hain trebezia handiz zerabiltzan arteak. Alferrikakoak izan ziren bere emaztegaiaren ahaleginak.

Patrizia mihiseriarik finen, sofistikatuen, garestienak erabiltzen hasi zen, baina setazko bularretako beltzek, kulerotxo farfaildun ausartek, négligée dotore eta erotikoek konpromezuzko txortaldi gogogabetu bakanen bat baizik ez zuten erdietsi. Halakorik gertatu zen aldi gutxietan gainera, barne jantzi haien eraginez baino, Arrietaren irudimenari esker izan zen. Patriziaren gainean etzanda, banan-bana ekarriko zituen gogora urteetan ezaguturiko emakumeak, emaztegaiaren izter artean ahultzen eta biguntzen nabaritzen zuen lohadarra zutik edukitzearren. Txikitan bere etxe parean bizi izan zen prostituta, Pello adiskidearen emazte perxenta, betidanik desiratu eta sekulan lortu ez zuen bulegoko Marisa elizkoi eta zangoluzea, Garbiñe sabel handitua eta, batez ere, bere bihotzeko Arantza igarotzen zitzaizkion burutik —zein baino zein lizunago, beroagoa— bere gizontasuna laztandu, musukatu eta adoratuz ilara luze bat osatzen.

 

Arantzarekin emandako gauaz ametsetan ari zelarik, Marisa azaldu zen bere ondora, eta atsegin, ea kafe bat nahi ote zuen galdetu zion. Emakumearen ahotsa entzun bezain laster, mahaipean zituen oinez gogoratu eta berezko mugimendu batez saiatu zen ezkutatzen. Marisa ez bide zen ohartu. Baietz erantzun zion batere pentsatu gabe. Emakumea pasiloan barrena galtzean, Arrietak mahaia utzi eta berogailuraino hurreratu zen galtzerdien egoera ikusteko. Lehor zeuden. Arineketan jantzi eta bere tokira bueltatu zen. Marisa kafeak eskuetan bueltatu zenerako, zain zeukan gizona irribarrerik onena ezpainetan. Marisak ere irribarre xarmangarria eskaini zion plastikozko edalontzitxo ketsuarekin batera. Beste mahaira urrundu zenean, berriro mirestu ahal izan zuen gorputz haren handitasuna. Gona laburretik munduko hankarik luzeen eta ederrenak irteten ziren artilezko leotardo beltzetan bilduta. Kafea edatera zihoala, zakila nabaritu zuen bapatean, oharkabean orroaka hasitako sumendia. Zergatik ezin zezakeenemakume hura lortu? Zergatik ote ziren hutsaren hurrengo hura konkistatzeko saioak oro? Ez zegoen konprenitzerik. Betidanik andreak atzetik izanda, ulertezina zitzaion haren jarrera. Bazekien kristau talde batekoa zela, katekista, Opusekoa, auskalo nongoa. Baina asetu premiarik eduki beharko zuen hark ere, argudiatzen zuen berekiko, noizbehinka besterik ez bazen. Eta bere ezagun batek sarritan errepikatu ohi zuen esaldiaz oroitu zen orduan: «Kaka ipurtzulotik egiten dugu denok».

Kafea edan, eta ordu erdi eskas bat baino gehiago ez zen pasatuko eztenkadak nabaritu zituenean. Pixasturuan, komunera joan zen. Bukatzean, zipristin gorriska batzuk geratu ziren komuneko toska zurian. Ez zen gehiegi arduratu. Baina gauza bera jazo zen bazkal aurreko pixaldian, baita bazkal ostekoan eta arratsaldean egindakoetan ere. Arantzarenera heldu zenerako, kezkatzen hasia zen. Neskatoari kontatu zion, baina hark lasai egoteko, tontakeria bat izango zela eta ikusiko zuela nola desagertuko zitzaion biharamunerako. Eta esandakoa sinesten zuela frogatu nahian edo, oheraino eraman zuen, osteguna izanik, azken gaua zutela gogoraraziz.

Euria egin zuen gau osoan. Hurrengo goizerako kaleetan ez zen ia elurrik geratzen. Odola ordea, ez zen gernutik desagertu. Bezperan bezalaxe, odol kolorekoak izan ziren eguneko lehen pixaldiko azken tantatxoak ere. Eta gauza bera lanean.

