Hiri ezezagunetako kafetegietan

edo autobus geltokian zaudete abesti eta liburuetan

baina benetan polizia kontroletan ikusten zaituztegu

gauero

larrua ilun ametsak merke aberria edonon

kale debekatuak dira hauek zuen begirada beltzentzat

eta harrizko basamortuan babesten zarete miseriaren

zaindari

zuen bihotz arabiarrak guraso aljeriarren ispilu direla

ezin askatu dituzue ekipaian bildutako istorio tristeak

eta halere zuen abestietan ikasten dugu

gudatokietan hil daitekeela eta gerla guztiak egin

eta nahiz eta hain polita den bandera defenditu

beti gehiago behar dela ez dela nahikoa

gure mapak busti ohi dituen afrikaren malkoak lehortzea.


susa-literatura.com