Zitrona

Aurpegi ferdeko izurri berria bezala, bilar-mahaiak beren presentzia bazter guztietara hedatzen hasi ondoko bigarren urtean izan zen, jertseien ordezalkondarak nagusi izaten diren hilean, Andra Maria Ama Birjina -eta barka kontraesana- Cova de Irian agertu ei zeneko egunaren ez dakit zenbatgarren urteurrenean. Barandiaran eta halakoen arauerako euskaldun hutsaren sudurrak diseinatu ohi duen marraren antzeko aldats-behera larria osatzen zuen nire finantzen bilakaera-grafikoak. Nire zorra sudurtzuloan eskegitako odol-tanta zen, gorri eta tristea, behearen azpira jaustear.

Ekonomi-egoera halakoa bazen ere, erabili egin nuen kutxak eskaintzen zidan konfidantzazko tartea, txartel automatikoaren bidez dirua mailegu gisa ateratzeko. Zenbait egunen buruan, baliogabetu egin zidaten zorioneko txartela. Ez dute fondorik ez duen bezerorik onartzen kutxek.

-Eurentzat okerrago, Gintonito -pentsatu nuen inongo ardura barik.

Mendekua zelan gertatu hausnartzeari ekin nion behingoan. Laster otu zitzaidan horretarako era; mendekubidea, hain zuzen.

Aurrerantzean, etxean egin beharrean lo, kutxazain automatikoak izaten diren kaiola-gela-zuloetan egingo nuen berba Orfeorekin. Egia da baita, berba ezezik beste zertxobait ere egin behar izango nuena, mendekua, morala izateaz gain, materiala ere izan zedin.

Dirua atera eta halako gorabeheretarako baliogabeturik izan arren kutxa-txartela, ateak irekitzeko gauza zen artean ere plastiko-zati hura, erraz frogatu ahal izan nuenez. Jaietan izaten nuen arazoa, lo egiteko lekuarena eta guzti hori, konponduta nuen bapatean. Zertan eta zelan ez ote zitzaidan lehenago otu baina? Goizaldeko edozein ordutan, berdin dio zeinetan, kutxazain automatikoren bat idoro, atea txartel baliogabetuaz zabaldu, krisketaz itxi barrukaldetik eta belarrietako izurrak lisatzera, burukotzat zamarra erabilita, lasai baino lasaiago, kategoriko aterpean, goxo-goxo. Bezeroren bat agertuz gero -diru bila edo- ni, trankil. Poliziari abisua eman orduko, inoiz inork abisurik ematekotan ere, aspaldi hanka eginda egoten nintzen. Hasierakoetan behintzat.

Hasieran diot, ze gero, bestela egiten hasi nintzen eta. Ahardikume haiek niri egindakoa baino handiagoa egin behar nielakoan nik eurei, horrexetan nenbilen aspalditik. Hala da ze, erregaluak biltzeko papertxo zurian idatzi nuen, idazkera ttukunez:

Ez dabil / No funciona

Kutxazain-kaiola horietako ateetan eskegitzen nuen oharra lotara aurretik. Harrez gero, ez zidan aurreragokoetan bezain beste bezerok kilikilirik egin potruetan, ze, lehenago, ez dakit zenbat eta zenbat morroi edo atsok egiten zidan bisita. Eurak Palankara abiatu aurretik batez ere. Dena dela, ez didate ordaintzen psikiatrizagai dagozen jendetzen zerrenda osatzearren, ez eta oharrik errazena ere irakurtzen ez dakien analfabeto-saldo ikaragarria zenbatzeagatik ere, neure oroitzapenak, Antonio Gamboa, lagunentzat Antoito Gamborio, beste askorentzat Gintonito Kanbodrio, ni neu naizenhonen nire Memori-liburua idaztearren baino. Zeren hemen azalduko ditudanen ondorioz atxilotua, salatua eta ezelango errurik gabe gartzelaratua izan nintzelarik, berriro kalean izandakoan asteburu gogaikarri hartakoak argitzen saiatuko nintzela agindu bait nion nire buruari, eta, gainera, argitaratzearren ordainduta, editoreari men egitea hobe. Gogoan dut behin bati esan behar izan niona.

-Itxita diagok, astazakil hori, ez duk ikusten ala? Ba, ipurdiko begia itsututa badaukak be, aurpegikoak itsutuago dauzkak, aldean daramaan beste kakamordo ederrari esker euki be. Ez dok kartela ikusi ala? Itxita diagok, ez diabilk, jodituta diagok. Amen! -halaxe bota nion gela barrutik aldarrika.

