Hautsi du negua

Negu azkeneko zeruan laino beltzak trumilka pilatzen ziren. Giro iluna zegoen, egunak indarra galtzen zuen agudo eta laster dena gau izango zen. Floren izerditan zebilen, mendi ordekabateko bide-zidor batetik aurrera orain. Lau bat orduz ibili zen haraino, baina oraindik ez zen nekatuta sentitzen. Gaua bordaren batean igaroko zuen eta goizaldean muga pasatuko zuen; behinik behin asmo huraxe jarri zitzaion tinko bi begi berde tartean. Berde xuraila, Florenen begietan, sukar diztira batekin... Bideak ezkerrera egiten zuen maldaño batean instant batez gelditu zen, zetorkeen euriaren usaina hobeki aditzeko.

Betile erreak zituen Florenek, bekain zabalak, aho txikia, larru gogorra, inprimategiko lanak zuritu zuena baina mendiko freskoak masailetan eta sudurrean gorriztatuta orain; ile rubiaska zeukan, bizarra sarri, egun pare batekoa, belarri motxak, eta zaldi baten sudurra, ahoraino luze. Panazko galtzekin jantzita zihoan, bota onez, larruzko zamarraz. Plastikozko poltsa bat zeraman eskuan; esku handia, indartsua, ile rubioekikoa...

Bideak ebakitzen zuen murko gorri txikia estaltzen zuen horbelak. Horbel usu zaharra, barrenean bustia, Florenen oin-hatzak gordetzen zituena. Florenek atzera begiratu zuen, gogoratuz...

Aurreko egunean, arratsaldez, Agustin heldu zen inprimategira. Ate-zainaren parteak egiten zituen sekretariari -Maria, neska airatu, jator bat- utzi zion Florenentzako enkargua. Bederatzitan pasatzeko, sin-falta esan zezaion.

Mariak bista paper batzutatik altxatuz garrantzia kendu nahirik bezala esan zionean, Floreni begitartea ilundu egin zitzaion. Sobra're, baten bat detenitu zuten bezperan, eta Agustin hartaz zer-edo-zer -ezer onik ez- esatekotan zela zihurtasuna itsatsi zitzaion. Lanetik aterata, etxera gabe, tabernan egondu zen, orduaren zain.

Eguerdiz, etxean, buruko mina hasi zitzaion, pittin bat, apenas ezer ez; arratsaldean berriz, errotatibaren hotsak eta lanaren tentsioak apurka apurka mina areagotu zioten. Gero, kaleko lasaian, oinazea lokietara bildu zitzaion, estutu zuen, burua alboratu ezinean ibili zen tabernaraino. Tabernan, besterik ez bait zekien eskatzen, ardo beltza eskatu zuen, eta edan, xurrupaka. Bederatziak bost gutxitan taberna hura utzi eta, segundu pare batean gora-behera zebiltzan banakako pertsonez ideia orokor bat bereganatu ondoren, oinez hasi zen, beherantza; gero kale txiki batean imintzio txiki bat egin zuen ezkerrera, segidan zer-edo-zer ahaztu bailitzaion gibelera jo, begirada bakar batez kale bazterrak harrotu, eta tabernatxo triste batera sartu zen, mostradorean gelditu gabe, sukalderaino. Agustin, Joxe eta Maximo hantxe zeuden eserita. Zerbait hitz eginda zeuden, nonbait, zigarrilo batzuk erreta. Etxekoandreak ardoa eskaini zion Floreni, eta etxe barrura bildu zen, isilki. Giro pisua zegoen, enbata giroa.

