Egun batez ideiarik gabe esnatu ginen

bururik gabeko kapeluak lez

sorbaldarik gabeko gabardinen ondoan paratu ginen

harri izatera jostatuz apur batean

legegizonak presaka, poliziak atxilotuekin

atxilotuak buruhausteekin eta buruhausteak

inoren beharrik gabe

pasa ziren gure albotik

hor ez bageunde bezala

ederra zen mundutik at bizi ginela sinestea

haizeak kilimatzen dituen hostroak izatea

izatea, beste asmo urguilosorik gabe

izatea.

 

© Mikel Peruarena


susa-literatura.com