Nenufare zuria
edo Ishmir eta Guzmuden
ipuin zorigaiztoko eta moralexa mingotsa
Aurreko batean Montse-txikirekin nenbilen paseoan, eskutik helduta biok, arboletako txori kantariei entzunez eta zoruko harrixken artean nabarmentzen zen lata bati ostikoka. Kilimaka eta farrezka gindoazen biok, eta meriendarako ordua zuenez alboko jesarleku batean eseriko ginen galdetu nion. Bertan eserita, nozilazko bokadiloa ateratzeaz batera tabako paketea ere atera nuen zigarro bat erretzeko asmotan. «Kontaidazu ipuin bat» eskatu baino agindu zidan. Txanogorritxorena, hiru txerritxoena, Marizikinena edo zein nahi zuen galdetu nion, baina berak ezetz, neronek asmatua behar zuela. Lepagainera eraman nuen eskua, hazka. Zaila jartzen zidan egitekoa, eta ez zitzaidala ezer bururatzen aitortu nion. Halaz ere, ez zuen amore eman eta bere temari eutsi zion, kontatzeko eta kontatzeko. Otartekoa jango bazuen eta zigarroa bakean erreko banuen beste erremediorik ez nuenez zerbaiten asmatzen hasi behar, eta bestelako biderik ezean, horrenbeste aldiz jorratutako ildotik jo nuen. Holaxe:
»Nik kontatuko dizudan gertaera aspaldi oso aspaldikoa da, txoriek artean hitz egiten zutenekoa edo gizakumeok beren solasa ulertzen genuenekoa. Eta urruti, oso urruti gertatu zen, hara heltzeko hiru urtetan zehar hamaika itsaso nabigatu behar baitziren baporezko itsasontzi handi batean. Urte osoan elurrez horniturik zeuden mendiek inguratzen zuten lurralde hori, eta mendi arteko haranetan ibai garbietako ur jostalariek uhertzeko limoiondoak freskatzen zituzten eta hauek beren itzal goxoa nahi zuen orori eskaini.
»Lurralde zabal eta jori hartako parajerik ederrenean jauregia zegoen eraikia. Handik erresuma osoko bazter eta txokoak ikus zitezkeen eta bertako ortu oparo eta txori zoragarriek herritar guztien ikusgarri bihurtzen zuten. Jauregian Ab-dali ul-Areah Patxa Gorena bizi zen, zeinak herritar guztien bizitzak gobernatzen baitzituen eta denen begikotasun eta maitasuna jasotzen. Ez ziren hara helduak gure gizarte hau joa duten gaitz eta izurriteak, bai baitzekiten anartean bakean, elkartasunean eta adiskidetasunean bizitzen.
»Gure ixtorioa euriteen sasoiaren ondoren ihintzak loreak oro zuriz jantziak zituen goizalde hozkirrian hasten da. Eguzkiak ez zuen bere irteera egin ekia bera baino ere ederrago, politago eta beroago zen umetxo txiki bat jaio zenean Jauregiko dorre handiko gela nagusian. Ab-dali Patxaren andre gaztea alaba muxugorri batez erdi zen. Denak zeuden pozak txoratzen. Festa nagusia ospatu zen erresuma osoan. Arroz ardoa edaten zuten herkideek ere topa egitean elkarri osasuna ezezik nexka jaioberriarentzako zoriona ere opatzen zuten.
»Umeari Ishmir ezarri zioten izentzat, jazinto eta nartziso petaloak baino xuriagoa zelako. Jauregia opariz bete-bete eginda geratu zen: Gorteko jaun-andereek oro bere erregaliak ekarri zituzten: zeinek harribitxiak, marfilezko apaingarriak, zeinek aspaldiko artistek egin pintura miresgarriak. Auzoko eta ez horren hurbileko enbaxadoreek ere eskumuinekin batera ehun preziatu, kaobazko edergailu eta urrezko idunekoak eskaini zizkioten. Izan zen, halere, gehienentzat oharkabean geratu zen opari bat: esku trebeek landutako ederlan suntuos guzti haien artean naturak berak bere sabel eta magaletik emandako nenufare zuri bat ikaragarri handia zegoen, ederretan ederrena. Lorea Guzmud gazteak, Jauregiko ipotx bufoi konkortu itsusiak idoi zulo sakon beltz batetik ekarria zen; berak ez beste inork ezagutzen zuen basorako bidean kausitzen zen osin usaintsu izkutua, zeina eurijasen ostean eta berauen ondorioz inon diren nenufare eskerga eta zoragarrienez betetzen baitzen. Opariak opari, Ishmir ez zen orduan larregi konturatu inguruan gertatzen zenaz.