Etxera ailegatzean zain zeukan Patrizia. Ilea moztu berria, afaria prestatzen ziharduen. Angula usainak betetzen zuen etxea. Ikusteaz bat, amantala erantzi, beregana hurbildu eta Arrietari bukaezina iruditu zitzaion musu bat eman zion.

«Zerbait ospatzen al dugu?».

«Ezer ez. Tira, elkarrekin gaudela azkenean».

Zigarreta bat piztu zuen Arrietak. Emakumeak espero zuen fereka, irribarre edo esaldi amoltsua jaso ez zuenez, zapuzturik itzuli zen sukaldera. Gizonak!

Zinemara joan ziren afaldu ostean, eta oheratzean, aitorpenen tenorea iristean kontatu zion. Patriziak, Arantzaren antzera, lasai egoteko aholkatu zion eskua zakileraino eramanez. Baina Arrietak uzteko, mesedez uzteko erregutu zion begi urrilkalgarriez.

Ez ziren gauzak aldatu hurrengo asterako, ez eta hurrengorako ere. Laugarren astean, aski zela erabaki eta medikuarengana jo zuen.

Emakumea zen medikua. Ez zitzaion Arrietari askorik gustatu. Artega, hitz bitan eman zion gaisotasunaren berri. Espero zuenaren kontra, ez zuen sendagileak inongo irazkinik egin. Ia berari begiratu gabe, paper bat bete eta urologoa ikusteko zela jakinarazi zion. «Hau lesbiana duk», erabaki zuen Arrietak bere kautan.

Urologoak beste egun pare bat gehiago eduki zuen zain. Hartu zuenean aldiz, ez zion berebiziko garrantziarik eman bera hainbeste nahigabetzen zuenari. Ez larritzeko entzun behar izan zuen berriro. «Azterketa batzuk egingo ditugu bada-ezpada ere, zu lasai uzteko» gaineratu eta bere laguntzailearen kontu laga zuen, azterketetarako beharrezkoak zituen paperak eskura ziezazkion. Kalean, bulegorako bueltan, zergatik tematzen ziren denak ezer ez zeukala komentziarazten galdetu zion bere buruari. Ez al ziren akaso odolez tintaturiko azken hiru tanta haiek pixaldi bakoitzean egoskor azaltzen? Zer gehiago behar ote zuten? Asteak ziren iadanik elurte egunetik, baina egoerak ez zuen hobera egiten. Denboraren poderioz sendatuko zelako promesa irrigarri bihurtzen ari zen. «Denboraren poderioz» tximiskatu zuen amorruari ezin eutsiz. Esaerak Patrizia gogorarazi zion. Zergatik ez zituen halako esaerak bere ikasleentzat gordetzen?

Gorroto zion. Sendatu bezain laster pikutara bidaliko zuela zin egin zuen.

Komunera jo zuen esnatu eta segituan. Kontu handiz urologoak emandako plastikozko flaskoan zakila sartu eta ez zuen goraino bete arte atera. Medikuak agindu bezala, gosaldu gabe irten zen etxetik. Busa hartu zuen ospitaleraino.

Besotik odola ateratzean ez zuen batere minik sentitu. Zakil punta makiltxo batez ukitu ziotenean ordea, ezin izan zion oinazezko oihu luzeari eutsi. Zorionez, operazioak ez zuen une bat besterik iraun. Azterketarako behar zuten semen apurra jaso eta joan zitekeela esan zioten. Lau egunen buruan emango zizkioten emaitzak. Zulo handi bat nabaritu zuen sabelean. Egunkaria erosi eta taberna batean sartu zen lanera azaldu aurretik zeozer jateko asmoz.

Urologoak irribarre zabal batez eman zion ongietorria. Ondo zegoen azterketa guztien arauera. Ematie gutxi batzuk ageri baziren ere, ez omen zegoen kezkatzeko arrazoirik, normala bait zen gernutan odol arrastorik egotea. Normala? Zer esaten ari zen alua? Berak egunero odolki parea egiteko adina isuri balu bezala.

Luze gabe berez desagertuko zela ziurtatu zion. Baina bera ez zegoenamore emateko prest. Lelo hura aspalditik entzuten ari zela gogorarazi ostean, irtenbide bat exijitu zion. Arrietaren erreakzioaz harrituta, urologoak bibotean hatz egin eta agian gaitza giltzurdinetan zetzala esan zion. Hipotesi hutsa zen, noski, eta bide bakarra omen zegoen benetan jakiteko: uretrografia. Oso mingarria.

