Udak dakarrena udak daroa
«En la playa, la fauna que más abunda son los
pseudocastigadores de braga naútica, bigotazo,
camiseta de felpa y multitud de cadenas y colgajos
sobre el fortachón pecho de lobo».
Pili Gil
-I-
Play:
Pun catapun chimpún, cómo me gusta el verano.
Pun catapun chimpún, pa levantarnos temprano.
Stop. Bela zuri urrunek eta windsurfzaleen koloretako hurbilagoek, tiralineaz marraztutako horizontearen ertz infinitoa han-hemenka eteten dute, paisaiaren armonia eta monotonia kupidagabeki birrinduz eta ezabatuz. Play:
Ir a la playa al sol, para bañarnos tranquilos.
y si no vamos solos vamos con tos los amigos.
Stop. Dudarik gabe, beren hegada pausatu eta ero samarraz zeru-sabaian lorratz ikustezinak intsinuatzen dituzten kalatxorien xilioak, uretan plisti-plasta ari diren ume eta ume handien garrasi histerikoak baino askozez ere proportzionatu eta atseginagoak dira. Play:
Tacatacataca tacatacatá, tacatacataca tacatacatá
tacatacataca tacatacata tacatacá.
Stop. Apar lehertuak plai ertzeko hondarrean lagatako itsasbelar, konpresa, plastiko eta lata hutsak, Neptunoren opari; berotasunak arintzearren zihoazenen eta freskatu zirelakoan zikinago zetozenen harat-honat aspergarri eta funtsgabea; salda goritan kiskaltzen ari zirenen izerdi, neke eta hitz alferrak; ezer egin gabe ari nintzen galtzen denbora, ea berriro heltzen nion:
«Si quid est in me ingenii, iudices, quod sentio quam sit exiguum, aut si qua exercitatio dicendi, in qua me non infitior mediocriter esse versatum, aut si huiusque...».
Argi zegoen, Zizeron eta hondartza ezin bat egin. Jarrera komodo bat bilatzen saiatu nintzen baina lauegia zenzorua, edokoska gehiegi nere hezurrek, ezgoraka eta ez beheraka. Eserita geratu nintzen, eta orduantxe azaldu zinen, bueno, lehenagotik zeunden hor baina ordurarte ez zintudan ikusi. Begitartea aldez alde zeharkatzen zuen irrifarre zabalaz galdegin zenidan: Do you want latin...? edo Are you latin student? edo antzeko zerbait, ingelesaren ezagutza latinarena bezain urri eta kamutsa baitut, baina «latin» hitzari erreparatu nion, eta sinpatia edo komunikatu nahi zuen farre eta poztasun kontajiatuaz Yes erantzun nuen ahoa zabal-zabal eginda.
-II-
Play:
Un rayo de sol uo o o
a mi corazón uo o o
Stop. Cherild zenuen izena eta Scotland deritzan herri urrunetik zentozen. Hurrengoetan egunero elkartu ohi ginen hondartzan eta toailak elkarren ondoan ipini. Itxura zenez latin askotxo zenekien, eta hor iharduten zenuen, inolaz ere ezin uler nezakeena esplikatu nahian: This is the subject because... and... the nominative. Ez zenuen nere erdara ezagutzen eta nik zurea ere ez, eta grazia egiten zidan nola ahalegintzen zinen ikusteak; nik baietz egiten nizun buruaz, eta benetan eskertzen nizun, bihotz-bihotzez, hartutako ardura. Azkenik, zu ere konturatzen zinen ez nuela piperrik ere entenditu eta apur bat haserretzen zinen arren, farre algaraka bukatzen genuen, lehertzeko zorian. Play:
Y quiero ser, algo tuyo
cerca de ti siempre estar
ser algo tuyo
de tu alegría y felicidad.
