Bederatzigarren biktima

Gauak berdin laztantzen ditu gizakiak oro. Naturaren botere berdintzailean beste ezertan baino gehiago erreparatu nahi dutenek behintzat hala diote. Gauaren izara beltza guztientzat erortzen dela berdin. Inozo batentzat baino gehiagorentzat gerta daiteke lasaigarri pentsamendu hori; eta ohe malgu batetako maindirepetan bildu eta buelta erdia eman orduko lokartzen dira, amets egiteko. Lokamuts izugarrienak zurrungen bestaldean jazotzen direla sumatu nahi gabe.

Gaua hiriko biztanleak laztantzeko apaintzen ari zen. Lasaitasun brisara batek freskatu zituen bero galgatan desegitear egon ziren galipotezko bideak, berunezko txapak eta adokin gogorrak. Adreiluak hamaikagarren aldiz egosiak ziren hormetan, eta kareak ere protesta egina zuen egunean zehar. Limako auzune periferiko batetan, gizon batek bere erraiak marmarrean sentitu ditu eguzki gorriaren azken errainuek zinkezko teiladiak ferekatzerakoan. Okelik gabeko ajiaco gaziegi bat irristatu zaio hortz ahulen artetik, latoiorrizko goilara higatu baten laguntzaz. Arkakuso batek kosk egin dio txonkatilean. Trebezia paregabez bi hatzekin harrapatu eta hortzetara eraman du gizonak, krask batez zomorroaren oskola hautsiz. Begirada azkarrez bilatu du katua, zoko batetan kizkurtuta, kokilduta. Ostikada bortitzaz uxatu du.

-Hoa! Debru! Akatuko haut! Uste baino lehenago afalduko haut debru ahalena!!

Berrogei watt-eko bonbila zikin baten pean ispilu hautsi bat dago zintzilik. Belarritik belarrirainoko irribarrea bota dio bere cholo aurpegi beltzaranari. Eskuetara ttu egin ondoren ile adats koipeztuak atondu ustez ari da. Praketako poltsiko sakonetik zigarreta bildu bat atera, piztu eta txabolako ataria markatzen duen oihala bultzatuz kalean dago. Gaua da. Eta irribarre egin dio ilargiari. Beste inori irribarre egiterik ez duelako, nonbait.

Lima osoan kantatzen den doinua txistukatuz doa txaboladia zeharkatzen duten izenik gabeko kalexketan zehar. Doinuaren erritmora balantzatzen du eskuan daraman plastiko beltzezko poltsa. Gasoleozko bidoi hutsetan eseririk dagoen agure koadrila batek ketxueraz agurtu du:

-Adio, Jose! Ze, neskatan...!?

Agureek barre egin dute, barre maleziatsuz egin dute barre. Bai bait dakite aspaldian ez dela inor sartu Jose choloaren txabolan, are gutxiago neskatxarik. Baina Jose ez da agureekin haserretzen. Hitz egiten dioten bakarrak dira, eta bere barnerako irribarre eginez, hitzik esateke jarraiki dio bere bideari plastikozko poltsa balantzatuz, txaboletatik igarotzerakoan txakur kateatuak zaunka jarriz.

-Iritsiko al zaizue zuei ere azken ordua! -garraisi egin die Josek, eta barrezka segitzen du, biztanle ilunek protesta egiten duten artean.

Hegoalderantz, txaboladia amaitzen deneko lekuan hasten da hiriaren zabortegia. Eguneko lehen printzekin iristen dira hara hiriko kaleak korritu dituzten kamioiak, eta bertan hustutzen dituzte bolketeak. Berdez jantzitako zabor-biltzaileek maskarila horiz babesten dute aurpegia, eta guztien garunean tabernara iritsi eta agoardiente kopa irenstea dago helburu gisa markaturik. Hilabeteko lehen egunetan, ezkongabeak diru beharrez dabiltzan puten bila abiatzen dira; hilaren hamarretik aurrera, ohe azpitan botatako aldizkari pornografiko horiztatuak erreskatatu ohi dituzte. Ezkonduak hilabete osoan zehar joaten dira putetara, haurrak izateagatik jasotzen duten plusa hiriko puta merkeenekin xahutzera, hauek ez bait diete sekula oroitarazten beren eskuetako kirats alderagaitza.

