AZKEN HONDOKO TABERNAN

Azken hondoko tabernan edaten dut
Azken ondokoak garela dakienaren soseguaz
Suntsituen hezurrak berbatzen diren artean
Inperioaren aurka poesia baliatu behar dugula uste duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

Joanean datorren amorante ukatua naiz
Saritzat emandako maitasuna ez da maitasuna
Ardo amniotiko batean ostrukatu nahi ez dudalako
Poesia gure borroka bera denik uste ez duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

Preso makilatuak zuhaitza salatzen duen bezala
Erakusten du zauriak geziaren gramatika
Baina sakrifizioak ez du Jainkoa frogatzen
Martiri batzuk beren fedea baino ederragoak direla uste duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

Autokritika eskatzen dut ez oinazearen mistika bat
Ahularen kemenak urrikia sor badezake ere
Jokamolde duin baten ordain datza erdi bi egina bou zaharra
Munduak gu ez maitatzeko eskubidea duela uste duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

Ez iezadazue galde nola iritsi nintzen hona
Haginka utzi ninduten liburuek haragirik gabe
Odolaz idatzi behar nuen azken esaldi hura asmatu baino lehen
Geure buruaz besterik ezin dugula uste duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut

Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Azken ondotik lehentasun berri bat sortuta
Uhin egin ahal izateko errealitatera
Poesiak bakarrik salba dezake Berlin
Berlinek bakarrik salba nazake ni

Koldo Izagirre

© Koldo Izagirre


susa-literatura.com