«Erabakia zure eskuetan dago», abisatu zion kopetilun medikuak.

Ez zuen zalantzarik izan. «Aurrera».

Medikuak telefonoa hartu, zenbaki labur bat osatu eta norbaitekin mintzatu zen.

«Datorren ostiralean. Hamarretan. Baraurik etorri» esan zion Arrietaren erabakiarekiko mesfidantza ezkutatu ezinik.

Ezzenmedikua iritzi hartako bakarra. Bazkalondoren Patriziak institututik analisien emaitzez galdezka deitu zionean, antzeko zerbait esan zion honek ere.

«Jokin, mesedez, ez izan hain paranoikoa!».

Arantzak ere ados zirudien besteekin. Paranoiko samarra izango zen agian, baina gauzak zeuden moduan ez zen harritzekoa ere. Mota guztietako sexu gaisotasunak nonnahi, HIESa Erdi Aroko izurriteak baino arinago zabaltzen munduan zehar. Gehiegitxo puztu ote zuen beldurra?

Gorrotatu egiten zituen kondoiak. Sirak sira, aurrerantzean ez zen halakorik gabe inorekin oheratuko.

Hurrengo egunean nagusiari bulegora ez zela azalduko jakinarazi zionean, bekokia zimurtu eta, ezer esan gabe ere, aise irakurri ahal izan zuen haren begietan letra handiz ageri zen galdera: «Berriro?!».

Gelatxo batean sarrerazi eta biluzteko agindu zioten. Arropak erantzi, ondo tolestu, aulki gainean pilatu eta txabusina zuria jantzirik, uretrografia egin behar zioten gelako atea zabaldu zuen. Gela handi eta argitsua, berdez margotua. Ebakuntza mahai baten ondoan medikua eta erizain bi zituen zain. Kontu kontari euren artean, ez ziren bere presentziaz behingoan ohartu. Herabe, urruma tankerako hots txiki bat egin zuen.

«Aurrera, aurrera» gonbidatu zuten gehiegi gustatu ez zitzaion era atseginegi batean. Haiek eskatu bezala etzan zen mahaian. Benetan tramankulu bitxiak zituen inguruan. Txabusina altxatu zion erizain batek, zakila agerian uzteraino. Hodi bat ipini zion besteak bertan. Min apur bat sentitu zuen. Medikuak mahai alboko pantaila biztu eta «Has gaitezen» esan zuen. Susmo txarrek hartu zuten. Zer arraio egin behar zioten?

Arrietaren itauna entzun izan balu bezala, medikua egin beharrekoaren azalpenetan hasi zitzaion: «Goma hauen bidez likido bat sartuko dizugu giltzurrinetaraino, nola dituzun pantaila honetan ikusi ahal izateko. Mina egingo dizu baina ez dago beste erremediorik. Eutsi gogor».

Azken esaldia aditu eta minaren lehen ziztada nabaritu zuen sabelpean. Izugarria, laban edo burdin gori bat sartu izan baliote bezala. Garrasi egin zuen. Eta ahitu orduko, beste bat eta beste bat eta beste bat gehiago. Debaldekoak izan ziren lasaitzeko egin zizkioten gomendioak. Aldarriak oinazezko deiadar luze bakar bat bilakatu ziren dena bukatu arte.

«Sekulan ikusi ditudan giltzurrinik onenak dauzkazu. Zorionak».

Izerditan zegoen. Hala zeuden erizainak ere, eutsi beharraren eutsi beharrez.

«Orain» jarraitu zuen medikuak, «pixagale izango zara denbora guztian. Saia zaitez ahalik eta gutxien egiten. Min pixka bat nabarituko duzu egun pare bat edo igaro arte. Pasako da, ez larritu».

Erortzeko zorian egon zen jaikitzean, hain zegoen indarge. Erizainek beste gelaraino lagundu eta hango aulki batean utzi zuten eserita. Sakon hartu zuen arnasa. Medikuak iragarri legez, aurki etorri zitzaion hustutzeko gogoa, ezinbesteko premia. Ahal izan zuen moduan hasi zen jazten. Esku bat beti paretaren kontra, komun baten bila abiatu zen ospitaleko barnebideetan zehar. So geratu zitzaizkion itxarongeletan zain zeudenak. Ederki konprenituzuenkomuna aurkitzean. Gizon baten irudia baino, hilotz batena izan zen ispiluak bueltatu ziona.

