ARRATSEKO GALDERAK
Untzi alemanak bihotzak bezalako ikatz kozkorrak atera ditu sabeletik
Baina orain hutsik daude moilak
Fabrikak ez dira herri abandonatuak baino
Hondoa jotako bapore irauliak ondorik gabeko ibai ugertuan
Mehe du itzultzeko esperantza, eta luzaroan egoten da begira
Badaki etxera itzuli beharko duena ilundu orduko
Telebista biztuta egongo da, afaria gertu
Eta autobusak gero eta bakanago igaroko dira leihopetik
Aurreko etxeetako argiek heldu ziren gaua gogorarazten diote
Orduan etxea ere berriagoa zen,
Berandu da, baina badaki gaur ere erasoko diona
Horrela izan da beti: gauez eta aurrez abisatu gabe lotu izan du
Baina itzultzekotan, nora itzuli? Eta zertarako?
Han utzi zuen herria
zer da haurtzaroko argazki piloa baino memoriaren hondoan?
Hildako senitartekoak, betirako galdutako lagunak
Zergatik etorri zen hona eta ez beste leku batera? Nora baina?
Alaba ikusten du, antzeko galderak egiten Venezuelako etxean
polizia patruila bat atean duela
Orain gauak bezain estu estekatzen duen etxea beste nonbaiten egonda ere
Antzekoa izango zuela pentsatzen du. Arrotza eta beste guztien antzekoa.
Berdin itxaron beharko zion zahartzoari beste hiri arrotz batean
Bapore alemanak ez, baina fabrika hutsak ere han egongo ziren
Semaforoak kinuka etorbide hutsetan
Eta tartean-tartean abiadan pasatzen den auto bat
Edo poliziaren argi urdinen urduria
Edo anbulantzia baten ulu gorria norbait hiltzera eramaten
Gaurkoa bezalakoxe gau eder batean heldu zen
Eta itzultzea dena hemen uztea da
Etxea, etorbide hutsak eta arratsero ikusi gogo dituen bapore alemanak
Bihotzak bezalako ikatz kozkorrak ateratzen sabeletik
Iñigo Aranbarri