Traidoreen burezurretik edango dugu
eta bere hortzekin lepokoak egingo.
Bere hezurrekin xirulak egingo ditugu,
bere azalarekin danborrak.
Eta, gero, dantzatu egingo gara.
eduardo galeanori jasoa
Hil nazazue, ehotu nire hezurrak
jan nire haragia
akaba nazazue, traidore bat naiz;
borroka ahaztu nuen poemak idaztearren
bekatu egin nuen ez daukat barkamenik
nahiz eta oraindik ez dakizuen,
zuek euskaldunen artean euskaldunenak,
poemen lubakia, une batzuetan,
bederatzi milimetrotakoa izan daitekeela
bestela hor dauzkazue
roque, sarrionandia, bretxt,
aresti, martí, che..
...historiak absolbatuko nau
baina zuek erre nazazue
zuen inkisizio partikularraren garretan,
traidore bat naiz, akaba nazazue behingoz.
© Mikel Peruarena