Komuneko zuritasuna kutsatu zutenak ez ziren betiko hiru tantatxo bakartiak izan, jario gorri bat baizik. Hotzikarak goitik behera dardarazi zuen Arrietaren gorputza.

Goizgiro hotza kalean. Gotor eguzkia oskarbian. Buserantz zuzendu baina berehala pixasturuaren dei latza. Eritziz aldatu eta taxi batean sartu zen.

Arren bizkor joateko eskatu zionean, gidaria ez zen harritu. Aitortu zionez, hamabost urtez ospitaleko geltokian emanda, ezer gutxik zur zezakeen harez gero.

Nahiz eta oinazea zer zen bazekiela sinestu, izuturik jabetu zen orduan bere ezjakintasunaz. Eta ohartze berri harekin batera erabaki zuen nahiago zuela heriotza halako oinazea baino. Inoiz nonbaiten irakurri poliziak torturaturiko baten aitormenak etorri zitzaizkion gogora. Zer ondo ulertzen zuen gizagajoa. Zein itzal handi hartzen zuten ezustean halako trantzetik pasaturikoek.

Lehertzear zeukan puxika, eta semaforo guztiak gorriz harrapatzen zituzten gainera.

Arrietak milako bat eman eta ganbioa jaso gabe sartu zen behebarrutian. Sekula baino motelagoa eritzi zion igogailuari. Ozta-ozta iritsi zen etxeko ateraino. Komunean eseri eta zirriztada batek suziri baten antzera egin zuen eztanda. Garrasi egin zuen. Sumina pairakaitza zitzaion. Ezpainak eta begiak estutu zituen. Oso luzea izan ez bazen ere, bukaezina iruditu zitzaion pixaldia. Arnas estuka zegoen azken tanta erortzean, negar zotinka. Begirada lausotzen zioten malkoak eskuaz xukatu ondoren, odol eta gernuzko likido zikinari beha geratu zitzaion nazkaz.

Jarrera hartan topatu zuen Patriziak etxeratzerakoan.

Ia egun osoa pasa zuen han eserita. Patriziaren laguntzak ezinegona biziagotzen zion. Ez zen bere albotik mugitu ostera. Ez eta isildu ere.

Entzungor zegoen Arrieta. Kutsatu zuen emakumearen bila ziharduen bere gogoak, atsedenaldirik gabe lanean, mobiola bat bezala. Beti emakumeak. Posibilitateak aztertu zituen. Askotxo ziren. Zalantzak pilatu zitzaizkion buruan. Eta hain eratsu zirudien Garbiñe uste bezain koitadua izango ez balitz? Nola zekien hainbeste Arantzak, ez ote zen asteburuetan beste norbaitekin ohera joango? Eta gau bakarreko zerrenda osatzen zutenak, izena ahaztutako guzti haiek?

Patrizia zen, hala ere, susmo txar gehienak bereganatzen zituena. Puta zikin hura!

«Itxaron, itxaron ezan hau pasatu arte», egin zion mehatxu bere baitan. Koldorekin mintzatu eta, etxean tokirik baldin bazuten, hara aldatuko zen astirik galdu gabe.

Oinaze bizian igaro zuen eguna. Biharamunean apur bat bareago, eta nabarmena zen hobekuntza iganderako. Badaezpada ere, ohean gelditu zen astelehenean. Asteartean bulegoan zegoen bueltan. Inork ez zizkion ohizko txisteak aipatu, ez zion inork adarrik jo. Dexentez argalagoa zegoen. Haren zurbiltasun eta begizulo sakonek argi adierazten zuten jasandakoa. Mesfidantza besterik erakutsi ez zion sail arduraduna ere bere osasunaz galdezka hurreratu zitzaion. Handik gutxira, Arrietak emaztegaiaren etxea utzi eta beste batera joan zen. Jai izan zuen Patriziak, arrenka eta otoika erregutu izan bazion ere. Areago, emakumeak zenbat eta negar gehiago egin, hainbat eta handiagoa zen ezezkoaz ihardesteak ematen zion plazerra. Bukaera zen, eta hura konpreniarazteko ordaina bestearen sufrikarioa izateak ez zion axola.

