Barkaidazue, baina badira herrenak diren legeak
Badira isiltasuna bizitzera behartzen gaituzten egunsentiak
Errazagoa genuke izan ere ez diren herrietan jaiotzea
Poema eder batean maitatzea
Lurmutur atlantiarrak argitzen hiltzea
Baina nekagarria da euria behetik gora ari duela amestea
Eta Irlanda urrunegi dago gure seinaleak ikus ditzaten
Eta astiro idazten dugu: zugandik nigana dator beti euria
Hegazti itsuek habia egin dute zure ohean
Abokatuak esan dit ez dagoela besarkada arrotz batekin
kontaktuan jartzerakoan urtzen den begirik
Esan dizuet, legeak dira, harakinaren aiztoak bezain kamutsak
Ikusi egin behar nauzu, argiagoa da nire ahotsa orain
eztarrian hazi zaizkidan sastraken bestaldetik
Ausartagoa nire letra
Txikia, patera bat poliziaren helikopterotik bezalakoa
Euriak gorroto irakurgaitzak daramatza haitzetara
Eta gutun bustiak harriak balira bezala jausten dira gure teilatu gainetara
Esan dizuet, errazago genuke izan ere ez diren lekuetan jaiotzea
Ozenago egin beharko genuke orru agian, sasiak erre
Berba bakarreko pankartarako pintura ekarri
Itsas gaineko bide bat bezain ederra
Zelaien ederra, muinoen atzekaldean galtzen diren telefono hariak
Beti nahi izan du harriak eskuaren askatasuna
Esan dizuet, lege herrenak.
Iñigo Aranbarri