Agustinengan konfiantza handia zuenFlorenek, huraberekontaktoa bait zen, gizondutako mutil lasaia, aspaldiko laguna. Tipo handi, ile ugarikoa zen, eskuak aldiz tiki samarrak zeuzkan, zurikorrak, ez oso trebeak. Eskuaz musu-bizarrak igurtzitzen zituen, Florenek ia inoiz ikusi ez zion urduria erakutsiz; baina haren begi grisek gauzak «kontrolatuta» zeudela, esaten zioten. Maximo ere gogoko zitzaion Floreni. Ekintzan ezagutu zuen, eta intimoki bazekien, behar izanez gero, bera haren alde bezala, hura ere bere alde saiatuko zela. Gaztea zen, argala eta ahula, eta espresio triste antxekoa izaten zuen. Joxe ez zitzaion begi beretik sartu: zer-edo-zer gogaitkarrizko antzematen zion; lehengo egunetik, janzkeraz, keinueraz, hizkeraz, hura bere tipoa ez zela, erabaki zuen; «señorito» samarra zela, alegia. Hura ez zen oztopo izan, bestalde, azken hilabeteetan elkarrekin aritu zitezen. Sukaldean, Maximo eta Joxek, kaixo esan eta beren arteko eztabaidan segitu zuten, aparte. Agustin Floreni han-hemenka ibili gabe mintzatu zitzaion:

-Garbi esateko, asuntoa zera duk, bi hauek erre egin dituk eta baziaztik hemendik, gaur, orduan, zera... -ahots lakarra zuen, tabakoak errea-, ez zekiagu nondik joko diguten baina jo behar digutela seguru zegok eta... Hik ere ez duk trankil ibiltzerik orain: arriskua duk herorrentzat eta, hobe huke, laxter aldegingo bahu...

Agustinek zigarriloaren kea irentsi zuen. Bere begi grisez Florenen aurpegian seinaleren bat somatu nahi zuen. Floren ez zen molesto sentitzen, baina ez zekien zer esan. Duda bat bururatu zitzaion, eta segituan bota zuen:

-Hi, seguru al hago?

Agustinek kopeta zimurkatu zuen.

-Bai... niregatik ez preokupatu, Floren, herorrena begiratu ezak.

-Esan nahi diat -Floren oso serio zegoen, bonbila soilaren argitan aurpegiaren itzalak nabarmentzen zitzaizkion-, hi seguru baldin bahago eta hauek-eta aldegiten badute... nondik zetorkidak arriskua neri?

Agustinek irri-aire bat egin zuen.

-Bageneki...! -erre eginzuen eta metalezko hautsontzian zigarriloa itzali zuen; eta gero, zorrotz-: Dena den etzakela pentsa, hire izena herorrek bakarrik dakianik.

Florenek bazekien, zertaz ari zen laguna: kontu zaharrak, beharbada, baina... Egoera baloratzen hasi zen. Gero, biharamunerako gelditu zen Agustinekin. Maximok irribarreti begiratu zion:

-Gu bagoaztik: hire esku gelditzen duk asuntoa, orain -haren begi hitsak malezia poxi batez argitu ziren; esku batekin beste eskuko kailoak igurzten ari zen.

Baina Floren makal sentitzen zen, brometarako ez-gauza.

-Bai! Egon hadi piska batean...

Kariñoz begiratu zion Maximori; gero despeditu zitzaien. Handik irten zelarik, ordubetetxoz ahaztutako minak atzera kolpatu zion eta pentsamentua galerazi, etxerako bidean. Hamaikak inguru oheratu bazen ere, paretera begira egondu zen luzaz, bere arnasa entzunez, ondoan Rosario zuela ohartu gabe.

