ETXE ABANDONATUAK

Denok dugu etxe bat iluntzean noiz helduko itxaroten gaituena
Leiho bustiberria sukaldean
Gauak bere ezin egin dezakeen mahaia hozkailuaren ondoan
Botila ardoa, prezintoa kendu gabea
Oraindik inor etorri ez den seinale

Argia biztu eta aulki banatan esertzen gara
Atsedena behar du isiltasunak

Hutsik zeuden edalontziak betetzen ditugu
Honela adierazten diogu elkarri bakardadeari diogun beldurra
Ateri da eta argi gehiago ikusten ditugu urrunean
Paper zaharraren koloreko eta dardar egiten dute
Norbaiten zoriontasun pitzatua gordetzen ari dira
Izarren pean untzi irauli haundi bat da gaua

Zenbaki ezagun batzuk markatzen ditugu, lagunak lumerotara ekarriak
Ni naiz esanez deitzen dugu. Ni naiz. Ni naiz
Alferrikakoa da ordea izan aditza telefono haririk ezean
Etxera ezinik dabiltzan adiskide hordiak dira gure hitzak


Berandu da esan dit lagunak
eta haren hatzamarrek keinu bat egiten dute
botilari tapoia kentzen ari balitzaio bezala
Baina dialak ez du gaua baino ekartzen
Ahots arrotzetan emandako maitasun mezuak dira
Eta ez ditugu ulertzen

Tara mea tunsa chilug
Sora mea de detentie si singuratate

Nire aberri kaskamoztua
atxiloketa eta bakardadeko arreba nirea

Harroak ditu itsasoak urak
Moartea citeste ziarul
Heriok egunkaria irakurtzen du

Dardar egiten dute argiek urrunean, paper zaharraren koloreko

Iñigo Aranbarri


© Iñigo Aranbarri


susa-literatura.com