Oraingoz behintzat
Hotz egoten da Luziaren etxean. Aitaginarreba izoztu egiten zaio egongelan, egotearen egoteaz. Hala da ze, erabaki salomondarra hartu du. Egunero egunero trenera bialtzen du gizona.
Trenean berokuntza ederra dago. Eulogiok dohainik erabiltzeko eskubidea du, jubilatua denez gero. Goizeko bederatzi t'erdietan abiatzen da Bilborantz. Heldutakoan, hamaiketan ia, Arenaleraino hurreratzen da. Usoen berri hartu eta Atxurira bihurtzen da. Trena, bazkaria herrian eta arratsaldez berriro Bilbora. Iluntzeko trena hartu, itzuli, afaldu eta ohera. Biharamunerarte.
Urtaroen berri zehatza izaten du Eulogiok, hala leihoaz beste aldera begiratuz, nola bagoi barrukoa behatuz. Astelehenetan azoka eta zeia izaten direla Gernikan, nekez lortu ahal izaten du jezarlekurik. Gauza bera ostiral arratsetan etxeranzkoan. Estudiante tunante mordoa etorten da. Ordulaurden bat lehentxoago geltokian egotea komeni da. Azeria da Eulogio leku libreak hartzen.
Noizik behin, erriertaren bat ere izaten da. Andrazkoenak eurak txarrenak. Boltsa eta zorroz beteta etorri, lagunari eskatu lekua gordetzeko, besteren bat ibili adiago eta, azkenean ere, ukabilkadaka andrak euren artean. Ez da Eulogioren arazoa.
Kurriloen etortzeaz jabetzen da urrian, azaroan mirotzaren maniobrekin mirestuta dabil eta abenduak ezinbesteko igurtzi beroa egiten dio bihotzean. Gabonak laster. Tira, zer edo zer diferentea jateko sasoia. Sukaldari ona da erreina, zorioneko Luzia, seme bakarra kendu zion emakume ebakitsua. Ez du enbarazorik gura izaten etxean, butanoa garesti dabil, sala hori berotuko duenik ez dago, Gobernuak ondo egiten duen bakarra, haizea hartzea komeni zaizu, jendea ezagutzen da trenean... zoaz bestela karakoletan.
Gabonetan ikaragarri ugaltzen da trenetako bezeria. Ordu erdi lehenago etorrita ere, betikoak eta bost asmatu behar izaten du lekuren bat hartzeko. Azken egunotan, gainera, gogorrera etorri dira gauzak.
Iluntzeko trena hartzeko dela, nasa beteta egon da. Inkisizinoa egon da han, euren sasoian esaten zen moduan esanda. Trena ere beteta etorri da. Kanpoko atso-agure guztiek jezarlekuren bat hartu gura eta barrukooi irteten ere utzi ez. Zarataka, ostikadaka, negarrez ere batzu, Eusko Trenbideak-eko langileak esku hartu behar izan dute arazoa konpontzeko. Eta loteri eguna etorri barik oraindio. Atxuriko geltokian guztiaren buru dagoena emakumezkoa da. Eulogiok ez du begi onez ikusten. Andrak! Nora ailegako ote gara ba. Orri guztiak horbel erreka alboetan ere.
Errekadua agindu dio goizeon Luziak aitaginarrebari. Hiru umeak, eskola barik dagoz, bakazinoetan, eta zelan goberna ez dakiela dabil. Eulogiori errekadurik agindutea ere bada, baina, ezdu beste konponbiderik. Senarraren deia itxaroten du, Gabonetako deituko zuela agindu zion, Noruega aldean ei dira. Ez du, bada, etxetik irten gura. Gabonak bera barik, umeekin eta aitaginarrebarekin.
Eguerdirako ez da agertu Eulogio. Zer egin ote zaio ez dakiela geratu da Luzia. Kazularatxoa laban sartu du, beranduago etorriko delakoan agurea. Gordoaren berri eman du telediarioak eta umeak kalera bota ditu Luziak. Eta deitu ere ez senarrak. Eguraldiarekiko berriei adi dago. Iluntze gorria ekarri du, hotz eta biluzia. Umeak itzulita dagoz, senarrak ez du deitu, amak ezta dinero atras ere ez esateko deitu dio eta Eulogio hori itzuli barik.
Gaueko bederatzietan, telediario osteko parteari adi dagoela telefonoaren hots eskandalugarria izan da.
Bai? Bai, hemen da, bai. Eulogio Erkoreka, bai, neure aitaginarreba. Ene bada!
Aparailua eskegi eta umeak ohean sartu ditu. Gaurkoan amama etorriko zaizue jagoten. Ni neu aitarekin berba egitera joango naiz, bai laztana, laster itzuliko naiz.
Haren zenbakia markatu du. Ama. Berandu da, badakit. Umeak jagoten etorri behar duzu. Aitaginarreba. Trenbidera jausi dela. Zelan izan den? Ez dakit. Baten batek sakatua edo. Ez, gurata ez, gura barik. Halaxe esan didate trenekoek. Ospitalean dagoela esan didate, besterik ez. Bizirik? Ez dakit nik, batek daki. Ez dut uste trenbidetik bizirik irtengo zenik, ezta? Zatoz arin. Eta neure gizonaren deiaren begira egon naizela egun guztian.
Eulogioren gorputza zati bi eginda dago izarapean. Aurpegian ez du ezer ageri, Herioren esku hotzaren laztana baino. Bestela, betiko Eulogio. Malkoren bat gura izan zukeen Luziak forensearen aurrean. Ez zaio irten. Senarraren deia etorri zaio burura. Ez du inoiz aitaginarreba maite izan. Bera ez da erruduna sala hotzegia bada etxekoa. Okerrena, gabonetan izan dela. Zigarroari su eman, irtendakoan egin duen lehena.
Etxerakoan, autopistako argiek zeozeren berri sinbolikoa eman gura izan diotela begitandu zaio. Senarra? Umeen aita. Maite ote duen? Zer da inor maite izatea? Kanpoko hotza lausoa da auto barruan. Noruegatik deitzea ez da hain erraza izan behar. Hobe deitzen ez badu. Oraingoz behintzat.
© Edorta Jimenez