Dena utzi beharko ote zuen...? Posibilitatea, teorian, beti erabili izan zuen, hartan sartu zenetik, baina momentu hura ez zuen inoiz imajinatu nahi izan. Familia, bere baitan errotu zena, eta lana, biziki gustatu ez arren urteen poderioz eta hainbat ahaleginez iritsitako lana... Eta gerra, gerra basa, herria txikitzen, nahigabetzen zuena, eta bera ere erremediorik gabe aurreraka, aurreraka -norantz?- bultzatzen ari zena. Gerra zahar, negargarri hura, gorputzean sartuta zeukan, eta ezin aldegin zezaiokeen. Gerra irabazi behar zuten, eta gero bizitzen segitu. Gauzak ez zihoazen ongi, aurreko asteetan etsaiek hiri batzuk hartu zituzten, baina buelta etorriko zen, etorri behar zuen, berek zuten arrazoia eta erdietsiko zuten... Umeak ematen zion mina, negar egiteraino: Itzi, nola utziko zuen? Eskerrak Rosariori, harek ulertuko zuen, ulertu behar zuen, eta umeak ez zuen harekin deusen faltarik izango... Baina bera umearekin estekatzen zuen lokarria nola hautsiko zuen? Maitasunezko lokarria, erraietatikoa, bitala, bizi bitartean hautsi ezina... Baina gauzak, pertsonen destinoak, etorkizuna, beren nahikerietatik kanpo, urrun, oso urrun, leku hotz eta heldu ezineko batean erabakitzen ari zen, eta gerra aurrera zihoan, eta gerra egin beharra zegoen, sentimentu harek erre egiten zizkion Floreni barrenak, gurasoek egin zutelako, eta gurasoen gurasoek, eta hori instintiboki zekien, hartan hil egin zitekeela zekien bezalaxe, eta bere jendearen alde burrukatu behar zuen, eta etsaiari ez tregoarik eman, eta batez ere, ez utzi harrapatzen, ez erori, eroriz gero heriotza etor bait zitekeen, kartzelaldi luzeak, eta bizi egin behar zen, bizi egin behar zen ezer baino lehenago... Eta, loaren zurrunbiloan erabat sartu aurretik, joan egingo zela, erabaki zuen...

Agustinek, goizean -goiz hartan bertan, mendian zebileneko goizean alegia-, lagun gisa baloratu zion erabakia: hitzik esan gabe, gizonak jomuga latz bati begira konprometatzen diren konplizitate misteriotsuaz. Direkzio bat eman zion, pistola bat eskuratu...

Eguerdian, buruko min gogorra zuela esanez, lana utzi zuen, etxera joateko. Larri zihoan, esan beharreko hitzak nahasita gogoan.

Rosario eta umea sukaldean aurkitu zituen. Rosario sutondoan, umea kaja batekin jolasean... Itzi, urte t'erdiko neskatila panpiñ adoragarria. Eta Rosario, mutur beltza, ume harengatik eta etxeagatik bere independentzia bazter batera utzitakoa... Rosariok sorpresaz begiratu zion.

-Ui! Zer egiten duk hemen?

Reprotxe baten itzala zegoen galdera hartan. Florenek ez zuen segituan bildu dena esateko kemenik.

-E...? Buruko minez natxon eta...

-Ba, dagoena jan beharko diagu -esan zuen Rosariok, soilik.

Florenek, zamarra eranzten zuelarik, garbantzuen usaina aditu zuen. Hitzik esan gabe jarri zen aulkian, lurrean zegoenumeari grazia batzuk egiteko. Ume polita zen, besteekin garestia, aitarekin agradezitua... Gero Rosariok eltzea ipini zuen mahaian, eta isilik hasi ziren jaten. Rosario zain zegoen, gizonak hitz egin zezan. Eta Florenek hitz egin zuen, apal.

-Xario... -kariñoz hasi zen, oso bajutik-. Aldegin behar dinat, hemendik... Gauzak gaizki jarri ditun eta, aldegin behar dinat.

Rosariok fijo begiratu zion minutu erdi batez, eta gero, bista makurtuz, goilarakada etsipentsuak ahoratzen segitu zuen. Orduan Florenek ere ekin zion jateari, emazteak zer esango, zain. Gero Rosariok, garbantzu denak janda, baina ohi zuen gisa platera ogiaz lerdatu gabe, aurpegia itzuli zuen, eta arratsaldeko zeru lainotsua ikusi zuen.

