Zurrumurrua oinetan
Gara-Kondu martxoaren lehen egunetan iritsi zen hirira. Kale edo komun publikoen garbitzaile izatea apailatua zion asturuak. Kamionero batek ekarri zuen hiri-erdiraino. Hotz egiten zuen. Hotz egiten zuen larruzko beroki sendoak zeramatzaten hiritarren aurpegietan. Eta hotz egiten zuen Gara-Kondu-ren azalean. Manka motxeko tee-shirt horaila estaltzearren soinean zeraman beroki higatuaren lepokoak altxatu zituen.
Kalea zabala zen, hiribidea; espaloietan kimuberritzen hasiak ziren zumar gaisotuak altxatzen ziren itzalik emateke, eguzkirik ere ez zelako ageri. Moldegabeko hodei amaigabeak soilik etxebizitzen arteko espazioan. Zurezko banku berde batetan eseri eta orduerdia igaro baino lehen txanponek asfaltoan egiten duten soinua aditu zuen bere bidaia boltsa txinoaren alboan. Segituan euria hasi zuen, eta Gara-Kondu, biztanleei segika lurrazpian sartu zen.
Metropolitanoaren abantailen artean giro epela eta etzateko aukera nabarmendu zituen Gara-Konduk. Hantxe eman zuen ia egun osoa, etengabe igarotzen ziren trenei so eginez. Tren horietatik jeisten ziren, tren horiek okaztatzen zituzten jendeei, so eginez. Bere alboan eseri ziren batzuk ardo botila luzatu zioten edan zezan. Eta trago batzuren buruan seko lo geratu zen Gara-Kondu, hantxe bertan.
-Aizak hi, beltxa -aditu zuen, zenbat denbora igaro ote zen ezin jakinik. Sorbalda astintzen zionak hitzak mastekatuz pasa zion abisua: -Goazemak hemendik, txakurrak hemen dituk laster.
Haiekin atera zen. Kanpoan gaua zen jadanik. Beste guztiek alde egin zuten, binaka edo banaka, berak ezin jakin nora. Eta Gara-Kondu goizaldean eseri zeneko banku berde berberera itzuli zen. Gaua zen, eta berak ez zuen logurerik.
Egunaren lehen orduak iritsi ziren. Ortzeak, aldaketa gordinetan kolore krudelenak txandakatzen zituen xuhurki, eguna nolakoa izango zen asmatzera utzi gabe. Laino estrainoen andana bati, lehen eguzki printzez bustitako zeru zabala ordezkatzen zitzaion. Txoriak, bapatean, kantuan hasi ziren leihoetako kaioletan, eta hiribideko zumarren adarretan.
Atari bat zabaldu zen. Emakume ttipi baina gihartsu batek baldekada bat ur xaboitsu bota zuen espaloira. Zipristinak, Gara-Konduren deportibo noizpait zuri izandakoetaraino iritsi ziren. Emakumeak, ostera atea itxi aurretik, tinko so egin zion, bankuan hotzez kizkurturik zegoen beltzari. Hiriko biztanleak, batzu besteen atzetik, kaleratzen hasi ziren.
Hotz egiten zuen. Okindegi bat zabaldu zuten handik ez urrun. Haraino inguratu zen Gara-Kondu. Bertana sartu, sakelean gordeak zituen karidadezko txanponak atera eta mostradorean barreiatu zituen, hatz dardarti eta luzeska batez labetik atera berri ziren ogien saskia seinalatu zuen. Neskatilak, salneurriari zegozkion txanponak jaso eta ogia luzatu zion Gara-Konduri inolako irribarrerik gabe. Ogia bero zegoen. Okindegi barnea ere epel zegoen. Neskatilak zapia pasa zuen mostradoretik.
Berriro kale gorrian, eta bere bankurantzako bidean zakarrontzi batetatik aldizkari bat erreskatatu zuen. Ogia miliskatuz eta aldizkariaren orrialdeak igaroz aritu zen denbora puska batez. Geroxeago, berdez jantzitako kalegarbitzaileak agertu ziren. Eta, Gara-Kondu, haien lana ez eragoztearren, edo errespetuz, jeiki eta aurreko egunean bezala metropolitanoan sartu zen.
Arratsarekin etxeratzen hasi ziren auzuneko biztanleak. Gutxi ohartu zen goizaldean banku batetan eserita zegoen beltza banku horretan bertan zegoela. Baina ohartu zirenei ez zitzaien batere atsegin izan. Bere aurrean zeuzkan etxebizitzetan begirada galdurik, haizearen enbata hotza tenperaturaz aldatzen ari zen Gara-Konduren burmuinetako ametsetan. Oihalen azpitik muturra ateratzen zuen nerabea zekusan. Giharre luzetako besoez estaltzen zuen bisaia hondarra begitaratu ez zekion. Atzetik agureetariko bat mintzatu zitzaion:
-Hoa hi ere hala nahi baduk.
