Betazalak ugertuta ikusi zaitut,
kristalean laguna eta biok islatu gara:
ilargia gaur ez da ilunari ihes egiteko leiho estua,
ez da malda berde gozo bat taupada urrunak batzen.

Hemengo belardi, eta hiri, eta etxe, eta bihotzen jabea
ez zara zu, ez naiz ni...
Munduak eta geroak eder behar dutelako
usteak hartzen gaitu batzuetan,
baina gero funtzionarien umeek tirokatu egiten gaituzte
gezurretazko armekin espetxe atarian:
hildakoarena egiten dugu apur batean
baina, azkenean,
berpiztu egiten gaitu bizirik jarraitzeko beharrak.

Gaur ez dizugu ukabilik jaso agur egiteko,
irrifar mikaztu bat besterik ez zerrenda luze baten buruan:
autoak hartzea, paperak bete, lagunak ikusi,
telefono deiak...
Ez dut Basaurira itzuli nahi,
ez dut Basaurira itzuli nahi:
munduko eskaner guztiak
uluka ari dira urrun denaren gomutaz.
Lokutorioko kristalaren kontra hitzak labaintzen dira,
aspaldikoak eta biharko hitzak,
eta den-dena grabatuko dutena badakizu:
gure begiradak, gure arnasa, gure bihotzen aginpidea...
Ia agur esangabe goaz,
hitzak belar ebaki berria bezala jausten dira inoren lurrean.

Etxerakoan anbulantzia bi
epailea iritsi zain edo daude errepide bazterrean.
Ez dut Basaurira itzuli nahi,
hau ez da nire etxea baina nire etxea hau da,
hau ez da nire herria baina nire herria hau da,
zeru hau ez da inoren aterpea.
Gaugiro dago,
eta deklarazioa hartu behar diot bakardadeari.

Jose Luis Otamendi


© Jose Luis Otamendi


susa-literatura.com