-Ba al hoa? -galdetu zuen, zer esan ez jakinik bezala.

Floren berotu zen, Itziren presentzia nabaritu zuen atzean, emakumearen tristura, eta negarrez hasi eta dena bertan behera uzteko puntuan egon zen; baina bihotza bildu zitzaion, eta indarra erakutsi zuen.

-Bai, banian -eta instant hartako sukaldeko sentsazio, xehetasun guztiak inoiz ez bezalako indarrez atxiki zituen.

Baina Rosario arratsaldeari begira segitzen zuen, begiak kiñatu gabe, ezpainak estutu gabe, gozo...

-Gauzak gaizki jarri ditun... -errepikatu zuen Florenek. Eta Rosario itzarri zen, begiratu zion, eta misterioz, ixilkara esan zuen:

-Bai...?

-Hala esan zidan Agustinek. Bazterrak garbitzen ari ditun. Nik ez zekinat... Baina hobe dinat gordetzea, aldi batez... Bai -bere burua komentzitzen ari zen-, joan beharko dinat... Ez zekinat zenbat denborarako baina...

Oso luze jo zezakeen. Eta Rosariok bazekien, eta ezin zezakeen umea bere gogotik apartatu. Neke handiakizandu zituzten ume hura zela medio, bereabezala Florenena zenume hura zela medio, eta azkenez -beti haren beldur izan zen- ezin emango zioten bizimodu normalik, benetako famili girorik; eta berak, zer egin behar zuen, hurrengo goizean bere burua bakarrik atzemango zuen etxean, lanik gabe noski, umea jaio zelarik utzi bait zuen tailerra, eta zer perspektiba zuen...? Bapatean, bere isiltasunaz ohartu zen eta esan zion gizonari:

-Eta lana?

Floren lasaitu zen; erraz mintzatu zen orduan.

-Bihar joan behar dun herorrek, eta esan, oheratuta nagoela, badaezpada ere; gero jakingo diten, baina ez zegon ardurarik, badakin nolakoak diren, lagunduko dinate.

Orain ez zuen tarterik utzi Rosariok; platerak biltzen zituelarik galdetu zion, goxo:

-Zer hoa, mendiz?

Floren ohartu zen haren espresioaren eztiaz; baina orain gogorra behar zuen.

-Bai, noski.

-Zerbait jarriko dinat -erabaki zuen Rosariok; haren eskuak mugitzen ziren; bere ohizko izakera: serioa, aktiboa, apur bat itzuli zitzaion.

-Ez, ez -protestatu zuen gizonak, indarge.

Rosariok ordea txiñarrak eragin zituen, egur pare bat sartu zuen sutara eta zartaginean olioa berotzen hasi zen. Zer egingo zuen? Segitu behar zuen... Florenek esan zion:

-Diru piska bat utzi dinat, hor.

Rosario urdaia frijitzen ari zen. Haren esku gorriak tenedorea zerabilen, azkar, eta olioa zirritaka ari zen, eta larruan zenbait ttantta erantsita gelditzen zitzaion. Zerbait egin behar zuen, orain, bere gizonaren alde. Sutatik piska bat apartatu zen, leihoa irekitzeko. Floren kikildu zen; bere erabakia azpimarratu nahi zuen, detaileak azkendu.

-Edozer nahi badun edo... edo neri bisita egin edo... Agustini esan, horrek jakingo din nere berri.

Rosariok baiezkoa egiteko itzuli zitzaion; minduta zegoen, ez zitzaion hitzik bururatzen, Floren mintza zedin nahiago zuen. Urdaia erreta zegoen, ogi bat erdibitu zuen eta bokadiloa paratu.

-Umea... -esan zion Florenek orduan- ondo erabiliko al dun, umea...?