Stop. Nik ere nere aldetik zerbait irakatsi nahi nizun, eta besterik ezean abesti plaieroak jartzen nizkizun. «Eva María se fue, buscando el sol en la playa, con su maleta de piel y su biquini de rayas» adi-adi entzun ondoren protesta egiten zenuen: Oh! very bad! esaten zenuen esku eta mutturrez muzin eginez. Nik ez nuen amore eman nahi izaten ordea, eta, temoso, beste batzuk entzun erazten nizkizun: «Et j'ai crié, crié Aline pour qu'elle revienne» eta halakoak, eta subkultura berezi horren lilura izkutuaz, melodramaren gaurkotasunaz konbentzitu nahi zintudan. Play:
Shala la la la, uo o o
Shala la la la, uo o o
Stop. Ez ginen haserretzen horratio. Egia esan, zaila izango zen, elkarri irainik esateko hitzik ez genuela. Harrigarriena, nolanahi ere, elkarrekin ederki konpondu ezezik dibertitu ere dibertitzen ginela ikustea zen: espezial pasatzen genuen zuk neri «Nam quod longissime potest mens mea respicere spatium praeteriti temporis» eta nik zuri «Ella se marchó y sólo me dejó recuerdos de su ausencia, ni la menor indulgencia Eva María se fue» dastatu eta are maitarazten suak hartuta aritzen ginela.
-III-
Play:
Cuando calienta el sol
allí en la playa
Stop. Farrezka ez zenean, elkarri begira aritzen ginen, jolas sekretu batean bezala, nor hasiko algaraka edo begirada nork aldenduko. Horrelakoetan ordea, serio jartzen ginen biok, halako zera esplikagaitzen bat genuela buruan. Azkenean, etsiturik kilimak edo atximur egiten ez banizun, uretara joango zinen ez good bye ez come on esateke, burutazio estrainio haiek olatu artean murgilduz itotzearren agian, ni azala erretzen zidan eguzkipean eta barruak jaten ari zitzaidan zomorro harekin utziz. Play:
Siento tu cuerpo vibrar
cerca de mí í í í
Stop. Uretatik irtetean zure titi borobilek, lehortzeko ahozpez jarritako kafesne katiluak ematen zuten, goitik behera zipriztintzen zituzten tantoak eta guzti. Dardarizoak hartzen zuen nere larruazal osoa zure busti berria ondoan antzematen eta sentitzen nuenean, bustitzean hozkia ematen zenidalako zela esaten banizun ere. Bainatu ondoko berotasun goxoan berriketarako gertu egoten zinen berriro, eta nik pozik entzuten nizun, keinuei erreparaka hitz batto ere jasotzen saiatu gabe. «I love you» esan ez esan burrukan aritzen nintzen nere buruarekin, baina pelikuletako amerikanokeria artifiziala iruditzen zitzaidan eta, azken batean, ez nengoen oso seguru hori esan behar ote nizun, nola erreakzionatuko zenuen, zer nolakoak ziren nere sentimenduak eta zer eragin zezakeen guzti horrek. Brometan bezala edo, eta zipitzik ere ez zenuela konprenituko jakinik, nahiago izan nuen «maite zaitut» doinu eta keinu neutroez esan, ariketa katartiko gisa apika, nerabearen herabetasunaren iruzurra akaso. Play:
Es tu palpitar, es tu cara
es tu pelo, son tus brazos
me extremezco o o o
cuando calienta el sol
Stop. Gaizki pasatu nuen momentu haietan. Zirrara eta egoneza eragiten zizkidan zama moduko bat neukan sabelean eta hitz egin nahi nuenean listua galerazten zidan traba eztarrian. Ez dakit ezertaz konturatzen zinen: alde batetik irrikitan nengoen baina bestetik lotsa, ahalkea eta farre egingo edo mesprezatuko ninduzulako beldur ikaragarria nagusitzen zitzaizkidan. Ezer esan gabe hartu eta muxu luze bat ematekotan ere egon nintzen, begibistan neukan tentazioa uneoroz, baina ez nintzen atrebitzen, eta nere esperientzia kaskarrak farregarri uztea ere ez nuen nahi. Ez nintzen ez, veni vidi vinci esan zezakeen play-boy bat, baina zein erraz -irriño bat, xera bat- egin nintzakezun zoriontsu eta zein aise kondenatzen ninduzun desesperantzaren zorigaitzetara!