Eta oihala erortzen utzi zuen. Oihalezko etxola barruan zurezko tutuetan putz eginez arrapostua egiten zioten agureek ekaitzari; beste guztiek txalo erritmikoz laguntzen zuten, eta emakumeek oihu ttipiz. Gara-Kondu zoko batetan geratu zen mututurik. Eta ametsa, hirian, betazaletaraino hedatu zitzaion. Aldizkariaren orrialdeak berokiaren barnetik sartu eta bankuan etzanik loak hartu zuen.
Zurrumurruak esnatzen zuen goizero lorik gabeko bere lokartze hartatik. Emakume ttipia eskaratzera agertu aurretik alde egiten zuen. Bazen kaleska bat harantzago, zakar poltsen atzean egiten zuen pisa, eta ilunpean zutik itxaroten zuen. Aldian behin, katu bat bertaratzen zitzaion bizkarra bere bernaren kontra igurtziz. Gero, batzutan bankura itzultzen zen, edota lurrazpian sartzen. Eseririk, edonon, begiak hersten zituen. Zerbait marmarkatzen zuen. Hasperen egin, eta begiak zabaltzen zituen ostera. Hotzak zegoen hirira iritsi zenez geroztik. Hotzak zegoen aspaldidanik. Zaharturik sentitzen zuen bere gorputza.
-Dokumentazio paperak -eskatu zizkion ahots agintari batek.
Zelularrean sartu zuten. Komisarian fitxa bat egin zioten. Izenik gabeko fitxa bat, inongo fitxerotan klasifika ezin zitekeena. Ordu batzu berantago konortea galdu zuen Gara-Konduk. Ohez eta gaisoz gainezka zegoen ospitale txino batetako korridorean esnatu zen. Jeiki, eta kalean zen berriro. Hirian, bakarrik.
Ibai bat ikusi zuen. Kale estu eta hiribide zabalak. Zuhaitzez beteriko parkeak, eta adokinik gabeko bideak. Eguzkiari jarraiki zitzaion beste behin. Banku askotan etzan zen. Karidadea jaso zuen batere eskertu gabe, hiritarren ohitura galdaezina bailitzan. Eta bere bankura iritsi zen egun batez.
Goizaldean emakume ttipiak esnatu zuen zakarki:
-Aide! Alde egin ezak hemendik edo poliziari dei egingo diot.
Alde egin zuen kaleskara eta orpoen gainean eseri zen. Bere aurrean agureetan buruzagia zegoen:
-Noiz hoa?
-Bai banoa...
-Ekaitza baino lehen partituko haiz?
-Bai, ekaitza baino lehen.
Oihalezko etxola barruan euliak burrundaka zebiltzan. Gara-Konduren sudurretan, eta agurearen begi ertzetan pausatzen ziren. Agureak aiztoa atera zuen zorrotik. Gara-Konduk besoa luzatu zion. Bion erdian buztinezko katilu bat zegoen. Katilura isuritako odola edan zuen agureak, eta kondarretan hatza sartuz zirkulu bat egin zuen Gara-Konduren bekokian.
-Ekaitzaren izpirituak gida zaitzala -esan zuen agureak.
-Zurrumurruak ase dezala nire sabela -erantzun zion Gara-Kondu-k.
Eta abiatu zen, kaleska hartaraino iristeko. Ez zen eguzkirik. Oihuak entzun ziren leiho ttipi batetik. Karraixi ozenagoek erantzun zioten. Zerbait jausi zen nonbait. Negarrez hasi zen norbait. Katu bat agertu zen ate baten atzetik. Gara-Kondu jeiki eta bankura itzuli zen. Gortina baten atzetik begi pare batek Gara-Kondu espiatzen zuen.
Kotxe bat gelditu zen kalearen bestaldean. Lau gazte jeitsi ziren. Gara-Konduk aldizkari bat begiztatzen ziharduen. Inguruan jarri zitzaizkion lau gazteak:
-Aizak kabroia! -esan zion lehenak- itzul hadi hire etxera.
-Entzuten al duk, edo belarriak garbitu behar al dizkiagu, zerri halakoa -gaineratu zuen bigarrenak.
-Ez baduk alde egiten, izango duk gure berri -amaitu zuen hirugarrenak.
