Iparragirre rides again

Apirilaren 6ean agurea jezarrita zegoen itsasoaren aurrean. Ile luze zuria, kapelu zabaletik kizkurretan gainezka. Bularrerainoko bizar ugaria. Atzean Hendaia. Agureak gora jaso zituen begiak, biziak, eta Aiako Harrira eraman. Milaka zimur eskuetako eta aurpegiko larruazal errean. Mazarredoz oroitu zen. Altxa egin zen, soin oraino lerdena. Petrilean lotua zeukan zalditzarra askaturik oinez abiatu zen, galtzetan itsatsitako hondar ale bustiei ezajolati. Burumakurka zerraikan zaldiak. Aurrerantzako keinuak egin zizkioten aduana postu bietan, eta gelditzeke gurutzatu zuen zubia. Irungo sarreran zaldi gainean jarri eta autobidearen bazterretik segi zuen. Yamaha Guitar FG-140 Nippon Gakki bat eta Winchester baten giderra ageri zituen ibilian lustreatutako zelaren alde banatan. Laxo utzi zituen bridak. Kapelua erantzi zuen, lurrezko pipa bat atera zuen barnetik, ahaleginak egin zituen metxa koipetsu bat biztearren, jakaren sakel bakarrean gorde zuen haserre, dotoreziaz jantzi zuen kapelua ostera. Eguzkiak goitik bero. Pipa itzalia hortz horiztatuen artean. Errenderiara iritsi zen. Jubilatuak alamedan zeuden, eguzkitan, paperolak botzen zuen keari beha. Ez zitzaion inori bertsolari traza hartzen ahal. Ume batzuk jarraiki zitzaizkion zaldiari makilka. Agurea erdi lo zihoan, bizkar oker. Buenabistara heldutakoan busaren geltoki ondoan egon zen puska batean, San Juanera beha. Zaldiaren arnasak fistu egiten zuen. Arizabaloz oroitu zen. Ez zen ardirik ageri Jaizkibelgo malkarretan. Zaldia bere hankajoko geldoari tematu zitzaion. Agureak ez zuen presarik. Jendeak ez zien kasurik egiten. Maite zuen ezajola hura. Eguerdia zen Donostiara heldu zenean pipa biztu ahal izan gabetanik. Zaldia gelditu egin zen, aurrez agindutako helmugaren batera ailegatu balitz bezala. Agureak fusila atera zuen zelazorrotik. Kargatua zeukan erreparatu zuen. Abenidako kafetegiaren aulkietan jezarrita zeudenek ihes egin zuten. Mahain gainetan aperitif hustu gabeak, eta aulki berdean harrizurtua, sukar izerdian, gazte biboteduna. Han zuzentzen dio fusila, hots arraro bat entzuten da, segundu bat urrunago ke zuri bat kanoiaren muturrean eta gizon gaztearen gorputza lurrean. Agureak artaz gorde zuen Winchesterra, jarraikitzeko egin zion zamariari. Zenbait konsumitzaile utzitako aulkietara dator, jendeak paseoari ekiten dio eta euskal literaturaren kritiko gaztearen gorpuaren ingurua indiferentziazko hutsune bat da. Neska bilo horiak eskua ahora eraman zuen My God! esanez hildakoaren aurpegia ikustean. Zaldia motel zihoan, triste. Agureak zer edo zer leroileratu zuen. Carolinez oroitu zen. Pipa bizten saiatu zen alferretan. Lehorra zuen eztarria. Ahaire gautxo batzuk jo zituen kitarraz. Xamur egiten zuen erdaraz. Ahantzi egin zen Carolinez.

Ilunabarra zen Zornotza jo zuenean. Nekatuta zegoen agurea. Aurreneko tabernan sartu zen, euskaraz egin zioten. Aniseta hartu zuen. Jesarrita egon zen aldi bat. Azukre kozkorrak eman zizkion zaldiari. Gernikarantz abiatu zen.

Jende asko zebilen kalean. Junta Etxerako maldan gora hartu zuen: burdinezko hesian lotu zuen zaldia. Atea itxia zegoen. Hesian igan zen, ez zitzaioan zailegia iruditu. Aizkora bat atera zuen zelazorrotik, berriro itzulita. Hesia iragan zuen. Geldirik egon zen haritzaren aurrean, Londonen ikasitako Wordsworth-en poema errezitatu zuen ahapean. What hope, what joy can sunshine bring to thee, or the soft breezes from the Atlantic sea, the dews of moon, or april's tender shower? Agureak tu egin zuen eskuetan, arbolari hurbiltzen zaio. Jendea inguratu zen apurka, atea norbaitek irekia zen. Gazteak gehienak. Animoa ematen diote, adarra joz. Isildu egin ziren arbola amildu zenean. Txaloa egin zioten zenbait gaztek algaraz. Zaldiarengana hurbildu zen agurea, kantinplora bat hartu zuen. Taldeko batzuek alde egin zuten lasterka, zerbaiten abisu ematera. Kantinplora osoa ixuri zuen Junta Etxearen eskuineko pareta bazterrean. Poxpoloak eskaini zizkion neska batek. Berehala altxa ziren garrak. Honantza iragan zituen burdinak. Zaldi gainean jarri zen, baldar. Maldan behera joan ziren biak. Oihu batzuk entzun zituen gibelean. Pipa biztu zuen. Bihar Urretxukoa, pentsatu zuen agureak. Poxpoloak eman zizkion neska polita zen. Su garbi batek gorritzen du Gernikaren gaua.

 

© Koldo Izagirre


susa-literatura.com