Dena lapurtu digute.
Jentilsukalden
azken Jentila bizi zen.
Betazalak altxatzen zizkioten,
endaiekin,
izarrak ikus zitzan.
Behin,
izarrak ikusi ondoren,
honela esan omen zuen:
"Gizadiaren aroa iraungi egin da
eta txakurrena heldu da"
Dena lapurtu digute.
Hitza kendu digute.
Ahoa itxi digute.
Nola esango diogu geure Lurrari?
Hitz elbarriak baino ez ditugu.
Hitz arrotzak menperatzen gaitu.
Hitz arrotzak kixkaltzen gaitu, geure hurkoari bihotza ahotik eman nahi izatean.
Hitz arrotzak ezpaintzen digu arima, eguzkiari kantua eman nahi diogunean.
Hitz arrotza hodeitzen zaigu begietan, gure seme-alabek geroaren giltza eman nahi izatean.
Hitz arrotzak liburutzen dizkigu eskuak, geure erregu ozena aditzera eman nahi dugunean.
Hitz arrotzak, ozen, mihia herdoildu digu.
Hitz elbarriak baino ez ditugu.
Argitara irteteko ezinduak.
Ortzemugara begiratzeko itsutuak.
Ahurrak laztantzeko gogortuak.
Elkarri begiratzeko bortxatuak.
Musuak emateko lotsatuak.
Beharra egiteko umilduak.
Aurre egiteko makurtuak.
Geroa idazteko ahituak.
Hitza kendu digute.
Izena kendu digute.
Harrotasuna adierazteko izena, bizitza emateko izena, elkar ezagutzeko izena, lurra maite izateko izena, agur esateko izena, bizitza galtzeko izena.
Gure arbasoek emandako izena eta izana. Gure arbasoek galdutako izena eta izana.
Gaur ez da etzi eta hemen ez da han; baina etzi damu izango dugu gaur galdu izana; baina han gogoratuko dugu hemen utzi izana.
Izen bat.
Mundu bat.
Kopeta ilun, lurra samur, malkoak gogor.
Izena zikin, arima bigun, bisaia zurbil.
Izen galdua. Mundu galdua.
Dena lapurtu digute.
Munduko Historia lizunean murgilduta, arerioa, etengabe bere azken helmugara helduta, gatazka itzela sortu egin du. Gizakia, lurpeko azken zulotaraino bidalia, bere inguruko izakiak gurtzeagatik jarraitua, bere bizitza laburraren azken uneetan hilen argi zuriaren zain dago... goibel... etsita.
Lamiaren urrezko orrazkiak ez du haren ilea, berriro, ferekatuko.
Eguzkia.
Ilargia.
Lurra.
Ama.
Lurtar umezurtzak. Otsoak janda. Elurrak akatuak.
Hiru harri eguzkipean.
Hiru hilobi ilargipean.
Mikelats naiz.
Gaizkia naiz.
Arerioak bultzatua. Arrotzak sutua. Hurkoak iraindua.
Atarrabi, emeki ito egina, samurki hurkatua, lurpetik birbiztua eta behin eta berriro ito egina, hurkatua eta mila bider akatua. Arerioak akatua. Hurkoak iraungia.
Mari, amen Ama, amandreen Amandrea, Euria eta Haizearen sortzailea, gizakien Bizitza eta Heriotza eman eta kendu egiten dituena, onbera eta eskuzabala, gaiztoa eta zekena... zokoratu dute, arbuiatu dute, iraindu egin dute, umilarazi dute, kanporatu dute, erbesteratu dute.
Sukaldeko Suaren misterioa.
Eguzkiaren zatia.
Baserriak bizirik iraun zezan eta honekin batera bere seme-alaba guztiak, amaren amak piztuta mantendu beharra zuen, beroa iraungi ez zedin, senitartea hil ez zedin.
Etxe ondoan, teilatupean, jaioberria ehortzirik, herria berpiztuko duten Eguzkiaren izpien zain, etxeak babestuta, senitarteak aterpetuta, amaren amak estalpetuta, Eguzkiaren seme-alaba.
Eguzki-lorea gurutzeak akatuta.
Hilarria gurutzeak akatuta.
Hilerria gurutzeak lokaztuta.
Naturaren seme-alabak gurutzeak galaraziak.
Naturaren fruituak gurutzeak arbuiatuak.
Milaka emakume irainduak, jipoituak, larrutuak, erreak, sarraskituak.
Infernuko erreka.
Begi itsuek odolez bataiatu.
Deabruaren tronua.
Esku ankerrek gezurrez lohitu.
Akerra.
Buru likitsek gau beltzetik ekarri.
Haitzuloetako garrasi urragarria erauzi egin digute.
Herri xumearen bizi gogoa ito egin dute
Herri xumearen gogo bizia epaitu, kondenatu, damnatu, zuloratu, ahantzarazi egin dute.
Haitzulotik haitzulora.
Sua kendu egin digute. Eguzkia ostu digute.
Dena lapurtu digute.
Iparraldetik eta hegoaldetik zetozen haize boladek
Eguzkia baino adats argiagoa zekarten beren esku
itxietan, leizea baino begi ilunagoak zekartzaten
beren bihotz gogortuetan, odol arrotza ekarri dute,
hilurrenekoa bezain ahul, piztiak bezain irensle,
herra bezain uhar.
Batzuetan, kalera irtenda, urrundiko bidaiariek deskribatutako gizaki ezezagunen aurpegiak, itxurak, ohiturak, ikusi ohi ditut, gure jendearengan nahastuta, anaituta, baina inoiz ez indarrez hartuta.
Keinu bat baino ez da beharrezkoa bihozberen irria barneratzeko elkarren aurrean egonda.
Ez dago arrazarik.
Ez dago gizakirik.
Ez aurpegirik.
Ez odolik.
Lur gainean gautza.
Lur menpean gaude.
Berak elikatzen gaitu.
Berak bizia kendu eta birbiztu.
Baina arerioa ez da lurretik jaioa.
Gorrotoa du ama.
Zoramena du aita.
Mendekua du arreba.
Bekaizkeria du anaia.
Beren seme-alabak pizti gupidagabeak dira.
Esku zabalen aurrean beren nahia inposatzen dutena.
Aurpegi garbien aurrean beren asmoak ezkutatzen dituztenak.
Gorputzak baino ez gara. Arbasoek emandako gorputzak, odola, burmuin eta patua.
Ibai bat. Indartsua. Ozena. Gardena baina sakona. Arina baina itxarote onekoa. Hezea baina abegikorra, adeitsua, jasanbera, bihotzabala.
Kontrabaxu batek markatzen ditu herri oso baten taupaden hotsak, iraganean errotuta, geroan erotuta, gutiziatsu. Galdutakoa gomutatua. Zain daukanaz itxaropentsu.
Ez da nota bat izango ilusioa akatuko duena. Haria apurtuz gero, zulo ilun eta sakonenean sartuak izango gara, betiko.
Azken beltzean,
artizarrak
emango
digu
azken
hatsaren
kolore
zehatza
eta
negar egingo
dugu, berriz,
ilargipean.
Odolik gabe.