Laugarrenak ez zuen deus esan. Keinu bat egin eta kalea gurutzatuz kotxera itzuli ziren laurak. Bortxaz arrankatu eta zaratatsu alde egin zuen kotxeak, kalea bare, mortu utziz.
Gara-Kondu-k alde egin zuen, eta egun osoa kaleetan zehar ibiliz eman zuen. Ortzea beti berunezkoa zen. Kalea grisa. Basamortuan, handik urrun, ekaitzak ekialdetik jotzen zuen. Etxola barnetan agureek tutuetan puzka ari ziren zurrumurru sarkor bat sortuz. Gazteek zirkulu itxi batetan txalo erritmikoz laguntzen zuten zurrumurrua. Eta emakumeek, noizik eta behin, oihu ttipiak, oihu zorrotzak botatzen zituzten. Harea zurrunbilotan altxatzen zen zeru urdina estaliz. Agian, gazte batek kanpokoa espiatzen zuen oihala altxatuz. Eta urte batzu berantago, herritik alde eginen zuen gazte horrek, gose zelako sabelean zeraman zurrumurrua.
Hurrengo goizean Gara-Kondu egon ohi zeneko bankuaren inguruan pintura gorriz egindako zirkulu bat agertu zen. Gara-Kondu bankuaren izkina batetan eseri zen aiduru. Zurrumurrua bere oinen azpitik igarotzen zen. Begiak isteagatik ere hotza sentitzen zuen Gara-Konduk betazalen atzean. Kotxeak tarte handiz igarotzen ziren, jendea berantago atera zen etxeetatik. Ateratzen zirenak ez zebiltzan presaz.
Haur batzu agertu ziren korrika. Gara-Kondu-k harriduraz begiratu zituen. Auzoan zegoen zinemara sartu ziren, eta kalea berriro isildu zen. Geroxeago gazte bat pasa zen bankuaren aurretik, liburu bat besapean, zigarro bat erretzen. Katuei jana ematen zien atsoa seiak girian pasa zen Gara-Kondu-ren albotik. Laster ilundu zuen.
Kotxe baten faroek hautsi zuten gauaren itzala, euriak bustitako asfaltoan islada garratzak sortuz. Lehen martxa sartuta zetorren. Musikaren zarata aditu zitekeen kanpotik; gazte batzuren algara eta barreak. Espaloira igota gerarazi zuen txoferrak. Lau ateak zabaldu ziren. Musikak kalea bete zuen. Gara-Kondu geldo zutitu zen. Zirkulu erdia eginez kokatu ziren lau gazteak, beltza irainduz.
Emakume ttipi eta gihartsua agertu ohi zeneko atarirantz bultzatzen zuen Gara-Kondu zirkulu gero eta itxiagoak. Atariko kristalak kolpatu zituen laguntza eske. Garraisi egin zuen. Bere xilioa kotxetik sortzen zen musikaren gainetik aditu zen. Gazteetariko bat aurreratu eta lehen aiztokada sartu zion saihetsean. Gero beste hirurak inguratu zitzaizkion. Burnizko ukabilkadez hautsi zioten matrail-hezurra. Porra txiki bat erori zen indar osoz bere ezkerreko lokira. Garraisiak isildu ziren. Aurreko etxebizitzan norbaitek leiho bat ireki eta pakea eskatu zuen.
Gazteek hanketatik heldu zuten Gara-Kondu eta bere banku berdearen azpiraino eraman zuten arrastaka. Kotxera sartu ziren korrika, ateak itxi aurretik martxan jarri zen. Eta alde egin zuten, handik. Igande arratsaldeetako baretasun zamatsua nagusitu zen azkenik kalean.
Astelehenean, 110 biseko eskaratza garbitu ohi zuen emakumeak ur-xaboitsuzko baldekada bota zuen kalera. Ur-xaboitsua Gara-Kondu zenaren odol sikuarekin nahasten saiatu zen. Emakumea apur bat harritu egin zen beltza banku azpian lo ikusteaz. Haserre hurbiltzen hasi zitzaion, eta orduantxe ohartu zen hilik zegokeela. Garraisika hasi zen polizia deika, zurbil. Auzokoak atera ziren leihoetara, kalera, bankuaren inguruan kuxkuxeroek zirkulu bat egin zuten. Haien azpitik, egunero, hamar minuturo bezala, metroa igaro zen, burrundara sorgortu batez hiribidea lurrazpitik igaroz. Eguzkiak, egun horretan ere, esfortzu ttipiegiak egin zituen hodei grisen murrua gainditzeko.
© Mikel Antza