-IV-
Play:
La playa estaba desierta, el sol bañaba tu piel
tocando con mi guitarra para ti María Isabel
Stop. Ez genuen sekula elkar ikusi hondartzatik kanpo. Inoiz aipatu gabeko paktu tazitoa bide genuen, kalean topo eginez gero gure bizitzaren alderdi izkutuarekin aurrez aurre geratzeko beldurrez, lazkarria izango zelakoan edo. Hobe zen dena bakoitzaren imajinazioaren baitan uztea. Horrela, egun batean elkarrekin afaltzea proposatu zenidanean munduko gauzarik normalena izan zen gure otordu hori plaian bertan egitea, oraingoan ere ituna ixilpean gorde genuen arren. Play:
Coge tu sombrero y póntelo
vamos a la playa calienta el sol
Stop. Iluntzen ari zen eta hondartzan txakurrarekin jolasten ari ziren haur pare bat baino ez zen geratzen. Jantzita azaldu zinen eta harritu egin ninduen, hasieran, berehala konturatu bainintzen ni ere jantzita etorria nintzela. Hello esan eta esertzearekin batera mahaspaxazko plumcake zoragarria atera zenuen xorrotik. Nik bokadiloak eta ardoa jarri nituen hondar gainean zabaldutako toailan. Berez nahikoa genuen botila bakarrarekin baina nik bi ekarri nituen badaezpada baino gehiago maltzurkeria pittin batez, ea edan ostean ausartzen nintzen edo zu animatzen zinen. Ez genuen bigarren botilaren beharrik izan, lehena amaitu orduko moxkortua baitzinen: begietan txinpartak zenituen piztuak eta mihia aldi berean arin eta baldar. Ni ere alegera xamar nintzen. Itsas ertzean oinak bustiz hasi ginen ibiltzen, bokadiloen erdiak eta botila hutsa uretara bota genituen, zeru-sabaira begiratzeko esan zenidan eta gau izartsuak babesten gintuela ikusi nuen. Ingurune erromantiko perfekto harekin ligatzen ez banuen lur zabalean zegoen pello, lerdo eta mamoirik ergel eta inozoena izango nintzela esaten nion behin eta berriz neure buruari, eta hala ere ez nuen eskutik heltzea baino balentria handiagoetarako ausardiarik izan. Zu izan zinen pausoak geldierazi, eskuak estutu eta begiak itxiz ezpainak nereetara eraman zenituena. Ia ia ezin nuen sinetsi, beste bati gertatzen ari balitzaio bezala kanpotik ikusten nuen dena.
Chivirivirí Porompompón
Chivirivirí Porompompón
Stop. Zoritxarrez, nere ametsak betetzeko bidean eta zorian zirela uste nuenean, goragalea etorri zitzaizun eta botaka hasi berehalaxe. Nik ahal izan nuen neurrian lagundu nizun, ez dakit gutxi edo asko izan zen. Ez nuen ezer askotarako adorerik behinik behin. Azkenik, zure onera etorri eta gero etxera zindoazela esan zenuen, eta nik ez nuen lagunduko nizula esateko kemenik ere izan, damurik.
-V-
Play:
El final del verano
llegó y tu partirás
Stop. Hurrengo goizean azaldu zinenean biharamonaren arrastoak nabari zitezkeen aurpegiaren kolore beilegian, betzuloetako ilunean. Egun hartan bertan bueltatu behar zenuela Eskoziara bota zenidan ziplo. Sor eta lor gelditu nintzen, baina hori nere erreakzio ahalmen murritz eta berankorrari egotzi behar litzaioke; izan ere, normala eta bidezkoa zen zure itzulera hilabetea bukatzen ari zelarik, baina neri ordurarte bururatu ere ez zitzaidan egin joan egin beharko zenuenik. Tristeziazko lanbroa sumatu nizun betzuloetan, bainaaurpegiaz irrifarre egiten saiatzen zinen. Nere harriduratik irten ezinik, hitzik ere ez nuen esan, ez nuen esaterik. Eskua luzatu eta ilea laztandu nizun: zuk orduan burua makurtu, eskua belarri eta sorbaldaren artean harrapatuz. Isilik geratu ginen, unibertso osoa geratu zen isil eta geldirik, itsas txorien karranka urrunak, bertako umeen errekerimendu ozenak gorabehera. Play:
Yo no sé hasta cuando este amor tu recordarás
Pero sé que en mis brazos yo te tuve ayer
Eso sí que nunca, nunca yo, olvidaré
Stop. Orduan etorri zitzaizkidan burura gogoeta beltz guzti haiek. Afaltzera gonbidatu ninduzun baina despedidakoa zen hura, azken afaria, eta emandako muxua Judas Iskarioterenaren antzekoa izan zen. Gorroto nizun horregatik. Nik ez nuen artean ikusten eskuzabal jokatu zenuela, bihotz onez, nere ilusioen gaztelu fantasmagoriko ez oinarri ez haberik gabea zapuztua zenuen eta ez nuen besterik jakin nahi. Malko batzuk etorri zitzaizkidan begietara eta zuk kontsolatu nahian besarkatu egin ninduzun eta hitz goxoak esaten hasi, my darling eta horrelakoak. Baztertu egin zintudan: zu ere triste zeunden. Altxatu nintzen eta korrika joan nintzen ihesi, korrika, ihesi, korrika, ihesi. Play:
Dime dime dime dime dime amor
dime dime si es verdad
lo que sientes en tu corazón
¿es amor en realidad?