»Urteak aurrera egin ahala haziz joan zen Ishmir gurea, ttaka-ttaka ikasi zuen oinez, baita esku txikiekin edozer gauza heltzen ere, eta gero eta maiteago zuten etxekoek eta herrikoek; edonori eskaintzen zion bere irrifarre zabala, denak jartzen zituen farrez lehertzen bere ateraldiekin, zorionezko malkorik ere isur erazi zuen bihozperen artean abere, lore eta gizakumeenganako erakusten zuen arreta eta ardura zirela medio. Denek on bazeritzaten ere, Guzmud ipotxa zen maiteen zuena, kapritxo guztiak betetzen zizkiona, maina gehien egiten ziona, jolasean ari zela kuttuntasun eta are mirespenez begiratzen ziona. Euriteen sasoiaren ondotik Ishmirren urtebetetzea zetorrela, herritar guztiak etorri ohi zitzaizkion jaki, jazki eta espeziak eskaintzera, eta Guzmudek, urtero legez, nenufare zuri ezin ederragoa eramaten zion bere osin segeretutik. Berau zen printzesak gehien espero eta estimatzen zuen oparia, eta inori esaten ez bazion ere bazekien hori Guzmudek berak ere. Izan ere, bazen bien arteko komunikazio ahalmen berezia, Guzmudek ixilpean gordetako bihurrikeriekin eta batak besteari belarrira esandako kontu txikiekin trebatua.
»Samurki maite zuten elkar nexka txikiak eta ipotx konkordunak. Guzmudek hegaztien lumak eta kantuak bereizten, kilkerrak eta ipurtargiak harrapatzen eta aspaldiko doinu zaharrak kantatzen irakasten zion. Ishmirrek berriz, Patxaren mahaiko janari gozoenak eraman, ziren eta ez ziren arazo eta burutazioak oro kontatu eta egiteko zeuzkan galdera guztiak zuzentzen zizkion. Izan zen neskatxa pollit eta munstro gizagaixo haren arteko adiskidetasuna batere egokia ez zela esaka ibili zenik, baina ez zuen inork aintzat hartuko halako esamesik haurraren begirada alai eta bozkario lausogabea ikusiz gero.
»Eurite eta lehor, hamabostgarren urtea bete behar zuenekoa heldu zen eta, ohi zen legez, alabaren esku eske etorriko zitzaizkion berehalaxe Patxa Gorenari herrialde eta bazter guztietako printzerik dotore, prestu eta aberatsenak. Urtebetetzeko festa eta ospakizunen prestaketan buru belarri sartuta zebiltzan denak, inoiz inon ikusi gabeko jaiak, ikuskizunak eta oturuntzak burutu nahi baitzituzten. Erresuma osoan burumakur zebilen bakar bakarra Guzmud gaixoa zen, baina lanpetuegi zebilen bere inguruko jendea konturatu ahal izateko, eta jabetuz gero ere ez zioten kasu handirik egiten, denbora falta zutelako edo berehala pasako zitzaion goibelaldia erizten ziotelako. Guzmudek berak ere ez zuen bere egoneza nabarmenerazi nahi eta besteek bezalaxe ziharduen jo eta ke lanean, gortinak garbitzen, tapizak astintzen, zoruari argizaria ematen edo suziriak pronto jartzen, baina begiak zuri geratzen zitzaizkion, ezerezean finko, eta esku artekoa lurrera jausten zitzaion bera ohartu ere egin gabe. Sufritzen ari zen Guzmud, eraman ezinezko dolorea zuen bihotzean txertatua, eta Ishmir ikusten zuen bakoitzean ihes egiten zion, kontura ez zedin, berau baitzen bere sufrikario eta pairamenen iturri eta sorburu. Guzmudek, bere kondizioari egoki litzaiokeen baino areago eta suharrago maite baitzuen Ishmir. Ordura arte berea uste zuen printzesa, jolasetan bederen, bere-berea zuen ametsetan eta ez zuen pentsatu ere egin izan nahi zer jazoko zen umetxoa hazten zen egunean, etorkizunak ez zuen existitzen. Oraingoan ordea, Gorte osoa senargaiez mintzo zelarik, begien bistakoari ezin zion ez uko ez itzuri egin. Bere ameskizun eta asmakizunak oro lurrunduz eta airean ezabatuz zihoazen, tximeleten lorratzen antzo. Tximetatik tiraka aritzen zen, ero antzean, minaren minez torturaturik.
