Hire ispilua eta hire ilargiaren argia izan nahi dinat

hilko hauen armaren bala izan nahi dinat

hire ahoa hire ahotsa izan nahi dinat

inguratu eta itoko hauen gasa izan nahi dinat

 

unibertso eta munduko erdigunea naun

norbera dun erdigunea

hiltzean munduaren amaiera izango dun

norbera hiltzean mundua amaitzen dun

 

maite banaun joko haut

hiltzen banaun hire sorbaldan negar egingo dinat

uzten banaun akatuko haut

 

bihar soinu bihurtuko naun

musikariaren burmuinera helduko naun

eta bere belarritik paseatuko naun

bere atzamarretaraino abiatuko naun

kitarraren hariak igurtziko dizkinat

bere eztarrian leher egingo dinat

hitzei helduta airetik jauziko naun

kableen artean bidaia egingo dinat

elektrizitatean igeri egingo dinat

grabatua, saldua eta erreproduzitua izango naun

airea urratuko dinat eta hire belarrietaraino helduko naun

baztertxo bat topatu eta hire buruan hertsiko naun

 

bihar soinua izango naun

bihar hire buruan biziko naun

bihar zoriontsua izango naun


susa-literatura.com