Katedralean
Alde Zaharreko Barrenkale inguruko alkoholtzulo garagardotsu eta speedtsuak itxita izaten dira goizaldeko hiruretarako eta Erronda alderanzko jende jarioa eten egiten da apur bat lehentxoago.
Isilik dagoz katedrale inguruko kaleak, oraindik ere pub finetan ari den musikak ez bait du kanpora agertzerik izaten. Geroxeago bai, bezeroak irten ahala, musika-bafadak ere barreiatuko dira, motor garesti eta auto ere garestiagoen jabeen inguruan dantzatuz Goizalde Andrearen oinek gaueko mugak ezabatzen dituzten alderantz.
Arkupetan, lotan dago atso zaharra, kartoipean eta ardo merkearen eraginpean, ederrena ei den arkupeta gotikoaren babespean. Haizearen erasoak bigunagoak dira hor, santutasunaren bermari esker ezik, hormaren beraren lodierari esker eratzen den sartunean aise, eta haize barik sartzen delako gorputza.
Beiradura koloretsuan zehar iragazita absideraino, harrizko zutabeek, kaperek eta jezarlekuek sareturiko laberintoan motelago eta koloretsuago hedatzen den argiak sikodelia kutsua eransten dio barruko giro gotikoari.
Isiltasuna hautsi duen zarata, trumoikadak baino burrunbatsuago jo duenak mututasunezko palazio horretan, harria harriaren gainean dandarrez higiarazteak sortutakoa izan da. Ezkerreko horma luzean dagoen bostgarren kaperako hilobietariko baten bere lekutik irten da harlausazko estalkia. Higidurak irekitako zirrikituan zehar agerira atera den eskua ez da San Fruktuoso berpiztuarena. San Fruktuosoren gorpu ustelgabea alde honexetako lehen kaperan dago. Hilobi hau, estalkia osatzen duten gaineko harri zatietariko bat lekuz aldatu zaiona hain zuzen ere, zaldun ezagunen batena da.
Agirian den eskuari jarraiki agertzen ari den besoari eusten dion lepo berean izan bide den buruko garunaldean, ondo artxibatuta gorde dira katedralarekiko xehetasun txikienak ere antza, ezen atzamar bik hilobi alboan erdi ezkututa dagoen argi-etengailuari eragin bait diote, bonbila bakarra piztuaraziz.
Bonbila inguruko argizko koroiaren mugak oso estuak dira. Kanpotik ezin igarri argitasun aldaketa txikia. Dena dela, besoaren ostean burua eta horren atzean gorputz enborra atera ondoren harria osorik alboratu, ez apurtzearren astiro mogituz, gorputz guztia atera eta harlauza bere aintzinako lekura eroan du atzera ere hilobiko egoiliarrak, dagoeneko ohiak. Amata egin du argia ostean.
Hiru egun lehenago katedralari buruzko azken xehetasunak puzzlean ondo kokatzera etorri zen bertora lagunek Miztegi esaten dioten Ernesto, orain, sakristiarako bidean, ondo gogoratzen zaionez.
Sartu bezain laster, han ikusi zuen andratxo ileurdina, aldare nagusitik sakristiarantz etorten, halako kaliza -ostiontzia- zekarrela eskuetan. Aurpegian zalantza izpirik ere agertarazi gabe esan zion, ahots eztiaz, «klaustroa ikusi gura neuke, posible balitz halako egunen baten», eta atsoak aurpegira begiratu, «zuk zelan ete dakizu klaustroarena?», galdetzen bezala.
«Liburu honetan irakurri dot. Bilboko joyarik ederrenetarikoa dala, benetan bitxia», liburua atera zuen Ernesto Miztegik, erakusteko.
Laugarren kaperan beste hilobi bat.
«Aqui yacen los muy onrrados Juan Fernández de Arbieto y doña Mary Sánchez de Vitoria, su mujer, que santa gloria ayan, lo cuales edyficaron y fundaron esta y capilla y malpasaron deste mundu alotro el nueve de agostode 1504».