-Kaguen diez, izorratuta topatzen jonadaz beti euren ama putearen a-pa-rrrraaaa-tuuu potrozzzzorrrrri-ek, neska -erantzun zidan berak, ateari ostikadaka ekiten zion artean, dena nahastuz, halako katuarekin zetorren eta. Praketako zirrikitua ireki eta potruak erakutsi nizkion.

-Hoa popatik hartzera, amariko marikoi abadeki hori.

Palankanera eta halako gautxori-saldoarenak jasan beharrak ematen zidan burukomin eta kakalarririk handiena. Beraz, salto kualitatiboa eman behar nuelakoan egon nintzen handik laburrera. Arazoa aldiz, jauzia zelan egin, ez zen besterik. Ideiez husturik nengoen, basoko hondo-hondoan likido barik geratu den limoi-zati igurtziak baino xurgatuagorik nituela garunak.

Mendekua borobilagotu ezinak eragiten zidan amorru-ur lodi eta beltzak mingaitza edo, okerragoa dena, minbizia ekarri behar zidala sinesten hasita nengoela, lehertzear ja, etsipenaren alboko hurrengo tabernan gasolina-salda eskatzeko zorian, hara non aurkitu nuen Zitrona, «Katu Zaharra» izeneko alkoholtzuloan, bera aurkitu ezik beste edozein gau bezalakoa izango zen zorioneko gau madarikatu hartan. Maiatzaren hamahirukoan, bai.

Ederto beteta gibelaldeko kupelak, inguruko mozolo eta eulimando guztiekin koketeatzen ziharduen; berdin zion hari itxurak zein estaturak. Bazuen zerekin koketeatu, ala Tutatis! Hasi nintzen, hasi, neu ere, besteak bezalatsu, kakamoltzoaren inguruan ibiltzen diren eulien antzera, ipurdi borobil-borobilen eremu magnetikoan galduta begiak. Bide zuzenera jo nuen.

-Antoito Gamboa naiz, ezinaren gidoigilea, zure laguntzaren premia larrian dagoen gizajo ia beti-beti jipoitua. Beste gorri bat?

Arnasarik hartzeko ere gelditu barik bota nion, eulimando-euria atertu zuen une labur bakarra aprobetxatuz.

-Oraintxe bertan pasatu nauk gintoniketara, Gintonito tontito; berdin dik ala... -ezagun zuen nire ezizena.

-Limoi barik? -moztu nion, ez bait nuen galdu nahi aukera hura.

-Hik uste, zergatik esaten zidatek Zitrona?

Irribarretsu egin zidan berba. Ipurdi mamiak bezain haragitsuak ziren beraren ezpainak. Arratsaldean karminez estali izan zituen arren -ziur- beranduko ordu hartan museoko koadro abanguardistaren bat gogorarazten zidan irudia marrazten zuen, benetan, kosmetikoaz eta edatekoezegindako nahasturak. Makilaia desitxuratuak zorarazi egiten nau. Proposamena egin nion.

-Elizako koruan,zineko «gallineroan», igogailuan, hondartzanegun argitan, ezkontzako gau berean senar berriarekin eta gainera bikotearen logelan, uda-lekuko monitorearekin eta gainera zuhaitz adarrean... Imaginatzerik ere ez daukaan lekuetan jo diat jotzekoa; hik orain dioan lekuan aldiz, burura etorri ere ez zaidak egin, ez, halako lekuan egiterik. Bale ba.

Halaxe animatu zen Zitrona, gu biok elkarrekin Arenaleko bulegoko kutxazainera joan gintezen, goizaldez, Alde Zaharreko portuan alkoholtzulo guztiek bandera gorria jasota zuten ordu gaztean.

Aukeran genuen zein «suit»etara jo. Liburuska eskaini nion, kutxazain automatikodun bulegoen zerrendak osatua, atseginena nahiz morbosoena hauta zezan. Ezkongaiek bidaia agentzian baino katalogo zabalagoa geneukan gure mizkeriak non bete erabakitzeko, zera, Bilboko zeingura kutxazain automatiko gure suit bihur zitekeen. Barbaro teknifikatu berriak ginen, gure erresumaldeko zein bazterretara jo erabakitzen, elkarren gainean zamalkatzeko behar genuen lautadaren bila. Neskaren adats horailaren azpiko laborategian eragiketa ezkutuak burutu ziren. Garailearen ahotsaz erantzun zidan azkenean:

-Arenalekoan, ala neure titiak!

Erresumaldeko erdi-erdian joko genuen, bada, jotzekoa. Bertarantz abiatu ginen, urduritasunari aurre egiteko «Lucky» merkea erre eta ke.

 

© Edorta Jimenez


susa-literatura.com