Ez-axolaz esan zuen, xuabe; baina ez zuen esateagatik esan. Jo egin bait zuen, Rosariok, umea, pare bat egun atzerago; eta ez zen izan aurreneko aldia. Kariño gutxi erakusten zion umeari Rosariok, Florenen iduriz; egunero bete beharreko mila detailetan zakar erabiltzen zuen, eta Florenek ez zuen indarrik izaten, deus esateko, bera kanpoan egoten bait zen, eta Rosariok aldiz...

Florenen hitzak entzun zituen bezala, Rosariok amorrua erraietatik gora oldartzen zitzaiola, nabaritu zuen. Umearekin egunean pare bat minutuz egoten zen gizon harek, zer deretxo zuen...? Zer egin zuen, ba, Florenek, umeari buruz, orain hari hura esateko? Eta antosiñea kafeaz ateratzen ziolarik:

-Horrenbeste maite baduk, eraman ezak -bota zion, suminez.

Florenek agresibitateaz disfrazatu zuen aztoramena, esanez, bakarrik, altu xamar: «Eh?» Baina Rosariok, zutik, gorrotoz eta penaz begiratu zion, sinple, lehor esateko:

-Gu biok ondo moldatuko gaituk.

Kolpea emanda zegoen, eta Florenek ez zuen armarik ez babesik aurkitu. Haustura bat somatu zuen barrenean, eta isildu egin zen. Rosario ere isildu zen, eta gero, Florenek botak janzten zituelarik, komentario arrunt batez tentsioa pixka bat arindu zuen. Floren molesto, baldar sentitu zen orduan. Baina ez zuen joateko ordua atzeratzerik nahi. Atean musu dorpe bat eman zioten elkarri, agur bat esan... Eta ezer entenditzen ez zuen urte t'erdiko neskatxoa besoetan hartuta Rosariok begirada maxkala luzatu zion ataritik. Kanpoko eskailerak larri jeitsi zituen Florenek. Plastikozko poltsa bat eskuan, Lugerra petxuaren kontra...

-Zaindu hadi! -esan zion Rosariok, eutsi ezinik. Floren itzuli zitzaien, amodiozko irribarrea egin eta eskuaz musu bana bidali zien.

Horbelatik bista altxatu zuen eta aurrera begiratu. Haraxeago bideak bitara egiten zuen. Beheko pagoska multzoan barneratuko zen ala gora joko zuen, angula-mangula, seguruago bait zirudien, nahiz eta luzeago? Duda txikia egin zuen; gero, zeruari behako bat emanik, behera sartu zen.

Euriaren arriskua usaindu zuen eta arin zebilen, saltoka, harritik harrira, pagotik pagora. Ezkerreko eskuan, plastikozko poltsak dantza egiten zuen. Lokietan ile nahasi batzuk zeramatzan erantsita. Ezpainetan keinu samina zuen, eta begietan erabakia, sukar amiñi bat, eta beldurra, baten batekin topo egiteko beldurra, baten batek ikusi zezan...

Beheragoko malda goxoko baso usuago bat zeharkatu zuen, eta pago hosto kixkurtuek, eta gaztain txehe ximurrek eta pagaxi azal biribilek estaltzen zuten lurra. Erreka txiki, pausatu bat aurkitu zuen; ahoa freskatu zuen, zurrut bat edan. Aurrera ez zen landarerik ja, mendi maseleko iñarrak baizik, haize legunak apenas iñarrosiak, eta bidea berriz lokaztuta zegoen. Urrutiko mendietan laino tontor artean pinu berde-urdinak antzematen ziren, perfilatuta goian, lainoek urratuta beherago, eta laster gauak denak berdinduko zituen...

Florenen begiek, borda bila, iluna ikertzen zuten. Jendea hurbil bizi zen seinaleak baziren: abereek zapaldutako lohia, bide bazterreko zarbak. Haize legunak egur ustelaren usaina zekarren bailaratik.