Inskripzioa irakurtzean, «a ze putada», pentsatzen du, «Aste Nagusia baino astebete lehenago hil ziren, aberats madarikatuok».
Atso gizaixoak berriz, pobrea eman zion. Adinaren adinaz umetuta eritzi zion. Ernestok liburua erakutsi zionean, «hori berton saltzen duguna da, pasa sakristiara» esan eta han erakutsi zion atea.
Erraz sinistu zion sakristanesak. Sakristiaren alboko atea orduan ikusi zuen bezala dago, gailtzarrapoz itxita. Ate hori zuzenean klaustrora buruz dagoen arren, eta giltzarrapoa askatzea ume jokoa bada ere, sakristiako atera jo du Ernestok.
Giltzmihia zeharka ebakita du ate horrek, alde laburrena katedrale barruko alderantz duelarik. Beraz, erraza daatzeko poltsikotik atera duenburdinezko xafla luzengamalgua atea eta ate-zangoaren arteko zirrikituan sartuz irekitzea. Klak! Gora eta behera saiatu ondoren zabalik dago atea.
Sakristiako lau hormak osorik estaltzen ditu behearen gainetik norberaren burua baino arrabete parea goragoraino heltzen den armairu-sailak. Hormarik luzeenetan santu bina dagoz, armairuen gainean. Eliza Katolikoaren Lau Aitak dira, zurezko begiak itsu, nahiz eta zurezko betaurrekoak jarri. Egurrezko Aitok ezin ikusi Ernestoren mugimendurik. Ernestok aldiz, behiolakoan ez zion begirik kendu gainetik atsoari sakristiara sartutakotik aurrerakoan.
Gela erdian dagoen mahai erraldoiaren tiradore batetik, sartu eta eskuinaldeko ertzean dagoenetik hain zuzen, giltz-sorta atera zuen atsoak, «zeuk erakutsi klaustroa, nik gaixoa bisitatu behar dut-eta», halaxe esan ondoren han zegoen abadeak.
Tiradore horrexetara jo du artez artez Ernestok. Hara giltzak, zein berari dagokion atearen izena idatzita guztiak.
Armarios-sacristía
dioenaz atez ate frogatzen hasi da. Halako batean katedraleko altxorrak gordetzen dituen atea ere ireki du. Begien aurrean ditu zidarrezko kaliza, bitxiez apainduriko kustodia -edo ekisaindua, Miztegik paperetan irakurri duenez- eta prozesioetan eroan ohi den horietariko beste garestiagoa.
Ezta pentsatu ere halakorik eroaterik, Elizari kentzen zaizkion gauzak amorru bereziz bilatzen bait dira. Ate-sail osoa ireki duenean ja, bertan agertu zaio bilatutakoa. Gardoki Kardenalak oparituriko mezajantzi urrez brodatua dagoen armairu berean dagoz hamabostgarren mendeko mezajantzi zaharrak. Tisu gorrian urrez brodaturikoaren balioa kalkulatzen hasten da, eroan behar dituen jantzi zaharrak plastikozko boltsan sartu bitartean.
Kardenalaren opariak ez zuen, ez, katedralean ezkutatu zen eguneko ezkont-zeremonian emaztegaiak zeraman jantziak baino garestiago ematen. Izendun bi haien ezkontzan bildu zirenen jantzi guztiak batera erosiz gero, ama putearen txakur kumeok! Txekeko digitoak imaginatzen ahalegindu zen. Ezin.
Bart arratsean organoak musika barrokoari utzi eta meza hasi zenerako, katedralea gonbidatuz baino kuzkuzeroz beteago zegoen. Ezkutalekua bilatzeari ekin zion Ernestok, aixkiriren baten laguntzaz.
«Horixe duk lekurik hoberena», zaldun ezezagunaren hilobia seinalatuz; «erreparatu diok nobiaren triparen tamainoari?».
