Zurezkoa da zeru nabar hau, iltzeak ditu josita;
euria dakar.
Ibai ondotik nabil,
zaharrek eta umeek hartua dute ingurua,
argitasun bustia darie etxeei arratsean:
etorriko dira sasoi hobeak
baina ez ditugu geurekin ekarri,
haur baten negarrak egin dio ihes leiho altu bati;
euria dakar.
Etxeko sukaldetik bezala begiratzen diot jendeari kalean:
gaur ezer gertatzen ez zaion
munduaren erdiarekin lerratu naiz,
gaur ezer gertatzen ez den
munduaren erdi-erdian suertatu naiz.
Behebarruetako hormak izerditan dira,
eta garai batean beti ondoan genuen
zu eroso eta lirikoa galdu zen
inoiz argitu gabeko modu ilun batean.
Mekanika hutsa baino ez du ematen bizitzeak askotan,
baldintza tekniko soiletara errenditzea,
eta eder deritzogu euri tanten jauste bakan horri,
heltzear den ekaitzaren albiste da,
aldaketa baten aurrerapena,
eta aterpe bila hasten gara jendea.
Usain errea zabaldu du asfaltuak:
nire bihotza gordean da txingorra hasi duenean,
nire bihotza gordean da bakartu garenerako.
Falta direnak ditugu berriro gogoan,
eta une batez baino ez dirudi urak ibaian gora egin duela,
euriak behetik gora, zerua bustitzera, egin duela, kontraeran...
Bertsio ofizialik sinesten ez duen herri batekoa naiz.

Jose Luis Otamendi


© Jose Luis Otamendi


susa-literatura.com