Petxuan beroa sentitzen zuen, kartutxeraren ondoan. Ziurtasuna eta beldurra eragiten zizkion burdin puxka harek. Goardiekin topatuz gero... Eskuak izerditzen zitzaizkion, posibilitate hartaz, eskuina batipat, tiro egin behar zuena... Baina ez, mendian ez zuten atxemango behinik behin, mendian ondo zebilen, bere terrenoan: begiak argi, sastrakak arakatzen, belarriak erne, edozein hotsak segundu dezima batez geldiarazten zuelarik, eta usmaka, haizeak zekarzkion urrin desberdinek daldar arazten bait zioten... Etengabe atxikitzen zituen detaile berriak, korrika hasi behar izanez gero, nondik barrena jo, adierazten zutenak. Elorrietan izkuta zitekeen, ez bazuten ikusten. Goitik behera ez zegoen joaterik, zulo zikin hartan garbituko zuten. Ezkerreko sasitan berriz nekez segituko zuten, eta bestaldean malda-behera hasten zela zirudien. Ez, mendian ez zuten harrapatuko, baina erne, oso erne ibili beharra zuen, eta gaizki ikusten hasten zen jadanik, trumoi baten hotsa ailegatu zitzaion eta «minutu gutxitara zegok» pentsatu zuen Florenek, erauntsiagatik. Soro bat ikusi zuen orduan, belaze zabal bat, burdin-sare zahar batez hesituta ardi ale batzuk. Hurbildutakoan umatu berriko ardi mutur-pinto batek hanka tartea eta errapea odoletan zituela ikusi zuen, eta bildotsak titia heltzearren buruaz zunka-zunka amaren hanka tartean bultza egiten zuen. Ardi batzuek begiratu zioten, zuzen, izurik erakutsi gabe. Belazeak, arrats-apalak ilunduta baina, berde-bizi ziren, soro ebaki berriaren antzera. Arbolek berriz, negu kolorea zuten, hostorik ez oraindik, eta umeltasun ustelaren usaina areagotzen ari zen. Martxa bizkortu zuen eta, bidearen goiti-behera koxkor bat gaindituta, han ikusi zituen.

Bi baserri ziren, bidetik ezkerrera biak, berrogeitamarren bat metrotara; bata, txikiagoa, beheraxeago zegoen, soro luze baten aldamenean; bestea, zabala, zaharragoa, goraxeago zegoen, honantzaxeago, belaze batez bestetik berezia, eta haren atzean belar idorra pilatzen zen egurrezko borda bat ikusten zen. Baserri txikiko tximiniatik ke lodi txuria ateratzen zen, bigarrengotik apenas ke-lainosta batzuk, haize freskoak segituan ezabatzen zituenak. Florenek bista zorroztuz etxe bazterrak miatu zituen: ez zirudien kanpoan inor zebilenik. Horretaz ohartu zelarik, irten zenetik lehendabizikoz, nekatuta sentitu zen; ordu dexente egin zuen ibilian, eta orain hanketan iñurria nabaritzen zuen, eta estomagoan hutsa; poltsa estutu zuen, bertan zeraman bokadiloa gogoratuz. Azkeneko aldapan hatsantu zen eta iluntzeko freskuran arnas moltxoak lurrundu egiten zitzaizkion. Etxe haietako batean pasatuko zuen gaua, galerazten ez baldin bazioten. Zegoen zokogunetik prezeski, bide-txidor bat abiatzen zen, artasoroa gainetik inguratzen zuena, eta larraska batzuk gainditu ondoren goiko baserrian amaitzen zen, nonbait. Beste trumoi batek hots egin zuen, askoz hurbilago. Florenek hortzak estutu zituen: bai, gaua hantxe pasatuko zuen eta biharamun goizez gorantza, mugalderantza abiatuko zen.

