Eta berandu hartutako erabaki bat da, eta atzera egitea.
Norbaiten esperoan gaude, eta gogoan atxiki behar ditut
jendearen ibilera eta autoen goma-orroak gauean,
hori agindu nion falta dugunari:
geografia zahar beti berritu bat,
jausitako etxeen hondarrak,
kaleen berbideratzeak eta auzoen emendioa,
bihotz minduen lagin ziurtatuak...
Gogoan atxiki behar dut zertan diren gure asmoak
ez dugula ametsik egiten loak hartzen ez gaituelako,
gogoan atxiki behar dut
leiho hotz horretara begira jartzen naizela:
ilargi puztu bat ilunaren erdian,
eta erratuta nabilela, beti lanbrotan bezala.
Bizi nahiak hiritik hirira garamatza,
eta bizi nahi dugun ordu horreetan inor ez dago.

Nire bihotza atzeratzen hasi da berriz,
hemen bihotzek orduko minutu bat atzeratzen dute
eta geroa hona ez da inoiz heltzen.
Gogoan atxiki behar ditut
gure etxepeko lexikoan eman diren aldaketak,
nola maite izaten dugun elkar izotza ari duen gauetan,
erne, begi ertzarekin ate-leihoak zaintzen.
Hemen norbaiten esperoan gaude ezer espero ez dugunean ere,
bihotzak geratu egiten dira une batez
eta aurrera ekiten diote berriz,
bakardadearen biribilari bira emanez.
Gaur ere
nonbaiten kondenatuak izan garen sentimendua gailendu zait,
eta norbaiten esperoan gaude ezer espero ez dugunean.

Jose Luis Otamendi


© Jose Luis Otamendi


susa-literatura.com