»Egun handia iritsi zen. Zaldi zuriek gidatutako karroza distiranteetan ari ziren printzeak iristen. Jendetza bide bazterretara bildua. Kapeluak airera botaka. Jauregiko sukaldeetan azken orduko prantaketak. Ishmirren geletan jostun eta otseinak azken momentuko txukunketetan. Zarata eta koloreen eztanda txundigarria. Guzmudek eskilaretan aurkitu zuen Ishmir, sekula baino zoragarri eta liluragarriago, begiak pozaren pozez. Konkorrak burua apaldu zuen, oinetara begira. Printzesak zer zuen galdetu zion eztiki. Guzmudek izkutuan zekarren nenufarea erakutsi zion, berau ere ordurartekoetan handi, zuri eta ederrena. «Lorerik ederrena neskarik ederrenarentzat» esan eta berriro begiratu zuen zorura. Ishmirrek, pozarren, pot eman nahi izan zion, baina ipotxak atzera egin zuen. Biak elkarri begira geratu ziren, printzesak goitik eta bufoiak behetik. Guzmud larri zegoen, izerditan blai eta hizketan hastearekin batera zotinka ere bai: «nik... nik...» esaten zion, eta azkenik, negarrez edo purrustadaka ari zen nabaritu ezinik, «maite zaitut» esan eta mailadian behera joan zen, oker eginda baina ahal zuen azkarren, atzera begiratu gabe.
»Basora joan zen korrika, gelditu ere egin gabe, eta hiritik urruti zenean gelditu eta egin zuen negar aise, gogotik, luzaro. Aspaldi zen ohartua bere amodioaren ezintasunaz, baina zauri sendakaitz hark okerragora egingo zuen Jauregian zegoen artean; basotik irten gabe biziko zen aurrerantzean, bera zen piztitzar beldurgarriari zegokion legez.
»Kobazulo bat aurkitu zuen lo egiteko, eta han geratu zen aurrerantzean. Hostroez atondu zuen ohantzea eta arboletatik hartzen zituen fruituak zituen janari, ez baitzuen animaliarik hil nahi. Soinean zeramatzan arropak urratu zitzaizkionean biluzik ibili zen. Bizimodu hura latzegi suertatzen zitzaionean halako munstro batek besterik ez zuela merezi ziotsan bere buruari. Piztiei begira edo, berez ohi zuen baino makurrago eta okerrago ibiltzen zen hara eta hona, eta inoiz edo behin inguruan gizakumerik sumatuz gero korrika bizian izkutatzen zen bere leize zuloan. Ez zekien zer gertatu zen Jauregian ezta jakin nahi ere. Aitorpena egin eta gero Ishmirrek ze aurpegi jarri ote zuen, zer pentsatuko zuen zetorkion gogora, baina laster uxatzen zituen burutazio haiek, berak ez zuen esperantzarik ezta edertasunerako eskubiderik ere, eta ondo egin zuen atzera begiratzeke ihesari ematean.
»Euriteen sasoia iritsi zenean, bere eguneroko bazka osatzen zuten bihi, ale eta ezkurren bila zebilela, orein ttiki bat ikusi zuen, uholdeak lurrera botatako enbor handi baten abarrek harrapatua. Bizirik zegoen eta auhenka. Guzmud bertaraino joan zen eta bere indar guztiez abarrartetik irteten lagundu zion. Oreintxoak orduan, hau ustekabea, gizakumeon hizkuntza garbian adierazi zion baso haietako intxixua zela, hara iritsi zenetik ezaguna zuela eta abereenganako jarrera eta jokaera zintzoagatik eta batez ere abelera gaizto hartatik bera libratu eta salbatzeagatik nahi, desio eta gura zuen mesedea eskatzeko, berak hantxe bertan egia bihurtuko baitzion.