Txaboletako lehen koadrilak agertzen dira kamioi berdeak aldendu orduko. Hamabost-hogei urtetako gazteak. Koadrila bakoitzak badu bere buruzagia, eta erraza da burua nor den antzematen, normalki zabor-biltzaileek daramatena bezalako maskarilaz estali ohi du eta muturra, eta koadrilako mutilek zerbait balios topatuz gero, lasterka erakusten diotelako. Koadrila-mutilek zurezko pintza batez ixten dituzte sudurzuloak. Zabortegia koadrila bakoitzari dagozkion eskualdeetan mugatua egon arren alderaezinak gertatzen dira noizik eta behineko peleak. Gerta daiteke diskuratuta koadrila batetako mutil bat beste koadrila baten terrenoan barneratzea eta ez ezer gertatzea; baina inbaditua izan den terrenoko koadrila zelatan badago, harrapatu eta ez dute markatu bitartean libre utziko. Gerta daiteke ere, inbasioa planifikatua egotea, zelatariak besteen eremuan kargamentu baliosen bat jausten ikusi duelako. Horrelakoetan borroka latzak gertatzen dira, eta maiz desgrazia pertsonalak ere bai. Koadrila garaileak mozkortuz ospatzen du bere nagusitasuna; galtzaileek berriz zauriak sendatu eta mendekua prestatzea beste burutaziorik ez dute.

Horrela igarotzen dira goizeko lehen orduak zabortegi nagusian. Baliozko gauzen aurkikuntzak zorion oihuz agurtzen dira, eta karretilak toperaino bete ondoren merkatura eramaten dituzte erreskatatutako altxorrak. Merkatuan, emakumeek prest dituzte postuak.

Merkatua amaitu ondoren emazteak dira zabortegian bigarren batida ematen dutenak. Beste begiz so egiten dituzte zaborrak. Zaramaren artean jakiak bereizten abilak dira, eta beti itzultzen dira, letxuga hosto, bestelako barazki edo dataz igarotako kontserba potoz horniturik.

Bazkalondoren, haurrak hurbiltzen dira zakarretara. Jostailu apurtu guztiak errebisatu eta analizatu eta gero, ezkutaketan egiten dute jolas ordu luzetan, eguzkia jeisten den arte, egurats kutsatua ama urdurien lanturuz betetzen den arte...

-Zatozte! Zatozte!!

Oihuak gero eta premiatsuagoak dira, gomendiotik mehatxura igarotzen dira errukia alde batetara utziz, eta azkenean, amaren batek, guztiek espero duten abisua botatzen du:

-Haurrak zatozte! Bestela Zambo Eroak harrapatuko zaituzte eta!

Eta zabortegia mortu geratzen da, hilerri bat balitz bezala. Gauak biztanleak oro laztantzen dituela dioteneko orduan. Arratoien karrera higuingarriak eta zakur erien kantu bihotzberak soilik entzun daitezke, noizik eta behin.

Atzo goizean Maria ttikiak aurkikuntza ustekabekoa egin zuen zabortegian. Anibal ari zen begiak hertsirik dituenarena eginez zenbatzearen parodia burutuz. Maria ttikia bere ahizpengandik banandu zen ezkutaleku sekreturantz abiatzeko. Ezkutaleku sekretua zabortegiaren bazter batetan zegoen, sortalderantz, aspaldian ez ziren haraino iristen kamioi berdeak. Mariak ongi zekien Anibalek tranpak egiten zituela, eta bere ahizpen bila joanen zela aurrenik, zehazkiago, bere ahizpa nagusiarengana; eta hura aurkitu eta ostera zutabera itzuli aurretik dezente denbora igaroko zela. Anibal bizkorra zen, horregatik beste guztiak paralekuan zai egoteaz asperturik oihuka hasten zirenean libre uzten zuen Mariaren ahizpa nagusia, bera baino lehen irits zedin. Anibal zen zenbatzen ez zekien bakarra, baina Anibal zen txaboladiko mutilik azkarrena; eta Mariaren ahizpa nagusiak ongi preziatzen zuen gauza zen hori.