Lokatza ebitatu nahian, jauzi tipika zebilen. Ez zuen lurrik ikusten, baina harri zurietan zeruko argi-kondarrak isladatzen ziren. Larra batzuk apartatzerakoan arantza batek zauri egin zion ezkerreko besoan. Gero, bekoz beko etxearekin topatu zen. Baserri zapal bat zen, harri zaharra begi bistan zuena eta lokatza inguru guztian. Txerri batek zer-edo-zer bilatzen zuen, basa-putzu batean.

Etxe ondoko simaur pilo handi batetik ke-lurruna airatzen zen, ikuilutik berriz zaldi baten hotsa, eta beste bizi seinalerik -tximiniako ke meheaz aparte- ez zen inondik ageri. Goraxeago, bere ezkerrean, borda ikusi zuen Florenek, hango egur okerrak, hango belar grixak. Bi plantako borda zen hura, eta bertaraino aldapa txiki baina piko batetik gora iristen ahal zen. Hantxe egingo zuela lo, pentsatu zuen, eta pistolaz gogoratu zen, instantean, eta beroa sentitu zuen, aurpegian eta eskuetan. Ixil-ixilik igo zuen aldapa txiki hura. Bordan ardiak bazeudela, nabaritu zuen. Poliki-poliki gerturatu zen...

Sorpresazko, sustozko «otx!» ozen bat aditu zuen, bordaren iluntasunean burua plastiko batez bilduta zeukan aurpegi bat ikustatu baino lehen. Emakume bat zen. Une hartan, tximista batek hautsi zuen zerua, eta harekin kasik batera, trumoia lehertu zen. Begirada urduriaz elkar ezagutzeko aprobetxatu zuten abagadunea.Zaharra izan gabe,aurpegia zimursakonek markatuta zeukan emakumeak. Trapu ilunez jantzita zegoen, jertse zahar batez, behatz puntak agerian uzten zituzten eskunarruez. Burdinezko ontzi txiki bat zeraman eskuan. Zain bide zegoen, Florenek hitz egin zezan. Florenek esku-lepoaz muturra garbitu zuen, gero esateko:

-Uste dut salbatu naizela...

Izan ere euri tanta lodi batzuk hasi ziren jausten. Emakumeak segundu batez begiratu zion eguraldiari, gero berriz Floreni, begiak zabal-zabalik.

-Zer nahi duzu, hemen?

Ahots latza zuen, eta altu egiten zuen, ia garrasi batean, baina ez beldurrez, naturalitatez. Lagun zahar bati egiten zaion galdera zirudien abantxu.

-Babes bila etorri naiz, erauntsitik ihesi... -baina zaparrada hasi zen, eta Floren urrats bat aurrera emanez emakumearen ondora iritsi zen; emakumeak aldiz borda barrura jo zuen, eta Florenek ardi tartean ikusi zuen bere burua.

-Babes guti izanen duzu hemen -esan zion emakumeak, ironiaz; baina bertan gelditzeko inbitazio bat zen, eta Florenek eskerronez begiratu zion, segituan ordea begirada bordaren ixkinetara aldenduz.

-Ez nuke gehiagorik behar -onartu zuen eskaintza.

Emakumeak barre nasaia egin zuen orduan, ardiak, eta Floren, pittin bat asaldatuz.

-Ez al zenuke behar? Ez al zenuke behar? -garrasi egin zuen; orduan ontzi txikia lurrean utzi zuen, pote zahar handi bat jaso zuen, eta bordatik atereaz itoizuratik erortzen hasitako ur xortaren azpian jarri zuen. Gero atzera sartu zen, arin, irribarre zoroaz, borda barnera joan eta belarra biltzeko soka mordoska bat hartu zuen kurtetik, atzera etorri eta ontzi txikia jaso zuen eta berdin umoretsu errepikatu zuen-: Ez al zenuke behar? -Bordatik atera zen berriro eta kanpotik bere ahots latzaz agindu zion-: Etorri zaite!