»Guzmud ahozabalik zegoen, ezin zezakeen sinets amonaren kontakizunetan azaltzen ziren intxixu haiek egiazkoak zirenik eta are gutxiago berari azaldu eta nahi zuen gutizia beteko ziotenik. Bere espantutik atera zenean edozer gauza eska zezakeen galdetu zion, oraindik ere erabat egosi eta irentsi ezinik nonbait. Baiezkoa jaso bezain laster bere gorpuzkera trakets eta nazkagarria barik, gizaseme galai baten itxura besterik ez zuela nahi adierazi zuen,gehiegi eskatzea eta atrebentzia ezbazen.Oreintxoak farre egin zuen eta ibai nahasiak uhaldean egindako putzu barean bere buruari begiratzeko keinua egin. Zangoak dardarka zituela behatu zuen ipotxak putzu aldera, eta ur azalean ikusi zuena ez zen konkortua ez itsusia, elefantearen ehizan ibiltzen diren gazte lerden, eder eta sasoitsuen antzekoa baino. Zoratzear, jauzika joandako orein ttikiari eskerrak emateko aukerarik gabe eta bere biluztasunari erreparatzeke, haranetarantz abiatu zen maldan behera saltoka, arrapalada bizian. Lautada hasten zen unean, bere zain bezala, zaldi gihartsu beltza eta zeta zurizko jazki batzuk zeuden. Zaldira igota, honen zelan kutxatxo bat ikusi zuen, eta bere barnean harribitxi xorta polita. Oreinaren azken fabore osagarria zela konprenitu zuen eta eskerrak eman bere artean.
»Kezka berri bat zuen halere Guzmudek, alegia, ez ote zen ordurako ezkondua izango bere Ishmir bihotzekoa. Ziztua baino azkarrago zuzendu zituen zaldiaren oin eta hankak hirira eta are arinago zebilkion burumuinetako salda nahasi hura: baina, pentsatzen zuen, urrunera joanda bada, edo ezkondua, edo hartu nahi ez banaute? Gauza bakarra zeukan garbi: ez ziola inolaz ere esango nor zen, edo hobe, nor izana zen. Izen berri bat ere asmatu beharra zeukan, eta Azmal etorri zitzaion burura.
»Jauregi ingurura ailegatzean, herritar batzuei galdetu eta, hura asturuaren ona, Jainkoen bedeinkazioa!, Ishmir gaztea oraino ezkongai zegoela jakin ahal izan zuen. Printze boteretsu, aberats eta mardul askoak aurkezten zizkioten arren, hark ez omen zuen arras bere gogokorik aurkitzen, guztiei antzematen omen zien joera txarren bat, edo bestela ezdeusak, zeredozeren faltan sumatzen omen zituen. Aita gaixoak ez omen zekien zer egin alabarekin. Zilegi zitzaion oraindik esperantza, zirrikitu mehar bat besterik ez bazen ere.
»Jauregian azaldu zen eta Patxa gorenaren aurrera eraman zuten. Beroni esplikatu zion herrialde urrun batetik etorria zela Ishmirren edertasuna eta jentiltasunaren ospeak erakarrita, eta horretarako baimena ematen bazion eta ongi bazeritzan, emaztetzat galdatzen ziola alaba, hori esateaz batera printzesarentzako zekartzan opariak erakutsi zizkiolarik. Ab-dalik ihardetsi zion oso begiko zeritzala haren pertsonari eta egoki honen proposamenari, baina baimena, onespena eta oniritzia alabak eman beharko zizkiola beronen baitan baitzeuden, berak ez zuela hor zereginik ez zeresanik, suerterik onena opa ziola baina halere beldur zela ez ote zitzaion aurreko guztiei bezalatsu gertatuko. Saiatuko zela hitz eman zuen gazte sotilak.
