HANGOAK

Han
Zure mundua ez da erresuma hartakoa
Han
Non ahaztu egiten den non ahaztu ezin den
Non itsasoa margotu egiten den
Non bakarrik egoten den
Non bakarrik ezin egoten ahal den
Non katuak diren libre non hil egiten den
Non adiskideak non hitzak non maitasunak non
Non loa eta ametsa ez diren bat
Non ikasi egiten den non idatzi egiten den
Han
Non non zaudeten badakizuen
Non poetak ez dauden preso Rimbaudi tiro emateagatik
Non ateak ixteko diren non bisitak ametitzen dituzten
Non harresiak zikoinek iragaiten dituzten
Non ihes egitea ez den ihes egitea
Non duintasuna zigorrean neurtzen den
Non kilometroak non mehatxuak non noiz
Non jipoituak non hala ere
Non errotek urik behar ez duten
Non nik diodan
Han
Non han zaudetenak gu zareten
Non gu ez gauden
Han
Non zuk diozun hemen
Han
Non zuk diozun ni ez naiz hemengoa

Koldo Izagirre


© Koldo Izagirre


susa-literatura.com