Mariak isilpeko gordelekuan gozoki kutxa bat zeukan. Kotxe eserleku mueilegabetu batetan esertzen zen, eta kantuan egiten zuen ahots fin batez. Artista izan nahi zuen Maria ttikiak, eta hiriko gizon gorbatadunek leitzen zituzten paperetan atera; horietako gizon batekin ezkontzearekin ere amesten zuen Mariak.

Paperetan ez ezik, telebistan ere agertu zen hurrengo egunean neskatoa. Adierazpen zehatzez jakinarazi zion telebistako aurkezle aratz horri nola beti bere gordeleku sekretura joaten zen karameloak jatera Anibalek asko tardatzen zuelako kontatzen, eta gainera bere karameloak beste inori eman nahi ez zizkiolako. Eta orduan eserita zegoela bere eserlekuan, burua atzera bota zuela eta zerbaitek ilean karizia egiten ziola nabaritu zuela. Anibal izango zela pentsatu zuen berak, noski, eta Anibal mozolo esan ziola kolpe emanez, eta orduantxe erori zitzaiola altzora beso more eta odoleztatu hura. Garraisi egin zuen Maria ttikiak eta ez zen gehiagotaz oroitzen.

Anibal lasterka iritsi zen hara, horrela esan zuen, berak ere kamara aurrean. Konorte gabe topatu zuen Maria ttikia eta izutu egin zen. Ez zuen kontatu urdailak zintzurrera igo zitzaizkiola eta gonbitolarria ezin izan zuela eutsi. Maria ttikiaren ahizpak iritsi baino lehen bildu zuen besoa inguruan zegoen plastiko baten barnean, eta kargamentu makabroa eta Maria kordegabetua zeramatela joan zirela txaboladira.

Zabortegia argi urdin eta laranjez bete zen arratsean, arratoi eta saguek ihes egin zuten eguratsa sirena hotsez bete zenean. Linterna argitan itzalek beldur hartzen zuten.

 

Arratsero bezala atera zen Jose indioa bere txabolatik. Hegoalderantz abiatu zen betiko lez. Zakurren zaunkek agurtu zuten bere bidea; agureek betiko txantxa egin zioten, eta Josek barre egin zuen bere barnerako, ezkerreko eskuan zeraman plastiko beltzezko poltsari balantza bortitzagoak eraginez. Ezpainetan itsatsirik zeraman zigarreta itzalia eta uda horretan Lima osoak marmarkatzen zuen kantua ahoan.

Komadre taldeak ikusi zituen Josek bere bidean, keinu haunditsuz mintzo ziren kalera atereak zituzten telebista aparailuen aurrean, lokutorearen hitzaldia itzaliz oihuekin. Josek, esku libreaz bere adats iluna atondu zuen. Euli hodeia zeraman bere atzetik, eta bero egiten zuen, gauak inor laztandu nahi izango ez balu bezala.

Ez zen beste ezertaz mintzo txaboladi guztia, baina inork ez zion deus esan Joseri. Josek gaua kanpoan igarotzen zuen, eta etxeratutakoan bere jergoian etzaten zen lotara, beroak bere lokarri estua lasatzean esnatu, afaria apailatu eta abiatzen zen berriz. Hegoaldeko bidea hartzen zuen, hirira iristeko biderik motzena hura zen eta. Ongi ezagutzen zuen bidea, ilargirik gabeko gauetan ere ez zen sekula tronpatu, ez zuen estropuz egiten.

Puntu konkretu batetan bere poltsako kargamentua hustutzen zuen eta aurrena jarraitzen zuen hiriko neoizko gauean galduz. Zabortegiaren mugara iritsi bezain pronto linterna baten argiak itsutu zuen.

-Altxa besoak! Polizia!!