»Gazte biak aurrez aurre egon zirenean dena izan zen erraza. Azmalek ederki asko ezagutzen zituen Ishmirren gurari eta zaletasunak, eta honen begien aurrean atsegin, xalo eta gizabidetsu agertzen asmatu egin zuen, asmatu egin zuenez. Kontentu zebiltzan biak eta kasik kontentuago Patxa Gorena, ia urtebeteko nekeen ondoren azkenik bere ametsa burutua ikusi ahal izango zuela pentsatze soilaz. Berehala nahi zuen ezkontza, eta gazteek bere onespena eman zutenez, neskaren urtebetetze egunean, hamaseigarrenekoan hain zuzen, egitea erabaki. Aurrekoak handiro ospatu bazituzten oraingo festa hauek sekulakoak izango ziren, fastuosoak, zeruaz beheitiko guztiak txunditzeko modukoak.
»Itzali gabeko maitasun ezti eta irmoa sendotu zen Ishmir eta Azmalen artean. Elkarren beharrean eta mirespenean bizi ziren, ezin bata bestea gabe moldatu. Egunsentitik ilunabarrera etengabeko irri eta jolasean aritzen ziren Jauregi inguruko ortu eta lorategietan.
»Baina...».
Eta momentu horretantxe konturatu nintzen ezin nuela ipuina amaitu, edo ezin niezaiokeela behintzat nahi nuen bezalako happy end-ik eman. Begira, arazoa zera da: Ishmirren urtebetetzea datorrenez Azmal-Guzmudek erregaluren bat egin beharko dio, eta jakina, hamabost urtez nenufare zuri bana oparitu ondoren, hamaseigarrenean ere usain gozo freskoa zerion eta isurtzen zuen beste nenufare handi bat ekarri nahiko zion osineko urgainetik. Besterik egitea bere buruari -Guzmudenari- eta barren-barrengo sentikizunei uko egitea litzateke; berebiziko alienazioa, era zientifikoago batez esatearren. Hartara, zer posibilitate geratzen zaizkigu? Egin dezagun analisi kasuistiko bat:
Lorea erregalatzen ez badio, ezin izango du lasai egon ez gau eta ez egun. Beti itxurak egiten bizi beharko duela pentsatuko du, eta horretarako ez duela merezi amodio lilien ahogozoa dastatzeak, ez dohainez betetako gazte eder eta sendoa izateak. Ezin izango dio Ishmirrek bere bihotzagatik baino itxura hutsagatik besterik maite ez duelako susmoari ihes egin, ezta guztia jakingo balu inoiz berriro aurpegira begiratuko ez liokeelako beldurra erauzi ere. Bere katramila eta buruhausteak ixilpean gorde beharko ditu eta horrek goibeltasun eta bakardadezko bizitza ilunera eramango du ezinbestean. Azmal eta Ishimirrek ezin izango dute zoriontsu izan.
Lorea erregalatzen badio berriz, bere nortasuna ere salatua dio. Orduan Ishmirrek esango dio Guzmudi horrek ez duela batere inporta, honen bihotz zabal eta berezko dohain apartengatik maite baitu berak, eta ez denborak eta eritasunek beraiekin eramaten duten edertasun iheskorragatik. Guzmudek sinetsi egingo dio Ishmirri edo esplikazio hori errukiak eragindako kontua dela pentsatuko du akaso, baina beti ere halako susmoa geratuko da. Erabat sinesten badu eta emazteari hala adierazten badio ere, Ishmirrek ezin izango du sekula jakin Guzmudek sinetsi dion ala gauzak bere onera etor daitezen eta andreak lasaitasun izpirituala izan dezan esan dion sinetsi duela; horrela bada, nolabaiteko kezka horri ezin itzuri. Batera edo bestera eta direnak direla, elkarri minik ez egitearren sortutako gupida bihozpera horien errezeloek bien zorigaitza erakarriko dute, halabeharrez.
Beraz, ipuina ondo bukatzeko ezintasuna aitortu eta ondorioztatu beharko dugu. Badirudi ez dela posible iraganaren ahanztura pragmatiko birsortzailea, erregeneraziorako tarte gutxi geratzen dela, susmo txarren kutsu hori ezin daitekeela guztiz aratz, xahu eta purifikatua laga.
Beharbada, eta konklusio gisa, itsusitasuna errotiko injustizia dela esan behar. Konponduko al luke ezein iraultza sozialek bidegabekeria lotsagarri hau? Ala etsipena baino ez zaigu geratzen?
Montse-txiki noski, ipuinaren bukaerarik gabe geratu zen.
(1985)
© Xabier Mendiguren Elizegi