Stop. Akitu arte egin nuen korrika, eta gero ere ez nintzen atzera itzuli. Azken asteetako zera guzti hura nerabilen gogoan, eta argitu beharrean gero eta nahasiago nengoen, gero eta ageriago nahigabe eta arrenkurak, urratu arte bere zaurian hazka dabilenaren antzera. Ilunabarrean hondartzara bueltatu nintzen eta bazterrean kausitu nituen toaila eta bestelakoak, zoko batean ahaztu eta utzirik, ni bezalaxe.
-VI-
Play:
En la playa estoy tumbao, o o o o
Mari Pili está a mi lao, o o o o
y una nube bajo el sol va diciendo qué calor
Stop. Bakar bakarrik nago. Ez dut inor ondoan. Joan zait nere latinezko profesora partikularra. Hemendik aurrera bakarrik estudiatu beharko dut:
«Quodsi haec vox huius hortatu praecepstisque conformata nonnullis aliquando salutis fuit, a quo id accepimus quo ceteris opitulari et alios servare possumus...».
Jasanezina oraindik ere. Ezin naiz inolaz ere kontzentratu. Nere bakazioak bukatzeko beste puxketa bat geratzen zait, baina latineko azterketa gero eta hurbilago. Zu gero eta urrunago. Zergatik izan ote nintzen horren zozoa, horren umea? Azken momentuan ihes egin eta helbidea emateko astirik ere ez. Beharbada hobe da horrela. Ez luke zentzu handirik horrelako zera batekin segitzeak. Bueno, ez dakit. Play:
Mi cigarrillo emboquillao, o o o o
Una toalla y un helao, o o o o
Stop. Hutsago dago hondartza azken egunotan. Soiluneak nabarmenagoak dira, bela-ontziak urriago, umeen zarata motelagoa. Lehenago iluntzen du eta arratsetako hozkirriak jertsea erabiltzera behartzen du. Freskoagoa izango da Eskozia seguru asko. Kasualitate handiegia litzateke berriz ere elkar ikustea, ezta Cherild? Gainera, dena izango litzateke diferente; edo ez, auskalo! Uste ez bezalakoa suertatu zait uda hau. Zuk ere ez zenuen holakorik esperoko. Esan beharreko gauza asko geratu zaidala uste dut. Uda bat motxa da den dena esateko. Baina dena esan beharrik ere ez dago. Play:
No, no, no, Mari Pili no, no, no
No, no, no, no me excites por favor.
Stop. Farrezka somatzen ditut kalatxori asaldatuak eta zinta herdoildua. Badirudi trumoia izango dugula gaurkoan. Ortzea behintzat hodei beltzez ari da betetzen. Ni ere banoa. Pena ematen dit, halere, kanta hau erakutsi ez izanak. Polita da, ironikoa, diferentea eta, era berean, tradizio iragan baten azken alea. This is the last summer song, esango nizun nere ingeles petral honekin. The last summer song, Cherild, the last summer song.
(1985)
© Xabier Mendiguren Elizegi