22 ebaki

Dionisio eta Helena ezkondu zirenean gazteak ziren oraindik eta herriko bikoterik preziatuena. Biek ostera, nahiago izan zuten basora bizitzera joan, lanean eta maitasunean aritzearen egunerokotasuna. Udaberriak ere agurtzen zituen urtero berotasunezko lehen printzez. Haurrak ere jaio zitzaizkien. Haien etxeak lasaitasun eta bakezko postal bat zirudien.

Behin batean Dionisio egurra moztetik bazkaltzera zetorrela emaztea negarretan aurkitu zuen atarian. Dionisio oso larritu zen eta laztankiro galdetu zion:

-Zer duzu?

Helenak ez zion erantzunik eman nahi izan. Gaitzen bat edo izanen zuela pentsatzen hasi zen senarra eta biziago itaundu zion besotik eraginez; bazitekeen ezbeharren bat gertatu izatea ere, zerbait egin beharra zegoen, jakin beharra zuen, ez bait zen normala emaztea negarrak itoa egotea. Malkoak eskuez sikatuz eman zion erantzuna Helenak, oraindik zotinka:

-Ez nauzu maite.

Dionisiok hasieran ez zuen ulertu. Ez zuen horrelakorik espero. Deus txarrik ez zegoelako alaitu edo zoraturik ote zegoen pentsatu behar zuen ez zekien. Ondo asko entzuten denean galdetu ohi den bezalaxe «zer?» esan zuen eta erantzun bera jaso, bortitzago. Seriotan esaten ziola ikusi ahal izan zuen eta nondik norakoak eta nola zitekeen konprenitu gabeberak maite zuela sinesterazten saiatu zen; alferrik: emazteak arrantzaka ziharduen. Ahal izan zituen arrazoi eta argibide guztiak eskaini zizkion baina Helenak gogor eusten zion bere temari. Etsirik, esan zion:

-Behatza moztuko banu sinetsiko al zenidake?

Emazteak harrituta begiratu zion baina ez zuen ezer ihardetsi. Dionisiok aizkora hartu eta ezkaratzetik aldenduz mendian sartu zen berriro. Jaitsi zenean ezker eskuko behatz txikiaren lekuan odola besterik ez zegoen. Emazteak laztanaz hartu zuen eta barka ziezaiola eskatuz.

Zauria laster sendatu zen eta etxean poza berriro nagusi. Hala ere, handik zenbait hilabetetara elizatik itzultzerakoan Helena negarrez sumatu zuen senarrak. Beldurrez eta errukiz heldu zion eskua eta galdetu:

-Zer duzu, Helena?

Helenaren negarra areagotu egin zen. Oraingo honetan tristuraren zergatia azaltzen denbora gehiago kostatu zitzaion, ez zuen ezer esan nahi eta. Azkenik, burua makurtuz:

-Ez nauzu maite.

Dionisiok mendiak gainera zetozkiola sentitu zuen eta oineko lurra behera. Ez zuendeusesan nahi izan. Halaegon ziren ordu pare bat: bata mutu eta bestea negarka. Amorraturik, ixiltasuna apurtuz bota zuen senarrak:

-Beste behatza moztu beharko al dut sinets diezadazun?

Emaztea ixilik gelditu zen.

Txirkandaren hurrengoan behatzondo odoldua zekarrela ikusi orduko Helena oinak musukatzera jausi zitzaion bat batean Dionisiori. Denbora iragan eta gertaturikoa ahantzia zen halako batean ilunabarreko eguzki motelarekin batera Helenaren begietatik argia izkutatu eta distira itzaldu zenean. Senarra ohartu zenean hotzikarak bizkarrezurra goitik behera astindu zion.

-Eta oraingoan zer?

Dionisiok ikaraz espero zituen hiru hitzak entzun zituenean ameskaizto batean murgildurik ez ote zegoen otu zitzaion, hura errealitate eta egia hutsa zela jakin arren. Malkoei eusteko ukabilak estutu zituen min hartu arte, mina hartu kolpeka hasi ordez, ondoren ironikotasun mingotsaz, farrez edo negarrez ari zen ezin bereiztuz:

-Eta hirugarrena moztuko banu...?

Horixe esatea espero zuen emazteak eta burua jiratuz eguzkiaren azken errainuak bere ilean pausatzen utzi zituen.