Floren atera zen, duda-mudatsu; emakumea bordari buelta ematen ari zitzaion. Euri zigorradaren azpian, deus galdetu gabe, pauso azkarrez jarraitu zion. Borda ere aldapan zegoenez, belartegira goikaldeko beste sarrera batez iristen ahal zen. Emakumea kanpoan gelditu zen, Floren sar zedin. Bere ironia antzeko harekin, hots egin zion:

-Hemen behiñipehin lo eginen duzu... Horra belar idorra! -eta segituan joan behar zuela, keinu egin zuen.

Orduan Florenek «e!» egin zion, eta aurpegia hurbildu. Fijo begiratu zion, harekin fidatzerik ote zuen antzemateko. Emakumearen aurpegi gogorrean titakatutako begi ilunek burla egiten zioten, akaso. Isiltasuna agindu behar ziola, ulertu zuen, eta eskua altxatu zuen, polliki, erdi eske, erdi abisatuz, ezpainetara.

-Ni ez noa inori deus erratera! -esan zion, biolentziaz, baina ez-axolaz ere bai, emakumeak, eta buruan txapel gisa zeraman plastikoari helduz etxe aldera jeitsi zen, korrika.

Floren begira gelditu zitzaion, maldan behera galdu zen arte. Zegoen lekutik, ezin zezakeen baserria ikusi, eta lurra ere, nekez ikusi zezakeen. Neguak larrututako zuhaitz baten adarrak dibujatzen ziren soilik, beltz, zeru ilunaren kontra. Eta euria, ibaika. Zer-nolako bordan zegoen ikusi nahian, atzera begiratu zuen. Belarra bazela, eta leiho zulo bat fondoko paretan, ez zuen besterik somatu. Poltsikoetan bilatu zuen poxpolorik. Bat piztuta, ezkerraldera, hutsune beltz bat ikusi zuen, han egon behar zuen eskilara, lastoak arditegira botatzeko zuloa; gainerantzeko guztia belarrak estaltzen zuen, belar idorra, baina zapaldua eta erabilia, halaz ere usain gozoa zuena, Florenengan bero intimo bat sorrarazi bait zuen. Bigarren poxpoloaz ganbaraz bestaldeko, konparazio, baserrira jotzen zuen bordaurreko leiho zulora joan zen. Euria latz ari zuen. Momentuz bederen, emakume aurpegi zabal, burlari hura ez zen bera han zen kontuarekin inorengana joango. Floren lasaitu zen eta, egarritu bait zen, ate ondoko egur txut batetik labantzen zen ur-xirripa bati musu eman zion, eta xurrupaka edan... Gero leiho ondora itzuli zen, eta neke-gozamenezko zizpiru batez belarretan eseri zen; haren eskuek poltsan bilatu zuten, eta bokadiloa estaltzen zuen periodikua zabalduz, ogi guria ukitu zuen; urdaiaren usaina... Mokadu egin zuen, erabat gozatuz, eta minututik minutura ogiari horzka eginez segitu zuen, eta bukatu zuenean eskuak usaindu zituen eta mihiaz, presio eginez, hortz tarteko hondarrak atera zituen, eta haiek ere zehatu, eta irentsi zituen. Korrok egin zuen. Gero Rosariok poltsan utzitako sagar azal-zimurra atera zuen eta, nabalaz puxketak eginda, gustora jan zuen, halako pentsamentu luzerik erabili gabe. Gero berriz, belarrak lo egiteko moduan paratu zituen, zamarraren azpian poltsan zekarren beste jertsea jantzi zuen, pistolaren kargadorea konprobatu, eta kartutxeran sartuta ondo-ondoan utzi zuen, esku batez ukiturik burdina. Ez zuen pentsatu denbora luzeaz. Hurrengo goizeko bidearen arriskuak gogoratuz loak hartu zuen.

 

© Pablo Sastre


susa-literatura.com