Organoak musika ezin sublimeagori ekin, intsentsuak inguratsa usain zorabiakorrez bete eta apezpikuak ostia altxatu zuenean gorriskaz tindatu ziren neskaren masailak eta konortea ere galdu behar zuela eman zuen une batez. Gelditu egin ziren, airean eutsiz ostiari, apezpikuaren eskuak. Senargaiak neskaren gerri gizenera eraman zuen ezkerreko besoa.
Publikoa txunditu egin zen. Zirarra elektrikoak jo zituen baita atean zain zien gorilen bihotz metalikoak eurak ere.
Begi guztiak iltzatu ziren eskenan.
Venusen hiruki iletsuak baino miresle gehiago zuen, bat batean, apezpikuak eta ezkongai biek osatzen zuten hirukiak.
Bilboko harako egunkari neofrankista hark «momentos de intensa emoción los vividos ayer en la Basílica Catedral de Nuestro Señor Santiago durante la magnífica boda...» eta «...a quienes deseamos muchos hijos y mucha felicidad en su nueva...» eta abar esan zuen biharamunean.
Ernesto eta aixkiria une horrexetaz baliatu ziren zaldun ezezagunaren hilobiko estalkia mugitu eta, lehena bertan sartutakoan, atzera itzularazteko beraren lekura harria bigarrenak.
Sei ordu eman ditu, beraz, hilobi barruan Ernestok, ateak itxi orduko sakristanesak burutzen dituen maniobra guztiei laguntzen dieten hots eta zaratei adi, azkenean ere zerraila nagusiak ixtean egindako kirrinkak isiltasunaren atea ireki duen arte. Kalea ere baretu den arte hantxe egon da, hilobi barruan, erlaxapen-ariketak egiten saiatuz.
Armairuak itxi ondoren sakristiatik klaustrora jotzen duen atea ireki du, giltza atzera tiradorera itzultzeko gero.
Biharamuneko egunkariek misteriotzat jo zuten giltza lekuz aldatu barik burutua izatea lapurreta. Buruhaustea areagotzeko, arrasto bakarra agertu zen han, paper zatia eta letra bi idatzita bertan: K-M.
Txikia da klaustroa. Erdian duen baratzean patina eta landare txarto zainduak dagoz. Hara han Iturribarria poeta bizkaitarraren hilobia, arkupetan.
Zenbat eta arinago irten kanposantu honetatik, hobe. Horman gora igotea ez da batere gaitza. Neskalagunaren hankek eratzen duten irudia gogorarazten diote leiho gotikoek osaturiko zutabeetan gora, apainduren sarrirtenei eutsiz, erraz igotzen hasi da.
Begien aurrean pinakulua ikustean, ikaratu egin da. Bera eta harrizko pizti-deabruaren aurpegi irribarretsu izukorra sudurrez sudur egon dira. Halakorik! blausta jausi da bertan behera baratzeraino.
Saguxarrak ere ikaratu egin dira. Berriro saiatu behar.
Oraingoan ttu egin dio gorgola-pizti beldurgarriari Ernestok, txikitan abadeek infernuari buruz esandakoek zirgit mingarria eragin diotelarik urdailean.
Behin goian, pinakuluaren atzean gordetzen du burua, kalean baten bat ote dabilen, ziur egotearren. Inor ere ez. Aleop!Korreo kalera salto egin du.Denaondojoanezgero adiskideak «Umore-Ona»ko barran izango dira.
Ia ondo joan da dena. Korreotik Askaora jo du Ernestok, eta hantxe ikusi du autoa, argi azulduna. Barruan morroi bat, bestea kanpoan, susmo txarra hartu du. «Gauez eta eguzki-betaurrekoez? Txakurrak, Tango & Cash».
Desbideratu beharra ikusi du.
Auto-irratiaren bafadak aditu ditu, «Cobra, me oye?»
Hogei metro haruntzago, ordu berean, Zitrona eta biok geunden, neskaren lagunak atea zabaltzen zigularik.
-Hau sorpresea!
© Edorta Jimenez