Sendaketa garaian inoiz baino gehiago mainatu zuen Helenak senarra. Bien arteko maitasuna maila goren, gaindiezinetara iritsi zen.Dionisiok bere buruari inor baino zoriontsuago erizten zionean:

-Ez nauzu maite.

Horrela joan zen behatzak galduz, banan banan, eta bi erortzearen tartean zoragarriki gozatzen zuen bizitzaz. Noizbehinka bururatzen zitzaion, bai, hura azkenengoa izanen zela, emaztea ez zitzaiola inoiz gehiago penatuko, eta emazteak ere horixe pentsatzen zuen, aldian behin. Gehienetan ostera, argitasun oso-osoaz ikusten zuen Dionisiok hura zela zoriontasunagatik ordaindubeharzuen prezioa, eta prezioa garestia bazen ere lortutakoa istima handiagokoa bezala goresten zuen, zalantzarik gabe: hargatik, emaztea zapuztua ikusten zuenean beldur apur bat besterik ez zitzaion nabari, xuxen bait zekieneginbehar zuena esaterakoan:

-Behatza mozten badut sinetsiko al didazu?

Eskuetakoak, bai ezker eta bai eskuin, bukatu zitzaizkionean oinetakoekin hasi zen. Ordurarte lana egiten segitu arren, eskuen trebetasunik eskatzen ez zioten zereginetan behinik behin, handik aurrera lastozko aulkitxo batean eserita ematen zuen eguna, mendiei beha, emazteak eta seme-alabek lan egiten zuten bitartean, burua mundua baino jira-bira arinago eta errepikagarriagoan: maitasuna eta bere kinkalarriak, sentimenduen oinaze eta plazer nahastuak, grinen oldar jarkiezina, bizitzaren gorabeheren jopua izatea, eta berriro kinkalarrien gorabeherak, grinaren oinazea, sentimenduen maitasuna, bizitzaren plazerra...

Jesarlekutik egun osoan oheratzeko besterik ez zen altxatzen, eta beste inon ezin zituen indarrak han bai xahutzen zituela, egunetik egunera Dionisio eta Helena amorante amorratuagoak ziren eta. Amoroski estuten zuten elkar, horzkatzen, laztantzen; goizaldea arte irauten zuen beti bien amodiozko jolasak, gorputzak, leher eta blai, loak hartzen zituenean. Horren ondoan beste guztia huskeria zen: zer axola zitzaizkien behatzak, lanak, negarrak? Emaztea berriro, Jaungoikoak ote daki zergatik, hits eta itun zegoenean, senarrak goxo heltzen zuen gerritik:

-Helenatxo, kuttuna, zer gertatzen zaizu?

Behatzek ordea, bazuten amaiera. Atzamarrak eta oinetako beste hamarrak, alafede, bukatu ziren. Ezusteko egoera horren aurrean Dionisiok etorkizuna igarri nahiko zukeen baina patuak dakarkiguna aldez aurretik jakitea galerazia zaigu gizakumeoi, eta burutaziotan aritu eta ahitu arren ez zezakeen ezer asma.

Zitekeena, iskanbilak betirako ahaztuak izatea. Bizkitartean, ez larritu, gerokoak gero, zer kausituko ote zuen jakin gabe zentzumenei nagusitasuna, askatasun osoa eman. Ezinbestekoa sukaldean, biak afaltzen ari zirenean izan zen: Helenari sudurra ximurtu egin zitzaion eta senarrak, kutxiloa eskuondoez hartuz, berebiziko sarraskirik izugarriena egin zuen, hankartean, eta odola irten zitzaion ahotik «hogeitabatgarrena, azkena» ahopeka murmurikatzerakoan.

Emazteari ileak derrepente elektrizatu zitzaizkion eta buruz behera joan haragi zirpilari, garrasika. Orduantxe senarrak, geratzen zitzaizkion azken indarrez, kutxiloa lepoaren atzekaldetik sartu zion, goitik behera. Odolustutzen ari ziren bitartean, estasian elkar besarkatuz, hitz bakarra zuten biek ezpainetan, muxuetan:

-Maite zaitut, maite zaitut.

(1983)

 

© Xabier Mendiguren Elizegi


susa-literatura.com