Ez dut gogoan herrialde hartako kaleetan zipaiorik ikusi izana, ezta bertako erloju herdoilduetan zortzi eta erdiak izeneko ordurik ere. Badakigu, etxera itzultzea, batzutan, daitekeen gauzarik zailena da. Herri hartan literaturak ez zuen zentzurik Sarri gabe, eta musikak ateak ireki zizkion esperantzari. Herrialde hartako emakumeak lasai ibil zitezkeen kaleetan, inolako putakumeen beldurrik gabe. Haurrak ere zoriontsuak ziren eta doberman beltzek ez zuten uso zuririk jaten. Arranoak ere, aske zebiltzan zeruaren kateetan. Ez zegoen Korrika edota Herri Urratsen beharrik, guztiak euskaraz mintzo baitziren. Ideiak askatasun osoz adieraz zitezkeen, kartzelara joan beharrik gabe. Ez zegoen bakea eskaintzeko premiarik eta bahituak, presoak eta herrialdea bera aske ziren. Inork ez zuen halabearrez ikasi zein izan ziren Katxue, Txo, Unai, Josu, Peli, Gaizka, Joxemi, Ttotto eta gainontzekoak. Rei zen kazetarien erregea. Maitasuna zure izenaz hasten zen. Herria hartako gurasoek ez zuten zer ikusirik espainiar eta frantziar estatuekin eta ez zieten euren seme-alabei ezer inposatzen. Ez zegoen kannabisa ezkutuan erre beharrik, tabakoa bezain arrunta eta legezkoa bihurtu baitzen. Zorionez, emakumeek ez zuten borrokarik egin behar alardean parte hartzeko eskubideagatik, herri hartan debekatuak baitzeuden desfile militarrak. Gizakiek natura errespetatzen zuten, egun batean itsasoa haserreturik, eraiki berri zuten malekoi erraldoi bat suntsitu zuenetik. Enpresariek ez zituzten langileen eskubideak zapaltzen, ez baitzegoen enpresaririk. Guztiak langile ziren. Herri hark, ordea, bazuen arazo handi bat. Bertara iristeko sekula ez zela biderik eraiki.