Jose choloak poltsa erortzen utzi eta korrikari ekin zion. Poltsatik emakume baten burua atera zen linternaren argitan irribarre makabroa eginez. Zankadila jarri zion inspektoreetariko batek, beste batek eskumuturrekoak estutu zizkion.

-Urde zikina! Putakumea!! -garraisi egin zion hirugarren batek.

Eta bijilantzia taldea osatzen zuten bost polizien artean egurtu zuten Jose. Kolpe batek bere sudur txapala hautsi zion. Beste batek bost hortz saltarazi. Barrabilak birrindu zizkion beste batek. Saihetsezurrak hautsi zitzaizkion kolpeen pean. Eta gorputza ubelduraz josia zuela iritsi zen komisaldegira.

Komisaldegiko atean mutxedunbrea esperoan zeukan. Bertan akatu nahi zutenak baziren, baina batez ere jurnalisten flashak ziren nabarmen. Kamaragizonek eskilaretara igonik Limako deskuartizatzailearen irudi lanbrotsuak lortu zituzten, baina ez ziren azkenorduko berri sailetan agertu, zentsura baimenik lortu ez zutelako, hain zen tamalgarria hiltzailearen egoera orokorra.

Komisaldegian beste guztiengandik aparte jarri zuten, poliziak ez ziren fio beste detenituen erreakzioez eta. lnspektore nagusiaren despatxuko tuberietara kateatuta eduki zuten gau osoan. Goizaldean hasi zen inbestigazio brigadillako kideen txandakatze amaigabea. Hiru egun luzez eman zizkien eskatzen zizkioten datuak eta beste eskatugabeko zenbait ere, Josek. Gizonaren odolotzak izutu egin zituen inspektorerik bipilenak. Detailerik txikienari ere erantzuten zion Josek. Banan-bana deskribatu zituen bere zortzi biktimak, non akatu zituen, nora eraman zituen, non txikitu zituen eta hiriko zein puntutan barreiatu zituen, edo barreiatu asmo zituen, haien soinadar, enbor eta buruak. Kolektorean aurkitu zituzten gehienak.

Laugarren egunarekin Limako eta Sorbonako unibertsitateetako diplomak erakusten zituen psikiatra eramanarazi zuten komisaldegira. Europan ibilia zen doktore hori, eta bere ikerketa lanetan hiltzaileen jokabide patologikoek atal zabala hartzen zuten. Erregu askoren ondoren eman zuen komisario buruak Limako deskuartizatzailea bisita zezan baimena.

Detenitua aulki batetara loturik zegoen. Psikiatrak irribarre egin zion sartzerakoan. Kanpoan polizia izerdituek plastikozko edalontzitan kafea edaten zuten etengabe. Bizarra egin gabe zeramaten gehienek. Interrogatorioek guztien aurpegietan marka nabarmenak utzi zituzten. Begiak gorriturik zeuzkaten. Bata bestearen atzetik erretzen zituzten zigarreta enbokilatuak. Eta ageri zen beren lanaz fier zirela, psikiatraren presentziak nolabaiteko prestijioa ematen ziola susmatzen zutelarik.

Orduerdia ez zen igaro despatxuko atea ireki zenean. Ateko markoan psikiatra agertu zen, gorbata korapiloa deseginik, kamisa zuriko mankak ukondo gainean bildurik, izerdi patsetan. Eta honela esan zuen:

-Monstruo batetaz libratu dut mundua...

Poliziak arrapaladan sartu ziren despatxoan eta Jose choloaren hilotza topatu zuten aulkira loturik. Beren atzean psikiatraren ahotsak eman zuen guztien buruan zebilen galderaren erantzuna:

-Ezin izan dut jasan. Nola hil zituen kontatzen hasi zaidanean, hoztasun horrekin, ezin izan dut jasan. Akabatu beharra neukan. Mundua libratu beharra neukan horrelako monstruo batetaz-, eta bere eskuak luzatzen zizkien poliziei, choloaren lepoa estutzerakoan egin zuen jestoa errepikatuz...

Kanpoan eguzki kupidagabeak asfaltoa biguintzen zuen. Itzalak berak ere kexu ziren.

 

 

© Mikel Antza


susa-literatura.com