Egunak joan egunak etorri, eta adiskide leial zituen azken hiru odol tantek han zirauten, uxaezin. Ez zituen maite, noski, baina onartzen hasia zen nolabait, gorputzak sortzen duen beste zenbait zikinkeria, kaka edota izerdia onartzen diren modu berean. Ohituta zegoen, gutxitan oroitzen zen haietaz. Bolada batez emakumeengandik aldendurik ibili eta gero, berriro ari zen ahal zuen guztiekin. Baina ordurako ez zen sekulan goma bat patrikan eraman gabe kaleratzen.

 

Etxe berrian hogeitahamar urte inguruko emakume bat ere bizi zen: Anparo.

Anparo irakaslea zen, makrobiotikan leporaino sartua. Ez zuen erretzen, ezta edaten ere, eta norbaitek drogaren bat eskainitakoan ikustekoa zen haren ahoakmarrazten zuen nazka keinua. Gorputzari eta osasunari buruzko liburu eta aldizkariak baino ez ziren metatzen haren gelan. Etxeko norbait gaisotzen baldin bazen, berak beti zuen sendabiderik. Inork jaramon handirik egiten ez bazion ere. Betiereko zurbiltasun eta itxura hauskorrak ez zioten zeuzkan teorien sinesgarritasunari bide handirik uzten. Anparok, eguneroko yoga eta belar majikoez gain, beste norbaitengan zuen sinismen eta uste osoa: Olasagasti doktorea. Berarentzat ez zegoen munduan hark baino gehiago zekienik, Lourdeseko Amarenak omen ziren haren eskuak. Begietara so egin eta berehala ezagutzen omen zuen gaisoaren eritasuna. Etxekoek —Arrieta barne— adarra jo ohi zioten haren kontura. Hala ere, doktorearen zuzenbidea eskatu zion egun batean.

«Ez pentsa horren erraza denik», azaldu zion etxekide osasunzaleak, «jende asko dago zain eta hilabeteak itxaron behar dira batzuetan».

Anparoren aurpegi irribartsuarekin egin zuen topo hurrengo egunean. Konponduta zegoen. Handik bi egunetara hartuko zuen. Betiko legez, zerrendan jende franko egongo zen bere aurretik, baina Marisa aspaldiko ezaguna izanik, plazerrez egingo zion mesedea.

«Zenbat kentzen du?».

«Zortzi mila aldi bakoitzeko...».

«Zortzi mila?!».

«Zaude pittin bat. Hori ezagutzen ez bazaitu, baina neri bi mila besterik ez dit kobratzen eta horixe kobratuko dizu zuri ere».

«Hori esan al dizu?» galdetu zion Arrietak, artean mesfidati.

«Ez, baina badaki nere laguna zarena. Oso jatorra da, ikusiko duzu».

Bi egunen buruan udako oporrak hartzekoa zen Arrieta.

Kaleratu, egunkaria erosi, medikuarenetik gertu zegoen kafetegi dotore batean bapo gosaldu, eguneko lehen zigarreta piztu eta patxadaz abiatu zen. Hiri erdiko kale zabal batean zegoen medikuaren etxea. Mende hasierako arkitektura frantziarraren arauerakoa, kale hartako gehienak legez. Atarian dentista, lege-gizon eta aseguru konpainien urrezko plaka distiratsuen artean, medikuarena ageri zen: Dr. Olasagasti Naturista 3.B.

Atezainari nora zihoan azaldu ostean, zurezko ate dotorean barrena jo zuen. Erizainak harrera gelaraino eraman, bere izena eta zuzenbideez fitxa bat bete eta beste gela batera pasarazi zuen. Inor ez itxarongelan. Hartu zuen Integral-a gainbegiratzen amaitu baino lehen, aurrean zuen berriro erizain moñoñoa, atzetik joan zekion eskatzen.

