BALDINTZA SUBJETIBOAK
Itsas handiak ahoa zabal
Portutik urrun irtenda
Mundu berririk ez dago eta
Loturik hobe omen da
Halere bihotz duenak badu
Barkua non bete berba
Arruta sarri huts egin ohi dut
Oker zuzenduta lema
Ahula baita bizi-faroa
Argitzen duen linterna
Halere garaiz ikasi nuen
Barkua non bete berba
Orratza galduta nork dezake
Portu onean azerta
Laguna uste nuenak maiz du
Nire kontra jo alerta
Halere beti aurkitu ohi dut
Barkua non bete berba
Munduko zazpi putzu gaziak
Ez dira inoiz ur bera
Gu garamatzan ontziak orain
Gorria dakar ubera
Halere jator eskaintzen dizut
Nik barkua bete berba
Hautsiko zaigu erdiko masta
Urratuko zaigu beta
Beldurrak digu bilakatuko
Ahoa hitzen logela
Halere ez dut galtzen utziko
Nik barkua bete berba
Itsas hondotik datorren baga
Harkaitzak lezake ema
Inoiz isilduko ez nautenik
Ez dezaket zinez berma
Halere beti ekarriko dut
Nik barkua bete berba
Koldo Izagirre