Aipatu nahi ez ditugun
gaiei buruz hitz egitea da,
iristerik nahiko ez genukeen ordu bat,
iristerik nahiko ez genukeen leku bat,
zu gabe naizen minutu bakoitzeko
urtebete zaharragoa naiz.
Mendate asko itxita daude,
elurra urtuko du
eta ibaiak herri oso bat eramango du
lo hartzen dugunean.
Bihar, ez daudenei buruz hitz egingo dugu,
eta ohe busti bat bezala zabalduko da nire bihotza.
Aipa dezagun gai minbera hori,
profita dezagun orain
gai itsusi hori eztabaidatzeko,
mendian behera astiro datoz autoak
kurpil arrastoei segika.
Mintza gaitezen
maitasunaren azkentzeaz elurbustiari.
Ez da bisutsa, ez da izotza
hitz egitea galarazten digun indarra,
premiazko desamodioa izan daiteke gurea,
tristura eredugarri bat,
egizu kontu bat-batean hustu egiten direla
bihotzak, hiriak, zelaiak...
Gatz larria bota dute kaminoetan,
den-dena ez dago galdua oraindik:
istripuakak aipatu ditu irratiak,
gas leherketa bat, eguraldiaren hobetzea.
Mintza gaitezen leialtasunaren deserosotasun hilgarriaz.
Mendateak zabaltzera doaz elurra kentzeko makinak,
joan badoan mundu bat dago mendiostean,
joan badoan mundu bat.

Jose Luis Otamendi


© Jose Luis Otamendi


susa-literatura.com