Harriturik geratu zen Olasagasti doktorea ikustean. Haritzezko mahai ederraren beste aldean, lodikote burusoil bat zegoen eserita. Aulki bat erakutsi zion. Anparori bezala, medikuari ere naturismoak ez zion mesede nabarmenik egiten, antza. Ahalik eta zehatzena izaten ahalegindu zen, berba bakoitza arretaz hautatuz. Azalpenak aditu eta Arrietarengana hurbildu zen Olasagasti. Bekokira eraman zuen sakeletik ateratako zapi zuria. Izerditan zituen eskuak ere. Gaisoaren begia zabalik mantentzeko erabiltzean, hark bere azala ukitu eta Arrietak higuina hazten nabaritu zuen bere baitan. Eta asaldatu egin zen pixka bat, medikuaren soak dena ikusten zuela otu bait zitzaion. Kristalezkoak ziruditen begi berde argi, garden haiek bereei iltzaturik. Seguru zegoen bere gogoa irakurtzeko gauza zirela. Esku itsaskor haiek askatu zutenean, askoz hobeto sentitu zen. Labur ostera. Antzeman zizkion eritasunak aipatu eta ezinegona nagusitu zitzaion. Kaka eginda omen zituen bronkioak, birikak zer esanik ez, urdaila ere hala moduz eta hesteak berdintsu. Burdin falta nabarmena zuen gainera, eta hezurrei kaltzio pittin bat eskainiz gero esker onez onartuko omen zuketen. Kajoi bat ireki eta fotokopia batzuk atera zituen diagnostikoa amaitutakoan. Gauero hartu beharreko lurrinezko bainuen berri zehatza ematen zen bertan —marrazki eta guzti— eta baita janari debekatuena ere. Ezin zuen erre. Alkohola, pozoin hutsa. «Baina ez dizut larrua jotzea debekatuko», agindu zion adarjole.

Azken irazkinak irri apal bat eragin zuen Arrietarengan, gaitzak entzun ondoren goibel zirauen aurpegia zertxobait argituz. Olasagasti orduan, bezeroaren aldarte aldaketaz oharturik, bere maitalearen kontuekin hasi zitzaion gora eta behera. Arrietak ez zuen fitsik ulertzen. Zertan zetorkion berari kontu haiekin? Aspalditik atsekabetzen zuen arazoarentzat irtenbidea baino ez zuen nahi. Zergatik ez zion odolarena konpontzen, bost axola zitzaizkion istorio erridikulo haiek aipatu beharrean? Hartarako etorri zen azken finean.

Medikua bere aulkira itzuli zenean, haren jarduna moztea erabaki zuen: «Eta odolarena orduan?».

Medikua isildu, so geratu eta segidako itauna egin zion: «Sarritan masturbatzen al zara?».

Galderak nahastu samar laga zuen Arrieta. Idiarena jo? Jakina. Hamaika edo hamabi urte zituenetik ez zuen ia besterik egin. Egunero, egun berean bi eta hiru bider batzuetan.

«Ez dakit bada. Noizbehinka» erantzun zion.

«Ba utzi kanpaia jotzeari bolada batean eta ikusiko duzu nola desagertzen den odola».

Hura esanda, aurreko etenaldiaren ondoren galduta zuen egoeraren kontrola pozik berreskuratuta, elkarrizketa amaitutzat jotzen zuela adierazi zion. Esku mugimendu bat egin eta, diruaz galdetzeko ere egokierarik eman gabe, kalerako bidea erakutsiz agurtu zuen Arrieta.

«Zortzi mila pezeta dira», jakinarazi zion erizainak.

Jo ta ma geratu zen. Gero eskua patrikara eraman eta bostmilako bilete bi atera zituen. Artean aho zabalik, ezzen ezta emakumearenhanka ederrez ere ohartu ateraino lagundu zuenean.

Hala ibili zen aldi batean, noraezean. Ergel arraioa! Ziri ederra sartu zioten. Ez kanpaia jotzeko esan eta zortzi mila pezeta kendu. Kaikua izan behar. Haserre zegoen bere buruarekin. Oinez nazkatu eta aulki batean eseri zen, eguzkitan. Ama gazteek eskutik zeramatzaten seme-alabak. Apaindurik, ondo jantzita, desiragarriak, albotik pasa eta haien perfumeak usaintzeak amorrua ahaztu arazi zion. Beharbada ez zen hain garestia, odola desagertzen baldin bazen behintzat. Ez al zuen akaso hura eta hamaika bider gehiago ere ordainduko trankil bizitzeko? Oporretan zegoen, ze demontre. Kubako hondartzaren batean etzanda ikusi zuen bere burua, mulata baten ondoan.

Hegazkinerako txartelak jaso behar zituela gogoratu eta bidaia ajentziarantz abiatu zen.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com