Epilogoa

Hilerritik begiratuz gero, han behean ikusten da herria. Herritik begiratzen bada, hor goian ikusten da hilerria. Herriko muinorik borobilenean dago hilerria, koroi gisa. Itsasotik ikusten da hoberen. Eguzkiak egun guztian jotzen du, iparmendebalerantz begira dago eta. Ez baledi gorpuak ereiteko ildo bilaka izan aspaldi, mahastiak landatzeko leku aproposa izan zitekeen. Bertoko ardaoa egin genezakeen, sekula ere ontzen ez direnetarikoa, zuria, ezkutuko leku hoztsuetan gordetzekoa.

Gutxitan igo izaten naiz bertaraino. Inguruetako lizarrek gerizpe gozoa eratzen dute han eta aintzinako harriez eraikitako hormetan goroldioa eta huntza hazten dira, sugandila eta inurrien gordelekuetako atetak diren zirrikitu eta irtenetan gora. Ororen izpilua da kanposantua, hitzez aldatuta, han egonez gero ez bait datorkio egoki hilen herria esatea. Hilen herria gaua da, ahor egia. Gaua gauekoentzat eta kanposantua gorpuentzat. Amuma gurea ere hortxe dago. Berarekin eroan zituen azken sineskeriak. Hango bazterrean amankomuneko fosa egon zen. Italiano mordoa lurperatu ei zuten hor. Amumak ezagutu zituen batzu. Halaxe kontatzen zigun behinik behin, Señora, donde están las mujeres bonitas en este pueblo. No haber, ir se han hecho. Egia, alaba gazte guztiak, mutilak, umeak, Bilborako bidean abiatu ziren, gauez, hegazkinen bildurragatik, egunez joanez gero ametrailatu egingo zituzten eta. Bilbon untziratu ziren, gure ama eta. Itsasoan dagozela ja, ume guztiak kubiertan, argazkietan ikusia izan behar duzuen moduan egon ere, hara non agertu den gerrauntzi faxista hura, Cervera izenekoa. Hura dardara, hura ikara, hura estura, haiek aldarriak. Gure amak negar egiten zuen berrogeitaz urte beranduago, berriro gogoratzean. Tiro egin barik igaro zen Cervera hura, aitzitik.

Liburuetako argazkietan begiratu izaten dut, jakinguraz, hor ote da gure ama, hauetariko baten bat ote. Nora eroan zuten ere ez dakit eta, penaz igarriko nuke halakorik nik. Kanposantu honetan ere argazkiak ipintzen dituzte batzuk hilobian. Eta zer da orain aurpegi hori, une bakarreko bisaia, keinu jelatua, behiola bero ibili izaten zen odolak eragindako hazpegi jada desagertua? Hemen ez dagozenen argazkiak ikusiko nituzke gogoz. Itoenak esan gura dut. Hemengoak baino ildo sakonagoetan erein ditu Heriok urpetan.

Hamabiko galarrenak eroan zituenak, esate baterako. Zefe alargun, umezurtz eta nebagabeko utzi zuen itsasoak. Hirurak, senarra, aita eta neba kendu bait zizkion bidean zekarren umea ezagutu barik. Ordurik aurrera, behar atera behar bizimodua. Makinatxo bat bide egin izan zuten haren oinek. Agertu ziren itotako baten batzuren gorpuak baina, ez honen andra gazte honen bihotzekoenenak.

Gorpurik agertzen ez bazen, oihal beltzaz estalduriko sasi-katabuta ezartzen genuen, geuk, monagilook, aldare aurrean. Behar bat kentzen ziguten, kanposanturaino joan beharrekoa hain zuzen. Ez dagoz hemen. Argonauta galduak dira, urpetan barrena betirako. Hemengoak baino leize sakonagoak, ordoki zabalagoak, alderantzizko gailur itzalagoak, hangokoak, urpetakoak.

Jostun itsuak bategiten ditu gure bizialdiko adobakiak. Ito senarra, semea ere ito, bigarrenez ezkondu da ama. Bigarren senarra ere marinela da eta bizirik geratzen zaion semea itsasora dabil. Jostun itsusia da itsasoa bera. Jausitako hegazkinen zatiak ekartzen ditu eta bizion hegalak osorik ebakitzen daki.

Zuhaitz sustraiek sare itzela josten dute lurpean, adaburuekiko simetrian. Halako kapsula kosmikoa eratzen dute. Horrexen altzoan dagoz denak.

Lurrazalean berriz, panteoiek eta gurutze arruntek mugatzen dute oroigarri multzoa. Ugerrak jaten ditu gurutzeko burdinak, ederto hazten dira likenak harri eta marmoretan zabal, izena ahaztuta dituzten bedarrek intsektuak erakartzen dituzte eta, hara, bizirik geratzen diren astoetarik bakanen batek arrantzaka egiten arratsari.

Argonauta itoek ez dute oroigarririk ez bada gura begiradari egonezina ekartzen dioten ur-gorataldi eta beherataldi etengabeak. Nork landu du harria, harea bilakarazi arte, iruntzitarako errota horrexek baino. Norbera hil eta batera amaitzen da norberaren denbora. Kainonazoek hondorako bidea zabaldu zieten gure Bouei. Heroeak izateko nahikoa da lehorretik so ditugun begiak.

Jerarkiarik gabe, heroeak den denak. Letra haundiz idazten diren izenak ofizialenak badira ere. Ez gaitu bat egiten heriotzak. Barranderoa kalean hil da. Bat denik aberatsekin horko burubuila kosmikoaren barruan, ezin sinestu dut. Haren semeek ez dute zaina zulatzen. Garunaldean dute zuloa. Oroigailuko ate guztietan jotzen du, aita hilaren aurpegia berrikusi gura duen umearen minak. Zulo itzel bana dute ate guztiek beste aldean.

Zuloa dut neuk ere orogailuan. Ezekielen irudia azalaratzen zait, zuloan gora. Hor nonbait egon behar du ehortzita. Itsaso guztiak ibilitako gizona, lehengusuari txikitan dirua ematen ziona. Ez tabakorik erosi gero! bota zigun behin. Artean, ez genuen zortzi edo bederatzi urte baino. Hirurogei urtean egunero egunero pakete bi erre izan dot nik —jarraitu zuen esaten—, rubioa gainera; eta, hara! orain utzi egin behar.

Ezekielen hitzek itsaso eta mentura guztietako oihartzuna ekarri zidaten, lipar nimiño batez. Lehorretik inora aldatu gabe, hitzek ekarri digute mundua. Bada, hor nonbait egon behar du ehortzita bai. Robert Louis Stevenson-en harako liburu estrainoa hartuta ibili izaten zen. Ingelesez bide zegoen ez bait nuen azalekoa ulertzen «Underwoods» izeneko poema bilduma izan zela sinestu gura izaten dut. «Behebasoa». Stevenson.

Ezekielen hilobia aurkitu eta Stevenson bere pean gordetzen duen harlausako hilartitza jarri niezaioke. Kanposantuko guztiei jarriko nieke, likenek utzitako tarteetan; Stevensonek berak hurrengo bertsoetan eskatu zuena:

Egin ene hobia eta utz nazazue bertan

Zeru zabal eta izartuaren pean.

Pozik bizi izan naiz eta pozik noa.

Mesede bat, ordea, erortean.

 

Jarri bertso hau ene hobian:

Berton datza, luzez gurata bezala.

Menditik etxera dator ehiztaria,

Itsasotik etxera marinela.

 

© Edorta Jimenez

 


susa-literatura.com