Azken guda dantzan
aizkorak elkartu zituztenean seme-alabak gara
atzoko eta gaurko borroka abestien artean
haiek hustutako sagardo botilak ganbaran bilatu
eta berriro kaleak sutan ikustera etorriak
beldurtu egiten ginen arratsak desagertzen zirenean
eta edoski behar genituen bularrak eramaten
zituztenean
eta negar egiten genuen
malko bakoitza iraun ahal izateko taupada bat balitz
bezala
ohe hutsen geografian errepideen senideak bihurtu
ginen
hemen gauak lau ertz dituela idazten zutenen bila
baina oraindik ez genuen ikasi
irailaren begietan krespoiak jartzen
gernika moskun entzun zitekeen abestia zen
eta monbar izeneko hotel baten izara gorrietan
idatzi zituzten guri handik portu batzuetara
itsasoak emandako aizkorak.